2025-09-19 11:24

Euskararen presentzia bermatzeko ekitate neurrien kontrako jarrerek euskaldunon hizkuntza eskubideak zapaltzen ditu.

Zinemaldia hasten den honetan, gogora ekarri nahiko genuke Euskal Herriko beste zinema komertzialetan dugun egoera. Oraingoan, gainera, euskara sustatu edo hizkuntza eskubideak bermatzeari begira hartzen diren neurrien kontrako jarrerak ere salatu nahiko genituzke. Besteak beste, irudian adierazitakoa.

Euskara sustatzeko edo euskararen presentzia bermatzeko ekitate neurriak hartzen diren bakoitzean kontrako jarrera eta iniziatibak sortzen dira hizkuntzen arteko berdintasun eza dagoela argudiatuaz. Baina, errealitateak berak erakusten digu jendarteko hainbat esparrutan euskaldunon hizkuntza eskubideak ez direla kontuan hartzen, eta euskarak gutxiagotutako hizkuntza izaten jarraitzen duela. Horren adibide argiak ditugu aisialdian, eta, zehazki, pantailetako euskarazko eskaintza urrian.

Administrazio batek euskarazko zinema eskaintza sustatu eta gaztelaniadun elebakarren eskubideak aldarrikatzea, genero berdintasuneko neurriak gizonezkoen eskubideak aldarrikatzeko erabiltzea bezala litzateke.

Hori guztia ukatu nahi izateak giza eskubideen eta herritarren arteko berdintasunaren kontrako jarrerak erakusten ditu. Beste esparru batzuetan egiten den bezala, ez dira zalantzan jarri nahi hizkuntza hegemonikoak, eta ez da euskararen normalizazioa onartu nahi. Hori horrela, euskara gutxiagotutako hizkuntza izaten jarraitzeko ekimenak baino ez dira sustatzen, eta ez errotiko aldaketak.

Beraz, besteak beste, zinemaren alor publiko zein pribatuari eragingo dien neurri eta baliabide irmoak eskatzen ditugu, zineman zein aisialdian euskararen normalizazioa gauzatu ahal izateko.

BEHATOKIA

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Webgunea: www.behatokia.eus Twitter/X: @behatokia Instagram: @behatokia Facebook: Hizkuntz Eskubideen Behatokia