Nafarroako Gobernuak ozta-ozta gainditzen du gizarte mugimenduen balorazioa

  • Nafarroako hamalau gizarte mugimendurengana jo dugu Foru Gobernuaren 16 hilabeteko kudeaketaren balorazioa eskatuz. Lagin txiki bat da alde horretatik, baina izen-abizenekin egindakoa da eta, beraz, garrantzitsua. Gehienetan kontuan hartzen dira Uxue Barkosen Gobernuak bultzatutako aldaketak, eta ondo baloratu, baina ondorio bat da nagusi: askoz gehiago egin behar du. Bada halako kutsu ezkorra aurrera begira espero denari buruz, eta horrek kezka arrazoi izan beharko luke gobernuarentzat.


2016ko abenduaren 18an
Nafarroako Gobernuaren aurkezpena 2015eko otsailean. (Argazkia: Navarra.es)
Nafarroako Gobernuaren aurkezpena 2015eko otsailean. (Argazkia: Navarra.es)

GALDERAK:

1. Nola baloratzen duzue Nafarroako Gobernuak 16 hilabetetan zuen esparruan egin duen lana?
Jarri nota 0tik 10era.

2. Zuen esparruan nora heldu beharko litzateke gobernua gelditzen zaion legealdi denboran?

BILGUNE FEMINISTA

Nota: 5.

Balorazioa. 2016ko Nafarroako aurrekontuen legea epelegia izan zen, UPNren gobernuaren norabidearen jarraipena kezkaz begiratu genuen. Aurreko asteetan datorren sei urteetarako indarkeria matxistaren aurkako plana aurkeztu zuen Foru Gobernuak eta 22,5 milioi euro bideratuko zirela adierazi. Badirudi hainbat hutsune betetzera datorrela plana, baina goiz da balorazioak egiteko.

Abortatzeko eskubidea: onartu berri den 103/2016 Foru Dekretuak aurrera pauso handiak eta sakonak ekarriko ditu martxan jartzen denean. Dekretuak baditu itzal eta zirrikituak, kasu honetan egun dugun klinika kontzertatura kasuak bideratzea adibidez. Osasunbidearen sustrai atzerakoiak, sakonak eta sendoak dira. Beraz dekretua aurrera eraman ahal izateko Nafarroako Gobernuaren borondate irmoa beharko da.

Aurrera begira. Aldaketa gehiago, sozialagoa eta feministagoa behar dugu. Oraindik eskuinaren erregimen patriarkala ordezkatzen duten botere guneetan aldaketak beharko dira. Horretarako, Mugimendu Feminista mintzakide politikotzat hartzea ezinbesteko izanen da, eta hau ez da oraindik gertatu.

103/2016 Foru Dekretua modu txukunean garatu eta txertatu behar da, lan merkatuan kontratazioak berdintasun irizpideekin arautu, hezkuntza eta prebentzioan gehiago inbertitu, indarkeria matxistaren aurkako plan integrala garatu eta baliabidez hornitu; eta kultur arloan, osasunean zein bestelako eskubide sozialen arloan, edota ekonomiaren garapenerako neurrietan emakumeen errealitate eta behar bereziak kontuan hartuko dituzten politikak ezartzea dira gure bide orrian.

 

PAH IRUÑEA - ETXEBIZITZA

Nota: 5.

Balorazioa. Nafarroako Gobernu berriak oso egoera gogorra topatu zuen. Gobernu honentzat arlo soziala garrantzitsua dela pentsatu nahi dugu askok, baina geldo doaz. Adibide bat: Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideen Legea hobekuntza bat da, baina ez nahi genuen bestekoa. Bakarrik bizi diren pertsonen errenta 655 eurotik 600era gutxitu dute eta behar dira bi urte Nafarroan bizitzen kobratzen hasteko.

Aurrera begira. Alokairurako dagoen etxe kopurua erabat txikia da eta beldur gara, hartzen ari diren neurriak oso epe luzera begira izan daitezkeela. Familia asko bizi dira gela bakar batean, denek sufritzen dute egoera hori, baina bereziki haurrek… Ama atera behar da lanera, esaterako, eta umeak bakarrik utzi behar ditu gelan arrisku egoerak sortuz...

Beraz, alokairuko etxe kopuru handiagoa behar da eta horretarako gobernuak negoziatu behar du bankuekin, haiek dituzten etxeak etxe-funts horretarako jar ditzaten. Aldi berean, etxe asko hutsik daude eta gobernuak bultzatu beharko lituzke horien jabeak alokairuan jar ditzaten, seguruen bidez bermatuz etxeak egoera onean itzuliko zaizkiela.

LOMCEren errebalidaren aurkako mobilizazio bat.
SORTZEN ELKARTEA - HEZKUNTZA

Balorazioa. UPNko Iribasen garai ilun eta gogorretatik etorrita, aldaketa haize freskoa izan zen guretzat. Administraziotik euskararen kontrako kanpaina instituzionalak berriro ez pairatzearen zama gainetik kendu genuen. Hala ere, gobernu akordioan euskararen ofizialtasuna lurralde osorako ez jasotzea ulertezina izan zen. Hilabete hauetan “LOMCE nafar erara” pikutara bidaltzeko ahalegindu ez izana ere kezkaz bizi dugu.

Aurrera begira. Hezkuntza Departamenduari elkarlanerako deia egiten diogu. Gure lehentasunak honakoak dira: euskarazko hezkuntzaren garapena, LOMCEri ez, eskola inklusibo eta partehartzaile baten aldeko baliabideak handitu, eskola txikien aldeko politikak… Inoiz ezin gara ase sentitu, asko baitago egiteko, eta hor kokatzen dugu gure eginbeharra, gizarte mugimendu gisa, etengabeko aldarrikapenean eta hobekuntzak eskatzen.

Ez diegu nota jarriko, bestelako ebaluazio eredu baten aldekoak baikara! Bi gaitasun gehiago lantzeko eskatuko diogu: bat, bere buruan gehiago sinestea, euskaldunak bigarren mailako biztanleak ez izateaz gain, euskarazko eredua Nafarroak duen aberastasun handienetakoa baita. Bi, ondokoekin elkarlanean gehiagotan aritzea, bestelako hezkuntza sistema bat posible da eta.

STEILAS SINDIKATUA - HEZKUNTZA

Balorazioa. Gauza batzuk hobetu dira: Haur eta Lehen Hezkuntzan irakasle-ikasle ratioak jaistea, legezkoak izatea ikasliburuetako Euskal Herriko mapak, irakasle kontratatuek familia laguntza kobratzea... Beraz, oso gutxi oraindik.

Aurrera begira. Oro har, jarraitzen dugu UPNk diseinatutako politikekin, eta ez da hasi negoziaziorik hezkuntzako eragileekin. Hortaz, aldaketa erabatekoa izan beharko litzateke. Euskararen apartheidarekin bukatu: oposizio eta kontratazio zerrenda bakarra, euskara hedatu Lanbide Heziketan, ikasketa artistikoetan eta Unibertsitatean. Sare guztia hartuta, Lehen Hezkuntzatik aurrera ikasleen % 61ek baino gehiagok ez du euskara edo euskaraz batere ikasten; beraz, Nafarroako ikasle guztientzat ziurtatu beharko litzateke euskararen gutxieneko ezagutza. PAI alde batera utzi, eta ganorazko Hizkuntzen Trataera Bateratua ezarri beharko litzateke.

Parekatu beharko lirateke funtzionarioen eta kontratatuen arteko soldatak eta langile guztiek udako lansaria kobratu beharko lukete. Irakas-orduak eta ratioak jaitsiko balira, hezkuntzaren kalitatea handituko litzateke eta ehunka irakasle kontratatuko lirateke. Baliabidez hornituriko berdintasun, hezkidetza eta heziketa sexu-afektibo planak zabaldu beharko lirateke ikastetxe guztietan. Nota: Ez dira erdira ailegatu; ea legealdi bukaerarako gainditzen duten.

ELA SINDIKATUA

Nota: 5(-).

Balorazioa. Aldaketa neurtzerakoan lau ardatz aztertu behar dira: demokratizazioa, arlo soziala, pribilegio eta klientelismoaren desmantelazioa eta lan baldintzak. Demokratizazioan eman dira pausoak: oroimen historikoa, biktimak, euskararen trataera, sektarizazioa… Baina esparru sozialean dira gobernu honen gabezia nabarmenenak. Fiskaltasunean aldaketak anekdotikoak egin dira. “Hau da dagoena!”, diote politikari batzuek, eta hori onartezina da ezkerreko logikatik.

Pribilegio eta klientelismoaren aurkako politiketan hartu dira erabaki batzuk, baina ausardia falta da. Opusek oraindik dituen abantailak ez dira inondik onargarriak, eta zeharka edo zuzenean, UGT, CCOO eta CEN finantzatzen jarraitzen da. Hau horrela den heinean ezin dugu esan sindikatu guztiek aukera berdinak ditugula.

Aurrera begira. Fiskaltasunaren aldaketa ezinbestekoa da. 1.800 milioi euroko aldea dugu EBko batez besteko presio fiskalarekin. Ondoren, hasi daiteke beste gauzez hitz egiten: zerbitzu publikoetan eman diren murrizketak iraultzeaz, eskubide sozialez; 0-3 urteko hezkuntzara pasatzeaz; osasungintzan itxaron zerrendekin bukatzeaz edo menpekotasun egoeran daudenei zaintza publikoa bermatzeaz.

Langileon formakuntzari buruz, ez dago aitzakiarik eredu publiko batean ez aritzeko, ezta gobernuak zuzenean edo azpikontratatuta dauzkan milaka langileen lan baldintzak ez hobetzeko ere. Nota: 5era ez da iristen, beraz, aldaketa egiteke dago. UPNren basakeriak zuzentzea edo leuntzea ez da nahikoa benetako aldaketari buruz hitz egiteko.

EHNE SINDIKATUA - NEKAZARITZA

Nota: 6-7.

Balorazioa. Egindako lanarekin baino markatutako lan ildoa da gehien goraipatzen duguna, badakigulako egun batetik bestera ezin dela dena aldatu. Baina pausoak somatzen hasiak dira, adibidez aurtengo aurrrekontuak inflexio puntu horren adierazle izan daitezke, edota egiten ari diren barne berrantolaketa, edota parte hartzea bultzatzeko zabaldutako bideak. Dena den, ausardiaz jokatu beharko dute inflexio puntu batetik dinamika eraldatzaile baterantz egiteko.

Aurrera begira. Lau urte ez da denbora sobera nekazaritzak eta abeltzaintzak behar duten eraldaketa osoa egiteko, baino hainbat eremutan Gobernuak lanak norabide onean utzi ditzake. Hala nola elikadura burujabetzaren sakontzean, eredu industriala eta ingurugirora errotutako ereduaren arteko ezatabidaren sozializazioan, kanpotik datozkigun eta lurra eta elikagaiak kutsatzen dituzten intsumoen erabilpenen murrizketan eta eredu agroekologikoen hazkundean ere bai.

MEMORIAREN AUTOBUSA - OROIMEN HISTORIKOA
Frankismoak 36ko Gerran hildako irakasleei egindako omenaldia. (Arg.: Ekinklik)

Nota: 6,5.

Balorazioa. Jarrera aldaketa nabaria da: lehen gobernuak oztopatzen zuen lan memorialista, eta orain aldeko jarrera du. Adibideak: elkarteekiko harremana areagotzea,  jarduera memorialistendako diru-laguntzak, gobernuaren parte hartzea hainbat ekitalditan, gorpuak lurpetik ateratzea edota ikur frankistak kentzen hasteko neurriak. Horrekin batera, frankismoaren aurkako kereila judiziala jartzeko Iruñeko Udalak eta Parlamentuak hartutako erabakiak.

Edozein modutan, hainbat kontutan gure desadostasuna ere agerikoa da: batzuetan harremana ez da beharko lukeen zuzena izan, memoria legea aplikatzeko erritmoa mantsoegi izaten ari da, eta ikur frankisten erroldan gabezia garrantzitsuak daude. Gainera, gai hauekin Eliza eta Opus Dei ez mintzeko asmoa dago. Laburbilduz, gehiago espero genuen.

Aurrera begira. Hauexek dira garatu gabeko neurriak: Memoria Tokien errolda egitea eta toki horiek babestea, amnistia legea bertan behera uztea bultzatzea, Memoria Institutua sortzea, Egiaren Batzordea bultzatzea, gerra eta frankismoaren errepresioari buruzko unitate didaktikoak sortzea, eta sinbologia frankista modu integralean ezabatzea.

EUSKARAREN KONTSEILUA

Balorazioa. UPNren Gobernuek egindako euskararen kontrako hizkuntza-politikek oso abiapuntu eskasa utzi zuten, administrazioari dagozkion hiru zutabetan –corpus juridikoa, plangintzak eta baliabideak– egoera idorra zen benetan eta hori euri tantaz bustitzen hasi da, baina oraindik ibaia egiteko asko falta da. Corpus juridikoari dagokionez, de facto har zitezkeen neurriak ez ditu hartu, adibidez 29/2003 Dekretua aldatzea. Plan estrategikoa egiten hasi da eta hori positibo baloratzen dugu. Baliabideen kasuan ere pauso bat eman da aurrera, baina oraindik beharrak estaltzetik urruti gaude.

Aurrera begira. Corpus juridikoan, helburua hainbeste min egiten duen Vascuencearen Legea aldatzea da, baina prozesu hori pixkanaka egin behar dela ulertzen dugu. Hortaz, euskarari kalte egiten dioten dekretuak aldatuta beharko lukete legegintzaldia amaitzerako eta gobernuak behar diren baliabideak jarri behar ditu (pertsonalak, ekonomikoak…). Gobernuak eskutik du hori egiteko aukera eta duen denbora baliatu egin behar du, euskararen esparruan ere aldaketaren gobernua izan dadin. Nota: ebaluazio jarraitua egiten diogu. Beharrezko neurriak hartzen dituen, euskalgintzarekin elkarlanerako borondatea duen (plan estrategikoan bezala) eta gisakoak dira baloratzekoak legealdia amaituta.

Kontseiluak 2016ko ekainean Iruñean Foru Gobernuari urrats gehiago eskatuz egindako mobilizazioa. (Arg.: Kontseilua.)
KATALINGORRI- LGTBI

Nota: 8.

Balorazioa. Argi dago gobernuak LGTBI kolektiboarekin izan duen jarrera gertukoa izan dela. Historikoak diren aldarrikapenak azaldu dizkiegu eta orain arte egin ditugun prozesu politikoak kontuan hartu dituzte; baina garrantzitsuena zera da, zer nahi dugun adierazteko aukera eman digutela. Orain arte sexu aniztasunaren bisibilizazioa kolektibook egin behar izan dugu eta administrazioaren papera tolerantzia pasiboa izan da. Orain LGTB politikak aktibatzeko lehenengo mekanismoak sortu dira.

Aurrera begira. Alde batetik, gure asmoa gobernuarekin izaten ari garen interlokuzioa indartzea eta kanal berriak sortzea da eta, bestetik, autonomoa izango den eta eroso sentitu ahalko garen esparru bat administrazioan izatea. Bestela esanda, LGTB eremu, esparru eta arlo espezifikoa sortzea.

Era berean, transexualitateak dakartzan konplexutasunei heldu behar zaie eta Trans kolektiboak dituen ezagutza eta jakinduria aurrez aurre azaldu behar dira, hau da: klinika eta biografiek jarrera ulerkorrago bati heldu beharko diote lazkeria leundu ahal izateko. Kasu batzuetan transexualitate prozesuari heltzeko egiten diren diagnostiko klinikoek ondoeza dakarte. Trans kolektiboei hitza eman behar zaie malgutasunari eta despatologizazioari heltzeko. Gobernuak LGTBI esparrua eta politikak finkatu behar ditu, esan den moduan mekanismoak aktibatu behar dira planteatu ditugun estrategiak sustatzeko.

KONTUZ ! - USTELKERIA

Nota: 6.

Balorazioa. Aldaketak denbora behar duela ulertzen dugu, baina badoa gauzatuz. Orain arte instituzioak hamarkada asko aritu dira lanean iluntasunean eta kontrol ideologikoan oinarrituta. Ekarpen interesgarriak ikusten ditugu, esaterako abian jartzen ari den kontrolerako instituzio berria; bereziki, herritarrei kontu emateko borondatea ikusten dugu, baita ere gobernua lanean ari den esparru guztietara gardentasuna eramateko borondatea.

Aurrera begira. Aipatutako kontrol organoa sendotzeko baliatu beharko litzateke, behar adinako baliabide ekonomikoz eta humanoez hornituz, aurrera begira lorpen sozial hauek atzeraezinak eginez. Ate birakariei buruzko legedia finkatzea aurrerapen handia litzateke. Gustura ikusiko genuke, halaber, ausardia handiagoa oraindik ere boteretsuak diren botere esparruen aurrean, zeintzuk amarruekin eta obra faraonikoekin krisira eraman gintuzten haien eskuetan dauden oraindik ere. Beren karguetan “arrastoa utzi” duten horiek, edo oraindik joan ez diren edo ate birakarien bidez joan diren horiek publikora ekartzea ere begi onez ikusiko genuke, eta areago erantzukizunak eskatuta.

NAFARROAKO GAZTERIAREN KONTSEILUA

Balorazioa. Denetarik dago. Gauza ondo eginak eta hain ondo egin ez direnak. Positiboa da azpimarratzea eskaini duten harreman hurbila, hala nola prozesuak irekiak eta parte hartzaileak izateko erakutsi duten interesa. II. Gazteriaren Foru Planaren garapena jorratu da, ikuspegi irekiago batetik, gazteriaren egungo eskariak azaltzeko ahalegina eginez. Baina gauza guztietan bi aurpegi daude, eta hain zuzen horregatik, eginiko guztia Planaren prozesu hau izan da eta gazteriak behar dituen beste gauza batzuk alde batera utzi dira, esaterako laneko behin-behinekotasunaren kontrako edo emantzipazioaren aldeko lana. Gainera, gauza bat da prozesuak parte hartzaileak izateko nahia azaltzea eta beste bat hori hala izatea, oraindik urrun gaude hori lortzetik.

Aurrera begira. Gazteriarentzat lana zeharkako zerbait izatea lortzeraino egin behar du, horrela esparru guztietan pertsona gazteen eskubideak defendatzeko aukera izateko helburuarekin. Ez jorratzea soilik aisialdia eta kultura pixka bat. Egoera ekonomikoa gehien jasaten dugun kolektiboetako bat garenez, irtenbide integral bat eman behar zaigu. Nota dela eta, hau eskolan bezala da, notak amaieran jartzen dira. Denborak esango du.

SUSTRAI ERAKUNTZA - INGURUMENA

Nota: 2-3.

Balorazioa. Harreman maila hobea dago gobernuarekin –bilerak eskatu…–, baina horrek ez du gardentasun handiagoa ekarri. Esaterako, Energia Plana –gizarte jasangarriagorako oinarri dena– herritarrei ia ezagutzera eman gabe ari da eztabaidatzen. Hedabideetan iragarri gabeko bilera batzuk besterik ez dira egin eta eztabaida urtearen amaierarako amaitu nahi dute; beraz, lau hilabete eskas izan ditugu eztabaidarako.

Aurrera begira. Ingurumenean eragin handia duten Nafarroako ekonomiaren alor garrantzitsuak aldatu behar dira. Hemen batzuk: beharrezkoa da Prestakuntza Handiko Trenaren (AHT) proiektuari uko egitea; Castejóngo zentral termikoak ixtea, auzitegiek agindu duten bezala; ez jarraitzea goi-tentsioko linea proiektuekin… Baina gobernu honetan ez dugu ikusten borondaterik horretarako.

AHT trenaren aurka egindako mobilizazioa. (Arg.: Ahtgelditu.org)
COMPAÑIA DE LAS TRES ERRES -  HONDAKINAK

Nota: 5.

Balorazioa. Ez da nahikoa egiten ari. Aurreko egoera hobetzea erraza da, Francoren diktaduratik ateratzea bezala da, baina gertatzen ari zaigu gauza bera urte batzuk beranduago: funtzionarioak eta egiturak ez dira aldatzen. Prebendak ere ez. Eredu soziala ez da aldatzen. Orekari eutsi beharraren ondorioz, gobernua sostengatzen duen laukotea ahula da, karguak izan ditzake baina boterea ez. Aldaketaren ilusioa, ezer alda ez dadin. Sistemari eragingo ez dion hartan amore emango dute (abortoa, euskara…), baina ez dute onartuko aldaketarik desarrollismoan, ekonomian, lanaren banaketan, hedabideen kontrolean, kudeaketa pribatuan, funtzio publikoan, multinazionalen sarreran… Datozen hauteskundeei begira ezer onik iragartzen ez duen etsipena. Berdinen eskuetan jarraitzen dugu.

Aurrera begira. Nahikoa litzateke ingurumeneko egungo legediaren %50a beteko balitz, baina ez dezagun ahaztu legedi hori sistema liberal batean garatu dela eta ez dela nahikoa. Zibilizazio krisia bizi dugu eta honek eskatzen du legedia desarrollista geldiaraztea. Zauri horren sakona ez da tiritekin konpontzen. Egungo legediak adabakiak jarri nahi ditu nola-hala aurrera egiteko, baina hori ere ez da lortzen. Hondakinekiko konponbidea kontsumoan da. Beherakoa ez da konpontzen pixontzi handi batekin.

URA FUNDAZIOA

Nota: 6.

Balorazioa. Positiboa da. Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasearekin zezenari adarretatik heldu dio, dagozkion azterketak egiten ari da eta hauen ondoren erabakiko du zer egin. Orain artekoa ikusita hori asko da. Lehenengo Fasean, ordea, ez du halako azterketarik egin eta horiek gabe ureztatze eremu berriak zabaldu dira; hori kritikagarria da.

Aurrera begira. Egin beharrekoen artean: Esako Urtegiko gaiarekin posizionamendu argi bat finkatzea herritarren segurtasuna bermatze aldera. Urtegi hori ez da bere eskumenekoa –Espainiako Gobernuarena da–, baina eragiten dio nafar askoren segurtasunari ere. Nafarroako Ubideari dagokionez, ez gaude ados Kontuen Ganberak Lehen Faseaz egin zuen balorazioarekin eta gobernuak berea egin beharko lukeela uste dugu.

“Salba dezagun Ega” kanpaina ere hor dago. Jurramendiko Mankomunitatea Ega ibaiaren akuiferoen gehiegizko ustiaketa egiten ari da eta honek asko kaltetu du ibaiaren egoera. Neurriak hartu behar dira hori konpontzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Gobernua
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Opus Deiren bi ikastetxe segregatzaileri DBHko ituna kenduko die Nafarroako Gobernuak

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek 1965az geroztik dauzkate ikasleak banatuta.


Eguneraketa berriak daude