"Kamiseta bat egin nuen lelo honekin: Ez kritikatu, kutsakorra da"

  • Bertizko Titiritortoen laguna da eta haien sortzailea. Izaki berezi horien bidez naturaz, kulturaz, beldurraz, bazterkeriaz eta enpatiaz hitz egite die haurrei ikasgelan eta bere txotxongilo emanaldietan.

"Badira bazterkeria mailak, eta bada bat oso subliminala, atzetik egiten dena, askotan emakumeen artean, pixka bat desberdinak direnen aurka bideratua. Inbidiagatik sortzen da askotan".

Nola sortu zen Titiritortoen mundua?
Proiektua poliki-poliki egindako zerbait da, planifikatu gabe sortuz joan den egitasmoa. Irunen egiten dut lan irakaskuntza publikoan, nire semea Hendaiako ikastolan dago eta Nafarroako Gaztelu herrian bizi gara. Beti bueltaka ibiltzen naiz eta denbora librean egin dudan arteterapia moduko bat izan da. Erritmo bizian bizi naiz eta denbora pixka bat dudanean toki lasai bat bilatzen dut, mendian normalean, eta han marraztu, gitarra jo eta idatzi egiten dut. Lehenbizi ipuina sortu zen eta ondoren akuarelaz egin nituen marrazkiak, horiek eskaneatu, maketatu… Liburua autoedizioan plazaratu dut eta orain internetez saltzen dut. Plazer hutsagatik egin dut.

Zergatik Bertiz?
Duela bi urte Bertizera joan ginen bizitzera. Artean Hendaiako hondartzan bizi ginela, ahizpak eta biok eta gure bikotekideek erabaki genuen Bertizen alokatzen zen etxe polit bat hartzea. Berez Arraioz herrikoa da, baina Bertizko oihanean dagoen baserri bat da. Uda hartan semearekin Irlandara egindako bidaian Corken izan ginen txotxongilo jaialdi handi batean. Oso polita izan zen, astebetez toki eta modu guztietako panpina eta istorioak ikusi genituen.

Bertizen ginela idatzi nuen ipuina eta etxeko besteok lagundu zidaten. Txarli kamerari profesionala da, eta berak berehala egin zuen bideoklipa. Lorea ahizpa irakaslea da eta panpinak egiten aritu zen nirekin. Fidel musikaria da eta berak lagundu zidan nik egindako kantak muntatzen eta grabatzen.

Handik sei bat hilabetera beste aukera bat sortu zitzaigun. Nire bikotekidearen familia Gaztelukoa da eta herriko ostatuaz arduratu dira aspalditik. Gu Bertizen ginela hura libratu eta enkantera atera zutela jakin genuen. Orduan ikusi genuen han lan egin eta bertan bizitzeko aukera zegoela eta pena handiz Bertizko etxea utzita, ostatua hartu genuen. Familia izugarri poztu zen eta niri ere Gaztelu asko gustatzen zait. Han oso gustura gaude, jendea oso atsegina da eta izugarri ongi hartu gaituzte.

Toki batetik bestera, beti mugimenduan?

Sortzez donostiarra naiz, Errekalde auzokoa. Haurtzaroan, Antiguan ere pasa nuen denbora pila bat amamarekin, Ondarretako hondartzan. Horregatik, beti mendian eta hondartzan ibili naiz eta atsegin ditut.

Orain Irunen nago, Txingudi Ikastolan. Zazpi bat urte daramatzat irakaskuntzan, baina lehenago zortzi urte pasa ditut kanpoan bizitzen. Londresera joan nintzen au pair, baina ez zen oso esperientzia ona izan. Gero New Yorkera joan nintzen. Ostalaritzan aritu nintzen eta, bidenabar, argazkilaritza eta kamera lanak, bideoak eta dokumentalak egiteko ikasketak egin nituen. Oso gustura bizi izan nintzen lau urtez New Yorkeko erdigunean. Bizitzan gehien ikasi dudan garaia izan zen.

Oso polita zen dena, baina natura behar nuen, eta Costa Ricako oihanera joatea erabaki nuen. Karibeko Puerto Viejo herrixkara joan nintzen nire lagun batek horretaz hitz egiten zidalako askotan. Herri txiki rasta bat zen eta imajina daitekeen bizimodu onena zen hangoa. Oihanetik atera eta hantxe bertan zenuen harea beltzeko hondartza eder-ederra. Jatetxe batean aritu nintzen lanean eta aldi berean argazkilari lanak egiten nituen, gustura bai baina bizitzeko ozta-ozta irabazten nuen. Orduan Ozeano Bareko Melia hotel handi batean lan egiteko aukera atera zitzaidan. Argazki eta bideo arduraduna behar zuten, ingelesduna. Oso modan dago aberatsen artean Amerikako Estatu Batuetan, Kalifornian bereziki, kostaldeko hotel horietako hondartza liluragarrietan ezkontzea. Gonbidatu guztiak zuriz jantzita eta oinutsik joaten dira lorez betetako hondartzetan ospatzen diren zeremonietara. Dena oso dotorea da eta argazki eta bideo ederrak egin behar zaizkie bezeroei. Paradisuan bizitzea izan zen hura niretzat eta oso ongi ordainduta zegoen, gainera. Urte haietan asko bidaiatu nuen: Panama, Honduras, Guatemala, Nikaragua... Ni abenturazale izan naiz beti.

Zer dela eta Euskal Herrira itzuli?
New Yorketik Costa Ricarako aldaketan Gabonak hemen pasa nituen eta nire semearen aita izango zena ezagutu nuen. Nirekin etorri zen Costa Ricara eta ume bat edukitzea erabaki genuen, baina arazo handiak izan nituen haurdun gelditzeko. Umerik ezin izango nuela izan esan zidatenean, orduan etorri zen haurra. Ikaragarria! Oso gogorrak izan ziren haurdunaldi aurretik Costa Rican egin zizkidaten bi ebakuntzak eta Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen, babes bila. Horrela sortu zen Xamai.

Xamaik Gatz Titiritortoren antz handia du, ezta?
Hala da. Hau idatzi nuenean 7 urte zituen haurrak eta lo egiteko beldur itzela izaten zuen. Adin horretan ohikoa da, baina nire umearen kasua gehiegizkoa zen. Ipuin hau idatzi nion. Protagonista Gatz da, eta bera ere iluntasunaren beldur da. Semeak sarri galdetzen zidan ea munstroak badiren, eta nire amak esandakoarekin gogoratzen nintzen: pentsatu behar dugula, adibidez, inurriek nola ikusten gaituzten, agian haientzat gu garelako munstroak. Bertizko Titiritortoak pozik bizi dira basoan, eta haientzat gizakiak dira munstro beldurgarriak. Ezezaguna, desberdina, suertatzen zaigu beldurgarria.

Nolakoak dira izakitxo horiek?
Berdeak eta txikitxoak. Komunitatean bizi dira, okilek zuhaitzetan eginiko zuloetan prestatzen dituzten habietan. Ez dute kanpoko mundua ezagutzen eta gizaki bat ikusi zuten lehen aldian zer pentsatu zuten deskribatzen da ipuinean.

Arrek gingila gorria dute, 13 urtetan ateratzen zaiena. Hasieran lotsa pasatzen dute eta ezkutatzen saiatzen dira. Emakumeen hilerokoaren parekoa litzateke, eta nik hemen trantze hori mutilek pasatzen dutela jarri dut enpatia lantzeko. Bestalde, kumeak izateko sexu bereko bi kidek elkartu behar dute. Ez dira lesbianak eta ez dira gayak. Ugalketarako modu hori dute, besterik ez. Naturala da. Adibide moduan, haurrei aipatzen diet ostrek sexuz aldatzen dutela hainbat aldiz bizitzan zehar. Etiketak kentzea da kontua.

Bada Izar Bele pertsonaia.
Gatzen birramatxi da, oso pertsonaia garrantzitsua. Herriko xamana da. Oso harreman estua du naturarekin. Oso ondo ezagutzen ditu sendabelarrak eta bere hitz eta erritu magikoekin gaixoak sendatzen ditu, ingurumena garbitzen du… sorginek egiten dutena, alegia. Gaztea zenean ez zuten herrian maite ezberdina zelako, eta herritik kanporatu zuten. Bat gaizki-esaka hasi zen berari buruz, inbidia ziolako. Izar Belek berezko zoriontasuna zuen eta beste horrek, aldiz, ez zekien pozik bizitzen, ozpinduta zegoelako. Kanpoko gauzak behar zituen ondo egoteko. Hori dela eta, Izar Bele sorgina eta gaiztoa zela esaten hasi zen. Bere gezurren bidez lagunak ere kutsatu zituen eta azkenean herri guztia, baita umeak ere. Jendearen aurkako bazterkeria landu nahi dut horrela. Bullying hitza ez zait gehiegi gustatzen, oso gogorra iruditzen zait. Badira bazterkeria mailak, eta bada bat oso subliminala, atzetik egiten dena, askotan emakumeen artean, pixka bat desberdinak direnen aurka bideratua. Inbidiagatik sortzen da askotan. Adibidez, neska azkar eta polit baten aurka gaizki-esaka hasten dira isolatzeko.

Haurren artean ere ohikoak dira halako portaerak?
Batez ere nesken artean. Adibidez, urtebetetze festara edo zinera denak gonbidatu bat izan ezik, eta bere aurrean esan zeinen ondo pasa duten. Edo mehatxu gisa esan halako pertsonaren laguna bazara niregana ez hurbildu. Nik halako egoerak bizi izan ditut eta oso gaizki pasatzen da.

Irakaspen horiek guztiak nola eramaten dituzu ikasgelara?
Nire asmoa haurrak besteen tokian jartzea da. Horrela, asko enpatizatzen dute Izar Belerekin adibidez, eta ez pertsonaia gaiztoekin. Hausnarketa bultzatu nahi dut. Aho zikinak toki guztietan daude eta beti dago norbait norbaiti buruz marmarka eta bere aldera eraman nahi zaituena. Zenbat min egiten dugun norbaiti buruz gaizki hitz eginda, askotan bizio hutsagatik! Haurren sormena piztu nahi dut. Ikusi dute nola idatzi dudan ipuina eta orain haien kabuz hasi dira kapitulu berriak egiten.

Gizarteak gure bidea lantzea eskatzen digu, baina hori egiten dugunean askotan zigortu egiten gaituzte. Kontraesankorra, ez da hala?
Erresistentzia handia sentitzen duzu zerbait egin nahi duzunean edo zure ahotsa, zure irizpidea izan nahi duzunean. Estaltzen saiatzen dira. Taldeetan gertatzen den dinamika da. Nik uste dut toki guztietan gertatzen dela. Costa Ricara iritsi nintzenean, adibidez, jatetxe batean hasi nintzen lanean. Beste zerbitzari guztiak bertako emakumeak ziren, eta ni altuagoa eta zuriagoa nintzenez, ingelesez banekienez, eta mundu guztiarekin hitz egiten nuenez, elektrikara ematen zuen hozkailura bidaltzen ninduten beti izozkien bila. Nahita bidaltzen ninduten, gero nitaz barre egiteko.

Gaztelun 1936an hilketa lazgarria gertatu zen: haurdun zegoen emakumea eta bere sei seme-alaba leizezulora bota eta han hil ziren.
Sagardia-Goñi familiakoak ziren, eta hura ere horrela hasi zen. Lehenbizi herriko batzuek baztertu zituzten, eta azkenean akabatu. Oso gertaera mingarria da eta jende askok izugarri sufritu du horregatik. Neurri batean Izar Bele pertsonaiarako inspirazioa izan zen.

Carolina Astudillo feminista txiletarra eta dokumental egilea duela gutxi etorri zen Gaztelura informazio bila. El gran vuelo filma egin du berriki Clara Pueyo Jornet emakume komunista katalanari buruz eta Punto de Vista jaialdira gonbidatu dute proiektu bat aurkezteko. Juana Josefa Goñi eta bere zazpi seme-alaben erailketa interesatu zitzaion eta herrira agertu zitzaigun horretaz galdezka. Kontatu nahi du nola arrazoi batengatik edo bestearengatik arrarotzat jotzen ziren emakumeak sorgintzat jo, ehizatu, torturatu eta hil egin izan dituzten historian. Astudillok gaur egun emakumeek askotan duten botere faltarekin lotu nahi du hori guztia. Esan zidan Izar Bele pertsonaia, eta proiektu osoa asko interesatzen zitzaizkiola.

Noiz hasi zinen emanaldiak eskaintzen?
Zugarramurdiko txotxongilo jaialdian hasi nintzen martxoan eta egia esan martxotik hona ez naiz gelditu. Uztailean autokarabana hartu eta Europan barna joango naiz semearekin. Eroen Itsasontzia Holandan dago orain. Kapitaina nire laguna da eta han egin nahi dut nire emanaldia. Horregatik ari naiz testua ingelesera itzultzen. Gaztelaniaz ere atera nahi dut. Amak sorpresa eman zidan duela gutxi ipuina gaztelaniara itzuliz. Oso ondo gelditu da.

Karabanarena nola otu zitzaizun?
Karabanarena segituan pentsatu nuen. Betiko titiritero egingo naiz eta toki guztietara joango naiz, berdin laku baten ertzera, mendi puntara edo basora. Naturan libre ibiltzeko.

1976, Donostia
Maitena Illaramendi Unanue

Lehen Hezkuntzako ingeles irakaslea lanbidez eta titiriteroa zaletasunez. Bertizko Titiritortoen liburua, abestiak eta ikuskizuna sortu ditu azken bi urteotan. Izaki berezi horien laguntzaz hezkidetzaz, haurren beldurrez, enpatiaz, ekologiaz, euskal kulturaz eta genero berdintasunaz mintzo da neska-mutilekin. Bere autokarabana agertoki bihurtuta harat eta honat ibiltzen da herri, baso eta zelaietan ikuskizuna eskaintzen.

Ez kritikatu

“Behin kamiseta bat egin nuen, eskuz margotua, eta hala zioen: ‘Ez kritikatu, kutsakorra da’. Harrez geroztik ez didate inori buruz gaizki hitz egiten. Euskaraz oso interesgarria da kutsakorra kontzeptua, bi gauza esan nahi duelako: erdarazko contaminante eta contagioso”

"Gatz, titiritorto basatia" ipuinaren balioak

“Ekologia: Izakiok ekologista naturalak dira. Txorien gainean hegan egiten dute edo azeri eta katagorriaren bizkar gainean mugitzen dira toki batetik bestera. Beraiek egokitzen dira naturara, hura suntsitu gabe. Zuhaitzak, basoa eta natura errespetatzen dituzte diren bezala.
Hezkidetza: Izateko era desberdinak onartzen dira. Hasteko, ugaltzeko biologikoki sexu berekoekin elkartu behar dira Titiritortoak. Gatzek, adibidez, bi ama ditu, Sutondo eta Leize.
Euskal mitologia eta kultura: Izakitxo horiek jainkosak gurtzen dituzte eta euskal mitologian jainko gehienak emakumezkoaz dira: eguzki amandrea, ilargi amandrea…eta nik asmatu dudan Burrunba Mari ekaitzen jainkosa. Ekaitzak jotzen duenean haren erritmoan hasten dira denak dantzan. Bestalde, eguzki-lorea jartzen dute haien zulo sarreran.
Titiritortoen euskara: Narrazioa euskara batuan idatzita dago, baina elkarrizketak Conchita Gamio gazteluarraren laguntzaz egin ditut. Berak Bertiz eta Malerrekako lehenagoko euskara zahar polit-polita du eta hizketa molde hori da Titiritortoena. Hori dena enpatia eta desberdintasuna lantzeko erabiltzen dut. Haurrak besteen larruan jartzen ditut, tortillari buelta ematen saiatzen naiz jazarpen egoerak saihesteko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Eguneraketa berriak daude