A-28ko greba eta borroken konbergentzia

Greba eta mobilizazio eguna biziko da ostera ere apirilaren 28an Frantzia osoan. Helburua: El Khomri legea edo François Hollanderen lan erreforma  atzera botatzea. Inkesten arabera, Frantziako populazioaren %75 legearen aurkakoa da. Funtsean, Espainian PPk bultzatu zuen lan erreformaren oso berdintsua litzateke eta berau egiteko arrazoiak ere bai: lan merkatuak ez diela erantzuten egungo merkatu globalaren erantzukizunei eta, beraz, malgutasuna behar duela.

Malgutasunaren muina da langileak kaleratzeko arauak erraztea, langileen sindikatu mailako antolaketa ahultzea eta, funtsean, enpresarien erakundeen boterea handitzea lan harremanen esparruan. Orain arte, soldaten jaitsiera eta prekarietatea dira halako lan erreformek langileen artera ekarri dituzten ondorio nagusiak.

Mobilizazio hauei loturik, alabaina, Nuit Debout (Gaua Zutik) mugimendua sortu da, lan erreforma gerarazteaz gain, askoz urrutirago ere begiratzen duena. Parisko Errepublikaren plazako ikasle eta hainbat gizarte sektoreren aliantzak, neoliberalismoaren aurkako borroka makulu, gizarte eraldaketari begiratzen dio.

Sindikatuen ohiko borroken aurrean eta greba orokor isolatuen mugez jabetuta, zerbait jarraikorrago bultzatu nahi dute. Zer eta nola ez dago argi; oraingoz martxoaren 31n sortutako emariari norabide bat ematea ez litzateke gutxi. Espainiako M15arekin parekatu dute askok Nuit Debout, baita AEBetako Occupy mugimenduarekin, eta bietatik desberdina bada ere, proiekzioari begira behintzat itsasoz bestaldekoari begiratzen bide dio gehiago. AEBtan Bernie Sanders moduko hautagai demokrata batek sozialismoaren alternatibaz hitz egitea eta horrekin lortzen ari den sostengu zabala guztiz iraultzailetzat jotzen ari da. Occupyren errepikak ere badira halakoak.

Podemosen bideaz ere asko hitz egiten da, baina oraingoz ez dirudi Nuit Debouten etorkizunen hurbilean halako metxarik piztuko denik. Esaterako, hauteskunde eta alderdien lehiatik harago jo nahi luke mugimenduaren  bultzatzaile intelektuala den Frédérick Gordonek. Frantziako ezkerreko erreferentzia garrantzitsua den Gordonek, mugimendu indartsu eta zabaletan sinesten du aldaketa sakonei begira; horretarako, borroken konbergentzia ezinbestekoa da bere ustez. Horixe da, hain zuzen, Nuit Debouten baitan gehien zabaldu den kontzeptua, borroken konbergentzia, eta bere gerizpean ari da hazten gaueko suminduen borroka. Osteguneko mobilizazioa bere lehen geltoki handia da mugimendua sortu zenetik. Maiatzaren 3tik aurrera legearen eztabaidari ekingo diote Asanblea Nazionalean eta protesta ere biziki areagotu eta zabalduko dela pentsa liteke. Beste hainbat plazetako garra moduan, lehenxeago edo geroxeago itzaliko da Nuit Debout ere. Utziko duen arrastoaren norabidea da oraindik garbi ez dagoena, baina utziko duela ez da zalantzarik.

Espainiako estatuan mugimendu politikoa kalera baino instituzioei begira dago. Podemos eta IUren aliantza nahiko seguruaren aurrean PSOEk azken mugimendu zakarren bat egiten ez badu –boterea PP eta C’s-en esku utziz–, ekainaren 26an hauteskunde orokorrak errepikatuko dira. Alderdi nagusienen tresneria horri begira dago  abenduaren 20az geroztik; gainerako guztiei, hauteskunde berrien gurutz-bidea sofritzea egokituko zaie. Eta azkenean, jakingo dugu ea Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egun horretan egingo diren ala ez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nuit Debout mugimendua
Asanblada eta kanpalekua. Politika, bestelako munduak sortzeko

Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]


Parisko Errepublika plaza gau eta egun okupatzeko deia egin du Nuit Debout mugimenduak

Ekainaren 28tik gutxienez uztailaren 10era arte, Parisko Errepublika plaza modu iraunkorrean okupatzeko dei egin du Frantziako Nuit Debout mugimentuak.


2016-06-09 | Estitxu Eizagirre
Nuit Debouteko gakoak azaldu ditu Miguel Seguik

Miguel Segui NPAko (Nouveau Parti Anticapitaliste) kidea da eta azken hilabeteetan Frantziako plazetan antolatu den Nuit Debout mugimenduan parte hartzen du. Ekainaren 8an hitzaldia eman du Gipuzkoa Zutikek gonbidatuta, Bulebarrean.


Sindikatuen zortzigarren greba eguna Frantziako Estatuan

Grebak, erregai biltegien blokatzeak, bide mozketak, zentral nuklearretako mobilizazioak… El Khomri legeari aurre egiten ari zaizkio zortzigarren egunez sindikatuak, CGT buru dutela, maiatzaren 26 honetan, ahaztu gabe Nuit Debout mugimenduak egunero antolatzen dituen... [+]


Eguneraketa berriak daude