"Genero nortasuna eskubide zibil bilakatzea da erronka"

  • Urriaren 24an Kataluniako Osasun Sailak Trans*forma la Salut plataformarekin batera aurkeztu zuen pertsona transexualentzako osasun arreta jarraibide berria. Transexualen oinarrizko eskubideen aldeko bederatzi elkarte biltzen dituen plataformak helburu bakarra du: orain arte osasun sistemak ezarritako bazterkeria amaitzea. Lorpenaren eta erronka berrien inguruan mintzatzeko elkartu gara plataformako eta Generem elkarteko kide Judit Rourarekin.

(Arg.: Jordi Borràs)
(Arg.: Jordi Borràs)

Laster hiru hilabete beteko dira jarraibide berria aurkeztu zenutenetik. Emaitzarekin pozik?

Zalantzarik gabe albiste ona da, aspaldiko borroka baten emaitzak iristen hasi direlako. Hala ere, azpimarratu nahi dugu, jarraibide berria dagoeneko martxan den arren, oraindik ere hamaika ñabardura daudela zehazteke. Izan ere, urriaren 24an aurkeztu genuena, jarraibide bera baino, asmoen adierazpena da. 

Egunerokoan zer dakar?

Aurkeztu genuen dokumentuak Transit zerbitzua jarri du martxan Kataluniako Osasun sisteman. Horrek orain arte falta zen zerbitzu esplizitua ahalbidetzen du pertsona trans-entzat; batez ere, trans izatea aurrerantzean ez da patologia izango eta aniztasuntzat hartuko da. Berrikuntzen artean, transexualok osasun sistemaren oinarrizko sarean egotea ahalbidetuko du, adibidez.  

“Katalunian onartutako jarraibideen arabera, ‘trans’ izatea aurrerantzean ez da patologia izango eta aniztasuntzat hartuko da”

Zuen eskakizun bati erantzunez jarri da indarrean eredu hau.

Egia esateko prozesua uste baino azkarragoa izan da, eta urte eta erdi baizik ez dugu behar izan lehen lorpen honetara iristeko. Trans*forma la Salut plataforma osatzen duten elkarteetako batek, Generemek, bota zuen ideia lehenengoz. Duela hilabete gutxi arte transexuala izatea patologiatzat jotzen zuen osasun sistemak, eta horri buelta emateko borroka abiatu genuen. Generem elkarteak zirriborro bat idatzi zuen, baina aurki ikusi zuen bere kabuz ez zuela indar nahikorik eta helburu berdina zuten gainontzeko elkarteen sarea osatzea izan zen irtenbidea. Guztion artean zirriborro hura osatu eta ekainean aurkeztu genuen Parlamentuan. Sare hori osatu izana gakoa izan da. Gainera, arazoarekin batera irtenbidea ere jarri genien mahai gainean.

Orain arte Kataluniako osasun sistemak Nortasun Generoaren Unitatearen bitartez (UIG) artatu izan ditu pertsona transexualak. Oker ez banago horren kontrako salaketa ere jarri zenuten jarraibide berria aurkeztean.

Bai, guztira 70 testigantza bildu genituen, sistema horren erabateko diskriminazioa agertzeko asmoz. Esaterako, emakume trans batek lesbiana zela esaten bazuen ez zuen hormona tratamendurako eskubiderik, transexuala izan ordez trabestitzat jotzen zutelako. Edo, adibidez, 50 urtetik gorakoek ez zuten zirujiarako eskubiderik. Umiliagarria zen.

Eredu berriak ordezkatu eta, ondorioz, desagertu egingo da UIGa?

Guk desagertzea eskatzen dugu. Eta batez ere ez dugu birziklapenik onartuko, hala izango balitz osasun sistemak jarraituko luke trans-ok patologizatzen. Baina, zoritxarrez, oraingoz ez da desagertu.

Uste duzu gizartea desinformatuta dagoela transexualei dagokienez?

Erabat. Tira, desinformatuta ez, gizartea deformatuta dago, goitik behera. Estigma sozialak sekulako karga du eta emakume trans-ok zama hori daramagu gainean. Prostituzioa, drogadikzioa eta bestelakoak egozten zaizkigu beti. Hitz gutxitan, gizartearen zaborra gara. Sekulako diskriminazioa dago. Eta gizon transexualak, aldiz, isilarazten dira. Baina gu gizartearen parte garenez, gizartearen errekonozimendua behar dugu.

"70 testigantza bildu genituen, sistema horren erabateko diskriminazioa agertzeko asmoz. Esaterako, emakume trans batek lesbiana zela esaten bazuen ez zuen hormona tratamendurako eskubiderik, transexuala izan ordez trabestitzat jotzen zutelako". (Arg.: Jordi Borràs)

Eredu berriak badakar prozedurarik formazioari dagokionez?

Hiru heziketa ardatz proposatu ditugu. Lehena orokorra da eta gizarteari zuzenduta dago, transexualak pertsonak garela argitzeko. Bigarrena osasun sistemari zuzenduta dago, transexualok medikuarengana joaten garenean jakin behar duten informazioa eta zer egin behar duten eta zer ez barneratzen duena. Eta hirugarrena osasun sistemako profesionalei zuzendutakoa da; alegia, pertsona transexualekin zuzenean lan egiten dutenentzat formazioa da. Ezjakintasun itzela dago eta sekulakoak jasan ditugu.

Adibiderik?

Zein erantzun eman behar zaio prostataren azterketa behar duen emakume transexual bati? Eta gizon trans batek seme-alabak izateko intseminatu nahi badu? Ezinbestekoa da transexualek azpigeneroa duten pertsonek dituzten eskubide berberak izatea. Ez du axola nondik zatozen baizik eta zer zaren. Orain arte, osasun sistemak ez du hori bermatu, tokian tokiko profesionalen nahiaren menpe jokatzen zuten, politika zehatzik ez zegoelako. Ikuspegi kontua da. 

Azken erabakia pertsonarena izatea da erronka?

Zalantzarik gabe. Gaixotasun bat ez denez medikuak ez du hitzik. Noski, gomendioak eman ditzake, prozedimendu orok eduki ditzakeen onurak eta arriskuak jakinarazteko, baina onartezina da erabakia euren esku egotea. Medikuen lana pertsona transexualen beharrak asetzea da. Ez dago irtenbide orokorrik. 

Osasun sisteman eman duzue lehen urratsa. Aurrerantzean hezkuntzarako edo justiziarako jarraibiderik sortzea aurreikusi duzue?

Bai, baina poliki-poliki. Garrantzitsuena osasunarena da, zalantzarik gabe, hil edo biziko arazoa baita. Bidegabea eta onartezina da transexualak gaixotzat hartzea eta horri buelta eman behar zitzaion. Genero nortasuna jaiotzatik esleitutako ezaugarria izateari utzi eta eskubide zibil bilakatzea da gure erronka. Borroka hori ez da trans-entzat onuragarria bakarrik, baizik eta gizarte osoarentzat. Gu aske garen egunean zuek askeago izango zaretelako. Gero etorriko dira besteak…

“Proposatu dugun heziketa ardatzetako bat osasun sistemako profesionalei zuzenduta dago; ezjakintasun itzela dago eta sekulakoak
jasan ditugu”

Solas egin dezagun ebakuntzez. Duela gutxi arte adin-muga zegoen. Eredu berriak berrikuntzarik dakar?

Bai, ez da adin mugarik egongo, adinarena erabat artifiziala baita. Esate baterako, munduan 10 urterekin hilekoa jaistea ekiditeko hormona blokeatzaileak hartzen dituzten neskatoak daude barra-barra. Beraz, ez du zentzurik pertsona transexualei adin-muga jartzeak. Noski, badakigu hormonen prozedurak izan ditzakeela ondorio positiboak zein negatiboak. Baina osasunerako ez da kaltegarria. Besterik gabe, gorputzak berez egingo lituzkeen aldaketak ez lirateke egingo, eta kito.

Pertsona transgeneroen arazo nagusietako bat izaten da, bertzeak bertze, ebakuntzak egiteko dagoen zerrenda luzea. Azken urteotan aldaketarik egon da?

Ebakuntza kopuruak gora egin duen arren, itxarote zerrenda oraindik ere sekulakoa da. Lehenago hamabost urtekoa zen, orain murriztu egin da. Guk eskatzen duguna ez da abantailarik izatea, gainontzeko itxarote zerrenden maila berean egotea baizik.

Zein duzue aurrerantzean erronka nagusia?

Aniztasun hau gizartearen ikuspegi guztietan integratzea. Gizarteak aurrerapausoak eman ditu, baina hainbat ikuspuntutan atzerakoiegia da oraindik ere. Pertsona trans-ok bazterkeria jasaten jarraitzen dugu, eta batzuek hori justifikatzen dute trans izatea bizipen gogorregia dela esanez. Ez zaie arrazoirik falta, baina badira beste hamaika bizipen gogor: haur bat izatea, banaketa bat... Eta ez gara psikiatria bidez konpontzen saiatzen. Askatasunaren barruan dauden erabakiak dira, eta logika berean, genero nortasunak erabaki askea izan beharko luke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Eguneraketa berriak daude