Gauza estrainio hori

  • Pasavento eta Ebbot Lundberg & The Indigo Children-en kontzertua. Urtarrilak 29, Gasteizko Helldorado aretoa. Euskal Herrian 3 kontzertu eman zituzten: Bilbon, Hondarribian eta Gasteizen.


2017ko otsailaren 19an
Argazkia: Jon Aranburu Artano

Larunbat gaua, etxe-giroa, norbera nekatuta, eta, hala ere, kalerako gogoa. Helldoradora joan egin behar da. Garai batean hainbeste entzundako The Soundtrack Of Our Lives taldearen abeslari izandako Ebbot Lundberg jauna zetorren, artean izena ikasi ez genuen banda baten buru.
    – Aurretik nor da?
    – Espainol zozo batzuk– zioten aurreko gauean Hondarribian izan zirenek–Pasavento, edo.
    – Eta Ebbot ondo?
    – Nik dobletea egin behar dut.
    Zer den puntualtasuna, lehenengo taldearen azken kantuaren azken partea besterik ez genuen entzun: Pasavento; madrildarrak; iaz argitaratutako lan bakarra Bandcamp-en. Suediarren zain gelditzea besterik ez zitzaigun gelditzen. Berbena izango ote da? Union Carbide Productions-enik joko ote du? Eta TSOOL-enak? Forman ote dago Ebbot? Bada, galdera guztiei baietz erantzun genien taula gainera igo eta hirugarren kanturako.
    Ebbot Lundberg handia (galanta da gizona) eta bere gazte koadrila (20 urte eskas izango dituzte denek) lehenengo garagardoa amaitzerako igo ziren taula gainera. Denak aurpegia margotuta, bisaia serioz. Elkarrekin argitaratutako For The Ages To Come laneko To Be Continued kantuarekin hasi ziren. Baina segituan heldu zioten Ebboten aurreko taldeen errepertorioari: TSOOLen Grand Canaria eta segidan UCPen Chameleon Ride.
    Halaxe joan zen kontzertu osoa, Lundbergen hiru talde hauen kantuak bata bestearekin lotuz, orain batarenak, orain bestearenak. Omen-talde bat zirudiela ere esango luke zenbaitek, eta, agian, arrazoi izango luke. Nik ez dut uste. Bertsioren bat ere jo omen zuten: Alice Cooper-ena, Pink Floyd-ena eta The Pekenikes-ena, prentsa espezializatuan irakurri ahal izan dudanez. Zer, egiari zor, niregatik libre ziren; guztiek ziruditen talde beraren kantuak, buru beretik sortuak. Eta buru hori Ebbot Lundbergena da.
    Urteak daramatza banda batekin edo bestearekin jotzen, baina Helldoradon erakutsi zigun moduan, sasoian jarraitzen du. Egia da ez dela Rock eszenan ohikoa den frontman horietakoa: Lodia, geldoa, tunika ilun batez jantzia, dantzari ez oso iaioa, jarrera arraroduna (panderoa burutik behera sartuta eman zuen ia kontzertu erdia). Baina badu zerbait, karisma izango da, kantuak ereserki bihurrarazten dituena. Eta, noski, kantuak ere ez dira nolanahikoak. Bandak, The Indigo Childrenek ere lagundu zuen, noski, horretan. Gazteak izanagatik (edo izatearren), berebiziko malgutasuna eta gatza erakutsi zuten; itxuraz kontrakoa, dudarik gabe. Kirol-hiztegia erabilita, indartsu dator Suediako harrobia.
    Halaxe, ustez gazteegi zen banda batek, eta dagoeneko nekatuta beharko lukeen abeslari batek hamar mila aldiz entzundako kantuak jo zituzten, eta ustez kontra, ikaragarria izan zen. Badakizue, badago halako gauza estrainio bat, azaldu ezina, zuzeneko bat errepikaezin bihurtzen duena. Amaierako The Soundtrack Of Our Lives-en The Passover besarkatuta entzun zuenik ere ba omen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Rock
Arizkun Rock. Albaro Soule eta Eider Bidegain.
"Dena eginda jaso nahi dugu eta galtzen ari da militantzia"

Nekea eta errelebo falta. Horixe argudiatuta jakinarazi zuen agurra Arizkun Rock jaialdiak martxoaren hasieran. Aurtengo edizioa izango da azkena; ekainaren 23an ospatuko da. Ganoraz despeditzeko gogoz daude. Zerbait berezia antolatzeak satisfazioa ematen du, baina nekatu ere... [+]


Agur esango du Arizkun Rock jaialdiak: aurtengoa izango da azkena

"Lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako", jakinarazi du ohar bidez Arizkun Rock jaialdiko antolakuntzak. "Ongi hausnartuta" hartu duten erabakia da: hamar urtez halako mailako ekimena antolatzeak eragiten duen nekea dago batetik;... [+]


2022-09-23 | ARGIA
Hertzainak taldea agertokietara igoko da berriz, agur esateko

‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.


Vulk gara

Orain hiru urte eskaini zuen azkenengoz Vulk taldeak kontzertu bat Bilbon –azaroko emanaldi berezia kenduta–. Hiru urte non mundua eta berau habitatzen dugunok izugarri aldatu garen. Denbora honetan bilbotar laukoteak disko berria kaleratu du, Vulk ez da (Montgri,... [+]


2022-05-01 | Iker Barandiaran
Metala bere pisu eta adiera adierazgarrienean

Mutrikuko laukoteak aurre egin dio pandemiaren garai ilunari eta lana sendo eginez bueltan da, taldekide aldaketekin eta crowdfunding bidez (aupa zuek!) landutako bigarren disko luze eta biribil honekin.

2017an sortu zuten Saia Goait beste hainbat taldetan (Keike, Kraussk,... [+]


Eguneraketa berriak daude