Karabaleko-Agifes

Baratzeterapia

Garazi Zabaleta @tirikitrann
2016ko irailaren 18a

Hernanin (Gipuzkoa) dago Karabeleko ekonekazaritza etxaldea. Agifesek (Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea), Blasenea mintegi ekologikoak eta Kimu Bat lorezaintza eta paisajismo enpresak egin zuten bat 2014an, irabazi asmorik gabeko proiektua martxan jartzeko.

Baratzezaintza ikertzen dute bertan eta agroekologiaren filosofia gizarteratzen. Eta horrez gain, buru gaixotasuna dutenei eta baztertze arriskuan dauden beste kolektibo batzuei zuzendutako errehabilitazio psikosozialerako zentro ere bada Karabeleko.

Gaitasun sozialak eta autoestimua

Ekonekazaritza etxaldeko errehabilitazio arloaren ardura Agifesek dauka. Elkarteko erabiltzaileek aukeran duten programetako bat da Karabelekoa, eta nahi duena soilik joaten da bertako lurrak lantzera. Oier Iurramendi Karabeleko kideak kontatu digunez, astean zehar elkarteko 40 pertsona inguru pasatzen dira etxaldetik, baina egunero bertan aritzen direnak 18-20 bat dira: “Agifesek bere psikologo eta monitoreak ditu arlo terapeutikoa lantzeko. Karabelekon ekintzak dinamizatu eta baratzea nola landu erakusten diegu”. Baratzean talde lanean arituz, gaitasun sozialak eta autoestimua lantzen dituzte. Errehabilitazioa bultzatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko autonomia eta garapen pertsonala daude oinarrian.

Bakoitzaren gaitasunen arabera

Baratzeko lanetan aritzen dira batez ere Karabelekora hurbiltzen diren Agifeseko kideak: landatzen, barazkiak biltzen, bildutakoa txukuntzen... Karabeleko kontsumo taldeko saskiak prestatzen edota etxaldeko Ekodendan laguntzen ere aritzen dira. “Taldean jende oso ezberdina dago adinez, jakin-minez, baita gaitasunez ere. Bakoitzari lan ezberdinak proposatzen zaizkio”, azaldu digu Iurramendik. Berak egunero ikusten du baratzeak Agifeseko erabiltzaileei ekartzen dien onura: “Haiek landatutako eta ureztatutako letxua hazten ikusi ondoren, letxu hori bildu, prestatu eta etxe batera eramaten da han jan dezaten. Beren lanak ondorio ona duela ikusten dute, gizarteari, beste jendeari zerbait eskaintzen ari direla”. Hala zioen Stanik sinatutako bineta batek: “Baratzeko ordu bat ehun psikoanalisi orduren pare da”. Ezin uka edonorentzat izan daitekeela baratzea terapia on bat...

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Eragileak  |  Elikadura burujabetza  |  Osasuna

Eragileak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude