Gehiago pagatuko dute... gehien birziklatzen dutenek

  • Gipuzkoako agintariek Zubietako erraustegia eraiki eta ustiatzeko konpainia pribatuei eskaini dieten kontratuak lurralde hau kondenatzen du, errausketaren kalteak gutxienez 2051 arte nozitzeaz gain, azken zortzi urteotan lortutako aurrerabide osoa desegitera. Gehien murriztu, konpostatu eta birziklatzen duten udalerriak zigortzen ditu, kutsatzailenak saritzeko.

Abenduaren 27an GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa kontsortzioak argi berdea emanik, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zuen datozen 35 urteetan lurraldeko hondakinak kudeatuko dituela Meridiam Investsments, Urbaser, Altuna y Uria, Murias, Moyua eta LKS kooperatibak osatutako enpresa taldeak.

GHKk hautatu duen proposamenak zehazten ditu Urbaser eta bere taldeak zein baldintzatan hartuko duten enkargua. Erraustegia eraiki eta martxan jartzeko 30 hilabeteko epea izango dute eta ondorengo 32 urte eta 5 hilabeteetan kudeatuko dituzte Gipuzkoako hondakinak. Lerrootan saiatuko gara argitzen kontratu honen kostu ekonomikoak zein izango diren udalerri bakoitzarentzako, aurretik argituz proiektu osoa izango denaren lehen faseaz ari garela beti.

Kontratuak iraungo duen epean Urbaser eta besteek bi ataletan banatutako faktura pasatuko diote GHKri, honek mankomunitateen bidez gero udalei kobratzeko. Alde batetik, aurrez iragarri bezala, zerbitzua jasotzeko eskubideagatik (PPD gaztelaniazko sigletan, Pago Por Disponibilidad) 21.672.069 euro pagatuko du urtean Gipuzkoak, hau da, 32 urte eta 5 hilabetetan 702.536.237 euro.

Fakturaren bigarren parteak bilduko du enpresek kudeatzeko jasoko dituzten zabor tonengatiko pagakizuna: tona bakoitzeko 3,80 euro TMB Tratamendu Mekaniko Biologikoa egiteko eta 11,80 errausteko.

Denetara urtean zenbatera igoko da fakturaren bigarren zati hau? Erreferentziatzat harturik 2015ean Gipuzkoak sortu zituela 149.000 tona errefus, horiek aurrerantzean konstante mantentzekotan –Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak deklaratu berri du Gipuzkoak aski zabor sortuko duela erraustegia elikatzeko kanpotik ekarri beharrik gabe…– urtean 2.309.580 euro pagatuko dira, epe osoan 74.868.885 euro. Bigarren faktura hau gehiturik aipatu PPD edo zerbitzua jasotzeko eskubideari, denetara 2051 arte errefusak tratatzeagatik pagatuko ditu 777,5 milioi euro, gehi prezioen urteroko eguneraketak aginduko duena.

Erretzeko eskubidea, obligazio

Agiri ofizialetan oso garbi ikusten denez, Gipuzkoako gizarteak hondakinak erraustearen fakturaren zati nagusia Zubietako Ingurumen Konplexua deitu erraustegiaren bazkide izateagatik pagatuko du, hau da: %90 bazkide kuotatan eta %10 baizik ez sortutako zaborraren arabera. Hemen datza oraindik Gipuzkoan aski zabaldu ez den eztabaidaren beste osagai nagusi bat. Osasunean, enpleguan, ingurumenean edo Ekonomia Zirkularrerako trantsizioan errausketak sortzen dituen kezkez gain, bere finantzatzea arras modu injustuan burutuko dela, ondoen ari direnak zigortuz eta gaizki ari direnak sarituz.

Gipuzkoako biztanle guztiek erraustegiaren kostuak kasik berdintsu pagatzea erabaki denez kontratuz, errefus gutxiena sortzen duten herriek tona bakoitza  urrearen truke pagatuko dute. Zenbat? Erraustearen kostuak udalka nola bana daitezkeen kalkulatu dugu, GHKk Urbaser eta besteekin hitzartutako kontratuaren irizpide berak aplikaturik GHKren mankomunitate eta udalekiko harremanetara. ARGIAren Interneteko gunean egongo da prestatu dugun simulazioaren koadroa osorik ikusgai. Kronika honen ondoan doan grafikoa osatzeko, berriz, simulazio osoaren atal batzuk nabarmendu ditugu: udal bakoitzak zenbat errefusa sortzen duen biztanleko/urteko, urtean denetara zenbateko faktura iritsiko zaion eta sortutako errefus tona bakoitza erraustea zenbat eurotan atera dakiokeen.

Irakurlea koadroa ikusirik fite ohartuko da nortzuk diren zigortuak eta nor sarituak. Zigorrik handienak gaikako bilketa eta birziklatzean txapeldunenentzako dira: Ormaiztegiri tona bat errefus erraustea 1.214 euro aterako zaio, Orendaini 1.478… Aldiz, Gipuzkoan biztanleko errefus gehiena sortzen duen Getariari 87 euro, pertsona-urteko 300 kilotik gora dabiltzanetan Debari 114 euro, Hondarribiari 116 euro, Iruni ere 116…

Atez Atekoarekin errefusa gehien murriztea lortu dutenek larrutik pagatuko dute erraustegiari entregatutako tona bakoitza: Antzuolak 609, Oñatik 433, Usurbilek 521, Zaldibiak 582, Hernanik 497… Aldiz, Usurbil hasiz geroztik zortzi urte luzeotan bilketa oso gutxi hobetu dutenak ateratzen dira saritu: Donostiak 123 euro tonako, Eibarrek 161, Errenteriak 157, Andoainek 146, Lasarte-Oriak 145…

Kontua da hondakinen tarifak antolatzeko GHKren logika hau Europar Batasunak ekonomia zirkularraren inguruan agindu eta iradokitzen dituen irizpide guztien kontra doala. Kudeaketa onaren logikaren kontra ere bai: hondakinen murrizketak eskatzen du gaikako bilketa onean gehiago gastatzea, gero tratamenduan aurrezteko.

2015eko ziabogatik, atzeraka

Baina hau ez da berria Gipuzkoan. 2015ean EAJk eta PSEk Foru Aldundia hartu zutenean, aurreko legealdian Bilduk ezarritako tarifen eskema azpikoz gain jarri zuten. Hasteko, errefusa %11 garestitu zieten udalei, baina askoz gehiago bereiz bildutako organikoa, %44-88ko igoera. Gainera, organikoari prezioa finkatzeko irizpide berriak ezarri zituzten.

Zeren arabera pagatzen du gaur organikoa udal bakoitzak? 2016ko martxoan onartutako tarifetan, organikoari errefusaren prezio bera ezarri zioten (aurreko legealdian erdia zen), ondoren hobari bat eginez segun eta bere mankomunitateak zenbat organiko entregatzen duen: %15etik %35era doaz hobariak. Tarifak ez du zerikusirik ez GHKren konpost planten gastuekin, ezta merkatuan organikoa tratatzeagatik enpresa pribatuek kobratzen dutenarekin ere.

Zikulu-saltsa hau ulertzeko, balio bezate San Markon Atez Atekoan ari diren udalek. Errefusa 2017an kobratuko diete 173,12 euro tonako eta organikoa 138,49 (2015 arte 70,88 kobratzen zitzaien!) zergatik eta San Marko mankomunitateak osotasunean biltzen duen organikoaren araberako tarifa aplikatu zaiolako. San Markon Atez Atekoan ari diren udalek askoz organiko gehiago biltzen dute, baina Donostia, Lasarte-Oria, Errenteria eta besteek osatutako bataz bestekoan erortzen dira, horrela galduz beren bilketa onari dagozkion hobari hobeak.

Bada okerragorik, ordea. Iazko udan Gipuzkoako zenbait udalek mankomunitateetatik irten eta ongi berezitako hondakinak beren kontura kudeatzeko hipotesia landu zutenean, merkatuan aurkitu zituzten hornitzaileak GHKrenak baino askoz prezio hobeetan hartuko lizkieketenak, bai organikoa (75 euro bezain merke) eta bai azken errefusa (110 eurotan). Pentsa zer nolako ruina den horrelako udalerri batentzako urtero galtzea –erraustegiagatik tokatuko zaion dirutzaz gain– hondakinak merkatuan baino askoz garestiago entregatu beharragatik… teorian borondatezko bazkidea den mankomunitateak ez diolako baimentzen beste inori saltzerik.

2051 arte erraustegiaren gatibu

200.000 tonako erraustegia eraiki nahi da Gipuzkoan, non gaikako bilketa txukuna egiten duten herrien ereduak zabalduz gero 50.000 tona errefus baizik sortuko ez liratekeen. Duela zortzi urte Usurbil Atez Atekoan hasi zenetik erakutsi da hori hilabete gutxitan lortzeko modua badagoela. Aldiz, EAJk eta PSEk kontratista pribatuei bermatu diete Gipuzkoako udal guztiak 35 urtera arte haien eta erraustegiaren gatibu geratzea, errausteko eskubidearen tasa pagatzera derrigortuz.

Erraustegiaren kontratuak markatutako tarifek animatzen dituzte udalak zabor nahasiak gutxitu ez baina orain adina edo gehiago sortzera, gaikako bilketan eta murrizketan egin beharreko esfortzuak ez baitira saritzen, zigortu baino. Eta hala eta guztiz ere udalek erretzeko aski zabor sortzen ez badute, ia berdin pagatuko dutenez erraustegiaren kostuen hamarretik bederatzi, Urbaser eta beste kontratistek Zubietako labeak eskainiko dizkiete Gipuzkoaz  kanpoko zabor sortzaileei. Zaborren import-export negozioaz bada esperientzia Europako leku askotan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude