Gazte mugimenduek praktikarako salto kualitatiboa eman dute. Urtebeteko lanak proiektu berriak jarri zituen mahai gainean abenduko bigarren asteburuan Barañainen eginiko Gazteraiki topaketetan. Euskal Herri osoko mila gazte bildu ziren gazte mugimenduek eman beharreko hurrengo pausoak aztertu eta ondorioak ateratzeko. Bertan zer hitz egin zuten eta aurrera begira zer asmo duten kontatu digu Xalbador Ramirezek.
Lana hamabi talderen artean banatu dute: sorkuntza, lana, komunikazioa, kirola, jai ereduak, gaztetxe mugimendua, feminismoa, euskara, etxebizitza, elikadura burujabetza, hezkuntza eta autodefentsa. Bakoitzak bere bidea eginez, eztabaidak identifikatu eta proiektu posibleen inguruan lan egiteko.
Topaketen jatorriaren bila hasteko urtebete gehiago egin behar da atzera, 2015eko abenduaren 19ra. Orduan, Añorgako Firestone lantegi berreskuratuan proiektu ezberdinetatik iritsitako 60 gazte inguru bildu ziren. “Alternatiba errealak” sortzearen aldeko apustua egin zuten gazteek.
Hilabetetako lanaren ostean, urrian “transbertsalitatearen eguna” ospatu zuten, lan talde bakoitzak aurrera eramaniko proiektuen berri emateko. Abenduan Barañainen landuko zutenaren oinarria. “Parte hartzaile guztiek zein proiektuen gainean eztabaidatuko zuten jakitea nahi genuen”, dio proiektuaren lehen egunetik lanean aritu den Xalbador Ramirezek.
Denbora horretan “onerako eta txarrerako” taldeak autonomoak izan dira, Ramirezek dioenez. Bakoitza bere erritmoan eta bere beharren arabera mugituz. Feminismoaren inguruan aritu den taldeak bost lagun inguruko lau azpitalde izan dituzte eta beste batzuek lau partaide guztira. “Antolaketa ereduaren inguruan badugu zer hausnartu”, dio, “horizontaltasun horretan dauden gauza on eta txarrak kontuan izateko”.
Ramirezen arabera: “Ez genuen nahi eztabaidak bakarrik egingo lituzken proiektu bat, horrelakoak aurretik egin dira”. Bi oinarri nagusi hartu zituzten hasieratik: autogestioa eta gazteak. Gazte mugimenduak aisialdiaren eta kulturgintzaren inguruan mugitu dira eta beste esparruetan ere “autogestioaren bidetik” lan egitearen alde egiteko beharra azpimarratzen du. Proiektuaren beste hanka gazteak dira eta beraien beharren arabera antolatzea ezinbestekotzat jo dute: “Gazteok baditugu behar espezifiko batzuk. Horrela, gazte boterearen eraikuntza gure bizitza ekonomiko, kultural, sozial eta politikoak gure gain hartu eta errespetarazteko prozesua dela deritzogu”.
Lantalde bakoitzak bere proiektuak abiarazi ditu, guztira hemezortzi. Hauen errepasoa egitean Ramirez izan dugu gidari:
Gaztetxe mugimendua: aisialdian eta kulturan zentratu izan dela azaldu dugu lehenago, horregatik hau “birdefinitzeko” taldea sortu zen. Horretarako gazte mugimendu guztiari zuzendutako urratsak eman nahi dituzte, oinarrian dauden kultur mugimenduetatik abiatuta.
Elikadura burujabetza: askotan gizartean, baita gazte mugimenduetan ere, elikatzeko era albo batera uzten da, ezjakintasuna edo erosotasuna medio. Horregatik, lan talde horrek Euskal Herriko nekazarien gida jarri zuen helburu gisa. Gazte mugimenduen inguruan egiten diren ekintzetan elikadura burujabetza bermatzeko proiektua da. Bertan modu jasangarrian ekoizten duten nekazarien zerrenda egin nahi dute. Helburua bikoitza da: nekazari gazteak saretu eta gazteak kontzientziatu.
Etxebizitza: honen inguruan bi proiektu nagusi sortu dira: emantzipazio bulegoak sortzeko gida eta etxegabeon etxea. Lehenak, problematika honek gainontzekoekin duen lotura estua kontuan izanik, emantzipatzen laguntzeko gida izan nahi du. Idatzita egon arren, erabilera egokiaren bila dabiltza, esku egokietan jarri eta lanari ekiteko. Etxegabeon etxeak ere bide beretik jotzen du, webgune baten bidez (etxegabeonetxea.eus) gaiaren inguruko dinamika eta proiektuak saretzeko.
Euskara: “zapalduen hizkuntza” hitzak erabili ditu euskalduntze gida sortu duen taldeak hizkuntza definitzeko. Hau ere jada idatzirik dago, tresna erabiltzeko modu egokiena aurkitu zain. Euskal Herri borrokalariaren oinarrietako bat euskara da eta horretarako hizkuntzarekiko jarrera aldatzeko beharrean dago mugimendua, egileen ustez.
Feminismoa: lan horretan barneratu den lan taldea izan da guztietan handiena, “iraultzaren lurzorua” behar duen pentsaera. Hiru hanka izan dituen lana egin dute: gaiaren inguruko plataforma birtuala, talde osasun gida eta udaleku feministak. Plataforma birtualaren bidez baliabide pertsonal eta materialak bildu nahi dituzte, hausnarketarako eta eztabaidarako foro batek lagundua. Barañainera proiektu zehatzik gabe iritsi arren, bertatik atera zen aurrera egiteko taldea, Euskal Herriko eragile desberdinak batzeko.
Talde osasun gidak xede garbia du: “Militantzia eredu jasangarria”. Gazte mugimenduetan sortzen diren arazoen erantzunak batu nahi dituzte bertan. Bestalde, udaleku feministak daude, neska gazteak bildu eta “espazio feministak sortzeko” geralekua. Oraindik data zehatzik ez izan arren, jada proiektua prestatzen ari dira.
Jai ereduak: jaietan ere “borroka” egin behar dela azpimarratzen da askotan. Horretarako taldeak jai herrikoiagoen alde apustu egin nahi du, kontsumo ereduetatik at. Jai herrikoien konpromisoen gida sortuko dute, zortzi esparru bereganatuko dituena: musika, euskara, parte-hartzea, ekoizleak, zaborra, harremanak eta erasoak, kontsumo eredua eta borroka. Eremu horietako bakoitzak dekalogo bat izango du, jai batzorde edo gazte konpartsek “eraldaketarako tresna” gisa erabili dezaten.
Kirolak: Gizartearen barruan zeresan handia ematen duen jarduera da honakoa, batez ere gazteen artean. Hori kontuan izanda Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko (IVEF) fakultateko ikasle talde bat lanean jarri da. Kirol arloan eztabaidarako oinarri izango den txosten bat kaleratu nahi dute, eredu alternatiboen bidez espazio seguruak sortzeko helburuarekin.
Lana: Gazteen ardura handienetako bat bihurtu da azken urteetan. Gero eta egoera prekarioagoen aurrean daude gazteak. Lan taldeak Hipotekagatik Kaltetutakoen Plataformaren antzeko eredua erabiltzearen alde egin du, baina lan mundura eramanda. Lan baldintza txarren aurrean saretu nahi du, sindikatu gabeko langileak babestu. Adibidez, jada martxan den Iruñerriko Autodefentsa Laboraleko Mugimendua eta bestelako gazte prekarioen espazioak marko komun batean elkartuz, autonomoki lan eginez, baina interes komunekin. Gazte prekarietatearen aurkako mugimendua sortu nahi dute, kontzientziazioa helburu.
Sorkuntza: “Kulturaz gozatzeko” eredu berrien bila abiatu zen Firestonetik talde hau. Bi hanka musika, artea edo ikuskizunez gozatzeko: kultura askea eta autogestioa. Bi aldetako lana da ikuskizunak sortzea, antolatzaile eta sortzaileena. Biek eskubide eta betebeharrak dituzte. Horretarako praktika onen gida bat behar dela uste dute. Halere, taldeak martxan duen proiektu nagusia sortzaileen saretzea da, Euskal Herriko sortzaile autogestionatuak bilduko dituena. Bestetik, kulturaaskea.eus ataria tresna gisa nola erabili aztertu zuten.
Hezkuntza: etorkizunaren oinarri denak ere talde propioa izan du. Kasu honetan jada sortuak dauden mugimendu eta proiektuez aritu dira topaketetan, “sakontzeko”. Eskola kolektiboak eratzeko proposamena martxan da, “ikuspegi askatzailea garatzeko asmoz”. Nazio eraikuntzara eta jendartearen eraldaketara zuzendutako proiektu errealak dira xedea, bi terminoak unibertsitatearekin lotuz. “Ikuspegi konkretuetatik orokorretara”. Ikerbiltza joango litzateke honekin lotuta, “ezagutzatik boterea egituratzeko” sortu nahi duten ekimena. Ikerketek proiektu eraldatzaileetan eragin dezaketen bultzada kontuan izanik, hauei balore politikoa eta praktikoa eman nahi diete. Unibertsitateko azken mailetako ikasleak ikertzaile bihurtuko dira horretarako.
Ikerketa laborategia ere sortzeko asmoa dute, “proiektu guztiz berria, gazte kolektiboak dituen beharren gainean hausnartuko duena”. Joxemi Zumalabek herri mugimenduekin egiten duen bidetik, arazoak aztertu eta konponbideak bilatzeko tresna izango da. Helburu garbia du: analizatu, epe labur-ertaineko hutsuneak identifikatu eta mugimendua sendotu.
Autodefentsa: gazte mugimenduen proiektuak defendatzeko landu da. Proiektu zehatzik oraindik martxan ez dagoen arren, helburu zehatza da: “edozein eratako erasoen aurrean defendatzea”.
Komunikazioa: Eginiko guztia komunikatu beharra dago eta horren inguruan hausnartzeko beharra zuten Barañainen. Komunikazio taldeak Topatu identifikatu du tresna nagusi gisa eta eskualde edo herri mailako proiektuekin saretzeko bideen bila aritu dira. Horrekin batera gazte telebistaren sorrera etorriko litzateke, sarearen bidez zabaltzeko.
Halere, Barañainen izan zuten eztabaida handiena militantzia komunikatiboaren figuraren ingurukoa izan zen: “Komunikazioa guztion ardura da, ez da profesionalizatu behar den zerbait”. Komunikazio arloko militantziari ematen zaion balorea kontuan izanik, jarrera komunikatiboa sustatzea ezinbesteko ikusten dute taldean aritu direnek. Era horretan proiektu propioei ateak irekiz.
Gazteraikiko asanbladak aurrera jarraituko du, bide beretik, sortu diren ildoei babesa emateko, laguntza eskaintzeko. Etorkizunean topaketa berri batzuk, bide berriak irekiko dituztela pentsatuz, espazio berrien bila.
Urtebeteko “prozesu konplexuari” balorazio positiboa egin diete. Molde berriak probatzeko erabili duten prozesua izan da gazteen ustez, “arriskatuz” egin dutena. Aurrera begira bide beretik jarraitzeko asmoarekin, akatsetatik, baina bereziki asmatu duten puntuetatik abiatu nahi dute.
Proiektu hauen helburua erabakiak hartzeko tresnak sortzea dela dio solaskideak: “Lehen urrats handia gazte boterearen eraikuntzan aurrera egiteko. Garbi genuen Barañaingo topaketak ez zirela ezeren amaiera izango”. Esparru guztietan norabide honetan lan egiteko asmoa dute. Horretarako tresna gehiagoren beharra ikusten dute, “hauekin ez da nahikoa”. “Filosofia honen alde egin behar dugu, epe luzerako proiektuak sortzeko, aisialditik eta kulturgintzatik harago”, dio. Arrazoi hauengatik jarri zuten “gu geu gara alternatiba” leloa, “benetako alternatiba gazte mugimenduen baitan dagoelako”. Aurrera begira, “herri eta gazte boterea” kontzeptuen bidez aldaketaren alde egin nahi dute.
“Gazte eta herri boterea erdigunean jarriko duen borroka eredu baten beharra ikusten dugu eta gero eta argiago dugu nondik, norekin eta nola jo. Antolatuago gaude eta kontzientzia gehiagorekin”, dio Ramirezek.
Topatuk egindako bideo erreportajea
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Gazteak dira, jaiotzetik aro digitala baino ez dute ezagutu, eta hiperkonexioaz eta estimulu jarioaz nekatuta/nazkatuta amaitu dute. Gutxiengoa dira, baina garbi dute sare sozialen zurrunbilotik ihes egitea hoberako izan dela: "Ez da alarmismo kontua, baina jakin behar dugu... [+]
Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean Durangon, espazioaren irekieraren berri eman eta lau egunera. "Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu... [+]
Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]
Unibertsitateko ikasleak azterketa garaian dauden bitartean, irakasleoi ikasturtea ixtea dagokigu. Irakasleak talde txikitan biltzean oso ohikoa da urte batetik besterako aldaketen gainekoak konpartitzea eta hausnarketaren brindis gisara ikasle belaunaldiaren
ezaugarritzea... [+]
Aste Santuan Berriozarren egindako topaketetatik egun gutxira bildu gara Gasteizko Sorturen bulegoan. Hango kontuez jardun dugu apur bat, baina batez ere gaur egun euskal gizartean dantzan diren gaiez aritu gara, Ernaik horien gainean duen iritzian sakontzeko asmotan. Amaiur... [+]
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan du litekeena dela "ertzainen baten jokabide desegokiaren" ondorioz zauritu izana gizona. Pertsona horrek salaketa jarri zuen eta Ertzaintzaren barne ikerketa batek baieztatu du foam jaurtigailu baten inpaktua jaso zuela.
Agerraldia egin dute asteazken arratsaldean, Bilbon, eta "Euskal Herriko gazte langileei" dei egin diete gaztetxeetara hurbiltzera, antolatzera, eta "horien alde borroka egitera". Polizia "gazte langileen aurkako estatuaren erreminta zapaltzailea" dela... [+]
Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]
Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]
Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]
Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]
UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]