"Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa iparraldeko ibai denak dauzkagu desbideratuta, eta ezin dute ongi funtzionatu"

  • Arturo Elosegi EHUko Ibaien Ekologia taldeko ikertzailea eta ekologia katedraduna da. Urte dezente darama zerbitzu ekosistemikoak ikertzen; alegia, ibai-uren inguruan sortzen den bizitza eta horrek gizarteari dakarkion onura. Azkenaldian, kutsatzaile berrien eraginekin kezkatuta dabiltza Ibaien Ekologia taldean: geroz eta gehiago hartzen ditugun botikak hasi dira dagoeneko ibaietan eragiten. Beste ikerketa talde batzuetan arrainen sexu aldaketak ere antzeman dituzte.

“Araztegiak ez ziren diseinatu farmazia-produktuak arazteko; ibuprofenoaren %80 gernuarekin komunetik behera doa” / Iñigo Azkona

Zertan zabiltzate Ibaien Ekologia ikerketa taldean?

Ibaia ekosistematzat hartuta aritzen gara. Interesatzen zaigu ez soilik ura garbia den ala ez, baizik eta bertan den biodibertsitateak (algak, ornogabeak, arrainak) nola jokatzen duen ibaiko ekosistemaren funtzionamenduan. Ibaiak hainbat mesede egiten digu gizarteari; horri esaten zaio zerbitzu ekosistemikoa.

Batetik bestera asko aldatzen da?

Ikuspuntu guztiz antropozentrikotik sortu da zerbitzu ekosistemikoa, gure jardueren arabera aldatzen da. Ibaiek ematen digutena gizartearekin aldatzen da. Ur litro batek askoz gehiago balio du jende asko bizi den lekuan; beraz, bai, lurraldetik lurraldera zerbitzuak aldatzen dira. Maiz ez ditugu balio horiek aintzat hartzen. Adibidez, orain urte batzuk Aiako Harriko Natur Parkearen balioaz eztabaidatzen aritu ginen; ordura arte lan gehienek parkean ekoizten den zuraren balioa azpimarratzen zuten, baina ikusi genuen parkeak ehunka aldiz diru gehiago ematen duela uretan zuretan baino. Hori zerbitzu ekosistemikoa da, ur garbia ematea. Garai batean oso argi zuten. Donostiako Udalak orain ehun urte Artikutza erosi zuen ur nahikoa izateko, eta arroa zaintzearen ondorioz gaur munduko ur garbiena han dago, eta Euskal Herriko biodibertsitaterik handiena!

Erreka-urak garbi ikustearekin konformatuko ginateke asko.

Kontua da giza jarduera askok kaltetu egiten dutela ibaien funtzionamendua: baso-ustiapenek, ibilguaren aldaketek, ura kentzeak (edateko, zentral hidroelektrikoetarako...). Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa iparraldeko ibai denak dauzkagu desbideratuta, beharko luketen emariaren parte txiki bat daramate eta ezin dute ongi funtzionatu.

Zer egin ibaiei kentzen diogun ur-emaria berreskuratzeko?

Mota askotako egoerak daude. Pentsa, Gipuzkoan 900dik gora presa ditugu! Horietako batzuk Erdi Aroko errotenak edo XIX. mendeko fabrikenak, eta ez dute erabilpenik. Ibaien oztopo besterik ez dira; espezie askok ezin dute mugitu, errekak zatituta baitaude. Oztopo horietako asko eraitsi egin daitezke, ibai zatiak konektatuz. Bestalde, zentral hidroelektriko asko dugu. Batzuek etekin handia ematen dute; beste batzuek, aldiz, inpaktu handia bai, baina apenas sortzen dute elektrizitaterik. Ikusi beharko litzateke zeinek merezi duen mantentzea eta ibaiari utzi behar dioten emaria berrikusi, inpaktu handiagoa ala txikiagoa izan baitezakete.

“Erabaki dezakegu 12.000 milioi biztanle bizitzea, gaur egungo ghanarrak bezala, edo askoz gutxiago baina estatubatuarrak bezala”

Administrazioak barneratu ditu ibaiak berreskuratzeko politikak?

Kontzientziazioa izan badute, baina indar falta sentitzen dutela esango nuke; gizarteak ez du horren erraz ikusten. Adibide bat: hemen inguruan bota den presa handiena Leitzaran ibaiko Inturiako presa izan zen, Andoainen; aspalditik ezertarako balio ez zuena, 12 metroko altuerakoa. Botatzea erabaki zenean inguruko biztanle asko oso kontra jarri ziren. Ohituta zeuden presak sortzen zuen putzura. Beraz, ez da ardura duen administrazioa kontzientziatzea bakarrik, gizarte osoa eraldatu behar da.

Ura zikin dakartenean edo uriolak direnean gogoratzen gara ibaiez.

Europarrok naturaren oso pertzepzio okerra daukagu. Guretzat paisaia polita golf zelai bat da: garbi-garbia, txukun-txukuna. Zenbat aldiz esaten da “basoa zikin” dagoela “sasi asko dituelako”, edo kexatu gara ibaietako egur hilaz ibaiari dakarkion onuraz ohartu gabe? Uholdeak gehienetan ez dira gertatzen ibaia zikin dagoelako, ibaiertzak okupatu ditugulako baizik. Azken aldian Urumean uholde asko gertatzen dira, Hernani-Astigarraga aldean. Begiratu 1954ko airetiko argazkiei eta egungoekin alderatu: berehala ikusiko duzu zergatik ugaritu diren uholdeak. Errekaren eta herriaren artean zegoen distantzia desagertu da.

Urarekiko ziurgabetasun sentipena galdu dugula esan izan duzu.

Errotak eta burdinolak bai, baina baserri zaharrak inoiz ez daude erreka ondoan. Herriak ere urrutixeago eta goraxeago eraikitzen ziren. Baina administrazioak uholdeen kontrako babesgarri bat egiten badu, lur sail bat ureztatzea ekiditeko adibidez, pentsatzen dugu babes hori erabateko bermea dela, eta hortxe eraikitzen hasten gara. Ez ditugu parkeak edo aparkalekuak soilik eraikitzen, baita etxebizitzak eta ospitaleak ere, eta ziurtasun sentsazio faltsu hori oso arriskutsua gerta daiteke.

Zer neurri hartu beharko genuke?

Hainbat lekutan hasi dira ibai ondoko etxeak botatzen. Donostian, Txomin-Enean. Ez zegoen beste erremediorik! Baina jendeak konbikzioa behar du. Hasieran esaten zen errua administrazioarena zela, ez zuelako erreka dragatzen. Baina etxeak marearen mailan zeuden eta erreka dragatuz gero, orduan eta gehiago sartzen zen itsasoa. Uholde arrisku handiko leku asko dago Euskal Herrian, baina leku hauetan zer dagoen da gakoa. Ez da gauza bera Hernaniko errugbi zelaia urperatzea edo MercaBilbao!

Indarrean dago EAEko 2015-2021 Plan Hidrologikoa. Zeintzuk dira 2021era bitarteko erronkak?

Europak 2000n onartu zuen zuzentarauak izugarrizko iraultza ekarri zuen. Ordura arte, estatu bakoitzak bere legea zuen. Espainian kezka bakarra ura garbi egotea zen. Zuzentarauak agintzen du ibaiek egoera ekologiko onean egon behar dutela. Iaz amaitu zen Europak ezarritako lehen epea, eta ez da lortu helburua osotasunean, baina ibaien egoera beste begi batzuekin baloratzea lortu da, eta hobetzeko bidean gabiltza.

Zer esan nahi duzu?

Ur garbia daukazunean beste arazo batzuk ageriago geratzen dira, eta plan hidrologikoa horiei erantzuten saiatzen da. Bilbon, Elgoibarren edo Tolosan, ibai izugarri kutsatu baten ondoko hirietan, sumatu egiten da. Garai batean Oria ibaia ez zen ikusten, dena zen aparra gau eta egun; Tolosan etxeek gehiago balio zuten ibaitik ahalik eta urrutien. Ura horren zikin dagoenean ibaiei begiratu ere ez zaie egiten. Aldiz, ura garbitu eta arrainak agertzean, bat-batean gure biziaren zati garrantzitsu bihurtzen dira. Errekaren egoera guztiz lotuta dago gizartearen jardunarekin; asko erakusten du gure ingurumen hezkuntzaz. Deba ibaia egoera lotsagarrian egon zen orain dela bost bat urtera arte, Epeleko araztegia egin arte. Orain arrainak daude! Sekulako jauzia, baina ez nahikoa.

“Uholdeak gehienetan
ez dira gertatzen ibaia zikin dagoelako, ibaiertzak okupatu ditugulako baizik”

Araztegiena da ardura osoa?

Oso konplikatua da araztegien kudeaketa. Ongi diseinatu behar dira, artatuko duten jende kopuruaren araberako dimentsioa izan behar dute. Ekosistemek bezala funtzionatzen dute, neurri batean prozesu biologikoak dira. Baina zer gertatzen da, adibidez, antibiotikoak iristen badira?

Agente kutsakor berriak deitzen diezue.

Bai. Araztegiak diseinatu ziren materia organikoa, koliformeak eta antzekoak arazteko, baina ez farmazia-produktuak arazteko, eta geroz eta gehiago daude. Ibuprofenoaren %80 gernuarekin komunetik behera joaten da eta botika horien degradazio osagaiak agertu dira, batzuetan jatorrizko konposatuak baino eraginkorragoak. Eragin biologiko oso gogorrak izateko pentsatutako botikak dira, eta izugarrizko koktelak ari dira agertzen erreketan.

Nola eragiten dio horrek errekako faunari?

Gure fakultateko beste hainbat ikerlari ari dira gaia aztertzen. Arrainen feminizazioak, sexu gorabeherak… antzeman dituzte, hartzen ditugun eta baserrietan erabiltzen diren botikek eragindakoak, araztegietan ezin baita kutsadura hori guztia kendu.
Kontsumo ohiturak aldatu behar, beraz. Baina kontrara ez ote gabiltzan… Geroz eta gehiago edaten dugu botilako ura.
Lotsagarria iruditzen zait, eta Euskal Herrian, gainera, izugarrizko muga nabari da: Iparraldean kanilako ura ateratzen dizute jatetxeetan; Hegoaldean, aldiz, botilakoa. Psikologikoa dirudi, Hegoaldekoon espainiartasunaren erakusle: Mediterraneoan ura botilakoa da eta ohiko bihurtu da horrela edatea, baina hemen ez daukagu premia hori! Kanilako ur oso ona daukagu!

Uraren munduko egunaren aurtengo leloa horrekin lotuta dago: “Ura eta garapen jasangarria”.

Ura da gizarte batean baliagarri funtsezkoenetakoa. Urik ez daukan gizarteak izugarrizko arazoak ditu. Bestalde, garapen jasangarria gero eta erronka zailagoa da, gero eta jende gehiago baikara. Datuek diote aspaldi gainditu genuela jende-maila jasangarria, eta garaia dela zenbat murriztu eta nola bizi behar dugun pentsatzeko: erabaki dezakegu 12.000 milioi biztanle bizitzea, gaur egungo ghanarrak bezala, edo askoz gutxiago, baina egungo estatubatuarrak bezala. Urarena izango da gure etorkizuneko erronkarik handiena. Dagoeneko gerrak ere piztu dira uraren inguruan.


ASTEKARIA
2016ko martxoaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ibaiak
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-02-12 | Estitxu Eizagirre
“Ta argiya iñ zan” emanaldia
Energiaren dilemak Urumea ibai barrutik

Ibai ondoan bizi dira Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Eli Pagola Apezetxea. Zentral hidroelektrikoekiko jakinminari tiraka hasita ikerketa eta zinema uztartzen dituen arte esperientzia prestatzen ari dira, Hernaniko Sormen Bekari esker: arte ikerketa honetan, harremanetan... [+]


Eguneraketa berriak daude