Biarnoko Jean Lassalle diputatuak Nuit Debout defenditu du Frantziako Legebiltzarrean

  • Parisko Asanblea nazionalean gertatu da, lan erreformaren lege polemikoa eztabaidatzen ari diren saioetako batean, sindikatu nagusien greba orokorrak eta Nuit Debout bezalako mugimenduak eragin dituen El Khomri legearen tramitazioan: Biarnoko eta Iparraldeko (Zuberoa eta Nafarroa Behereko) botoekin diputatu den Jean Lassallek Nuit Debouteko gazteen suharra goraipatu du.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko maiatzaren 05a

Lassalle (1955) Biarnoko Aspe bailaran sortua da, Ordiòs-Ishèra (Lourdios-Ichère frantsesez) eta François Bayrouren Mo-Dem alderdi zentristan lehendakariorde. Lehendik dute ezaguna Frantziako legebiltzarrean, Aspe haraneko fabrika baten deslokalizazioaren kontra bost astez gose greba egin zuelako eta beste aldarrikapen batzuen eske biltzarraren jarduera eteten zuelako okzitanieraz kantari. Lassalle berak aipatu izan du Frantziako lehendakaritarako 2017ko bozketan hautagai izan nahiko lukeela.

Oraingoan, Myriam El Khomriri mintzatu zaio, hasieran ironiaz esanez zortea opa diola aurrera atera behar duelako lege… oso kaxkar bat. Ondoren aipatu ditu lan erreformak oinezko langile frantsesei ekarriko dizkien kalteetako batzuk, bai eskubideak galarazten eta bai soldatak are gehiago apaltzen, “lege honek suntsitu nahi baititu hamarkada luzez Frantzian gaiotan egindako aurrerapenak, ordainetan lanpostu bakar bat sortu gabe”.

Bukatu du ministroari aitortuz legerekin ekarri duela ondorio on bat: “Azkenean Frantziako gazteria iratzarri da. Ni ere zoriontsu nago ikusirik Nuit Debout eta “Merci Patron” film zoragarria. Lastima da liskar sortzaileak ere egotea, klase guztietako manipulatzaileak mugimendu hori hautsi nahi dutenak, lastima, zeren eta haien bidean Frantziak aurkituko baitu bere bidea berreskuratzeko lana, adostasuna eta halako konfiantza bat bere buruan”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Nuit Debout mugimendua

Nuit Debout mugimendua kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut
Eguneraketa berriak daude