"Emakumeak dira austeritateak gehien hunkiak"

  • 1995ean Quebeceko emakumeen martxa egiteko ideia berari bururatu bazitzaion ere, mundura zabaltzeko xedeak izutu zuen hasiera batean. Lagunek konbentziturik, xedearen gauzapenari lotu zen Françoise David, 1994tik 2001era Quebeceko Emakumeen Federazioko buru izandakoa. Gaur egun, politikan dago buru-belarri, diputatu, grina feminista beti bezain azkar duela.

Lehenbiziko Emakumeen Mundu Martxa, 2000n. Argazkiaren erdian da Françoise David, pankartaren atzean.
Lehenbiziko Emakumeen Mundu Martxa, 2000n. Argazkiaren erdian da Françoise David, pankartaren atzean. Françoise David

Eskerrak anbiziotsu zarela...

Diane Matte koordinatzaileari eta Manon Massé mobilizazioaren arduradunari zor diegu anitz. Ideiari hetsia ez izan arren, zailtasunak nituen antolakuntza irudikatzeko. Garaian ez zegoen talde feministetan mundu mailako harremanik! Quebeceko Emakumeen Federazioko kideak konbentziturik, ideiaren alde bozkatu genuen 1996ko biltzar nagusian. Garaian, federazioko lehendakaria nintzen. Ni ere konbentzitu ninduten eta lotu nintzen gauzapenaren sustapenari, gertatu beharra gertatuko zela pentsatuz. 

Oinarriak nahiko erraz adostu zenituzten.

1998an elkartu ginen lehen aldikoz Montrealen, ehun bat herriko 150 bat emakume. Guk pobreziaren aurkako martxa izatea nahi genuen, baina ez zen denen gustukoa. Pobrezia eta bortizkeria guztien aurkako martxa izatea hobetsi genuen. Nazio Batuen Erakundera (NBE) eramanen genituen hogei aldarriak nahiko errazki adostu genituen. 

2000. urtea, gauzapenaren urtea. 

Sekulako lana izan zen. Hastapenean koordinatzaile bat enplegatu genuen, handik gutxira beste bi, eta apurka-apurka 30 pertsona ziren lanean! Afera alimalea bilakatu zen. Pisua ere zen noski, Quebec mailako antolakuntzan izateaz gain, Kanadakoan eta nazioartekoan ere baginelako. Kasik porrot egin zuen 1999ko abenduan. 300.000 dolar eskas genituela jakinarazi zidan koordinatzaileak. Sei aste gelditzen zitzaizkigun sosa atzemateko. 

Nola lortu zenuten?

Ezustean, Kanadako ministro batekin biltzea lortu nuen. Gobernu federalak ez zigun oraindik dirurik zuzendu, Quebecekoak aldiz milioi bat dolar zigun jada banaturik. Hor, Kanadaren aldia zen. Mirakuluz lortu genuen dirua eta zulorik gabe bukatu genuen martxa.

New Yorken eman ziren azken urratsak.

10.000 emakume ginen bukaerako manifestazio horretan; gehienak Ipar Amerikakoak izan arren, kontinente guztietakoak baziren. NBEko idazkari nagusiaren ordezkoarekin, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Munduko Bankuarekin bildu ginen. 

Zein mezu igorri zenieten ?

Emakumeoz hitz egin genien, baita liberalismoaz ere. Feminista izateaz gain, altermundialista ere da gure mugimendua. Neoliberalismoa eta patriarkatua errotik lotuak dira, elkar elikatzen dute. 

Gogor doan austeritatea ezinbesteko du neoliberalismoak. 

Hor ere, emakumeak dira austeritateak gehien hunkiak. Quebecen adibidez, zerbitzu eta funtzio publikoetan lanean dabiltzanen %75 emakumeak dira. Ezin prezatuzko zerbitzuak ekartzen dabiltza eta horiei esker da jendartea oraino zutik. Murrizketekin emakume horiez trufatzen da gobernua. Bere betebeharrak utziesten ditu estatuak baina, ezinbestean, nork betetzen ditu zerbitzu horiek? Neurri handian emakumeok, izan familian, izan auzotasunean, izan elkarteetan... 

Indartsu dabil Emakumeen Mundu Martxa.

Lehen EMMetan gatazkak ziren Ipar eta Hegoko emakumeen artean, kondeszendentziaz tratatzen genituela zioten. Orain elkar entzute handiagoa dela uste dut. Haien errealitateaz aski hitz egin ez izana deitoratu ziguten antolakuntzan buru-belarri aritutako lesbiana batzuek. Arrazoia zuten. Autoktonoekin ere gabiltza lanean. Aniztasuna ordezkatzeko ahala onduz joan da eta argi da EMMren emaitza dela. 

Quebec Solidaire alderdi soberanistako diputatu zara.  

Proiektu sozial batean oinarrituriko prozesu independentista proposatzen gabiltza. Proiektu feminista, ekologista eta aurrerakoia dugu. Bi erreferendum bizitu genituen, bigarrena kasik irabazi genuen. Alta, hogei urte geroago, dena dugu berriz egiteko. %35-%38 inguru dira burujabetzaren alde, ez da nahikoa. Gazteei ez zaie soilik banderaz, NBEko aulkiaz edota gobernu federal gaiztoaz hitz egin behar; proiektu sozial eder bat proposatu behar zaie. 

Prozesu independentista nolakoa lirateke?

Gobernura iritsiz gero biltzar konstituziogile bat osatuko genuke, herritarrek hobetsia eta biztanleriaren aniztasuna ordezkatuko lukeena. Paraleloki, Quebecen gero politikoaz bozketa antolatuko genuke. Urraspide bikoitza dugu beraz: gero politikoaz gogoeta eta une berean, konstituzioaren idaztea. Testu horretan lirateke gure baloreak finkaturik, feminismoa barne.

Nola segurtatu feminismoa ez dela bigarren mailara pasako?

Proiektu independentista proposatzen duen alderdia feminista izatea da menturazko independentzia feminismoan oinarritua izatearen segurtapen bakarra. Argiki diogu feministak garela; gure estatutuetan finkaturik dugu parekotasuna. Bazeneki zenbat aldiz hitz egiten dudan emakumeez nire hitz-hartzeetan! Baina ez naiz betirako hor... Quebec Solidairek mezu feminista hedatzen segituko duen bermea ba ote dut?

Galdera luzatzen dizut...

Ez dugu inoiz bermerik. Baina ezagutzen ditudan feminista horiek guztiek Quebec Solidairen segituko duteino feminista izaten segituko du alderdiak. Bestalde, emakumeen mugimenduak Quebec Solidaire zaindu behar duela uste dut. Aliatu zenbait baldin baditugu ere, ez da egia gizonak direla horretaz okupatuko. 

Quebecetik mundura

“Quebeceko martxaren ideia proposatu nuenean erotzat jo ninduten. Martxaren biharamunean, ekimena mundu mailara zabaltzeko ideia aurkeztu zidaten bi lagunek. ‘Serioski ari al zarete?’, erantzun nien, handinahiegiak zirela gehituz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeen Mundu Martxa
Gasteizko hilketa matxista gaitzetsi dute mila lagun baino gehiagok

Mugimendu Feministak biktimak izandako babesgabetasun egoera salatu du. Iruñean, Donostian eta Bilbon astearte arratsaldean deitu ditu mobilizazioak Emakumeen Mundu Martxak.


2021-11-10 | ARGIA
Emakume, neskatila eta LGBTIQA+ kolektiboko pertsonei berezkoak zaizkien asilo-arrazoiak aitortzeko, Feminist Asylum kanpaina abiatu dute

Feminist Asylum kanpaina abiatu dute Europa mailako hainbat mugimendu, talde, elkarte, alderdi eta sindikatuk. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak bat egin du kanpainarekin, eta herritarrei dei egin die berau babestera.


2021-10-13 | ARGIA
Gasteizko hilketa matxista salatzeko mobilizazioak

42 urteko gizon batek 37 urteko emakume bat hil du Gasteizen, eta bere buruaz beste egin ostean. Hilketa matxistaren aurrean mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Honekin, bost dira aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako emakumeak.


emakumeen mundu martxa, nazioarteko v. ekintza
Mugak apurtzeko deia luzatu dute Hendaia eta Irun artekoa zeharkatuz

Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean iazko urrian abiaturiko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko V. ekintzari bukaera eman diote 400 bat lagunek martxoaren 6 honetan. Manifestazio koloretsu baten bidez Hendaia eta Irun lotuz eta muga... [+]


2021-03-08 | Dani Blanco
Emakumeen Mundu Martxaren bukaera argazkitan

Dani Blanco ARGIAko argazkilariak argazkitan jaso du Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko V. ekintza.


Eguneraketa berriak daude