Urtero eltzekarien urtea

  • Lekaleak edo lekaziak sukaldean sartu eta egoskari edo eltzekari bihurtzen ditugu; adibidez, babarruna (Phaseolus vulgaris). Lan ugari du babarrun ale batek sukalderainoko bidea osatzeko: aurreko urteko aleetatik gustuko duguna hautatu eta bereizi –guk “apartatu” esaten diogu–, toki egokian jaso, soroa landu eta pronto jarri, soroan erein, jorratu, arbatu, jorratu, lurreztatu, bildu, zabal-zabal jarri eta ondo lehortu, zakuan sartu eta astindu eder bat eman lekak askatzeko, irakurri edo aletu, ontzitik ontzira haizetan isuri lausoak eta xakarrak garbitzeko, eta beratzeko prest.

Makina bat gose baretu du indabak (Phaseolus vulgaris).
Makina bat gose baretu du indabak (Phaseolus vulgaris).

Garai batean lagun bera zen erein, soroan landuz zaindu eta gainontzeko lanak egin ondoren, uretan beratzen jarri eta hurrengo egunean eltzean egosten zuena. Gaur, berriz, gehien-gehienek ez dute ezta ezagutu ere egiten beratzen jartzen dituen babarrunak non egindakoak diren. Nork zaindu ote dituen jakiteko moduan...

Badakiguna zera da, elikadura osasungarria moldatu nahi duenak eltzekariak ezin dituela ahaztu. Nazio Batuen Erakundeak aurtengo urte hau eltzekarien urte izendatua du. Etorkizuneko elikagaiak direla diote, eta, okela ez bezala, iraunkortasunaren aiekatik eskuera daukagun aukerarik onenetakoa.

Aukera zabala dugu eltzerako. Babarruna izango da hedadurarik handiena duena, kanpotik ekarritako jaki fina: zuria, pintarra, gorria, beltza... Zenbaitek ez dute jan nahi izan “arratoiak ere jaten ez duen genero hori”; egia da, gordinik ez da jateko ona. Hala ere, behin egosiz gero jangarria da. Fin-fin prestatu eta laguntzaileekin –aza (Brassica oleracea) eta txerriki edo ardiki edo dena delakoarekin– edo gabe, makina bat gose baretu du. Gure amona Joxepa zenak kiribildutako porru bati (Allium porrum) hari batekin perrexil sortatxo bat lotu eta besterik gabe egosten omen zuen babarruna. Zea mays edo arto artean heltzen zen babarrunik finenarentzako laguntzaile sotilak.

Babarrunaren uzta etxeratzeko sasoi honetan, beste bi lekale ereiten hasi behar: hari izena eman ziona, bertako baba (Vicia faba), eta ilarra (Pisum sativum). Udaberrian mokoa txorroxteko!


ASTEKARIA
2016ko urriaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-26 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude