Aza jendearen urtea

  • Aza jan eta aza jan. Aurtengo neguan sekula baino aza gehiago jaten ari gara etxean. Gero eta gehiago gustatzen zait niri. Garai batean, umetan, egosi-egosi eginda ateratzen ziguten aza mahaira. Horrela denean zabaltzen duen kiratsak berak atzera eragiten zidan, zenbaitetan baita goragalea ere. Horri gehitzen badiogu aitonaren esaera: “Aza? Kamionkak jan ditut nik”, ez genuen oso gustuko etxean.

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2017ko otsailaren 12a
Aza, Brassica oleracea var. capitata. (Arg.: Rasbak-CC By SA)
Aza, Brassica oleracea var. capitata. (Arg.: Rasbak-CC By SA)

Orain paderan erregosita, gardostu antzera jaten dut, eta zale amorratu bihurtua naiz. Egia da, aza horrela erretzeko sukaldean ekonomika izateak asko errazten du emaitza borobiltzea. Aza jendearen sendiko edozein aldaera halaxe prestatzen dut: aza (Brassica oleracea var. capitata), azalorea (Brassica oleracea var. botrytis), brusela aza (Brassica oleracea var. gemmifera), brokolia (Brassica oleracea var. italyca), gailego aza edo kalea (Brassica oleracea var. acephala), arbiaza (Brassica oleracea var. gongylodes), aza txinatarra (Brassica oleracea var. pekinensis)...

Omenaldi asko merezi du aza jendeak. Babak adina, Vicia faba. Aza eta baba, baba eta aza. Zein baino zein hobea negu beltza gozatzeko; a zer uztarria! Makina bat gose eraman du aurrean hartuta. Eta orain argi eta garbi dakigu: osasunerako oso onak dira, oso!

Aurtengo urte honen hasiera hotz eta gogorrak, garai batekoak nolakoak izango ziren ekarri dit gogora. Eta sekula ez dut ahaztuko umetako gure herriko irudi bat: herriko kaskoan dagoen Gaztañaga baserriaren azpiko aldeko soroa, soroka aza elurpean. “Betor elurra” lasai dio aza bete soroa etxe ondoan duenak...

Urtearen hasiera hotzak azak ere gozatu ditu. Jakina da toki hotzetako azak gozoagoak dira, ez alferrik aza onenak Oletakoak direla esan ohi da. Hangoa ez bada, inguruko aza eskuera izango duzu, dastatu eta sumatuko duzu, hotz hauen ondoren gozo-gozo askoa.

Urteari hasiera ezin hobea eman diogu; izan ere, aurtengo urte hau aza jendearen urtea izendatua da. Jan azatik!
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Barazkiak eta belarrak

Barazkiak eta belarrak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude