Erraustegiaren zorra

Negozio txarra Gipuzkoako herrientzat

  • Udazken honetan esleituko du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauskailuaren lehen fasea. Udazken honetan ere, hainbat udalerrik esku artean izango dute partzuergotik ateratzeko azterketa. Proiektuaren kostuak –mila milioi eurotik gora– eta hori pagatzeko ezarriko diren baldintza gogorrek, hankaz gora jarriko dute hondakinen kudeaketa jasangarrirantz udalerri horietan orain arte egindako lana. Herritarrak prest al daude ondorengoei halako zorra uzteko?

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2016ko urriaren 02a
Uztailaren 28an Donostiako Gipuzkoa Plazan ehunka lagun bildu zen, modu ikusgarrian salatzeko GHK-k Zubietako erraustegia eraikitzeko emandako urratsa. Hondakinen partzuergoak udazkenean onartu nahi du azpiegituraren esleipena. 
(Argazki Press / Juan Car
Uztailaren 28an Donostiako Gipuzkoa Plazan ehunka lagun bildu zen, modu ikusgarrian salatzeko GHK-k Zubietako erraustegia eraikitzeko emandako urratsa. Hondakinen partzuergoak udazkenean onartu nahi du azpiegituraren esleipena. (Argazki Press / Juan Carlos Ruiz)

Herritar asko bakantzetarako –edo udako behin-behineko lanaldia hasteko– zenbat egun geratzen ziren kontatzen ari zirela, data bat gorriz markatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egutegian: uztailaren 28a. Ikasturteko azken aurreko eguna aukeratu zuen ikasturteko erabaki inportanteena hartzeko, Zubietako erraustegiaren eraikuntza eta gestioa esleitzeko baldintza-pleguak onartzea.

Bateko Gipuzkoa Zutik-en protesta baketsu eta ikusgarriak, besteko GuraSOS elkartearen eta osasunaren aldeko mediku taldearen kritikak, errausketaren kontrako mugimenduak estualdian sarturik zituen uda hasieran Gipuzkoako Aldundiko arduradunak. Uztail amaieran jende gehiena hondartzan izango zela aurreikusi zuen agian GHK-k –Zubietako proiektua bultzatzen dabilen sozietate publikoa da, Aldundiaren eta udal mankomunitateen artean osatua–, baina hala ere ehunka lagun bildu ziren Donostian izara zuriak hartuta Zuen negozioa, gure minbizia lelopean, “Gipuzkoan inoiz egin den diru xahuketa handienetako bat” salatzeko.

Hori gertatu bitartean, askoz oharkabeagoan igaro ziren hainbat udaletan ematen ari ziren mugimenduak, 200.000 tona zaborrentzako erraustegiaren proiektuak zertara lotuko zituen jakin ostean.

Hitz modernoak, formula zaharra

Hondakinen kudeaketa udalerrien eskumenekoa da eta horiek mankomunitateetan bildu izan dira. Gero hondakinen kontsortzioa sortu zuten, hark berriz 2007an GHK sozietatea, erraustegia eraikitzeko. Zentralizatze bidean emandako urratsei, pribatizatzerantz emango direnak gehitu behar zaizkie. Partzuergoaren planaren arabera, 35 urtez kontratista baten esku geratuko dira erraustegia eta herritarren hondakinak. Aldundiko arduradunek public-private partnership edo “adiskidetasun publiko-pribatu” bezala deskribatu dute operazioa.

Ingelesezko hitzez jantziriko formula zahar eta aski ezaguna da. Enpresak zerbitzu publiko bat bereganatuko du, eta errentagarria suertatzen ez bazaio administrazioak bermatuko dizkio etekinak, horretarako herritarrei oinarrizko beste zerbitzu batzuk eskaini behar ez badizkio ere. Halakoez ondo dakite Tesalonikan uraren defentsan ari direnek, Txilen

Partzuergoan sartzea posible bada, irtetea ere bai. Erraustegiaren esleipena ez da oraindik sinatu eta hainbat udalek iragarri dute aztertuko dutela aukera hori

pribatizaturiko pentsioak berreskuratu nahian dabiltzan herritarrek, edo Artxandako tunelak igarotzen dituzten auto-gidarien eta bizkaitarren poltsikoek.

GHK-k uztaileko bilera erabakigarria egin aurretik, erraustegiaren esleipenak gipuzkoarrei jarriko dien motxila astunaren berri bagenekien prentsaren bidez: mila milioi eurotik gorako kostua, %10,5eko interesa enpresentzat (ikusi 26. orrialdeko grafikoa), erabileran baino tarifa bakarrean oinarritutako kuota bidegabeak… Ba al dago inor horrelako klub bateko kide izan nahi duenik?

Deloitte aholkularitza etxeak GHK partzuergoarentzat egindako azterketa batek are argiago utzi du nola amarratu nahi dituzten udalak erraustegira. Hamar orrialdeko fiskalizatze txostenean dioenez, Zubietako plantaren eraikuntza eta kudeaketak sorturiko zorra “derrigorrez eta lehentasunez” ordaindu behar izango dute Gipuzkoako udalek 35 urtez, beste edozein gasturen aurretik.

Erraustegia ustiatuko duen enpresa pribatuak “salvaguarda” gehiago ere izango du gure hondakinetatik negozioa egingo duela ziurtatzeko. Udal batek partzuergoak inposatutako tarifa ordainduko ez balu, Aldundiak beste kontzeptu batzuetatik “kitatuko” dio dirua –foru funtsetik jasotzen dute udalek urteko aurrekonturako diru poltsa handiena–. Gainera, ezin izango dizkio hondakinak beste inori saldu, merkeagoa eta hobeagoa izanagatik ere. Eta partzuergotik ateratzea erabakiz gero? Berdin ordaindu beharko du zorra, baita banantzeak gainerako udalei sorturiko kalteordaina ere.

Baina sartzea posible bada, irtetea ere bai. Esleipena ez da oraindik sinatu eta hainbat udalek iragarri dute aztertuko dutela aukera hori. Hondakinen kudeaketan pauso esanguratsuak eman dituzten herriak dira, birziklapen tasa oso altuak dituzte, biztanleko errefus kilo gutxi sortzen dute eta Europako erakundeek eredugarritzat jarri dituzte behin baino gehiagotan. “Usurbilek %83tik gora birziklatzen du, nolatan ez dugu ba aukera hori aztertuko?”, dio Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

Zubietan erraustegia egin behar den tokitik oso gertu dagoen Usurbilen (6.000 bizt.) proiektu horren kontrako borrokan nabarmendu izan dira herritarrak. Urriaren 21etik 23ra erreferenduma antolatu dute, erraustegiaz Gipuzkoan egingo den lehena: “Oso aintzat hartuko dugu emaitza –dio Arregik– herritarren hitza agindu zehatza delako guretzat”.  Uztailaren 26an udal plenoak mozioa onartu zuen esanez Usurbilek Gipuzkoako “hondakinen arkitektura instituzionalean” ez duela tokirik, eta batzorde bat sortzea erabaki zuen aztertzeko teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki nola atera daitezkeen San Marko mankomunitatetik. Batzorde horrek memoria bat aurkeztuko du “bi hilabeteko epean, gehienez ere”.

Gauza bera onartu zuten Oiartzunen eta Zaldibian, baita Hernanin ere, hor azterketa udalak berak hartu du bere gain ordea. Abiadura eta tempoak ondo neurtu behar diren aldagaiak dira asunto honetan: enpresek hemendik aste gutxi arte dute konkurtsora aurkezteko epea eta partzuergoak obrak urri hondarrean esleitu nahi ditu.

Zama ekonomiko itzela

Udalerri horien exit-a gauzatuko balitz, GHK-ko barne orekan zer eragin izango duen jakitea zaila da, baina bistan da beste bazkideei are astunago egingo zaiela errauskailua eraiki eta mantentzea. Eta lehendik aurreikusitako zama ekonomikoa ez da nolanahikoa, ARGIAk eskuratu ahal izan duen dokumentu baten arabera.

Gipuzkoako udal kontu-hartzaile batek simulazioa egin du, lurraldeko herri guztiek 35 urtean, eta urtero, erraustegiagatik ordaindu beharrekoa zein den jakiteko. Horretarako mila milioi euroko zifra “kontserbadorea” hartu du aintzat, enpresek esleipenean beheranzko eskaintzak egingo dituztelakoan –nahiz eta askok ziurtzat ematen duten amaieran proiektuaren kostua askoz handiagoa izango dela; Deloittek berak 1.407 milioi eurokoa izango dela dio–.

Simulazioaren arabera, adibidez, Donostiak 7,4 milioi euro jarri beharko ditu urtero 2051 arte hondakinak erretzeko, Tabakalerari ematen diona halako hiru. Zumarragak 13 milioi euroko faktura ordaindu beharko du orotara epe horretan, Arcelorrek altzairu planta irekita mantentzeko Jaurlaritzari eskatzen zion kopuruaren adina. Gipuzkoako herri

Hernani erraustegiagatik urtero gastatuko dituen 780.000 euroekin udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua ordaindu dezake, bertako Zero Zabor taldearen arabera

demografikoki txikienean, Gaintzan, bere 120 biztanleek 167.000 euroko hipotekari aurre egin behar izango diote hemendik aurrera. Hernanin berriz, erraustegiarentzat urtero gastatu beharreko 780.000 euroekin udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua ordaindu dezake, bertako Zero Zabor taldearen arabera. Baina talde honek beste kalkulu batzuk ere egin ditu Hernaniko kasurako, hainbat datu eskuan hartuta.

Badira sei urte Hernanin (19.000 bizt.) hondakinak jatorrian sailkatzeko atez ateko bilketa sistema jarri zutela. Geroztik %75etik gorako birziklapen tasa dauka eta auzo-konposta ere herriko toki gehienetara hedaturik dago. Baina emaitza berak dituzten beste herri batzuen kasuan bezala, GHK-k ahalegin hori zigortu egiten du saritu beharrean: errefusaren tarifa %11 igo du partzuergoak, eta aldiz hondakin organikoarena %77. Eta hala ere, Hernaniri askoz karuago aterako litzaioke erraustegia izatea oraingo sistemarekin jarraitzea baino, zehazki 21 milioi euro gehiago.

“GHKren kudeaketa eredua ez da jasangarria inorentzat eta gutxiago ondo egiten duten udalentzat –dio Hernanin Zero Zabor taldeak darabilen lan-dokumentu batek–. Oso denbora laburrean hankaz gora joango da azken sei urteotan oso emaitza onekin landu dugun eredua”. Hernaniarrek osasunean eta zerbitzuetan ez ezik, lanpostuen galeran –Manu Robles Arangiz fundazioak ikertu duenez, 7.000 enplegu sor daitezke EAEn eta 900 Nafarroan hondakin guztiak jatorrian sailkatuz gero– eta euren poltsikoetan ere nozituko dute erraustegiak utziko duen zuloa, familia bakoitzak udalari ordaintzen dion zaborraren urteko tasa 95 euro izatetik 300 euro izatera igaro baitaiteke.

Martxoaren 2an Ermuko alkate Carlos Totorikak galdera egin zion partzuergoari ea erakundetik irtetea zenbat kostako litzaiokeen Bizkaiko udalerriari –Bizkaian dagoen arren Debabarreneko kide da–, hondakinak Zabalgarbira eramatea merkeago izango zutelakoan. GHK-k prezioa jarri eta haren presidente eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok jakinarazi zion: 9 milioi euro. Zakuan sartu zituen, besteak beste, erakundeak orain arte pilatu duen zorra –bankuekin sinaturiko swap ezagunak barne–, baina baita Zubietako erraustegia eraiki eta ustiatzeak hurrengo bi hamarkadetan eragingo dituen gastuak ere, oraindik esleitu gabe dagoen arren.

Zifra desorbitatu hori mezu garbia izan zen GHK abandonatu nahi duten guztientzat. Hernanin Zero Zabor taldeak hainbat iturrirekin kontrastatu duenez, ordea, 1,4 milioi euroan errenditu daiteke kopurua Hernaniren kasuan, eta asko jota 2 milioitan. Izan ere, kitapenean etorkizuneko inbertsio eta zorrak sartzea legezkoa ote den oso zalantzan dago. Talde honen esanetan “merezi du kudeaketa propioaren alde egitea eta GHKtik irtetea. Han segitzea ruina bat da Hernanirentzat”.

Lubaki juridikoa prestatzea da orain, beraz, partzuergoaren saretik irten nahi duten udalen zeregin nagusietakoa. Biharamunean hondakinei zein aterabide eman ez dirudi teknikoki hain gaitza izango denik, kudeatu beharreko errefus kopurua murritza baita beste herri batzuekin alderatuta. Barruan geratzen direnek, erraustegiak utzitako zorraz gain, proiektuaren bigarren fasearen inkognitei egin beharko diete aurre.

Nork erabakitzen du?

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan ordezkatuak daude Aldundia eta udalak mankomunitateen bidez. Baina GHK-ko batzarretan denek ez dute pisu eta erabaki ahalmen bera, pisu demografikoaz gain, mankomunitatea zein alderdi politikoren kontrolpean dagoen funtsezkoa da balantzak alde batera edo bestera egiteko. Uztailaren 28n erraustegiaren baldintza-pleguak onartzearen alde 89,7 boto egon ziren (grisez) eta kontra 10,3 baino ez (arrosaz), beheko zerrendan ikus daitekeenez.

Irakurri artikulua ingelesez, argia.eus/english helbidean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...
2019-02-21 | Zero Zabor
Zubietako '0 eremuan' dagoen Landaberri ikastolak ere GuraSOSen manifestaziora joateko deia egin du

Zubietan eraikitzen ari diren erraustegi berritik 500 metrotara dagoen Landaberri ikastolako guraso, ikasle eta irakasleek bat egin dute larunbat arratsalderako –otsailak 23– GuraSOSek antolatu duten manifestazioarekin, ikastolako atarian egindako argazi masibo bat zabalduz.


Zigorrean oinarrituko ez den justizia baten alde

Joan den asteazkenean ezohiko epaiketa bat izan da Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian bi ertzain, legez kanpoko bi atxiloketa egin izana egotzita. Akusatzaileak berriz, orain hiru udaberri Donostiako Gipuzkoa plazan erraustegiaren aurka abiatutako kanpaldian parte hartu zuten bi kide. 2016ko ekainaren 2an atxilotu zituzten, euren burua ez identifikatzeagatik. Bi agenteen gainean Damoklesen ezpata: bost urteko espetxe zigorra eta seiko inhabilitazio eskaera.


2019-02-18 | Zero Zabor
GuraSOSek azaldu ditu Zubietan dioxinak jarraian kontrolatuko ez direla erakusten duten agiri ezkutuak

Zubietako erraustegiak ez ditu jarraian kontrolatuko bere tximiniak airera isuriko dituen kutsagai arriskutsuenak, bidenabar dioxinak eta furanoak. GuraSOSek prentsaurrean erakutsi ditu horren frogatzat erraustegiaren jabea den GHK eta datozen 35 urteetan kudeatuko duen Ekondakin Energia y Medio Ambiente enpresa taldeak sinatutako kontratua eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean urtero bete beharko duten Ingurumena Zaintzeko Plana delakoa.


2019-02-13 | Zero Zabor
Kanaldude telebistak Zubietako erraustegiari buruzko mahai ingurua eskainiko du zuzenean Andoaindik

Ostegunean, 14, izango da mahai-ingurua Andoaingo Urigain kultur etxean. Kanaldudek zuzenean eskainiko du 19:00etatik aurrera, baina saioa aurrez-aurre ikusi eta entzutera datozen herritarrei aurretik Ipar Haizea elkarteak pintxo-potea eskainiko die, 18:30etan.


Bi ertzainen aurkako epaiketa bihar, Gipuzkoa Zutik kanpaldian legez kanpoko atxiloketak egin izana egotzita

Bost urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa. Zigor eskaera horiekin iritsiko dira bi ertzain asteazkenean Gipuzkoako Lurralde Auzitegira, 2016ko Gipuzkoa Zutik kanpaldian bi lagun legez kanpo atxilotzea egotzita. ARGIAk bi gazteen abokatuarekin hitz egin du eta epaiketan “bi munduren arteko talka” irudikatzen saiatuko direla adierazi du.


2019-02-11 | ARGIA
Erraustegiaren enpresek iritzi publikoa kontrolatzeko antolatu duten komunikazio plana argitaratu du GuraSOSek

Zubietako erraustegia eraikitzen ari diren enpresek (Urbaser, Meridiam, Altuna y Uria, Moyua, Murias eta LKS-Mondragon) komunikazio talde bati eman diote Gipuzkoak Ingurumen Gunea eufemismoz bataiatutako erraustegi konplexuaren irudi ona gizarteratu eta sortu diren kontrako iritziei gaina hartzeko ardura. GuraSOS elkarteak eskuratu du oposizioko taldeen aurkako diskurtso bat egituratzen ari den kabinetearen agiri konfidentziala eta igandean Lasarte-Orian egindako ekitaldi jendetsuan erakutsi... [+]


2019-02-08 | ARGIA
Erraustegiaren aurkako aldarria Donostiako norian

Gipuzkoa Zutik taldeko kideek Donostiako udaletxearen aurrean jarrita dagoen norian "erraustegia ez" dioen pankarta zabaldu dute. Dani Blancoren argazkia.


2019-02-08 | Usurbilgo Noaua
Otsailaren 23ko manifestazioa girotzeko ekitaldia eta mahai-ingurua iragarri ditu GuraSOSek

Otsailaren 23rako Donostian adostasunaren alde deitu duen manifestaziorako girotze lan betean da GuraSOS. Gogoan izan, hilaren 23an manifestazio handi bat iragarri du Gipuzkoako hiriburuan. 17:00etan Antiguako tuneletik abiatuko da, “Esan baietz adostasunari” aldarripean. “Hondakinen kudeaketa eredua baino askoz gehiago dugu jokoan otsailaren 23an. Gizarte eredua dugu jokoan, demokraziaren kalitatea, duintasuna eta gizarte bezala dugun etorkizuna. Horregatik denok esan... [+]


2019-02-07 | Usurbilgo Noaua
OEITeko medikuen agiri berria: "Erraustegi ondoan bizitzeagatik dioxina-maila altuak odolean"

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT), hondakinen errausketak osasunean duen eraginaz diharduten mundu mailako ikerketa ezberdinen datu kezkagarriak plazaratzen dabil astero, sare sozialen bidez. Azken hamabostaldian beste bi ikerketako datuak plazaratu ditu.


2019-01-28 | Usurbilgo Noaua
Adostasunaren alde, mobilizazio handia deitu du GuraSOSek otsailaren 23rako Donostian

Mobilizazio handi bat iragartzeko baliatu du GuraSOSek larunbat eguerdi honetan Donostiako Paseo Berriko Oteizaren eskultura parean deitua zuen agerraldia. Otsailaren 23an manifestazio handi bat iragarri du Gipuzkoako hiriburuan. 17:00etan Antiguako tuneletik abiatuko da, “Esan baietz adostasunari” aldarripean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude