Emakumeak borrokan

Baratze komunala

Garazi Zabaleta @tirikitrann
2016ko ekainaren 19a
LEKITTO BEDARRA.
LEKITTO BEDARRA.

Marinel-herri izateagatik da ezagun Lekeitio (Bizkaia) gurean: portua, arrantzaleak, hondartzak, turistak... Bestalde, lurrarekiko loturaz ere aberastasun handiko herria dela azaldu digu Lekitto Bedarra taldeko kide den Julian Arratek: “Lekeition ortugintzarako kultura handia egon da betidanik, eta hori elikatzeko eta sustatzeko ideiarekin batu ginen gu”. Duela lau urte taldea sortzeko asanblada deitu zutenean 50 pertsona baino gehiagok erantzun zioten deialdiari. Interesa bazegoela ikusita, antolatzen hasi ziren, egun Usotegi parkea dena lortzeko pausoak ematen.

Norbanakotik kolektibora

Usotegiko parkeko lurrak Lekitto Bedarrari utzi zizkion Udalak taldearen eskariari erantzunez. “Herrian ortu txiki asko daude, familiakoak, baina guztiak hormaz inguratuta egoten dira eta barruan bakoitzak nahi eta ahal duena egiten du”. Usotegiko lursaila komunean lantzean, jendeak beren esperientziak, haziak eta landareak konpartitzen ditu komunikazioa eta elkar laguntza bultzatuz. Parte hartzaileen adinaz eta soslaiaz galdetuta, 20 urtetik 60 arteko tartea aipatu digu taldeko kideak, eta pasarte polita gehitu: “Aitona bat bere bi ilobekin etortzen da parkera, hor ikusten dituzu haurrak ere aitzurrarekin, aitona aholkuak emanez”. Jende nahasketa hori egotea aberasgarri dela dio Arratek, harremanak sendotzeko eta jakintzen transmisioa egoteko.

Larunbatero hutsik gabe egiten dituzten auzolanez gain (gaur belarra moztu, bihar hazitegiak prestatzen ikasi, etzi tomate edo piperrak erein), bestelako ekimenak ere antolatzen ditu Lekitto Bedarrak: ikastaroak, hitzaldiak, Usotegi eguna; ikasiz eta gozatuz, aldi berean.

Auzolana bide

Hasieratik, lursaileko lanak auzolanean atera dituzte aurrera Lekitto Bedarrakoek. Izenak dioen bezala, garai batean uso-tokia zen parkea, eta hegaztiak egoten ziren dorrea dago bertan. “Dorrea erabat zahartuta zegoen, erortzen hasia. Auzolanean hasi ginen konponketa lanekin, eta herriko zenbait igeltserok parte hartzea lortu genuen”. Orain, konponketekin amaitu eta gero, dorreko beheko solairua erabiltzen dute taldekideek sukalde bezala, botika naturalak eta beren edabeak prestatzeko.

Baratzea eta auzolana elkartzean lor daitekeenaren adibide polita Lekittokoa. Ziur barazkiek bestelako zapore bat hartzen dutela Usotegin...

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Eragileak  |  Baratzea

Eragileak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude