ARGIA.eus

2020ko urriaren 01a

Iraultza dakar Nafarroako hondakinen planak

  • Urriaren 26rako itxiko da planari alegazioak jartzeko aukera. Hondakinekiko kultura berria jarri nahi du indarrean Nafarroako Gobernuak datorren hamarkadarako. Hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatu; ezer ez da zabortegira joango tratamendurik izan gabe. Hori guztia, errausketa bazterrean utzita.

Xabier Letona Biteri @xletona
2016ko urriaren 23a
Materialen edukiontzian bilduko dira gaur egungo ontziak, baina baita plastiko eta metalezko materialak ere.
Materialen edukiontzian bilduko dira gaur egungo ontziak, baina baita plastiko eta metalezko materialak ere.Navarra.es

“Hondakinen prebentzioak ikuspegi berria behar du hondakinei buruz, hondakinak baliabide direla ulertuko duen kultura berri bat, herritarren engaiamendu aktiboa eta gizarte osoaren lana indartuko dituena, hondakinak eta haien ondorioak murrizteko. Kultura berriak, gainera, bestelako ikuspegi bat izan behar du emaitzen gainean, begirada gizartean, ekonomian eta ingurumenean pausatuta”.

Prebentzio programa eta Nafarroako hondakinen kudeaketa plana 2017-2027 egitasmotik hartutako esaldia da eta laburbiltzen du Uxue Barkosen gobernuaren plana. Euskal Herrian azken hamarkadan hondakinen kudeaketan emandako aurrerapauso handien ispilu ere bada.

Foru erkidegoa, dena den, ez dator esku hutsik plan honetara, Nafarroa aitzindari baita berrerabiltzen eta birziklapen gaietan. Jadanik XX. mendeko 80ko hasieran hainbat esperientzia pilotu egin ziren Antsoainen, Iruñeko Donibane auzoan eta, besteak beste, Ermitagañan… Trantsizioaren ondorengo Iruñeko lehen alkate Julian Balduzen (PSOE) garaian. LARRUNeko 156. zenbakian irakurri daitezke kontuok, Alfonso Del Valek kontatuak.

Urte eta erdiko parte-hartze prozesua

Plan hau UPNren gobernuaren amaieran abiatu zen, 2015eko otsailean. Lehenagotik ere errausketa aurreikusten zuen plana egina zuen Yolanda Barcinaren gobernuak, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Sustrai Erakuntza elkarteak eta Sakanako Mankomunitateak jarritako salaketen ondoren. Auzitegiaren ustez, planak ez zuen kontuan hartzen non eraiki behar zen erraustegia eta interes pribatuak –Olaztiko Portland zementu fabrikarenak– lehenesten ziren, interes publikoaren kaltetan.
    

2027rako hondakin guztien %75 berrerabili edo birziklatuko da
–balorizatu– eta gainerako %25 zabortegietara bideratu, beti ere tratatua izan ondoren

Hilabete batzuetako kontua izan zen planarekiko UPNren gobernuaren lotura, 2015eko foru hauteskundeen ondoren, aldaketaren gobernua eratu baitzen Nafarroan. Gero Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren sostenguarekin osatutako gobernu akordioek finkatu zuten hondakin plan berria egin behar zela. Udaletako aldaketa handiek ere aldeko haize izango ziren asmo berrientzat.

Otsailean abiatutako planarekin jarraitu zen, dagoeneko parte-hartze prozesu bat irekia baitzegoen, baina oso bestelako irizpideak sartu ziren agintari, instituzio, elkarte eta herritarrak biltzen zituen batzar haietara. Funtsean, parte-hartze epea urte eta erdi luzatu da iazko otsailetik 2016ko irailera. Epe zabal horrek eztabaida eta ikuspegi aunitz bildu ditu, baina bukaerarako baita kontsentsu zabala ere.

Egoera irauli

Gaur egungo ekonomia lineala ekonomia zirkularrarekin ordezkatu beharra, klima aldaketari aurre egitea eta Europar Batasuneko zuzentarauen bultzada izan dira plan berriaren akuilu. Hondakin politika iraultzea da planarekiko helburu nagusia: gaur egun, indarra batez ere hondakinen kudeaketan eta ezabatzean jartzen bada, plan berrian funtsean prebentzioa eta kudeaketa zainduko dira.

Honen arabera, 2027rako hondakin guztien %75 berrerabili edo birziklatuko da –balorizatu– eta gainerako %25 zabortegietara bideratu, beti ere tratatua izan ondoren. Hau da, ez da ezer joango zabortegira tratatu gabe. Gaur egun, %32 balorizatzen da eta %68 ezabaketara bideratzen da.
  

Bost frakziotan biltzea, tartean organikoa, derrigorrezkoa izango da.

Helburu hauek lortzeko, giltzarri da etxeko eta merkataritzako hondakinak ahalik eta sailkatuen biltzea. Hondakin hauek, beraz, bost frakziotan bilduko dira: organikoa, materialak (plastikoa, metalak eta brika, izan ontziak edo ez), papera, beira eta gainerakoak. Prebentzioan egingo den lanaren ondorioz, 2027an 2010ean baino %10 hondakin gutxiago sortuko da, 252.000 tona: horietatik %67 gaika bilduko da eta %33 gainerakoaren frakzioa izango da.
  

2017a hondakinen foru legea prestatzeko urtea izango da, 2018an Legebiltzarrera bideratuko da eta 2018 erdirako, edo beranduenez 2019ko urtarrilerako, indarrean  izango da

Etxeko bio-hondakinetan eman nahi da jauzirik handiena, 2014an frakzio gisa bildutako –zabor guztien– %10etik 2027ko %33ra iraganez; tonatan esanda, urteko 25.554 tonatik 81.440 tona biltzera pasatzea. Horretarako bi neurri giltzarri hartuko dira: batetik, organikoa frakzio gisa bilduko da Nafarroa osoan  eta, bestetik, organikoa frakzio gisa biltzea derrigorrezkoa izango da. Mankomunitate bakoitzak erabaki beharko du horretarako zein bilketa sistema erabili, baina beti ere bermatuz %70 bilduko dela.

Errausketarik ez

Planaren gakoetakoa da guztiz baztertzen dela errausketaren erabilera. Borradorearen lehen urratsetan erraustegia bera ezabatua zegoen, baina ez errausketa, adibidez zementu lantegietan egin ohi dena. Aurrera egin ahala, ostera, aukera hori guztiz alboratu zen.

Alde horretatik, kontraste handia egiten du Bizkaia eta Gipuzkoarekin, bereziki azken honekin. Gipuzkoak 700.000 biztanle ditu eta Nafarroak 640.000, Gipuzkoako Diputazioa erraustegia eraikitzera doa Zubietan eta Nafarroako Gobernuak baztertu egin du. Balorazio ugari egin daitezke hautu hauez, baina Gipuzkoan posible ez dena Nafarroan izateak asko esaten du batean eta bestean aldaketarekiko diren apustu eta konpromisoez.

Tratamendua: gertutasuna giltzarri

Nafarroan mankomunitateak arduratzen dira hondakinen bilketaz. Ondoren, bi entitate handi arduratzen dira garraioaz eta tratamenduaz: Iruñerriko Mankomunitatea (Nafarroako herritarren %55) eta Nafarroako Hondakin Partzuergoa (gainerako 14 mankomunitateak). Hondakinen tratamendurako azpiegiturak bildutako tokitik zenbat eta gertuago egon, orduan eta eraginkorrago eta merkeagoa da kudeaketa.

Plana nagusiki gaur egungo azpiegituretan oinarrituko da eta horretarako hauetako hainbat eginkizun berrietarako bermoldatuko dira. Azpiegitura berriak honakoak izan daitezke: bilketarako, transferentzia lantegi berri bat Berriozarren; berrerabilpenerako lantegi berri bat Berriozarren; eta birziklapenerako, lau konpostaje planta berri Zangotza, Doneztebe, Arbizu eta Iruñerrian.
  

Gipuzkoak 700.000 biztanle ditu eta Nafarroak 640.000, Gipuzkoako Diputazioa erraustegia eraikitzera doa Zubietan eta Nafarroako Gobernuak errausketa baztertu du

 Konposta dela eta bada eztabaidarik alor honetan ere. Gipuzkoako agintarien aldetik zalantzan jartzen da organikotik sortzen diren konpost kopuruei eman dakiekeen irtenbideaz. Nafarroako Gobernuko agintarien esanetan, gai hau ez da arazo izango Nafarroan bederen: azken finean, frakzio gisa biltzen denean organikoaren kalitatea ona delako –B mailakoa gutxienez– eta konposta organiko guztiaren %10-15 besterik ez delako. Dena nekazaritza erabilerara bideratuko litzateke.

Finantzazioa eta fiskalitatea

Hondakinen Planean eta haren garapenean aurreikusitako neurriak eta ekintzak indarrean jartzeko 93,8 milioi euro beharko dira. 2017-2027ko hamarraldi osoan hondakinen prebentzio eta kudeaketaren aurrekontua 698 milioi eurokoa litzateke. Honen finantzaketa %18 pribatua litzateke eta %82 publikoa, Nafarroako Gobernuarena eta tokiko erakundeena.
    

Iruñeko Sanferminetan zaborra biltzen. (Arg.: Iruñerriko Mankomunitatea)

Bada plan honetan giltzarri izango den beste osagai bat: fiskalitatea. Legez arautuko da tasen esparrua, baina funtsean, ongi egiten duenak tasa gutxiago ordainduko du eta gaizki egiten duenak gehiago. Ongi egitea da sailkatu, berrerabili eta birziklatu; gaizki egitea da zabortegira bideratzea. Alde horretatik, zabortegian ezabatzera bideratutako hondakinei kanon bat ezarriko zaie, 2019tik aurrera jarri nahi da indarrean eta bildutako dirua praktika onak sustatzeko erabiliko da. Planean oraindik ez da zehazten nola funtzionatuko duen sistemak.

Planaren borradorea azken urratsetan da une honetan. Urriaren 26an alegazioak aurkezteko epea bukatuko da eta ondoren behin-betiko idazketa egingo da, Nafarroako Gobernuak onartu dezan. Azaroa aldera izango bide da hori. Ondoren, 2017a hondakinen foru legea prestatzeko urtea izango da, 2018an Legebiltzarrera bideratuko da eta 2018 erdirako edo, beranduenez, 2019ko urtarrilerako indarrean izango da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hondakinen kudeaketa Nafarroan kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko urriaren 23a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude