Txikienak ere naturan gozatzen

Argazkia: Ekogunea
Argazkia: Ekogunea

Eguraldi ona iristearekin batera, gutako asko hasi gara udarako planak egiten. Oporrak, hondartza, bidaiak, mendia... Haur askok, ordea, zerbait gehiago ere izanen du buruan: “Udalekutara joaterik izanen ote dut aurten?”.

Euskal Herrian udaleku mota asko topa ditzakegun arren, guztiek ez dute naturarekiko harremana sustatzeko eta ingurumenaren gaia zuzenean lantzeko aukerarik ematen. Horretan ari dira, besteak beste, Kutxa Ekogunean (Gipuzkoa). “Iazko udalekuetan baratzea landu genuen batez ere, eta haurrek sekulako erantzuna eman zuten”, adierazi digu Maialen Sistiaga Ekoguneako hezkuntza eta aisia arduradunak.

Naturan bizitzeko, orientazioa eta biziraupena ardatz

6-12 urte bitarteko haurrentzat antolatzen dituzte udaleku irekiak Ekogunean. Goizero bertan elkartzen diren umeek naturan bizitzeko eta hura ulertzeko tresnak jasotzen dituzte. Helburua, antolatzaileen arabera, Ekogunean lantzen dituzten edukiak (ingurumena, ekologia, naturaren zaintza) gizarteratzea da; hitzetatik ekintzetara pasatzea.

Haurrekin, noski, jolasen bidez lantzen dituzte gaiok: “Aurten batez ere orientazio eta biziraupen gaiak landuko ditugu udalekuetan: ikasiko dugu, adibidez, landare jangarriak identifikatzen, txabola bat egiten edota iparrorratzarekin eta astronomia erabiliz orientatzen”.

Parkeko hainbat gune bisitatuko dituzte egunero udalekuko partaideek: gaur baratzea, bihar ibaia, etzi larrea, hurrena basoa... Modu honetan, haurrek zuzenean, beren begiekin eta eskuekin ikasten dituzte naturako elementuak.

Aurten, ludoteka ere bai

Sei urtetik beherako haurrentzat aisialdirako eskaintza falta zegoela sumatu dute Ekoguneako kideek azken urteetan. Horri buelta emateko antolatu dute aurten, lehen aldiz, ludoteka. Udalekuen antzeko helburuak izanik ere, gehienbat haur parkean egonen dira ludotekako haurrak (3-10 urte bitartean). “Era autonomoan jolasteko eta jolas kooperatiboetan parte hartzeko aukera izanen dute”. Hala ere, ludotekatik baratzera eta ibaira ere eginen dituzte irteerak, beraz, txikienek ere izanen dute Ekoguneako txokoez gozatzeko aukera.

Etorkizuneko baratzezain eta landarezain gaztetxoek badute toki aproposa uda honetan ere. Txikitatik gozatzen baitugu eskuak lurrez zikintzen...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eredu ekologikoak
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Eguneraketa berriak daude