Soldaten arteko desoreka basatia


2016ko uztailaren 6an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainia da krisiarekin soldaten arteko desberdintasuna gehien hazi den estatua. Nazioarteko erakundeek halaxe diote, eta Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) kaleratutako azken txostenak ere bai. Desoreka bi arlotan nabarmentzen da: langile prekarioen eta kalitatezko enplegua dutenen artean bata; emakume eta gizonen artean bestea. Langile prekarioak dira soldaten jaitsiera gehien jasan dutenak, eta hori datuen bidez ere ikus daiteke: kontratu mugagabea zuten soldatapekoek behin-behinekoek baino 9.066 euro gehiago irabazi zuten 2014an. 2009tik enplegu egonkorra dutenen eta ez dutenen arteko lan-sarien diferentzia handitu besterik ez da egin, 7.300 eurotik 9.000 eurora. INEk 2008tik erregistraturiko urtez urteko serietan, diferentzia handiena 2014koan ikus daiteke.

Emakume eta gizonen soldaten arteko desoreka ez da txikiagoa. 2014an lehen aldiz hasi zen sexuari dagokion soldaten arteko leizea ixten, gutxienez 2008tik. Gizonen urteko soldata gordinaren (25.727,24 euro) eta emakumeenaren (19.744,82 euro) arteko diferentzia 178 eurotan gutxitu zen 2013an. Abiadura hori mantenduz gero, eta kontuan izanik diferentzia oraindik 5.982 eurokoa dela, leizea guztiz ixteko 33 urte eta erdi beharko genituzke. 2014ko datuak eskuan, ikus dezakegu emakumeek gizonek baino %23,2 gutxiago irabazten dutela.

Desoreka basati horiek haustea gobernu eta enpresa ororen helburu nagusi izan beharko litzateke. Horretarako borondate politikoa beharrezkoa da, berdintasuna erdigunean jarriko duten politika ekonomiko, sozial eta laboral berriak garatu ahal izateko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude