Eskola herritarrak eta parte-hartzaileak bultzatzen

  • Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko Sortzen elkarteak 25 urte egin ditu aurten eta urteroko jaiaz gain –Hernanin izango da aurten, EskolHarria biharko herria lelopean–, hainbat ekintza antolatu dituzte hilabeteotan. Eskola herritarrak eta parte-hartzaileak mahai-inguruan izan gara, Mariam Bilbatua HUHEZIko irakasle ohia eta Gari Torregrosa Iruñeko Izartegi haur eskolako zuzendaria entzuten.

Irudian, Iruñeko Izartegi haur eskola. Senideentzako eremuak dituzte ikastetxean: “Gurasoek beren seme-alabekin igaro ditzakete bi ordu arratsalderen batean”. Argazkia: Izartegi haur eskola
Irudian, Iruñeko Izartegi haur eskola. Senideentzako eremuak dituzte ikastetxean: “Gurasoek beren seme-alabekin igaro ditzakete bi ordu arratsalderen batean”. Argazkia: Izartegi haur eskola

Mariam Bilbatuak hartu du hitza lehenengo. Bere esanetan, dimentsio bikoitza ematen dio eskola parte-hartzaileak hezkuntzari: ikastearen dimentsioa eta elkarlanean aritzearen dimentsioa. “Estrategia sozialak dira bizitzeko aukera ematen digutenak; bestearekin elkarrekintzan hazi eta hezten gara, eta horrela eraikitzen dugu gure ikaste prozesua eta garatzen ditugu konpetentziak”.

Era berean, dio, bi ulermen mota garatu behar ditu gizakiak: ulermen intelektuala eta giza ulermena. Ulermen intelektuala da ingurua ezagutzea; giza ulermena berriz, bestea ulertzea da, besteen arazoekiko enpatia izatea. “Gauza horiek ez dira berez ikasten, eta hezkuntza-erronken barruan sartzen da ezaugarri horien garapena”.

Ikaskidetza

Ikasle-irakasleak ikaste prozesuan inplikatzeko, ikaskidetzan oinarritzea da giltza, esaterako talde kooperatiboetan lan eginez. Ikasleen identitatea, autonomia eta konpromisoa areagotzen du horrek, Bilbatuaren hitzetan. Talde lanak, ordea, ez du bermatzen ikasle guztien parte-hartzea: ikaskidetzaren printzipioak dira emozioekin lotutako ikas-prozesuak martxan jartzea, taldean eraikitako eta negoziatutako helburu partekatuak izatea eta taldea osatzen duten pertsona guztiak ezinbestekoak direla sentitzea.

Ikasleez gain, irakasleen integrazioa lortzea ere izan behar da helburua. Irakasleek hausnartu behar dute martxan jarri dituzten prozesuen inguruan, eta irakasleek talde identitatea sortu behar dute: “Erronka baten partaide sentitu behar dute, eta erronka horren erantzukizunak taldearena izan behar du, ez norbanakoarena”.

Emozioekin lotutako ikas-prozesuak martxan jartzea, taldean eraikitako eta negoziatutako helburu partekatuak izatea eta taldea osatzen duten pertsona guztiak ezinbestekoak direla sentitzea; horra ikaskidetzaren printzipioak

Gehitu du Heziberri eta LOMCE bezalako legeek irakaslearen dependentzia areagotzen dutela eta goitik beherako ereduek ez dutela irakasleen inplikazioa lortzen: “Eredu horiei aurre egiteko behar ditugu ikaste komunitate profesionalak”. Komunitate hauek eztabaida eta hausnarketa dituzte ardatz, eta ezagutza partekatzeko hizkuntza bateratua dute: “Gauzak aztertzeko eredu beraren barruan kokatzen dute komunitatea”. Talde konpromisoa da funtsa eta profesional bakoitzak sentitzen du kidearen beharra, denen parte-hartzea ahalbidetuz eta elkarrenganako konfiantzatik abiatuz. Komunitateak sortzeko, baina, instituzioen babesa behar da: “Irakasleek lan egonkorra behar dute, ikas-komunitateak garatzeko aukera eta baldintzak izango dituztenak”. Administrazioaren konfiantza ere inportantea da: “Kontrol burokratikoen sistema bultzatzen dute administraziotik eta horrek ez du laguntzen horrelako proiektuak garatzen”.

Hezkuntza komunitatea = hezkuntza formal, informal eta ez formala

Hezkuntza ez formalak (aisialdiak, komunikabideak…) eragina du ikasleen formazioan eta garapenean. Irakasle ohiak azaldu du eskola komunitateak kontzientzia horretatik garatu behar direla, eta horretarako, beharrezkoa da hezkuntza sareak sortzea: “Eragile sozial, politiko eta kulturalek eta hezkuntza komunitateak helburu komunak behar ditugu”. Hala, hezkuntza formal, informal eta ez formalean aritzen diren eragileen gogoeta bultzatu behar da: “Eragile guztien parte-hartzea bermatu behar dugu, eta hori ahalbidetuko duten mekanismoak garatu”. Martxan jartzen diren proiektuak sozializatu eta ebaluatu behar dira, bere ustez.

Iruñeko Izartegi, eskola parte-hartzailerantz

“Familiok eta hezitzaileok batera sortzen dugu proiektua eta denok helburu bera dugu: haurraren ongizatea”. Gari Torregrosa Iruñeko Izartegi haur eskolako zuzendariaren hitzak dira. 1976an jarri zuten martxan haur eskola, herri mugimenduaren eskariak bultzatuta. 1995. urtean momentu zailak izan zituen, baina gurasoen eta hezitzaileen borrokari esker, ez ixtea lortu zuten.

2006an berritu eta gaur egun 0-3 urte arteko haurrak jasotzen ditu Txantrea auzoko heziketa zentroak. Metodologia ugari erabiltzen dute, eta ideia bat dute oinarri: “Haurra gaitasunez beteriko pertsona da”. Entzumen aktiboa lantzen dute haurrekin zein familiekin, beren beharretara egokitzen saiatzen dira. Emozio eta sentsazio ugari lortzeko espazioak eskaintzen dizkiete haurrei, eta haiek erabakitzen dute zer landu:  “Esperimentatzeko askatasuna ematen diegu”. Horretarako, “ondoan”izaten dute laguntzailea, ez aurretik, ez eta atzetik ere.

Familien parte-hartzea sustatzen da eta ikasturtean zehar egiten dituzten bileretan, eroso egoteko mekanismoak jartzen dituzte, “familiak zaindu egin behar direlako”. Egunerokoan, gurasoak haurren bila barruraino sartzen dira, gardentasun eta konfiantzaren seinale. Senideentzako eremuak ere badituzte ikastetxean: “Gurasoek beren seme-alabekin igaro ditzakete bi ordu arratsalderen batean, eta hori baliatzen dugu egon daitezkeen dudak edo zalantzak argitzeko”.

Auzoko hainbat elkarterekin ere harremanak garatzen ari dira, tartean Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin. Praktika programa bat jarri dute martxan eta eskola horietako hainbat ikaslek egin dituzte praktikak haur eskolan. Auzoko musika taldeen edota ipuin-kontalarien bisita ere izan dute, besteak beste.

Mahai-inguruaren amaieran, publikoan dagoen irakasle batek hartu du hitza, eta ondo laburbildu du gogoeta orokorra: “Komunitateko kideek posible dela sinetsi behar dugu: ideiak eta bideak arakatu, ahalegina egin, elkartu eta apustua egin, guztion artean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sortzen
Lerinen D eredua ezartzeari ezetz esan dio Nafarroako Gobernuak, eskari kopurua legez nahikoa izan arren

Leringo hainbat gurasok herriko eskola publikoan D lerroa irekitzeko eskatu zuten iaz, baina nahiz eta legeak markatutako gutxiengo eskari kopurua gainditu, gurasoek ez dute aukera hori izango, Nafarroako Gobernuaren iritziz “Leringo eskolak ez duelako espaziorik D eredua... [+]


2021-10-12 | ARGIA
Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetan azpikontratatzen diren zaintzaile batzuek ez dakite euskaraz

Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetan azpikontrataturiko zenbait zerbitzutan ez da euskara eskatzen, eta ondorioz, haurrekin zuzenean ari diren langile batzuek ez dakite euskaraz, adibidez autobusetako zaintzaileen artean. Hala salatu dute Behatokiak, Sortzen elkarteak eta... [+]


2019-05-20 | ARGIA
Sortzenek laguntza eskatu du Iruñeko festaren diru galerei aurre egiteko

Sortzen elkarteak Iruñeko urteroko festari eutsi zion atzo Takonera parkean, baina eguraldia dela eta ekitalde ugari bertan behera utzi behar izan zituen, batez ere goizaldean eta eguerdian. Goizean, hala ere, Hodei magoaz gozatu zuten gazte eta helduek eta arratsaldean... [+]


2019-05-17 | ARGIA
Euskara ardatz, Sortzenen festa ospatuko dute igandean Iruñean

Takonerako lorategien inguruan egingo da festa etzi, maiatzaren 19an. Bi gune hartuko ditu: Vista Bella eta Bosquecillo kalea. Aurtengo leloa da Euskaratik guztion eskola sortzen eta, zentzu horretan, euskarak bustiko du jai eguna. Ondorengo lerroetan egunean zehar bertan izango... [+]


Eguneraketa berriak daude