ARGIA.eus

2020ko uztailaren 13a
Gaby Etxebarne. Behartsuen ahotsa jasotzen

"Herritarrek beti uste dute esku azkar batek herria salbatuko duela"

  • Behartsuen aldean egon da betidanik Gaby Etxebarne munduan zehar ibiliriko aldudarra. Bere biziaren funtsa dela dio. Idazketaren ariketari lotu zen 2001. urtean eta geroztik horretan dabil. Baina ez dauka bere burua idazletzat. Liburuetan jorratu gaiak begiratuz gero, Etxebarneren interesak eta barne kezkak kausitzen dira. Kalakaria dela ohartarazirik, berea ireki eta guztiaz hitz egiten hasi da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B
2017ko otsailaren 05a
1962tik 1968ra Argentinan egon zen Etxebarne, serora. 2013an itzulirik, oso gaizki etorri zen handik: “Munduaz desesperatua nintzen, nioen ezer ez zela aldatzen, diktadura berriak beti zetozela, Eliza beti zela boteretsuekin. Sendatzeko, ‘Sur les pas des
1962tik 1968ra Argentinan egon zen Etxebarne, serora. 2013an itzulirik, oso gaizki etorri zen handik: “Munduaz desesperatua nintzen, nioen ezer ez zela aldatzen, diktadura berriak beti zetozela, Eliza beti zela boteretsuekin. Sendatzeko, ‘Sur les pas des disparus d´Argentine’ idatzi nuen”. (Arg.: Gaby Etxebarnek utzia)

Liburu andana idatzi duzu. Usu lekukotasunez osaturikoak. Zergatik hautu hori?

Ni ez naiz egiazko idazle bat, nik jendeak mintzarazten ditut. Nire biziaz ere mintzo naiz, haiena kontatzea nahi badut nirea kontatu behar diedalako. Trukaketa bat da, ez da elkarrizketa sinple bat.  Izan artzainenak, amatxienak edota etorkinenak, haien memoriak atxikitzeko idatzi ditut liburuak.

Zer ekartzen dizu idazteak?

Laster 85 urte ukanki, egin dezakedan aktibitate bat da. Nahiz eta hainbat elkartetan segitu, lehen baino askoz gutxiago egiten dut. Lasterrago akitzen gara adin horretan. Idazteak aldiz ez nau akitzen. Horrez gain, psikologikoki laguntzen nau, sekulako terapia da niretzat. Besteentzat bezainbat niretzat idazten dut.

Zer ekarri nahi diezu besteei?

Ohore handia izan zen haientzat. Mintzatzeko gogoa zuten, bazuten zer erran. Ez ziren adituak, zientzialariak edota nik dakita nor; herritar xumeak ziren mintzo, oinarrikoak. Betidanik gustuko ukan dut oinarrikoen ezagutzea, hori da nire biziaren funtsa.

Azkena sendatzeko idatzi zenuen.

Bai, Sur les pas des disparus d’Argentine (Argentinako desagertuen urratsen atzetik). 1962tik 1968ra Argentinan egon nintzen, serora. Garaian ezagutu nituen Alice Domon eta Léonie Duquet, pobreekin ari ziren, dohaintsuak ziren horretarako. Haiekin lan egin izanaz harro naiz. Bi adiskide handi horiek desagertu ziren 1977an, torturatuak izan ziren eta itsasora bizirik botatuak. Aspalditik nahi nuen haietaz mintzatu. 2013an Argentinan egon nintzen eta itzuleran arras gaizki nintzen. Munduaz desesperatua nintzen, nioen ezer ez zela aldatzen, diktadura berriak beti zatozela, Eliza beti zela boteretsuekin... Sendatzeko idatzi nuen liburua, egia.

Serora izateari utzi zenion.

Komentutik atera ginen hamabost bat 1975ean. Beste guztiak bezala izan nahi genuen, ez genuen babes berezirik nahi. Alice Domon, adibidez, esklabo ziren laborari batzuekin zebilen nekazari elkarteetan, eta anitz ziren pertsegituak. Haiekin izanki, itsasontzi berean ginen eta arrisku gehiegi zenean gu babestea ez genuen onartzen. Serora izatea utzi arren, pobreak laguntzen segitu nuen, izan sindikatuekin, izan langabetuen mugimenduetan, edota CCFD-Terre Solidaire elkartean. Orain idaztearekin egiten dudana, funtsean. 21 urterekin egin nintzen serora eta 42 urte nituela utzi nuen. Argi da ez zela niretzat egina.

Hautuz ala beharturik sartu zinen serora?

Psikoterapia bat egin izan dut ulertzeko zergatik sartu nintzen komentura. Garaian ez nuen heldutasun psikologikorik, Aldudeko tribuari biziki lotua nintzen, baina aldi berean urrundu nahi nuen. “Zer erranen dute jendeek” esaldia entzuten zen beti eta gehiegi; ezin genuen deus egin, zainduak eta kritikatuak izan gabe! Sufritzen nuen, sobera kalakaria nintzela zioten, azkarregi irri egiten nuela... Tributik atera nahi nuen, baina harreman onak atxikiz. Serora, misiolari izateko hautua egin nuen, poztuko nituelako eta ni joanaraziko ninduelako!

Etorkinen lekukotasunak ere bildu dituzu. Haietaz anitz mintzo gara, baina ez ditugu behatzen.

Ahalke bat da. Bernard Kouchner entzuten nuen erraten Vietnamgo gerla garaian 150.000 erbesteratu hartu genituela arazorik gabe. Orain 7.000 nahi ditugu! Zergatik? Batez ere, anitz direlako musulmanak eta Frantzian nazionalismo beldurgarri bat instalatzen ari delako. Europa guztian ari da kokatzen eskuin muturra. 1962az geroz Beiruten bizi den ahizpa bat dut, Ekialde Hurbileko egoeraren berri ematen didana. Ohartzen naiz ez dakigula ezer hangoaz, komunikabideek ez digutela deus azaltzen. Ez da harrigarri, jakinda Frantziako komunikabide ia guztiak hiru miliardunen esku direla. Baina, argi da han gertatzen denaren erantzule garela.

Haiekiko uzkurkeria azkarra da.

Baina zer uste dute?! Inork ez du gustura uzten bere herria. Aldude hustu zen garaian... Hamar haurreko familiak ziren, baina bakar batentzat zen lekua. Edo komentura zihoazen edo emigratzen zuten. Emazteek anitz sufritu zuten, zenbat ziren nagusiak bortxatuak izan Bordelen edo Parisen? Eta artzainak... Urte batez inor ikusi gabe! Sufritu genuen, badakigu... Nolaz orain guk ezin ditugu etorkinak ulertu?

Beldur zirea?

Biziki. Diktatura izandako herri guztietan berdina gertatzen delako: etorkinei buruzko herra, nazionalismoa, mugen hestea... Herritarrek beti uste dute esku azkar batek herria salbatuko duela. Jendea manukorra da, manuak ematen dituzten agintariak nahi dituzte, inposatzen dabiltzanak. Alta, esperientziak erakusten digu dohakabetasuna dakarrela horrek, errepresioa eta min handiak.

Jende sinpleak nahiago

“2001ean hasi nintzen idazten, lagun batzuk ‘zure biziaz idatzi behar zenuke’ erran zidatenean. Je marche à leur côté (haien ondoan nabil) liburua argitaratu nuen orduan, hamar bat lagunekin batera. Jende sinpleen biziaz idaztea genuen xede eta nirearekin hasi ginen. Horrela lotu nintzen idazketari eta bai, biziki gustuko dut ariketa”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Elkartasuna  |  Argentina  |  Eliza Katolikoa  |  Giza eskubideak

Elkartasuna kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko otsailaren 05a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude