ARGIAren salaketak oihartzun zabala izan du hedabideetan

  • Solway Investment Group meatze-enpresak ARGIA mehatxatu arren, 15.000 euro ordaintzeari eta Paolina Albaniri egindako elkarrizketa ezabatzeari uko egin dio. Hedabide, erakunde eta eragile andanak babestu dute erabakia, eta dozenaka elkartasun eta babes mezu ikusi dira sareetan.


2023ko ekainaren 21an - 10:54
Azken eguneraketa: 2023-06-22 16:43:10

ARGIAk asteartean argitaratu du Solway Investment Group meatze-enpresaren mehatxua ez duela onartuko eta gaiaz informatzen jarraituko duela. Ohiartzun zabal izan du erabaki horrek, eta hedabide, erakunde eta eragile askok elkartasun eta babes mezuak bidali dituzte.

Hainbat hedabide izan dira albistea zabaldu dutenak. Euskal Herriari dagokionez, Berria, Naiz, Arabako Alea, Gedar, Hamaika Telebista, Hala bedi, Aiaraldea, Goiena, Aiurri, Txintxarri, Zu Zeu eta Europa Press hedabideek, besteak beste.

97 irratiak, Ahotsak, Alerta Gorria Irratiak eta Txapa irratiak elkartasuna eta babesa adierazi dizkiote, eta kazetaritza independentearen alde lanean jarraitzea galdegin diote. Euskadi Irratiak eta Naiz Irratiak albistegietan jaso dute, besteen artean. Naiz irratian Leire Artola kazetaria elkarrizketatu dute, baita Euskalerria irratian ere. Bilbo Hiria irratian ere gaiaz mintzatu dira.

Euskal Herrian ez ezik nazioartean ere izan du oihartzuna gertakariak. Herrialde Katalanetako Directa-k eta Espainiako Estatuko El Salto-k argitaratu dute albistea. Aragoiko Arainfo-k “babes osoa” adierazi dio eta Guatemalako Prensa Comunitaria-k ere mehatxuaren berri eman du, eta adierazpen askatasuna murrizteko saiakera dela uste du.

Hedabideez gain, gizarte eragile eta erakundeek ere salatu dute egoera. Tartean, STEILAS, CNT eta LAB sindikatuek elkartasuna adierazi diote. Euskal hedabideen elkartea den Hekimenek ere babesa adierazi dio, eta kazetaritzaren aurkako erasoak arbuiatu ditu. Olatukoop sareak informazio burujabetzaren kontrako erasoa gaitzetsi du irakurketa bidez. Haien aburuz, kasu honetan ekonomia kapitalistak ezinbestekoa duen izaera “koloniala eta estraktibista” nabarmendu da. Horregatik, beharrezko elkartasun materialeko tresnak martxan jartzeko prest agertu da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkartasuna
2022-10-14 | Aitor Aspuru Saez
Itziar Ituñok film kurdu berria grabatu du Bizkaian

Metin Yegin zinemagile kurduaren eskutik 3 Fraue 1 Streik proiektuaren zenbait pasarte antzeztu zituen Gordexolan irailaren amaieran. 1973an Alemanian gertatutako greba batean oinarrituta dago pelikula.


2022-10-06 | Axier Lopez
'Amapatxa' liburu-egitasmoa, Amazoniako Shipibo-Konibo komunitatea laguntzeko asmoz

Ion Brakamonte Unanue zumaiar musikari eta irakasleak ia Amerika osoa zeharkatu zuen bi urte eta erdiz (2018-2021), Argentinatik hasi eta AEBetara arte. Bidaiaren bizipenak biltzen dituen Amapatxa. Amets bat, bide bat liburua kaleratzeko crowdfundinga jarri du martxan... [+]


Pinguinoak desertuan
Eskola 2.0ko eramangarriak TxikiLinuxekin amazig haurrentzat

Elkartenet eta Agharas elkarteetako kideek berreskuratu eta TxikiLinux instalatutako 22 ordenagailu eraman dituzte Afrika iparraldeko Errachidia (Imet?aren amazigeraz) eskualdera, bertako ikastetxeetako irakasleei aurkeztu eta formazioa emateko. Tokiko amazig erakundeekin... [+]


Eguneraketa berriak daude