Estropezuka

  • Estropezu egin dut mizpiretan. Mespilus germanica mizpiraren peskizan nabilela, batekin eta bestearekin hitz egiten, pantailetan ez dauden hitzak irakurtzen, jo eta estropezu ez dut ba egin! “Otsalizar eta mizpira minkatzak, agotzak ontzen ditu” esaera etorri zait muturraren aurrera. Eta burua ketan. Zenbat hede tira egiteko.

Otsalizarra, Sorbus aucuparia. (Arg.: Krzysztof P. Jasiutowicz-CC By SA)
Otsalizarra, Sorbus aucuparia. (Arg.: Krzysztof P. Jasiutowicz-CC By SA)

Hasteko, otsalizarra (Sorbus aucuparia) eta mizpira batera. Biak gure elikaduraren ipularrera baztertuta ditugun fruituak. Makina bat aho gozatuko zuten milaka urtean. Minkatza izan eta ahoa gozatu?, nola liteke? Mikatza da, bai, niretzat ere gozagarriena. Baina esaeran minkatzak beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait; minkatza: gustagarri ez dena, mina, zakarra... Egunerokorako nahitaezkoak ziren sagarra –Malus x domestica, edari ia bakarra ziren pitarra eta sagardoa egiteko–eta antzekoen aldean, eta lantzearen eta aukeratzearen eta zaintzearen ondorioz gero eta handiago ziren fruituen aldean –udarea (Pyrus communis), mertxika (Prunus persica), gerezia (Prunus avium edo P. cerasus)– behar-beharrezkoak ez eta ttiki “itsusiak” ziren fruitu horiek, hutsaren hurrengoa. Minkatza. Frantsesek ere hala erabiltzen dute: “Mizpirak” esaten badizute zakurraren ipurdia edo zakurraren putza adierazten dizute. Bestetik, arbola horiek adarrak sastrakatsuak, nahas-mahas mordoilotsuan dituzte, ez etxekotutako beste fruitu arbola horien adar samur eta bigunak. Minkatza. Eta agotza, zer da agotza? Nik hiru agotz ikusten ditut esaera horretan: arotza, aihotza eta ahotza. Arotzak bi arbola horien zura gogor eta basatia leundu dezake. Ondu. Aihotzak bere adarje sastrakatsua soildu eta menderatu dezake. Ondu. Ahotzak, aldiz, bere gainean fruitu gordin, gogor eta heldugabea umatu egingo du. Ondu. Ni azken horren aldekoa, otsalizarraren eta mizpirondoaren fruitu mikatzak ahotz gainean zabalduta ontzen dira. Ahotza laboreen lorearen lasto fin-fina da. Ahotzetan jartzea belar ondutan zabaltzea bezala da.

Estropezu egin dut mizpirarekin Durangoko Azokan ere. Bi emakumek mizpiraz galde egin didate: noiz bildu, nola jaso... Eta Elorrioko Arauneta auzoko Osintxueta baserriko Jesus Beitia hitzak erakustera etorri zitzaidan. Tartean zen “xemeikoa”, txakur txiki bat ere balio ez duena, hutsaren hurrengoa.


ASTEKARIA
2016ko abenduaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fruitu arbolak
2023-09-04 | Jakoba Errekondo
Ahuakateondoa eta xenofobia

Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela... [+]


2023-05-29 | Garazi Zabaleta
Errota
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak

Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere etxean. Hurrak kanpotik erosten zituen, baina pixkanaka proiektuan sakontzen joan... [+]


2022-11-13 | ARGIA
Gaztainondoaren garrantzia aldarrikatuko dute Oñatin azaroaren 16tik 23ra

Euskal Herriko isuri atlantiarrean gaztainondoak eta gaztainadiek berebiziko garrantzia eduki zuten nekazarien elikaduran, hemengo paisaiaren elementu nagusi ere izanez. Ez da kasik haien arrastorik geratu, ez behintzat Gipuzkoa eta Bizkaian, batetik gaixotasunek ahuldu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude