Labur esanda, geocachinga –uko egin diogu euskarazko hitz baliokide bat asmatzeari– ezkutatutako “altxor” edo cache-ak aurkitzeko helburua duen jarduera da, GPS teknologia baliatuta. Parte hartzeko, www.geocaching.com webgunean sartu eta kontu bat sortu beharra dago; behin hori eginda, mundu osoko ezkutalekuen koordenatuak izango dituzu eskura.
Ez duzu urrun joan beharko, ia europar guztiok bizi omen baikara geocache batetik oso gertu. Adibide modura: Hitz hauek idazteko erabili den ordenagailuaren inguruan 729 ezkutaleku daude. Bi milioi eta erdi cache daude munduan, 180 herrialdetan, eta dagoeneko hamar milioi pertsona daude izena emanda geocaching.com-en.
2000. urtean hasi zen guztia, AEBetako Gobernuaren erabaki bati esker. Ordura arte, GPS teknologiaren erabilera mugatuta zegoen, Eskuragarritasun Selektibo esaten zitzaionaren bitartez. Funtsean, GPS sistemaren seinalea nahita degradatzean zetzan Eskuragarritasun Selektiboa, erabiltzaile zibilek jasotzen zituzten koordenatuen zehaztasuna gutxitze aldera. AEBen segurtasunaren izenean hartutako neurria zen noski: militarrek ez zieten balizko terroristei lana erraztu nahi. Ejem.
Washingtonek iragarrita zuen beranduenez 2006an Eskuragarritasun Selektiboa ezabatuko zuela; azkenik, 2000ko maiatzaren 2an egin zuen. Albisteak poz handia eragin zuen GPS erabiltzeko zaletasuna dutenen taldeetan –bai, hori ere existitu egiten da–, eta haietako batek, Dave Ulmerrek, sistemaren zehaztasuna neurtu nahi izan zuen. Maiatzaren 3an kubo bat gorde zuen etxe inguruko basoan, barruan hainbat objektu zituela, eta koordenatuak idatzi zituen GPS-zale webgune batean, “altxorra” aurkitzeko erronka zabaltzeaz batera.
Handik hiru egunera, bi pertsona iritsita zeuden Ulmerren kubora. Hilabete geroago, maiatz amaieran, geocaching hitza asmatuta zegoen, eta urte bereko irailean ireki zuten webgunea. Mundu osoko cache-en kokapena ez ezik, eskuko telefonoetan erabiltzeko app bat eskainiko dute –ez duzu arduratu behar GPS seinalea jasotzeko gailua erosteaz–, eta bide batez forma eta tamaina askotako edukiontziak dituzte salgai. Batzuk erraz aurkitzekoak dira, beste batzuek aldiz kamuflajea dute helburu, perretxiko baten forma dutenetatik barraskiloaren oskola diruditenetaraino. Politena, dena den, nork berea lantzea da.
Ezkutatzaie zein bilatzaile, esan gabe doa bietan aritu zaitezkeela. Ezkutatutako edukiontzi bat aurkitutakoan, gogoratu webgunean berri emateaz. Bertan aurkituko duzun kaieran sinatzea ere ez ahaztu. batzuek objektu sinpleak dituzte barruan. Nahi baduzu bat eraman dezakezu, baina hala egitekotan beste bat utzi ordainetan, arren. Gainerako argibideak, www.geocaching.com-en.