Mattin Irigoien: Amikuze jada euskalduna balitz bezala bizi

  • Mattin Irigoien (Ainhiza-Monjolose, 1964) lanbidez nekazarien formakuntza elkarte batean ari da, Arberatzen finkatua. Idazle eta antzerkigile ezaguna, 2009an Bilbon emandako hitzaldiaren mamiaz “Nola eutsi diogu gure euskarari” plazaratu zuen. Amikuzeko Zabalik elkartearen zuzendaritzako kidea da.

Mattin Irigoien idazle eta antzerkigilea Arberatzen.
Mattin Irigoien idazle eta antzerkigilea Arberatzen.

Kontatu izan duzu Amikuzera 1990ean heltzean Garazi aldetik behin eta berriro frantsesez erantzuten zizun zahar haren istorioa.

Ni hasi naiz euskaraz, berak frantsesez erantzun behin, birritan,  hirugarrenez… Geroztik euskaraz egin izan dugu. Baina niretzako txokea zen adin bateko jendeak niri frantsesez ihardestea. Geroztik konprenitu nuen beretzat 20-30 urteko jende horrek frantsesez egiten zuela bere bizia eta zaharrek integratua zutela hori gauza normal bat bezala.

Ni euskaraz bizi zen mundu batetik aterea nintzen. Gure herrian koadrila guztia euskaldunak ginen, abertzaleak ere batzuk, gure mundua zen kantuz hartzea, besta egitea, bertsuka… Garazin ere galtzen ikusten genuen, baina Amikuzen ohartu nintzen 20 urte gehiago pasatuak zirela. Filma baten azelerazioa bezala.

Zerk eraginda?

Iduriz, modernismoaren sartzea biziki lasterrago eta bortizkiago gertatu da hemen. Soziologia aldetik, Amikuzen jende gehienak maizterrak ziren, etxetiarrak, etxe zainak esaten den bezala. Herri batean izaten ahal zen lur jabe bat edo bi, berdin Donapaleun bizi zirenak, eta laborari guztiak ziren haien menpeko. Urte guztiz ez mozkinen erdia, beren negozio zifraren erdia eman behar zioten, uztaren edo saldu aratzeen prezioaren erdia.

II. Mundu Gerraz landa lege berri batzuk ateratzen dira Frantzian nekazaritza produktibismoan sar arazteko, sortzen dira laborantzako banku eta asurantzak, eta etxaldeen lege berria: lur jabeari ez zaio engoitik uztaren erdia pagatuko baina hektareako halako sari bat. Horrela laboraria modernitatean sartzen ahal da, maileguak hartzen ahal ditu… Ordura arte lohian bizi zen jende hori guztia heltzen da ber etxe berria eraikitzera, bere lurren erostera, eta garapena dela medio jendea modernismoan sartzen da buru belarri, gibelean utziz euskara.

Artoaren eremua eta ardiaren eremua bereizten dituzue.

Nafarroa Behereko ardiaren eremuan ere, erran nahi baita mendi aldean, modernitatea sartu da baina ez hain bortitz. Bada halako euskal erresistentzia bat, pasiboa nahi bada. Hor sortu da eta indartsuen mantentzen ELB sindikatua. Harreman sozialak mantendu dira euskaraz. Hemen, jendeak produktibismoan sartzean, sistema frantses batean sartuz, duintasuna bildu du. Duintasuna ematen dio lurrak ukaiteak, kredituak hartzeak, koperatiban sartzeak. Eta pasatzen dira frantsesera. Uzten dituzte lehengo etxe zaharrak borda edo biltegi bilakaturik eta ondoan eraikitzen 1960-1970eko villa itxurako etxe berri horietarik, isolazio zero dutenak. Frantsesez mintzo dira errobineteko [kanilako] ura, elektrizitatea, frigorifikoa, dutxa, autoa, traktorea.

Zuk ahalkea ere aipatu duzu.

Hori orokorragoa da, Iparralde guztikoa, denok badugu buruan, kolonizatuak izan baikara. Horregatik nik bizia ikusten dut deskontaminatze prozesu bat bezala. Buruan sartua dugu, euskara azpi gauza bat dela. XX. mende hasieran “leit motiv” politikoa zen “Aberri ttipia eta Aberri handia”. Eliza katolikoa bera XIX. amaieran eta XX. hasieran Errepublikaren kontra zen, baina une batez egin du jauzia, Hiriart-Urrutyk eta denek: “Errepublika barnean borrokatuko gara orain”. Hor agertzen da aberri ttipiaren eta aberri handiaren kontzeptua.

Euskaltzaleak ziren eta aldi berean Frantziazale. “Eskizofrenia totala”, esaten ahal dugu, baina bazuten beren koherentzia: eliteak frantsesak ziren eta euskara bilakatzen zen elitearen tresna jendea kontrolatzeko. Jendeak behar baitziren babestu, euskara hesi bat zen kanpoko mundutik babesteko. Hiriko galbideak ziren sexua, komunismoa eta… hiria bera. Horrela ulertu behar da “Euskaldun, fededun” lema. Jendea garbi atxiki nahiz, hizkuntza bera ere zikiratzen dute, hori da “apez euskara” esaten duguna.

Apezen euskara?

Lehen aipatu zahar hark, konfiantza egin genuelarik, esan zidan behin berak ez zuela “Hazparneko euskara” ederra. Esan nahi baita, apezen euskara: misionestena, jendea infernuarekin eta beste beldur araztera urtean behin herrietara etortzen ziren haiena. Adibidez, Garazi aldean baino gehiago mintzo zen Amikuzen toka eta noka, pentsatzen dut hori ere etxetiarren kondizioari lotua izango zela. Baina euskara salbai gisa izan da perzibitua apez euskararen defendatzaileengandik, zikina, utzi beharra. Berdinen arteko harremana iradokitzen duelarik... edo duelako.

XX. mende hasierako euskaltzaletasuna, ene irudiko, populu xehearen kontrola da, ez da “jendea euskararen alde”, diglosia totala da. Eta uste dut euskararen aldeko gure mugimendua ere oraindik horretarik kutsatua dela. Modernitatean sartzean, diglosia bakoitzaren buruan sartu da eta “Aberri handia eta aberri ttikia”, beste hitz batzuez hor da gure baitan azkar gaur ere.
Gaur Gipuzkoako zifren antzekoak izan arren, Amikuzen ez da karrikan kasik euskararik entzuten… salbu eta ostiral goizez Donapaleuko ferian.

Bai, baina ttipitik elkarrekin bizi izandako gizon zaharrak dira. Aldiz, kafea pagatzera zutitu orduko frantsesez eginen dute. Frantsesez biziki ongi badakite eta etxean haurrekin frantsesez ari dira.

Hala ere, jakitea euskara zerbait bat da, baina hizkuntza bat erabiltzen ez bada galdu egiten da. Bizitzan gauzak eten gabe aldatuz doaz, lehen idatzizkoa baldin bazen inportantea gero telebista heldu da, gero Internet… Berrikuntza guztiak frantsesez baldin badatoz, euskara atzera geratzen da, aroa eta zerbait gehiagoz hitz egiteko, esan “Egun on” eta gero benetako gaia frantsesez hitz egiten duzu. Erresistentzia handiena den lekuetan ere, mendialdean ere, argi ikusten da.

"Euskaraz ari ez naizen aldi oro euskara hiltzen da, eta euskarak bizi behar badu, behar du gaur bizi. Hogei urte barru ez dugu arra-hartuko"

Abertzale mugimenduak ez du hori gainditzea lortu, entzuna dizugu.

Abertzale mugimendua oldartze bikoitza da ene gustuko. Batetik XX. mende hasierako elite euskaltzale haren kontra eta “euskaltzale” hitza ez du gehiago erabiltzen. Oldartze bat da ere modernismoak oreka zaharrak hautsi baititu. Orduan diskurtso iraultzaile hori bereganatzen du, ezkerrekoa, 1968ko maiatza, Hirugarren Munduko deskolonizazioa… baina nondik elikatzen da? Ez euskaratik, dena frantsesetik abiatzen da, aldizkari politikoak, kontzeptu guztiak, denak frantsesez pentsatuak dira. Mugimendu askatzaile bat, euskararen aldekoa, frantsesetik elikatua.

Gero, bistan dena, Ikastolen mugimenduan, Gau eskoletan… badira euskara zentralitatean ezartzen duten jendeak. Baina minoria barneko minoria dira. Idatzira ez da guti baizik pasatzen egunerokoan. Ez da mugimendu askatzailea euskaraz hazten.

Ikastola aipatu baituzu… nola pasatu da inguru honetan euskara batuaren eta lekuko euskara zaharraren arteko uztartzea?

Ikastola heldu da Hegoaldetik eta material pedagogikoa behar baita, hala moduzko batu bat baliatzen da. Amikuzen ohartu naiz bazela eten bat horren eta lekuko euskararen artean. Libertimendua abiatu dugularik, gazteek ez zekiten beren aitatxi-amatxiek kantatzen zituzten Amikuzeko kanta zaharretatik bat bera ere, ez hemengo etxetiarren istoriorik nahiz eta beren familietako kontuak izan. Libertimendua izan zen gazteontzako beren geografia ber-hartzea, historia soziala berreskuratzea. Ikastolak ez zuen transmisio hori ahalbideratu.

Txoke hori goxatua da gaur egun?

Etenaldiaren denboran euskara debekatua zen eskolan. Debekuaren indarra ahuldu da abertzaletasuna indartu arau. Ardiaren eremuan, euskarak sendoen iraun duen eskualdeetan, gaur badirudi onartzen dela elebitasuna dela onena. Eskola sartze [matrikulazio] datuak ikusiz gero, gurasoek beren haurrentzat hautatzen dute euskara edo euskaraz ikastea. Hemen, Amikuzen, euskara iraganeko kontua da jende askorentzako, bertako eliteak hala uste du. Baina hemen ere gurasoek aukera dutenean hautatzen dute euskara. Bada hila ez den itxindu bat agian.

Frantziako estatua ez baita lo den ximinoa, noiztenka ekarpen batzuk onartzen ditu. Ikastolak ezagutu zituzten eskola bezala, gero heldu zen Euskal Kultur Erakundea, gero Euskal Herria 2010  bere hautetsi  kontseilu eta garapen kontseiluekin, halako think-tank bat integratzeko abertzaleen ideiak eta abertzale jendea ere bai… Hor egin ziren proiekzio batzuk, onarpen maila batzuk ere bai, eta ordutik zer ikusten dugu? Kulturan baloratzen diren gauzak direla elebitasuna, profesionalismoa eta ondarea. Hizkuntza bilakatzen da ondare.

Hori da Frantziak onartzen duen tokia probintzia bati, azpi kultura bat, frantsesa da jendeari baimentzen diona hemen izatea “liberté”, “égalité” eta “fraternité”, hizkuntza hortarik pasatzen da jende izatea, “citoyen”. Profesionalismoa da delegazioa eta merkatua begiratzea, merkatua baita frantsesez, euskara hor barnean izanen da soinu bat. Ele-bi da diglosia egoera, frantsesaren alde itzultzen da azken finean, euskaraz funtzionatzeko hautua ez planteatzea erran nahi baitu ahal liteken lekuetan.

Zuk gordin kritikatu duzu gure belaunaldiak euskaratik dimititu dugula.

Ez dut kritikatzen, entseatzen naiz ulertzera, ulertzetik bide batzu irekitzen ahalko direlakoan; iduritzen zait gure euskararen aldekotasuna pose batean gelditzen dela. Erabilera ez dela helburu. Eufemismoetan goxatzen garela. Euskara nahi bada eguneroko hizkuntza izatea geroan ere, kutura hizkuntza eta soziala, ez ditugu minimoak betetzen horri buruz joateko. Bat, helburua ez da gehiago aipatzen. Bi, eufemismoetan gabiltza. Hiru, maila biziki apalean gaude exigentzietan. Besteei buruz, ofizialtasuna edo ko-ofizialtasuna beti, baina guhaurri buruz biziki apal exigentzian, biziki eroso.

Protestan badu presentzia euskarak, gainera badu borrokarako indar hori, markatzen du radikalitate bat, baina gero hori guztia bizi da frantsesez. Afera da euskararen alde garenok ez dugula planteatzen aski zein den helburua… hizkuntza biziko baldin bada bihar, gaur haur guztiek behar dutela jakin. Ez umeen erdiak eskolatzea B eta D ereduan: denek ikasi behar dutela. Hautua hizkuntza jakinik planteatzen da. Ezin banaiz euskaraz ari frantses elebakarrak direlakotz, orduan ez dut hauturik, ez nik ezta frantses elebakarrak ere.

Ko-ofizialtasuna aipatzen da eta esan liteke horren barnean egon behar duela konponbideak. Baina Frantziak ez du utziko ko-ofizialtasuna, Espainiak utziko ez duen bezala independentzia Kataluniari, baldin ez bada gertatzen alde bakartasunetik… Baina ko-ofizialtasuna eskatzen dugu eta bagoaz pintxoak jatera frantsesez. Oso azpiratua baitaukagu gure burua.

Hemen biharko delegatzen dugu euskararen erabilera, biharko haurrek eginen dute, ikastolak eginen du, Hegoaldeko indarrak eginen du guretzat, amesten ahal duzu ere… Gaur ezin dugu: bihar. Bada eliteko abertzalerik erran duenik galduta ere errekupera daitekela hizkuntza; artean frantsesez egin baharko dugu euskara ez dakitenak konbentzitzeko. Frantsesez konbentzituak euskararen beharra izanen ote du? Nik diot justo kontrarioa: euskaraz ari ez naizen aldi oro euskara hiltzen da, eta euskarak bizi behar badu behar du gaur bizi. Komunitatea konpaktatzen dituen guneak behar ditugu, hizkuntzak nahiko dentsitatea izan dezan biziberritzeko. Hizkuntz exigentzia diluitzeak hizkuntza likidatzeko balio du. Hogei urte barru hizkuntzak ez du bizian bidaiatzeko balioko, turismorako agian. Israel da hizkuntza bat hutsetik berriz eskuratzen ari duena, dakidanez, eta ikusi ze moldetan.

Bestalde, bizi bat baizik ez dugu, eta ez dut sinesterik “bihar irabaziko dugu” bezalako leloetan. Gaur bizi dezagun biharko nahi duguna. Hori ekologistena da, feministena eta alternatiboena: ez bada gaur bizi, galdua da borroka, gu gaur baikara bizi. Zein dira azken urteotako gure plazerrak, gure bozkarioak? Egunkariaren sorrera edo bertso eskolak hasten direnean Iparraldean gazteak hastea ostatuetan euskaraz… horiek dira gure bozkarioak. Edo gazte talde batean sortu, sentitu, landu antzerki bat. Hor ikusten dugu euskarazko komunitate bat badela. Internet ere hor baita, ni hurbilago sentituko naiz ARGIAren gunean ari den egile batez, hemen euskararen alde frantsesez ari denaz baino.

Eta zertan ari zarete Amikuzen Zabalik elkartekoak?

Azken hamar urteotako lana izan da euskara elkartea sortu eta euskalgintzako jendea aglomeratzea. Atomizaturik biziz etsipenean erortzen zara eta exigentzia mailak apaltzen, normala da bakarka ari baldin bazara horma baten kontra eta hormak ari beti handitzen. Euskaraz bizi nahi duten taldeak sustatu eta elkartzea, hori izan da lehen lana.

Aipatu dezagun Libertimendua.

Libertimendua egiteak lortzen ditu hainbat helburu. Batetik, antzerkian gurutzatzen dira belaunaldi bateko zortzi-hamar pertsona, denetara Kitzikazank taldean aritu dira 30 gazte baino gehiago. Euskaraz baizik funtzionatzen ez duen gunea sortu da hor, “euskaratik eta euskaraz”. Maialen Lujanbiok hiru hitzetan gure filosofia laburbildu zuen bezala, horra gure bizi xedea. “Euskaratik” horrek gehitzen baitu, transmisioaz gain badela mundu bat gure xedez, naturaz, helburuez biziarazi behar duguna. Belaunaldi bakoitzak behar du arra-sortu euskara, laborategi hori da ere Libertimendua.

Gero, emozioen mundua, bizitzea esperientzia bat euskaraz posible ez dena beste inon. Ikastolan posible zen, baina ikastola da bizitzako ehuneko zenbat gazte batentzat… laurden bat? Telebistak hartzen du gaineratikoa, eta kirolak eta abar. Libertimendua da trinkotzea belaunaldi bat. Eta gero da plaza hartzea. Ez da gauza guti euskara desagertu denean aspaldi plazatik, baldintza horietan euskara fini zela pentsatzen duen Donapaleun egitea, konplexuak ezabatu eta uxaturik. Ez dugu planteatzen ere itzulpenik egin behar dugun. Amikuze jadanik euskalduna balitz bezala egitea egun horretan. Gure gabeziekin, gurekin ari den dantza taldea frantsesez ari da, ados, egiten dugu ahal dugun oro dauzkagun testuinguruan.

Baita ere publiko bat biltzea, komunitate bat sortu eta hari mintzatzea. Jendea heldu da, zutik egongo da goiz osoan hor, irri egiten du lasai, ez da gela batean, ilunpe batean. Ikusgarritasuna kendu eta sortzen dugu ekintza bat. Ez da espektakulu bat gaur euskal kulturan hainbeste egiten den moduan, gertakizun bat da hemen sortua, komunitatean, euskaratik eta euskaraz.

Bada ere ondareaz jabetzea, Amikuzen galdutako kantuak sartzen ditugu, zirikatzeko moduak, mintza moldeak, toka eta noka nahiz eta nekezia handiz, irri egitea gure kondizio konplexuetaz…  katarsia da bilatzen.

Amikuzen antolatzen saiatzen zarete euskal komunitatea, bilduz zuen Zabalik elkartea, Ikastola, AEK, Gaztetxea… Funtzionatzen du?

Hasteko, bisibilitate minimo bat lortzen dugu jendeer buruz, ez baitzen lehen. Gero, badugu leku bat mintzatzeko gai horretaz, hizkuntza zentroan delarik. Pertsona edo talde batek ideia bat duenean, bada leku bat non tratatu eta planteatzen ahal dugun nola egin estrategikoki hori gauzatu dadin. Libertimendua sortuz geroz, orain. Bertso Eskola ere badugu, gauza guti baina bada, lehen ez zen, urrats bat gehiago beti.

Orain jin zaigu guraso talde bat esanez aisialdi zentro bat euskaraz behar dela sortu. Hori da… gure hasieretako ametsetako bat. Horra ekintza bat beharrezkoa dena. Komunitatea trinkotzen bada posible da dena, trinkotua ez denean ez da posible, hizkuntza ez baita zentroa.

Alabaina, duela hogei edo berrogei urte hasi bagina, jendea euskalduna zelarik... Gu orduan antzerkian ari ginelarik 1985ean-eta, euskal komunitate bat bazen, hamarretatik zortzi gure populazioan. Uste genuen posible zela baina heldu gara hona eta orain hamarretarik zortzi frantsesez da. Bada sentimendua zerbait huts egin dugula hor, jauzi kualitatiboa.

TELP bat ere antolatu duzue. Hegoaldean ere oso aitzindaria da hori: nola pasatu da hemen? Ez ote da aurreragi jotzea?

Urrats bat gehiago izan da. Inertziak diglosia indartzea dakar euskal mugimenduan eta TELPa da talka bat horri buruz. Jende bat heltzen bada planteatzera euskararen erabilera eta nola diren hizkuntzen arteko harremanak, “nire gain da euskaraz bizitzea, euskaraz dakitenekin nik uste baino gehiagorekin ari naiz frantsesez”… kontzientzia hori hartzea ez da aitzinatuegia. Aitzinatuegia da pentsatzen baldin badugu “ui, behar dugu kasu egin, zeren eta behar bada bortxatuak sentituko dira euskara ez dakitenak…”. Hemen euskalduna da beldur horiek gehien sarturik dauzkana.

Zertan da aitzinatuegia TELPa hemen? Izatekotan, ikusten da horren eta hemengo jendartearen arteko decalage bat, hasieratan garelako edo ez garelako anitz jende. Baina hizkuntzaren gaian zer beste egin daiteke? Utzi egin behar ote dugu beste guztiak hizkuntzaren galera ekartzen badu? Bertsolari moduan erantzunez, hau aitzinatuegia baldin bada, beste bideak gibelatuegiak dira. Zuenean ere bada debate hori…

Hegoaldean elebitasunaren etapa asko erre ditugu TELP bezalako ekintza eta planteamenduetara iristeko.

Diferentzia da zuenean belaunaldi gazteak euskaldunak direla jakitatez. Baduzue masa sozial bat, gaztea, gazteek pentsatzen ahal dute “ez badut nihaurrek egiten, ez diat nehoiz eginen” eta hor biziki ongi heldu da. Ezberdina da guk hemen planteatzea gauza horiek jadanik euskaldunik ez denean edo arras guti. Pentsatzen ahal da indar xahutze bat dela edo ez dakit zer. Baina hemen ere, egiten duguna ez egitea… frantsesez bizitzea da orduan.

Ni ez naiz ariko frantsesei euskara inposatzen. Baina euskara dakitenek utzia baitute, inertziaz frantsesez ari baitira beren artean, hori irabaz dezagun. Partitu behar dugu garen lekutik, hori izanen da lehen urratsa. Gero menturaz bizi baldin bagara beste berrogei urtez, menturaz euskara ez dakitenek ikasiko dute eta…

Hori da aldaketa soziala sortzea, hasteko bakoitzaren buruan, eta gero hori kolektiboki agertzea, bizitzea. Giroa berotzea dagokigu, eta hori elkarte xedea da, euskara elkarte baten xedea. Eta gustura, sufritu gabe, ez gaude hemen jansenismoan. Kontrarioa baizik, oso baikorra eta altxagarria den bizi-esperientzia baita gisa hortan eramanik.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude