ARGIA.eus

2020ko irailaren 24a
Oporrak

GPSaren "demokratizazioak" abiarazi zuen mundu mailako altxor bilaketa jolasa

Unai Brea @unaibrea
2016ko ekainaren 12a
'Cache' bat zuhaitz baten beheko aldeko zuloan. Luze irauteko modukoak izaten dira, ura iragazten ez dutenak. Edukiontziak aurkitutako leku berean utzi behar dira; barruko objektuak, berriz, trukatu egin daitezke.
'Cache' bat zuhaitz baten beheko aldeko zuloan. Luze irauteko modukoak izaten dira, ura iragazten ez dutenak. Edukiontziak aurkitutako leku berean utzi behar dira; barruko objektuak, berriz, trukatu egin daitezke. Pavel Ševela-CC BY SA

Labur esanda, geocachinga –uko egin diogu euskarazko hitz baliokide bat asmatzeari– ezkutatutako “altxor” edo cache-ak aurkitzeko helburua duen jarduera da, GPS teknologia baliatuta. Parte hartzeko, www.geocaching.com webgunean sartu eta kontu bat sortu beharra dago; behin hori eginda, mundu osoko ezkutalekuen koordenatuak izango dituzu eskura.
    

Ez duzu urrun joan beharko, ia europar guztiok bizi omen baikara geocache batetik oso gertu. Adibide modura: Hitz hauek idazteko erabili den ordenagailuaren inguruan 729 ezkutaleku daude. Bi milioi eta erdi cache daude munduan, 180 herrialdetan, eta dagoeneko hamar milioi pertsona daude izena emanda geocaching.com-en.
    

2000. urtean hasi zen guztia, AEBetako Gobernuaren erabaki bati esker. Ordura arte, GPS teknologiaren erabilera mugatuta zegoen, Eskuragarritasun Selektibo esaten zitzaionaren bitartez. Funtsean, GPS sistemaren seinalea nahita degradatzean zetzan Eskuragarritasun Selektiboa, erabiltzaile zibilek jasotzen zituzten koordenatuen zehaztasuna gutxitze aldera. AEBen segurtasunaren izenean hartutako neurria zen noski: militarrek ez zieten balizko terroristei lana erraztu nahi. Ejem.
    

Washingtonek iragarrita zuen beranduenez 2006an Eskuragarritasun Selektiboa ezabatuko zuela; azkenik, 2000ko maiatzaren 2an egin zuen. Albisteak poz handia eragin zuen GPS erabiltzeko zaletasuna dutenen taldeetan –bai, hori ere existitu egiten da–, eta haietako batek, Dave Ulmerrek, sistemaren zehaztasuna neurtu nahi izan zuen. Maiatzaren 3an kubo bat gorde zuen etxe inguruko basoan, barruan hainbat objektu zituela, eta koordenatuak idatzi zituen GPS-zale webgune batean, “altxorra” aurkitzeko erronka zabaltzeaz batera.
  

Handik hiru egunera, bi pertsona iritsita zeuden Ulmerren kubora. Hilabete geroago, maiatz amaieran, geocaching hitza asmatuta zegoen, eta urte bereko irailean ireki zuten webgunea. Mundu osoko cache-en kokapena ez ezik, eskuko telefonoetan erabiltzeko app bat eskainiko dute –ez duzu arduratu behar GPS seinalea jasotzeko gailua erosteaz–, eta bide batez forma eta tamaina askotako edukiontziak dituzte salgai. Batzuk erraz aurkitzekoak dira, beste batzuek aldiz kamuflajea dute helburu, perretxiko baten forma dutenetatik barraskiloaren oskola diruditenetaraino. Politena, dena den, nork berea lantzea da.   
    

Ezkutatzaie zein bilatzaile, esan gabe doa bietan aritu zaitezkeela. Ezkutatutako edukiontzi bat aurkitutakoan, gogoratu webgunean berri emateaz. Bertan aurkituko duzun kaieran sinatzea ere ez ahaztu. batzuek objektu sinpleak dituzte barruan. Nahi baduzu bat eraman dezakezu, baina hala egitekotan beste bat utzi ordainetan, arren. Gainerako argibideak, www.geocaching.com-en.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Aisialdia

Aisialdia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko ekainaren 12a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude