ARGIA.eus

2020ko irailaren 24a
Isaac Xubín, idazlea

"Euskararik gabe, ez dakit non nintzatekeen oraintxe"

  • Galegoak duen idazle handienaren poema bat euskaratu zuen estreina: Méndez Ferrínena. Azkena, euskarak duen idazle handienetako bat itzuli du galegora: Joseba Sarrionandia. Bi hari horien artean dilindan, lotailu, hirugarren poeta: Isaac Xubín.

Miel Anjel Elustondo
2016ko ekainaren 12a
Isaac Xubín (1978, Coruńa)

Idazle eta itzultzaile da. Idatziak ditu poemak eta narrazio laburrak, eta zenbait sari jasoa da. Filologia Galegoa ikasten ari zela heldu zen gurera euskaraz ikastera, eta loturari eusten dio harrezkero. Alén da fronteira, Sete poetas vascos emana du galegoz, eta itzuliak ditu Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Kirmen Uribe… Iaz, Etxepare saria jaso zuen Joseba Sarrionandiaren Tempo de exilio itzulpenarekin. Gaur egun Irlandako Cork-en bizi da errugbi jokalari zaildua ere baden galego-euskaldun hau.

Euskara ikastera etorri zinen Bilbora. Gero, Gasteizen ere bizi izan zinen.

Filologia Galegoa ikasketak egin nituen lehenengo, eta bukatzekotan nintzela, prestakuntza osatze aldera, nire buruak besterik egin behar nuela agindu zidan. Halaxe etorri zitzaidan gogoa, eta halaxe egin nuen: Euskal Herrira etorri nintzen duela hamar urte baino gehiago.

Jendea Ingeles Filologia ikasten amorratua da aspaldi.

Bai, hala da, baina ingelesaren espazioa beteta dago. Euskararena, aldiz, ez. Horregatik etorri nintzen. Lau urte egin nituen Bilbon, bi Gasteizen. Euskaraz ikastera etorri nintzen, ez beste ezertara, eta hortaz, lehenengo gauza, euskaltegian izena ematea izan zen, zerbitzari lanean edo pizza banatzaile hastearekin batera. Errazago zitzaidan Bilbora etortzea, errazago nuelako bertan lana inguratzea. Jakina da herri txiki euskaldun batera joz gero euskaraz gehiago, eta hobeto, ikasiko nukeela, baina nekeago izango nukeen lana izatea.

Erraz jarri zinen Bilbora nahiz Gasteizera?

Bai, ezinik ez nuen izan. Euskara ikastera etorri nintzen, eta laster ari nintzen erabiltzen, apurtxo bat, behintzat. Gainera, hor zen telebista, literatura, prentsa… eta, bestalde, badira zenbait leku, non euskaraz egiten baitute. Aski duzu, beraz, horietara jotzea. Tenisean jokatu nahi duenak ere zer du, bada? Tenisean jokatzen den lekura joan behar du, ez gimnasia erritmikoa egiten den kantxara sartu. Bertara joan, giroan sartu, egokitu, jendea ezagutu… horixe egin beharko du. Euskara ikasteari dagokionez, nire kasuan, Bilbon bizitzea ez nuen zailtasun apartekoa izan euskaraz ikasteko. Are gutxiago hasiberria zarenean, elkarrizketa sakonik euskaraz burutzerik ez daukazunean. Aldiz, tabernan euskaraz eskatzeko gai zara. Bada, hasiera duzu. Ondoren, egunkaria etorriko da, eta telebista, eta horrela, piramidea jasoko duzu.

Gasteizen filologia fakultatean izan zinen.

Filologia erromaniko bat egiten ari nintzen Galizian, eta filologia ez erromanikoa zertan zen jakin nahi nuen. Eta zori oneko nintzen, Euskal Herritik hurre bainengoen Vigon. Filologia erromanikoan, latina duzu nagusi, eta gutxi dira latinaren arloan erantzunik ez duten galderak. Euskal filologiari dagokionez, berriz, guztiz kontrakoa da egoera. Euskara hizkuntza isolatua da, ez du ahaidetasunik, eta hizkuntzaren historiaren goitibeheitiak zein izan diren erakutsiko duten testu zahar askorik ere ez du. Horrexek eraman ninduen Bilbotik Gasteiza, Euskal Filologia han baitago. Zenbait ikasgaitan izena eman nuen, baina ez tituluaren jabe egiteko asmotan, ezpada jakintza helburu, euskararen historiari buruz maila akademikoan egosten direnak jakiteko gogoz.

Ez zenuen euskararekin aldez aurretiko loturarik batere.

Ez, euskararekin ez, baina Bilborekin bai, aitaren aldeko aitaita-amamak etorkin izan baitziren bertan. Eta asko izan ziren hemen, aitaitarenean hamalau neba-arreba izan zirelako, eta amamarenean hamarren bat. Honenbestez, aitak, gaur egun, kasik 50 lehengusu-lehengusina txiki ditu. Aitak 6 urte zituela, aitaita-amamak Galiziara itzuli ziren, baina, hala ere, familiaren mitologiaren parte da Bilbo harrezkero. Etxean berriketan, beti ateratzen zen Bilbo, bilbotarren bat zelako tartean, edo bertan bizi zen senideren bat aitzakia. Bilboko kapapean ginen, nolabait.

Baina ez zinen horregatik etorri.

Ez, euskarak ekarri ninduen, baina Galizian nengoela ere, beti han Bilbo. Bertara etorrita, zenbait zirkulu itxi ahal izan nituen; familiari lotutakoak, batik bat. Inoiz kontatu dizut sagutxinhoren historia?

Sagutxinho?

Bai. Amamak sagutxinho esaten zidan beti. Uste nuen galegoaren hitza zela. Horrek ez du onik esaten nire baitako filologoaren alde. Kar, kar... Lehenago konturatu behar nuen ez zela galegoa, amamak beste inork ez baitzuen hitz hura erabiltzen. Baina horrela zen: sagutxinho, beste izenik ez zidan ematen, eta are, gaur egunean ere sagutxinho esaten dit. Orain dator urrezko giltza: euskaltegiko lehen egunean, Gardoniz kalean, irakasleak, beti-betiko aurkezpenak eta gero –“nola duzu izena?”, “zergatik ikasi nahi duzu euskaraz?”–, orrialde batzuk eman zizkigun, non irudi batzuk beraien euskarazko izenekin batera ageri baitziren. Haietako hitz batek arreta eman zidan, arreta, ezagutzen nuelako. Ezagutzen nuen hitz bakarra: sagutxo! Une horretan, haurtzaro betea igaro zitzaidan begien aurrean.

Sagutxo, sagutxinho. Bikaina zuen amama.

Bai. Kar, kar… Dena dela, teoria bat dut, zeinaren arabera amama ez baitzen gogo onez itzuli Galiziara. Beharbada, Galiziara joanik ere, Bilbon irauteko modu bakarra zuen: lobari hemengo amama batek egingo lukeen moduan deitzea, -inho erantsita. Ez pentsa, hogeitaka urterekin deskubritu nizun hori, euskaltegiko estreinako egunean.

Ez zaitut irudikatzen moto gainean tur-tur-tur, pizza-banatzaile Gasteizen.

Bada, horrexetan ibili nintzen. Kar, kar… Gainera, arratsalde nahiz iluntzeko lana zen, eta hortaz, egunez bestelakoak egin nitzakeen. Garai hartan, bestalde, nahiko erraza zen –gida-baimena eta eskarmentua izanez gero–, lana inguratzea. Nik biak nituen, Pontevedran gisako lana egina bainintzen. Berehala hartu ninduten, jende askok ez zuen horretan lan egin nahi izaten; neguko hotzean, batik bat. Galiziara oporretan joaten nintzen aldiro, utzi egiten nuen lana. Itzuleran, hantxe nuen zain.

Poeta pizza-banatzaile.

Batere poetikoa ez, ezta? Kar, kar…

Galego irakurle jardun zenuen Corkeko Unibertsitatean, Irlandan.

Euskararik gabe, ez dakit non nintzatekeen oraintxe. Seguruenera, ez nintzen hizkuntza arloan ariko, ez filologian eta ez idazten ere; idazteari utzia… Euskal Herrira etortzea erabaki nuen egunean euskaraz ikastera –amak esaten dit–, egun hartan santua jaitsi eta ukitu zintuen! Eta ez da gezurra, lagun asko baititut nik baino espediente akademiko askoz hobea dutenak, hizkuntzari lotutako gaietan lanean ari ez direnak. Hori ere ikusi bainuen nik: hamaika ikaskide, langabetuen ilaran, lan bat harrapatzeko ezinean. Orduantxe esan nion neure buruari: “Besterik behar duk, hortik ez zagok-eta irtenbiderik!”. Eta, berez, Filologia Galegoa amaitu baino lehen heldu nintzen Euskal Herrira. Eta beti betikoa esaten zidaten: “Zertan ez duzu lehenago amaitzen, gutxi geratzen zaizu eta”.

Inori kasurik ez zuk.

Ez. Eginak nituen egin behar nituen urteak unibertsitatean, ez zidan askoz gehiago emango. Nahi nuen orduko, gainditu behar nituen azken ikasgaiak gainditu eta nahikoa nuen. Baina hura denbora alferrik galtzea zen, bitartean bestelako aberasgarriagorik egin bainezakeen. Euskaraz ikastea, kasu. Horrela egin nuen. Geroago lortu nuen titulua. Nire lagun asko, esan dut, bestelako lanetan hasi ziren. Euskararen bidez osatutako curriculumak lagundu zidan Cork-eko unibertsitatean galego irakurle izaten: galego-euskara hiztegia, Vigoko unibertsitatean emandako euskarazko eskolak, itzulpenak… Curriculum hori gabe, nekez nintzatekeen Irlandan.

Galizia, Euskal Herria, Irlanda… Zarautzen izan berri zaitugu Literaturia jaialdian.

Bai. Iaz, Salvaterra do Minhoko poesia jaialdian Sarrionandiaren Tempo de exilio aurkeztu nuen, iazko Etxepare saria, eta hemengo zenbait poeta gertatu ziren han. Zarauzko jaialdiaren berri eman zidaten, eta etortzeko gonbita egin zidaten. Gogo onez etorri naiz. Bestalde, Zarauzkoan, Ruper Ordorika ezagutu nuen, eta sariak itzultzailea eta argitaletxea, biak saritzen baititu, eta gainera, liburu sarituaren promozioa ere sustatzen baitu, jira txiki bat egingo dugu udazkenean Ruperrek eta biok Galizian barna. Hemen egitea ere ez legoke gaizki.

Bi norabideko harremana duzu.

Bai, handik honakoa bezain hemendik harakoa. Dena dela, oraintxe, bateko krisia eta besteko hizkuntzaren egoera, Galizian itzulpenetara emanak daude bertako argitaletxeak. Obra oso onak, oso ondo itzuliak, eta argitalpen bikainak. Nahiz eta bertakoek saltzen segitzen duten, Méndez Ferrín, Manuel Rivas, Suso de Toro…

Zer diostazu, hizkuntzaren egoera? Galegoak ere lanak? Uste nuen guztiok hitz egiten zenutela galegoz.

Kontua ez da non zauden, nora zoazen baizik. Hiztun kopuruak ez du askorik balio: kopurua inkesta batean edo
atlas batean jartzeko baino. Egiatan, txosten soziologikoa osatzen denean, hizkuntzaren bektorea norantz doan da inportanteena. Eta galegoaren kasuan, hiztunen %70 adineko jendea baldin bada, 65 urtetik gorakoak, horrek esan nahi du bektorea beherantz ari dela. Euskararen kasuan, adibidez, gutxik hitz egiten dutela esaten da, eta baliteke, baina bektorea gorantz ari da. Are gehiago, euskara hiztunen adin piramidea proportzionatuagoa da, eta gazteek zaharrek baino konpetentzia linguistiko handiagoa dute. Hortaz? Nire aitaita-amamek galegoz besterik ez zuten hitz egiten, baina ez dakit bizian inoiz filmik ikusi zuten Galizian egina, galegoz. Edo libururik irakurri ote zuten inoiz galegoz. Tira, hasteko, euskarazko bi film erosi berri ditut: Loreak eta Amama.

Ez duzu aukera txarra.

Adiskide onen gomendio onak, kar, kar… Galizian oraintxe ari gara bide horretan hasten. Eta Sarrionandia itzultzeari dagokionez ere, nik ez beste batek izan beharko zukeen itzultzailea. Alegia, nik baino lehen, besteren batek ikusi beharko zukeen euskararen bidea Galizian. Ez gaude urruti, nahiz eta erraza ere ez den handik hona eta hemendik hara joatea: zenbat autobus eta zenbat tren ibili ditudan nik Bilbotik Vigora eta Vigotik Bilbora.

Isaac Xubín zarena, Isaac Fernández Fernández zaitugu egiatan.

Ama dut Xubínen jaioa, Coruña bestaldean, Oleirosen. Galiziatik kanpora eman nuen haurtzaroa, eta itzultzen ginenero, Coruñan edo Xubínen ginen, aitaita-amamen etxean, edo osaba-izebenean. Nire erreferentzia identitario bakarra Xubín zen, Coruña. 15-16 urte nituenean, aitaita-amamak hil eta osaba-izebek Xubíngo etxea saldu zuten. Erreferentzia hura galtzearekin batera, garaitsuan, poesia sari bat irabazi nuen, eta Xubín erabaki nuen.

Zure identitatearen zati duzu Xubín.

Bai. Aita Bilbon jaio zen, baina Coruñara eraman zuten, txikitan. Bazuen trauma txiki hori, alegia, oroitzapenik ez duen leku batekoa izatea. Ni jaiotzekotan nengoela, gurasoak Burgos iparraldeko Espinosa de los Monteros herrian bizi ziren. Aitak ez zuen nahi berari gertatu zitzaiona gertatzea niri, eta lanean opor egunak eskatu eta Galiziara eraman ninduten: ni Coruñan jaiotzea ez zen halabeharra izan, guztiz aukera kontzientea baizik. Etxean bigarrena jaio zenean, berdin, aitak oporrak eskatu eta Coruñara. Halabeharrik gutxi gure jaiotzetan. Badakigu nongoak garen.

Enpatia

“Euskaltegian filologiak ekarri ninduela euskarara esaten nuen, eta dudarik gabe, horrek nire alde jokatzen zuen, “ex profeso etorri da morroi hau euskara ikastera”. Izan ere, euskaltegian bazen jende multzo bat laneko premiak eraginda ikasten ari zena, eta haien diskurtsoa ez zen, bistan denez, nirea bezain enpatikoa irakasleentzat. Ni, Galiziatik Bilbora euskara ikastera etorria!”.

Erraztasuna

“Erraztasuna besterik ez nuen izan, hala Administrazioaren nola baliabideen aldetik. Era guztietako euskal gramatikak dituzu gaztelaniaz, badituzu bi orduko ikastaroak, bostekoak, barnetegiak… Hemen bizi bazinen, Administrazioak matrikularen zati ondradu bat ordaintzen zizun
–garai hartan, behintzat–,
eta badiotsut, erraztasuna
besterik ez zen”.

Knör, Gorrotxategi

“Euskal Filologian, Henrike Knörren eskoletara joan nintzen, testu zaharrei buruz ematen zituen azalpenak aditzen; oso saio atseginak ziren. Interesgarriena, hala ere, hizkuntza palohispanikoen gainean Joakin Gorrotxategik gidatzen zuen ikasgaia zitzaidan, hau da, zein aztarna ditugun euskararen historiaren bidean, eta zein ondorio atera ditzakegun lekukotasun apur horietatik. Alderdi hau batere ez da ikasten filologia erromaniko batean: lusitanoa, iberoa…
Mundu berria ireki zitzaidan”.

Azken hitza: Méndez Ferrín

“Euskal Filologian, Henrike Knörren eskoletara joan nintzen, testu zaharrei buruz ematen zituen azalpenak aditzen; oso saio atseginak ziren. Interesgarriena, hala ere, hizkuntza palohispanikoen gainean Joakin Gorrotxategik gidatzen zuen ikasgaia zitzaidan, hau da, zein aztarna ditugun euskararen historiaren bidean, eta zein ondorio atera ditzakegun lekukotasun apur horietatik. Alderdi hau batere ez da ikasten filologia erromaniko batean: lusitanoa, iberoa…
Mundu berria ireki zitzaidan”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskara  |  Euskara  |  Hezkuntza

Euskara kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko ekainaren 12a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude