"Torturaren imajinarioa zabaltzeko lan handia egin behar da oraindik"

  • Torturatuaren buzoa jantzita ibili da Torturaren Aurkako Egunaren harira antolatu duten ekimen sorta dela eta. Bestelakoan Iker da, langilea, artista, laguna. Ez du bere burua kategoria itxietan babestu nahi; are gehiago, ariketa zintzoa egin du bere buruarekin eta erabaki du iraganean bizitako militantzia, kartzela eta tortura saioak, baita epaiketaren zain daraman denbora ere, berak nahi duen moduan biziko dituela: maskararik gabe, bere emozioak eta barne prozesuak erdigunera ekarriz.

"Ez dut preso ohi edo torturatu ohi etiketapean soilik eraiki nahi nire identitatea".

Buzoa jantzi duzu egun hauetan baina entzun izan dizut ez duzula torturatuaren paperetik eraiki nahi zure burua.

Hala da, tortura eta kartzela nire bizitzan eman diren egoerak izanik ere, uste dut beste hamaika elementu gehiago dagoela nire biografian; hala, ez dut preso ohi edo torturatu ohi etiketapean soilik eraiki nahi nire identitatea. Dena den, egun hauetan jantzi hori jarri dudala esaten dut ohitu naizelako egin zidaten hori noizean behin ateratzen, tripak irekitzen, daukadan hori bota eta berriz ere orbainak josten, helburu politiko zehatzak lortze aldera, baina baita terapia modura ere.

Une honetan zein da zure harremana eragin zizkizuten torturekin?

Esan dizudan bezala, lanketa handia egin dut gaiarekin. Hasiera batean, espetxetik atera nintzenean kaleko egunerokoari eutsi nion bizitakoari arreta berezirik eskaini gabe. Baina denborarekin ohartu nintzen zerbaitek ez zuela funtzionatzen nire barruan; “ez dakit zer pasatzen zaidan baina hau ez naiz ni”. Azalekoa nintzela. Torturek nire egunerokoan eragiten zutela baina aldi berean ez nuela ezer sentitzen. Laguntza psikologikoarekin, egin zigutena sentitzen hasi nintzen arte. Hortik aurrera, uste dut torturaren iruditegia zabaldu behar dela: ez da jazarpen fisikoa soilik, osagai psikologikoa da denborarekin gailentzen dena.  

Eta Eva Foresten Una extraña aventura iritsi zen zure eskuetara halako batean.

Hala da. 1977an idatzitako liburu horrek hamar emakume presoren arteko elkarrizketa kontatzen du eta torturaren imajinarioa zabaltzeko oso baliagarria egin zait. Nik buruan neukan tortura oso praktika fisikoa zela, alabaina, denborarekin metodoa sofistikatu dute eta askoz psikologikoagoa bilakatu. Ni txikitu nindutenean alderdi psikologikoak pisu handia izan zuen. Gerora ulertu dut luzera begira, barruan bestelako aspektuak geratzen zaizkizula: errua, lotsa… Pentsa, duela gutxi ohartu naiz badela antsietatea eragiten didan zerbait orain arte oharkabean pasa zaidana eta hori, hain zuzen ere, itxoitea da. Konturatzen naiz zerbaiten zain egoteak erabat urduritzen nauela eta pentsatu nahi dut torturak utzi didan arrastoagatik dela. Eva Forestek horri guztiari buruz hitz egin zuen liburu horretan; inguratzen zaituen atmosfera, psikologikoki eragiten dizuten beldurra, barruan geratzen zaizuna...

Nolakoa izan daiteke aipatzen duzun kontakizun zabalago hori?

Hasteko, esan beharra dago ez dela erraza bortizkeria politiko jakin bat bizi izan dugunontzat bizitzan aurrera egitea. Eta ez dut esan nahi guri gertatu zaiguna gerta daitekeen okerrena denik; bizitzan bestelako egoera gogor asko dago. Halere, jazarpen poliziala, espetxea, epaia edo tortura jasan dugunok gabezia handi batekin bizi gara: guri egin digutenak intentzionalitate politiko argia izan du eta erantzuleek ez dute egundo onartu motibo horregatik egin zigutela. Ez du inork adierazi “kalkulu politiko baten arabera estrategia oso bat diseinatu genuen zuek politikoki garaitzeko”: Torturatzea ez gertatzen, erabaki egiten da, baina ez dugu horren ardura hartuko duen inor. Horrek ezberdintzen du gure bizipena beste bizipen gogorretatik; alzheimerra ez da erabaki politiko baten ondorioa, tortura bai.

Bestalde, zuk ez duzu bat egiten gizon-hegemonikoaren ereduarekin.. Eraginik izan du horrek?  

Noski, batez ere nire identitatean maskulinitateak eragin handia izan duelako. Nire emozionaltasuna zentroan jarri dut beti eta oro har, nire gizontasun bazterreko honek ondorioak izan ditu. Aurkarien artean zein nire kideen artean; guztietan izan du islarik. Orokorrean, ez da erraza espazio politizatu baten erdigunean dimentsio emozionala jartzea; are gehiago, esango nuke Ezker Abertzalean edota feminismoan ere, alderdi maskulinoak direla ahalduntzeko gaur egun dauden bide nagusiak. Hortik, atera kontuak.

Ez dela erraza esan nahi duzu.

Ez. Diferentzia horrek pisu handia hartzen du edonon. Mundu guztiak nahasten ditu identitatea eta joera, gizontasun femeninoa eta homosexualitatea. Tortura saioetan, esaterako, uzki bidezko sexua irudikatzen zuten praktikak egiten zizkidaten, horrek dituen konnotazioak agerikoak direlako; min handiagoa egingo zidatelakoan edo. Baina era berean, eta ezberdina bada ere, nireak sentitzen ditudan espazio politikoetan ere emozionaltasunak ahuldade konnotazioa du. Sentipenak mahaigaineratu izan ditudanean deserosotasuna sortu da, batetik, emozioak gune politikoetan arrotzak direlako, eta bestetik, emozio horiek azaleratzen dituena biktima bihurtzeko joera dugulako.  Eta nire ustez, guztiok sufritu dugu asko baina hori kudeatzeko moduetan dago ezberdintasuna, besterik ez. Nik, esan bezala, aspaldi erabaki nuen nire barne prozesuak nire bizitzaren erdigunera ekartzea, maskararik gabe bizitzen saiatzea. Bide horretan, nire moduei lekutxo bat egingo dio eta aniztasunetik aberastuko den Ezker Abertzale bat nahi nuke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude