Nafarroako hondakin organikoak kutsagarri bihurtzen dituztela salatu du Sustrai Erakuntzak

  • Ingurumenaren zaintzan diharduen elkartearen esanetan, Nafarroako hondakin organikoaren zati handi bat Caparrosoko HTN biometanizazio enpresara bideratzen da eta handik ateratzen diren hondakinekin inguruko lur soroak kutsatzen dira.

Ezkerretik eskuinera, Martin Zelaia, Jesús Arbizu eta Pablo Lorente. (Arg.: ARGIA)

2021eko maiatzaren 13an - 16:07

Nafarroan etxeko hondakinen kudeaketa aztertzen duen txostena aurkeztu du Sustrai Erakuntzak asteazken honetan Iruñeko Katakrak liburutegian, eta zorrotz ondorioztatu du egiten ari den kudeaketa ez dela egokia. Batez ere, kudeaketa hori makroazpiegituren bidez egiten ari dela salatu zuen, behar baino gutxiago birziklatuz eta berrerabiliz, noiz eta lehengaien urritzeagatik hori gero eta beharrezkoagoa denean.

Besteak beste, salatu zuten Nafarroan egun biltzen den hondakin organikoaren gehiena –Erribera eta Sakanako mankomunitateetakoa ez– Caparrosoko HTNko biometanizazio plantara eramaten dela. Azaldu dutenez, bosgarren edukiontzia edo bestelako sistemen bidez biltzen diren hondakinekin logikoena litzateke konposta egitea, baina hori egin beharrean, HTNko plantara eramaten da biogasa egiteko.

HTN Caparroson behitegi erraldoia duen Valle de Odieta nekazari kooperatibarena da. Azken hilabeteetan sona handia izaten ari da 5.000tik gora behi dituen behitegia, hango mindarekin –funtsean abereen gernua, gorotza eta ura– inguruko lurrak kutsatzen dituela salatu zaiolako.

Jesús Arbizu Txurio hondakinetako aditua izan zen aurkezpenean Pablo Lorente eta Martin Zelaia Sustraikideekin batera. Kontatu zuenez, HTN biometanizazio planta hasiera batean behitegian sortutako hondakin organikoa kudeatzeko egin zen, baina gaur egun horri gehitzen zaizkio Nafarroan bereizita bildu den hondakin organiko gehiena eta beste leku askotatik ekarritako hondakinak, esaterako hiltegietakoak edo lohiak. Nafarroan biltzen den hondakin guztiaren %22 da bereizita biltzen den hondakin organikoa. Datua oso urruti dago 2020rako Nafarroako hondakinen planak aurreikusten duen %50etik –2027rako %70–. Hau da, azkenean, kontua ez da bakarrik etxeetan kontzientzia handiz biltzen diren hondakin organikoak ez direla konposta egiteko erabiltzen, baizik eta Nafarroako erdialdeko lur askoren kutsagarri bihurtzen dela.

Ingurumenaren kutsadura

Aurkeztutako txostenean azaltzen denez, HTNn lantzen diren hondakin horiekin guztiekin biogasa egiten da, eta tratamendu horretatik digestato izeneko likidoa ateratzen da, ongarri moduan erabiltzeko. Teorian bakarrik atera beharko litzateke behitegiko minda, baina HTN hondakin planta gisa erabiltzen denez, digestato hori osagarri kutsakor ugariz osatua dago, esate baterako metal astunak, nitratoak edo behi-esnearen antibiotikoak.

Arbizuren esanetan, egungo behitegiko hondakin organikoak lurrean txukun barreiatzeko 8.030 hektarea beharko lirateke eta Nafarroako erdialdean ez dago horretara bideratzeko adina lur. Batetik, beraz, osagai ugariren nahasketarekin digestato kutsatuagoa lortzen da, eta bestetik, behar baino lur gutxiagoan barreiatzen da, eta horrek lurren kutsadura eragiten du. Nafarroako administrazioko hainbat erakundek 2014tik 2018ra 19 salaketa prozedura ireki dituzte Valle de Odietaren aurka. Otsailean lur kutsatze handia eman zela salatu zuten hainbat talde ekologistek, besteak beste Grenpeacek.

Caparrosoko HTN biometanizazio planta. (Arg.: Navarra Capital)

Hemen Ahotsa.infok gaiaz kaleratutako bideoa:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Nafarroan
2023-12-20 | ARGIA
Biomendi txerri granjan 80.000 tona hondakin industrial tratatu dituzte, 33.000-rentzako izan arren baimena

Abenduaren 16an Mendigorriako Biomendi txerri granja eta biometanizazio instalakuntzan elkarretaratzea egin du Nafarroako Makroetxaldeen Aurkako Plataformak. Bertan salatu du Biomendin 2022an 80.000 tona hondakin industrial-organiko tratatu zituztela, soilik 33.000 tonarentzako... [+]


2023-05-14 | Reyes Ilintxeta
Manolo Romero. Alkate 28 urtez
"Gongorako zabortegiaren aurkako borrokak Aranguren ibarra lotu zuen betiko"

Aranguren, Irulegiko Eskua agertu den bailara, zortzi herrik osatutako Iruñerriko haran irekia da. 1990eko hamarkadaren hasieran Gongora herrian egin zuten zabortegiaren aurka tinko bildu ziren orduko 1.200 bizilagunak. Borroka hartatik sortu zen haien herriak... [+]


2023-02-12 | Reyes Ilintxeta
Luzio Tabar. Trapuketaria
"Munduko pertsona guztientzat posible ez dena pribilegioa da, ez eskubidea"

50 urte bete berri dituzte Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak eta Nafarroako Emausko Trapuketariek, eta bietan buru belarri lanean Luzio Tabar, lehenbizi euskaltegian eta trapuketariekin orain. Bietan ezaugarri komun asko: biak herri ekimenak, behar sozial bati ... [+]


"Valle de Odieta makroetxaldeak ingurumen-arazo larriak sortzen jarraituko du"

Hori uste dute Makrogranjen aurkako Nafarroako Koordinadorakoek, eta horregatik astelehen goiz honetan enpresak Caparroson eraiki nahi duen araztegi berriaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte Iruñean, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren atarian.


Eguneraketa berriak daude