Zubietako errauskailuaren orbana gure osasunean

  • Hondakinak erretzea munduan egin dezakegun gauzarik arriskutsuenetako bat da. Prozesu horretan milaka substantzia kimiko sortzen dira, horietako asko osasunerako oso toxikoak. Zubietako errauskailuak gipuzkoarrei ekarriko dizkien arazoez ohartarazteko, maiatzaren 29an osasunaren aldeko giza katea egingo dute Donostiako Gipuzkoa plazatik Onkologikora.

GuraSOS elkartea Zubietatik kilometro gutxira dagoen Lasarte-Orian aurkeztu zuten, errauskailuak haurren osasunean izan dezakeen eraginaz kezkaturik.
GuraSOS elkartea Zubietatik kilometro gutxira dagoen Lasarte-Orian aurkeztu zuten, errauskailuak haurren osasunean izan dezakeen eraginaz kezkaturik.

Markel Olanoren foru gobernuak Zubietan errauskailu bat jartzeko asmoa berriz erakutsi duenetik, proiektuak gipuzkoarrei ekarriko dien kostuaz larrituta biderkatu egin dira kontrako mugimenduak. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak duela gutxi onartu du plana: 200.000 tona hondakinentzako errauskailua, tratamendu mekaniko-biologikoko eta zepak balioztatzeko zentro bana, eta biometanizatze planta bat izango lituzke; hondakinen kudeaketa esku pribatuetan utzi eta lurraldeari datozen hogei urteetan gutxienez 1.216 milioi euroko zama eragingo dio.

Kostu ekonomiko itzelaren inguruko datuak argitzeko gero eta premia gehiago dagoenean, erraustegiak gipuzkoarren osasunean eragingo duen minaz kezka handia sortu da. Maiatzaren 7an GuraSOS aurkeztu zuten, errausketak umeengan sor ditzakeen gaitzez arduratutako guraso, amona, aitona eta izeba-osaben elkartea: “Nire haurrentzat nahi ez dudana, beste inoren haurrentzat nahi ez dudalako”, azaldu dute euren manifestuan.

Bestetik, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak maiatzaren 29an osasunaren aldeko giza katea antolatu du Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren jauregitik Onkologikora. 5.000 lagunekin lotu nahi dituzte batetik bestera dauden bost kilometroak. Duela gutxi Euskal Herrian izan da Rossano Ercolini, Goldman Price nazioarteko ingurumen sariaren irabazle eta Italiako errausketaren kontrako liderretako bat, eta berak garbi du: “Arriskurik txikiena hartzea ere ez da onargarria”. Datorren asteko ARGIAn elkarrizketa zabala eskainiko dugu Ercolinirekin.

Ekonomia zirkularrarekin batera, osasuna babesteko beharrak ekarri du Europan errausketa alboratzeko joera gero eta nabarmenagoa. Irlandako Cork hiritik gertu errauskailua eraiki nahi duten Ringaskiddy da borroka-zelai nagusietakoa oraintxe, eta bertan Gordon Reid Corkeko Unibertsitateko irakasleak Europa mailan 2011n egindako azterketa baten emaitzen berri eman du: Italia, Eslovakia eta Ingalaterrako errauskailuetan hartutako laginen arabera, 2,2 milioi lagun ingururen bizi itxaropena 7.600 urte jaitsi liteke errausketaren ondorioz. Ikerketa babestu dutenen artean Munduko Osasun Erakundea bera dago. Gurean, antzeko azterketei buruzko informazioa eskaintzen dihardu aspaldion Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT).

Minbiziak, malformazioak eta eritasun kronikoak

2002an azaldu zen publikoan lehen aldiz OEIT, Txingudin egin nahi zuten errauskailuak ekar zitzakeen ondorioak aztertzeko asmoz. Proiektua bertan behera geratu zen arren, isilpean lanean jarraitu dute, eta dozena urte geroago konklusioa bera da: erraustea minbiziarekin eta hilkortasunaren handitzearekin lotzen da.

Hamarkada honetan kalitate metodologiko kontrastatuarekin egindako 17 ikerketaren emaitzak aztertu dituzte. Medikuek batez ere nabarmendu dute Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuko epidemiologia zentroak 2012an argitaratutakoa: estatistikoki minbiziagatik hiltzeko arrisku handiagoa dute erraustegitik 5 kilometro edo gertuago bizi diren herritarrek. Pleurako minbizia kasuak %84 handitzen dira, besikulakoak %24 eta leuzemiak %21, besteak beste.

Baina badaude lotura hori berresten duten ikerketa gehiago. Errauskailuen 3 kilometroko erradioan minbiziaren gorakada %3 eta %50 artekoa izan litekeela dio 1983 eta 2008 artean egindako batek, eta beste baten arabera tximinietako filtroetatik iragazten diren mikropartikulenganako esposizioak, pankreako minbizia areagotzen duela –%40 emakumeen eta %92 gizonen artean–.

Eskoria eta errautsetan pilatzen diren dioxina, furano edota metal astunez asko dakigun bezala, erraustegi batek tximiniatik botatzen dituen atmosferako gasen eta mikropartikulen –erretzen den hondakin masaren %60– inguruko ezezagutza handia da oraindik; medikuek ikusi dute arnas aparatuko eta bihotzeko gaixotasunetan eragina dutela.

Zubietako erraustegiaren sustatzaileek europar araudiak ipinitako mugaren azpitik isuriko duela diote. OEITeko bozeramaileetako bat den Jose Cruz Ruiz Villandiegok alferrikakotzat du hori ordea: “Mugak jarrita ere, gorputzak oso diferenteak dira jasotzen dituen dosiak onartzeko edo gaixotzeko, esaterako heldua izan edo haurra izan”.

Emakumeak bereziki zigortzen ditu errausketak, euren gorputzak gantz gehiago duelako sortzez, eta dioxinak bertan disolbatzen direlako

Hain justu, haurrak eta fetuak dira errausketarekiko kalteberenak: alterazio endokrinoak, eta hormonalak, eragina garapen neurologikoan… 2014ko ikerketa batek sortzetiko malformazioetan jarri du azpimarra: erbi-ezpainarekin jaioko diren haurren kopurua %30 handituko da eta giltzurrun displasia izango dutenena %55.

GuraSOS elkarteak Google Maps-en kokatu ditu Eusko Jaurlaritzak errauskailuari aitortzen dion 30 kilometroko “eragin eremuaren” barruan dauden 200 hezkuntza zentro baino gehiago: “Mediku eta zientzialariek diote arriskua badagoela eta Gipuzkoako Diputazioari eskatzen diogu prebentzioz geldiarazi dezala Zubietako proiektua”, azaldu du elkarteko kide Xabier Arrutik Info7 irratian. Horretarako sinadura bilketari ekin diote eta maiatzaren 21ean informazio jardunaldiak egingo dituzte Hernaniko Orona-Ideon. Bertan izango da Clara Perales, Madrilgo Valdemingómez errauskailuaren kontra salaketa jarri duen biktimetako bat. Perales arnas eta alergia arazoekin hasi zen eta immunologia sistema kaltetu ondoren minbizia sortu zitzaion.

Italian 2013an eta 2015ean argitaraturiko ikerketa banak erakutsi dute haurdun dauden emakumeen erditze goiztiarrarekin eta nahigabeko abortuarekin lotura duela errauskailuen kutsadurak. Emakumeak bereziki zigortzen ditu errausketak, euren gorputzak gantz gehiago duelako sortzez, eta dioxinak bertan disolbatzen direlako. Gainera, amak haurrari bularreko esnearen bidez pasatzen dizkio gantzetan metaturik dituen gai toxikoak. Hori ei da kutsadura neurtzeko adierazlerik lazgarriena, Eduard Rodriguez Farré fisiologian adituarentzat.

Rodriguez Farrék esperientzia handia du biomedikuntzaren arloan –bere iritziak Salvados moduko programetan azaldu izan dira– eta abenduan Andoainen izan zen errauskailuen toxikotasunaz mintzatzeko. Bere esanetan, ikerketa epideomiologikoak egiteak urte askoko lana eta zorroztasuna eskatzen ditu.

“Bonba kimiko bat” etxe ondoan

Fisiologo katalanak esandakoa jakinik, bat baino gehiago harri eta zur geratu zen martxoaren 7an Noticias de Gipuzkoa egunkariaren azal nagusiarekin: “Un estudio de Osakidetza concluye que la incineración no supone un ‘riesgo significativo’ para la salud”. Aipatu txostena 2004koa da, ez da inongo aldizkari zientifikotan publikatu eta OEITeko medikuek arrakala ugari ikusi dizkiote. Iñigo Suberbiolak Donostian errausketaz GUE/NGL Europar Parlamentuko taldeak egindako konferentzian azaldu zuen txostenak “tranpa dialektikoa” egiten duela baldintzazko esaldiekin: “errauskailuak berriak balira”, “legea errespetatuko balute”…

Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiaren esku jarriko omen du Zubietako azpiegituraren inguruko osasun zainketa. Inplizituki onartu izanak errauskailuarekin osasun arriskuak egon daitezkeela, hautsak harrotu ditu. Errausketaren kontrako taldeek herritarrak frogak egiteko “akuri” moduan erabiltzea egotzi diete foru agintariei.

“Azpiegiturak teknologia eta segurtasun kontrol aurreratuenak izango ditu”, esan berri du Markel Olano diputatu nagusiak, Anberesen lehertutako errauskailu bati buruz interneteko Osoigo zerbitzuan galdera egin diotenean. Istripuaren bideoa lau haizetara zabaldu da ARGIAk haren berri eman ondoren, eta gurean halako hondamendi bat gertatzeko kezka sorrarazi du.

Azken urteetan hamarnaka ezbehar gertatu dira. 2013an, adibidez, sute handi batek Marseillako Fos-su-mer errauskailua hartu zuen. Gertaera horietan izaten den kutsadura-ihesa ez da nolanahikoa. 1976an Italiako Seveso herrian planta kimiko batean izandako eztandaren ondorioz milaka tona TCDD aireratu ziren –egon daitekeen dioxinarik kutsakorrena–, eta gerora egindako estudioetan ikusi da minbizi kasuak ugaritu egin direla eskualde osoan.

“Errauskailuak benetako bonba kimikoak dira” esan izan du Villandiegok, ez Anberesen edo Marseillan gertatuagatik soilik, egunerokoan eta eremu oso zabalean ekar dezakeen etengabeko kalteagatik ere bai. Ringaskiddyn orain gutxi aurkeztu dute errauskailuak sortuko duen kutsaduraren simulazioa –horrelako ingeniaritza lanak egiten dituen Plume Plotter taldearen eskutik–, eta Corkeko badia osoa estaltzen du laino toxikoak. Nolako orbana sortuko luke Zubietako tximiniak Gipuzkoako mapan? Ipar-mendebalaren edo bailaretako korronteen kapritxopean utziko al dugu gure seme-alaben osasuna?

Pietrasanta: Europako erraustegi "seguruena"?

Rossano Ercolini Goldman saridunak Hernanira egindako bisitan oroitarazi zuen belaunaldi berriko erraustegi seguruenaren ikur izan zela Falascaia... eta falazia izan zela. Lucca probintziako Pietrasanta 1974an jarri zuten erraustegia –Falascaia deitua–. Herriak 1.500 biztanle ditu eta denek izan dute gertukoren bat minbiziak jota.

Mobilizazio etengabeen presiopean, urteetara onartu zuten Herriko Osasun Unitateak eta Toskanako Ingurumen Babeserako Agentziak herritarrek aspaldidanik salatzen zutena. Erraustegia itxiko zela zirudienean, hango ahaldun nagusiak, Vannino Chitik, agindu zuen zaharraren ordez berria egiteko, eremu berean. 1997an ehunka herritar erraustegiaren ateetan eseri ziren sarrera galarazteko.

Ercolinik gogoratzen ditu politikarien eta osasun publikoa babesteko erakundeen promesak: “Europako sistema kontrolatuena zela, dioxina isurketak etengabe neurtzen zituelako …”. Handik urte gutxira kudeaketa TEV Veolia multinazional frantziarraren esku geratu zen: “Bitarte horretan, gutun anonimo bat iritsi zen epaitegira –boterea galdu zuen norbaitek mendekuz bidalia, inondik ere–. Gutun horrek salatu zuen emisioak kontrolatzeko sistemari software bat jarri ziotela, kopuruak hamar aldiz gutxitzen zituena –Volkswagen autoen antzera–, emaitzak baimenaren barruan egon zitezen beti”. TEVeko arduradunek 4.000 euroko isuna baino ez zuten jaso. Herritarrentzat porrota izan zen. Baina ekarri zuen garaipenik ere: erraustegiko baimena urtebete eta erdira eten egingo zela jakinarazi zuten agintariek. Gainera, ordurako labeak itzalita zeuden: ia egunerokoak ziren herritarren mobilizazioen eraginez, erraustegia praktikan 2010ean itxi egin zen.

(Estitxu Eizagirreren Garialea blogetik ekarritako testua)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Gipuzkoan
2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (IV)
Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]


Zumarragan erraustegi bat jartzeko asmoa salatu dute

Plastic Energy enpresak Zumarragan hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa jartzeko asmoa "kezka handiz" ikusten du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak. Azpimarratu du pirolisiak osasunarentzat kaltegarriak diren kutsatzaile kimikoak askatzen dituela,... [+]


Zubietako erraustegiaren egoera Europako Parlamentura eramango du Ezker Anitzak

Errauste plantaren transformadorea matxuratu ondoren, Zubietan hondakinak energiarik sortu gabe erretzen ari direla salatu du GuraSOS elkarteak. Ezker Anitza-IUren aburuz, horrek erakusten du Gipuzkoako Ingurumen Gunea “bluf” bat dela eta Europako Parlamentura... [+]


Eguneraketa berriak daude