Gaztetxoak katalanez inprobisatzen

  • Helburua ez da glosak eta corrandak berreskuratzeaz gaztetxoak arduratzea.  Kontua da katalana aisialdiarekin, ondo pasatzearekin, lotzea. Irakasleak ikasleak inprobisazio mota honekin motibatzen saiatzen dira, lortuz gero, bai ala bai, katalanez arituko baitira, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo.

2011ko Corrandescola topaketa. Ez da lehia izaten, erakustaldia baizik. Hainbat ikastetxetako ikasleak oholtzara igotzen dira inprobisatzera. Entzuleen artean ikaskideak eta beste ikastetxeetako gaztetxoak izaten dituzte.
2011ko Corrandescola topaketa. Ez da lehia izaten, erakustaldia baizik. Hainbat ikastetxetako ikasleak oholtzara igotzen dira inprobisatzera. Entzuleen artean ikaskideak eta beste ikastetxeetako gaztetxoak izaten dituzte.Argazkia: Corrandescola

Euskarari gertatzen zaion bezala, gaztetxoen aisialdian du erronkarik gogorrenetakoa katalanaren normalizazioak. Ondo pasatzeko bitarteko gehienak –bideo-jokoak, telesailak eta modako musika, adibidez–, gaztelaniaz daudenez gehienbat, erne daude hizkuntzaren aldeko eragileak, neska-mutilek ez ote duten lotuko ondo pasatzea gaztelaniarekin soilik, katalana ikasgelarako utzita. Horregatik, Corrandescola egitasmoak haize feskoa ekarri du. Corrandisten eta glosadoreen tankeran inprobisatuta, katalanaren alde ludikoarekin egin dute topo. Ez hori bakarrik, adierazkortasuna eta musika lantzen dituzte, baita jendaurreko jardunari beldurra galdu ere.

Albert Casals, Bartzelonako UAB unibertsitateko irakaslea dago Corrandescolaren abiapuntuan. 2006-2007 ikasturtean tesia idatzi eta programazio berritzailea ezarri zuen, proba gisa, Kataluniako hiriburuko eskola batean. Hurrengo ikasturtean, beste lau eskolatara eraman zuen egitasmoa. Behin betiko proposamena, Corrandescola programa didaktikoa, 2009an aurkeztu zuen. Lehenago ere, katalanezko inprobisazioa erabiltzen zen helburu pedagogikoekin, baina funtsezko arazo batzuk bazirela konturatu zen Casals: ume txikiekin baino ez zen lantzen eta identitatearekin lotuago zegoen, pedagogiarekin baino. “Inprobisazioak eskola-curriculumeko gainerako arloetan eragin zezala nahi nuen, adibidez hizkuntza lantzeko”, dio Casalsek.

Glosadoreen eta corrandisten tradizioa, Herrialde Katalanetako inprobisazio moldeetako bat da, Kataluniako Printzerrikoa jatorriz –Menorcan, Mallorcan, Valentzian eta Ebroko lurretan ere badira katalanezko beste inprobisazio batzuk–. 1990eko hamarkadan galtzear egon zen, baina gaur egun, tradizioak osasun hobea du. Hala ere, Albert Casalsek dioenez, Corrandescolaren helburua ez da ohitura hori berreskuratzea eta sustatzea, helburu pedagogikoetarako erabiltzea baizik. Ez dituzte inprobisatzaileak eskoletara eramaten, alderantziz baizik. Hau da, irakasleei ematen diete formakuntza, inprobisazioaren nondik norakoak barnera ditzaten, gero ikasgelan lantzeko. “Horrek alde didaktikoa ondo garatuko dela bermatzen digu eta curriculumaren beste alderdi batzuk inprobisazioarekin uztartuko direla”.

Casalsen tesiaren harira, Lehen Hezkuntzako maisu-maistra batzuk elkartzen hasi ziren, eredu berritzaile hura ikasgelara nola eraman aztertzeko. Tartean zen Gemma Pla, Cor de Cartxofa kultur elkarteko kidea eta Cassa de la Selva herriko eskolan musika irakaslea. Bere kabuz ere landua zuen aurretik inprobisazioa ikasleekin eta Corrandescolari berehala antzeman zizkion hainbat onura. “Liburuetatik eta koadernoetatik aldentzen da katalana, ikasleek gozatu egiten dute, hizkuntzarekin jolastu eta kantatzen dutelako”, dio Plak.

Eskaria hazten

Bost urte inguru daramatzate Corrandescola ikastetxeetan modu antolatuan ezartzen, Albert Casals koordinatzaile dela. Urtetik urtera, gero eta ikastetxe gehiago batzen zaizkie. Aurtengo ikasturtean, esate baterako, ia 40 eskolak parte hartu dute, hau da, 700 neska-mutil inguruk. Programa ofizialetik kanpo ari diren ikastetxeen berri ere badu Casalsek, haien formakuntza jaso duten irakasle askok beren kabuz eramaten baitute Corrandescolako metodologia ikasgelara. Hortaz, ezin jakin zenbat ikasle ari diren, guztira, inprobisazioa lantzen.

Glosak eta corrandak, funtsean, jendaurreko jarduera direnez gero, eskolarteko topaketak egiten dituzte kurtso amaieran, gelan ikasitako guztia erakusteko. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako neska-mutilek oholtzatik abesteko aukera dute, ikaskideak eta beste eskola batzuetako gazteak entzule direla. Aurten lau topaketa antolatu dituzte. “Ez dago lehiarik, erakustaldiak dira funtsean”, dio Casalsek. “Azken finean, helburu nagusia da, ikasle guztiek edo gehienek publiko aurrean kantatzea eta inprobisatzea”.

Corrandescolaren metodologia praktikan oinarritzen dela dio Casalsek. Katalan eta musika arloetako irakasleak dira arduradun nagusiak. Kontzeptu errazenak lantzen hasten dira: doinuak zeintzuk diren, nola errimatzen den eta abar. Ondoren, inprobisaziorako beharrezkoak diren gaitasunak ikasten dituzte, hala nola, baliabide estilistikoak eta oholtzan izan beharreko jarrera. Gemma Plak dioenez, ikastetxe bakoitzaren mailara egokitu behar dute programazioa: “Ez da gauza bera ikasle guztiak jatorriz katalan hiztunak izatea edo kanpotik etorritako ikasle asko egotea. Katalana ez bada beren lehen hizkuntza, gauza errazekin hasten gara, esaterako errima pareekin”.

Bizipen positiboak

“Motibazioa areagotzen duen jarduera ludikoa da, ikasgelatik kanpo ere praktikatzera bultzatzen ditu gazteak”, azpimarratu du Casalsek. Hizkuntza gaitasunean eragin positiboa du horrek eta, gainera, jendaurrean hitz egiteko, diskurtsoa egituratzeko eta norbere akatsak onartzeko baliabideak ematen ditu. “Sintesirako gaitasun itzela lortzen dute neska-mutilek, lau bertso-lerrotan dena esan behar dute!”, gaineratu du Gemma Pla irakasleak. Estereotipoak gainditzen ere laguntzen du, arlo akademikoan kili-kolo dabilen ikaslea inprobisatzen iaioa izan liteke eta. “Ikasleak pozik daude, funtzionatzen du”, ziurtatu du Plak.

Nolanahi ere, onuradun nagusia katalana bera da. “Hizkuntza guztientzat, batik bat estaturik gabekoentzat, ezinbestekoa da bizipen positiboekin lotura izatea”, azaldu du Casalsek. “Jatorriz katalan hiztun ez diren askoren aurreiritziak gainditzen lagundu digute glosek”. Inguruko hizkuntzetan ez dago antzeko tradiziorik eta, hartara, ikasleek naturaltzat jotzen dute inprobisazioa katalan hutsean egitea. “Raparekin, adibidez, ez da hori gertatzen, katalanez ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere badela ikusten baitute”.
 

“Hizkuntza batek biziraun dezan, nahitaezkoa da hiztunek bizitzako gauza guztiak hizkuntza horretan egin ahal izatea, iraindu, ondo pasatu eta poesia erromantiko bat idatzi”, nabarmendu du Casalsek, “horregatik, geure-geureak diren elementu ludikoak behar ditugu eta inprobisazioak zeregin hori betetzen du”. Corrandescolaren asmatzaileak ziurtatu duenez, “katalanaren geroa aisialdiaren eremuan erabakiko da”.


ASTEKARIA
2016ko ekainaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalana
Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


2024-02-18 | Cira Crespo
Júlia Ojeda, literatura-kritikaria eta UOC-eko ikertzailea
"Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu"

Júlia Ojeda literatura-kritikariaren ahotsa garrantzitsua da gaur egungo Kataluniako hedabideetan, eta prozesu independentistaren osteko Katalunia birpentsatzen ari den ardatz ugarietako batera hurbiltzen laguntzen digu. Matriotes-eko kide ere bada, “feminista eta... [+]


Bat, txikia eta librea

Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari... [+]


Europar Batasunean katalana ofizialtzea lehenetsiko du Espainiako Gobernuak, euskararen eta galizieraren aurretik

Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.


Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da

Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan... [+]


Eguneraketa berriak daude