Espainia, beldurraren unea

Ibex 35ak argi esan du: gauza bedi PP-PSOE akordioa.

MURRIZKETEN hodeiek gero eta burrunba handiagoarekin iragartzen dute ekaitza Espainian. 2016an egin beharreko etxeko lanak dira Europar Batasunaren hizkuntzan. Noiz eta  Espainiako ekonomia “krisia gainditzen ari denean” edo “EBn gehien hazten ari den ekonomia denean”, PPk hainbestetan gogorarazi duen gisan.

Egia esan, PPren hauteskunde emaitzak lagundu nahian, botoen ostean datoz Euroguneko zaldunen ohartarazpenak, edozein dela ere gobernua, Espainiari bere egoera garbi uztera. Pello Zubiriak joan den astean (2016-1-11) ARGIAko webgunean jakinarazi zigun 12.000 milioi euroko murrizketak doazela Espainiara 2016rako; astebete beranduago, Enric Julianak 10.000 milioi euro izango direla iragarri digu La Vanguardiako bere kronikan (2016-1-17). Ekonomia lerroetan arakatuta, gero eta ugariagoak dira informazio horiek.

Kontsumorako konfiantzak animatu ei duenean ekonomia, hodei beltzen  iragarpenak dakarrena ikusi beharko da. El Blog Salmónera jota, adibidez, enpresariek bekaina okertzen dutela iragartzen digute. Espainiako Estatistika Institutuak diosku, enpresariei egiten zaien konfiantza inkestak azken hiru urteetako emaitza txarrenak eman ditu 2016ari begira. Klase honek muturra okertzen duenean batez ere behar beste irabazten ari ez direlako izaten da. Beraz, nola izan errentagarriago? Azken zortzi urteetan herritarrak inoiz baino hobeto ikasi du kapitalak nagusiki arazoa nola ulertzen duen: lan erreforma, malgutasun eta prekarietate gehiago. Europako Banku Zentraleko buru Mario Draghik 2015ean behin baino gehiagotan eskatu dio lan erreforma Espainiari: laugarrena  litzateke, Jose Luis Rodriguez Zapaterok egin zuen lehena eta beste bi PPk.

ESPAINIAREN ZOR PUBLIKOAZ ere gero eta gehiago hitz egiten da. 2015eko datuetan bilioi bat eurokoa litzateke zor hori, BPGaren %99,8. “El salmón contra corriente” blogak, esaterako, Espainiaren azken urteetako zorraren eboluzioaz datu eta analisi oso interesgarriak ematen ditu: 2016an Espainiak 200.000 milioi eurotik gorako zorra birfinantzatu beharko du eta interesek gora egiten badute edo “merkatuek”, 2012an bezala adibidez, konfiantza galtzen badute, arrisku primak dantzan jar ditzake estatuko finantzak.

PPren eta sistemaren zutoin nagusienak saiatzen dira gizarteratzen zorra kontrolpean dagoela, baina kopuru horiekin gaur egun ez dago kontrolik, edo hobeto esanda, zenbakiok “merkatuen” kontrolpean zaudela adierazten dizute. Urteetako burbuilaren ondorioz, Espainiaren zor pribatua larria zen krisiaren hasieran, eta zor orokorra larriagotu besterik ez da egin: 2014aren amaieran zor guztia 4,49 bilioi eurokoa zen. Zorraren ikuspegitik, egoera larritu egin da eta barne edo kanpo ezegonkortasun txikienak ondorio larriak izan ditzake halako ekonomia batean.

Espainiako gobernu eraketa saioek aurrera egin ahala, ekonomiaren egiazko egoeraren gero eta zantzu gehiago ateratzen ari dira egonkortasuna eta austeritatearen bruneteetatik. Europar Batasunarentzat PP-PSOE da formularik egokiena egoerari aurre egiteko eta norabide horretan presionatzen hasi da. Azken finean, Alemanian edota EBko beste hainbat estatutako formula berdintsua da, edozelako egiazko aldaketaren aurrean antidotorik indartsuena.

Hauteskundeak ere hor leudeke, ate joka, baina merkatuen begietara hauek ezer konpondu baino gaiztotu egin dezakete, gehien indartu litekeena Podemos bera baita. Hipotesi horretan, Mariano Rajoyren ibilbidea iritsi da bere amaierara seguruenik. Oraingoz, hala ere, PPk ez du iragarri gobernua osatu ezin duenik. Hala egingo balu, ondoren PSOEren txanda izango da. Inork gutxik du konfiantzarik Pedro Sanchezen izaera eta alderdi barruko bere indarrean. Alde horretatik nahiko lasai bide dira Andaluziatik PSOEren hariak mugitzen dituzten eskuak.

Ezinezkorik ez da politikan eta Portugalgo bidea ere zabalik da Espainiarako, baina gauzatzeko aukera oso gutxirekin. Beste askoren artean, Ibex 35ak argi esan du: gauza bedi PP-PSOE akordioa. Orain behinik-behin, beldurraren unea da, Espainiak norabide okerrik har ez dezan.


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskunde orokorrak 2015
Rajoyren inbestiduraren aurka manifestazioa deitu dute Madrilen, "Mafiaren kolpea" salatzeko

Mariano Rajoyren inbestiduraren aurka, larunbatean manifestaziora deitu du 25-S erakundeak. Rajoy presidente bihurtuko duen inbestidura saioarekin batera abiatuko da. “Mafiaren kolpearen aurrean, demokrazia” leloarekin abiatuko da.


2016-08-31 | Unai Brea
Rajoyri ezezkoa inbestidura saioko lehen bozketan

Espero zenez, Mariano Rajoy PPko hautagaiak ez du lortu Espainiako presidente izateko behar adina babes inbestidura saioko lehen bozketan. Baiezko 170 boto jaso ditu jarduneko presidenteak, eta 180 ezezko. Ez da abstentziorik izan.


Urkullu: "EH Bildu kontziente zen egoeraz. Ez dut ikusi hautagaitzarik erretiratu duenik"

Lehendakariak “oportunismoa” egotzi dio EH Bilduri Eusko Jaurlaritzaren ikasturte berriko lehen kontseilu bileraren ostean. Espainiako Gobernuari, abertzaleak mespretxatzea.


Espainiar eskuinaren hegemonia

Hauteskunde biharamuneko ARGIAren azal honek eskaintzen zuen irudia ez zen txantxetakoa. Hori da Mariano Rajoyren ahotan entzungo den diskurtsoa, Espainia urdinarena. Tribunatik Espainiako eskuinaren nagusitasun ia erabatekoa barreiatuko da.


Rajoyren inbestidura saioa: Ciudadanosen ultimatuma, Pastorren jokaldia eta eguberriak

Datozen 48 orduetan PPk bere eskaerak betetzen ez baditu, inbestidura saioan baiezkoa emateko negoziaketak bertan behera utziko ditu Ciudadanosek.


Eguneraketa berriak daude