Hedoi Etxarte, Katakrak proiektuko kidea

"Langile jendea ezin duzu punk-rocka eta hip-hopa entzutera kondenatu"

  • Pentsalaria, idazlea, liburu saltzailea eta tabernaria. Katakrak Iruñeko liburu-denda eta pentsamendu eta eztabaidarako guneko kidea, bertako agenda kudeatzen du eta irakurle taldeez arduratzen da. Azkarra, jantzia, kritikoa, eta zenbaitetan, kaustikoa.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2015eko abenduaren 20a
"Jendea desberdina izateko izugarrizko eskizofrenian murgildu da, azkenean denak berdinak izateko".Dani Blanco

Noiz arte har daiteke gaztetzat pertsona bat? 

Bereizketa horiek ez zaizkit gustatzen. Aitak esaten dit txikitan asko gustatzen zitzaidala jolastea eta gaur egun ere bai. Gaztaroa, nerabezaroa bezala, XX. mende hasieran jende gutxik izan zezakeen zerbait da. XXI. mende hasieran, jende askok pentsatzen du badaukala, baina segur aski ez dauka. 

Jolasteaz gain, txikitan zer zenuen gustuko?

Nire inguruko figurak aitona-amonak izan ziren. Oso erakargarriak egiten zitzaizkidan haiek, haien lagunak… iruditzen zitzaidan bazutela jakintza, bizitzaren aurrean beste tempo bat. Argi zuten zer den langilea izatea, eta orain aldiz, despiste handia dago horren inguruan. Jende xumea zen, oso narratiboa. Gaur egun dena asko estandarizatu da. Jendea desberdina izateko izugarrizko eskizofrenian murgildu da, azkenean denak berdinak izateko. 

Bi anaia zarete. Ziargi zu baino gazteagoa da eta hala ere esaten duzu berarengandik gauza asko ikasi duzula.

Bai. Ikasi nion lehenbailehen hasi behar dugula lanean munduan. Berak nahiko garbi izan du, adibidez, kontu praktikoetan iaioa izaten saiatu behar duzula, baina goi mailako kulturarekin harremana izanik. Bera bada etxeko hoditeria aldatzeko gai, eta aldi berean, 14 urterekin Frantziako poeta surrealistak irakurtzen zituen. Konbinazio horiek nire bizitzan asko bilatu ditut. 

Institutuan izan zenuen lehen talka politikoa. Zer dela eta?

Biurdana institutuan nengoen. Garai hartan Elkarritik oso gertu nenbilen eta oso eskuin muturreko joera zuen irakaslea zegoen. Irakeko gerra garaia zen eta nik esan nuen asteburu horretan Aznar etorria zela Iruñera, Alde Zaharra militarki okupatzera, batzuei esatera hiltzaileak zirela. Eta bera Irakeko gerrara soldaduak bidaltzen. Emakume hura erotu zen, oihuka hasi eta harrezkeroztik ez nuen azterketarik gainditzen sistematikoki. Horregatik aldatu nintzen beste toki batera, Eunatera. Han bikain izan nintzen. Oso garbi ulertu nuen zer den boterea. Irakaskuntzan, beste edozein alorretan bezala, badira psikopatak eta izugarrizko boterea dute. 

Musika ikastea zer izan da zuretzat? 

Hasieran hobbya izan zitekeena, gaur egun unibertsitateak baino gehiago irakatsi didan zerbait da. Unibertsitatean, tamalez, oso etsipen handia hartu nuen. Irakasle grinatsuak aurkitzea espero nuen, baina ez zen horrela izan. Jakintzaren tenplua hutsik dagoela ohartu nintzen.

Berlingo Unibertsitate Librean urtebete egin zenuen.

Oso positiboa izan zen, eta Gasteizera itzultzea oso gogorra, are argiago nuelako hemen nituen irakasle gehienak ez direla ezertan adituak eta eskola aspergarriak ematen dituztela. Zorionez, Boloniako afera zela eta mobilizazio txiki bat egin zen gure fakultatean eta jende interesgarri asko ezagutu nuen. Klaseko giroa, oro har, oso tristea zen, eta kontserbatoriokoa aldiz, erabat kontrakoa. Jendea askoz baldintza txarragoetan lanean, baina pasio ikaragarriz. 

Profesionalizatzea ez duzu inoiz pentsatu?

Ez da ona gauzak ikastea gero horrek ogibidea emango dizulakoan.

Hizkuntzak ere zure pasioa?

Hizkuntzak ikastea ikasteagatik absurdoa da. Ingelesa ikasi dut testu batzuk ulertu nahi banituen beste erremediorik ez nuelako. Jaio garen lekuan jaiota, logikoa da euskara, gaztelania eta frantsesa jakitea. Ingelesarena beti urrutiago bizi izan dut, urrutiago dagoelako. Ez dut ulertzen gaur egun hemen Nafarroan jendeak duen behar hori. 

Euskara irakaslea izan zinen. Nolako esperientzia?

Gasteizko Udaberria euskaltegian hiru ikasturtez aritu nintzen. Han ikasi nuen zer den lan egitea eta nagusiek ez dutela zertan izan saltzen dizkiguten deabru beltzak. Bestalde, ikusi nuen nola EAEn jende langile asko euskara ikasten ari den lan hobe bat izateko eta nola ez den planteatzen lanaren afera modu sano batez. Kontuan hartu behar da badela EAEn populazioaren parte bat oso kolpatua, oso lumpena, euskaraz ez dakiena, baina inor ez da haientzat ezer pentsatzen ari. 

Hori gerta daiteke orain hemen Nafarroan?

Ez dut uste hemengo erronkak eta EAEkoak berdinak direnik. Hori ere aski garbi ikasi nuen Gasteizen: EAE eta Nafarroa bi gauza desberdin dira, EAEko jendeak, eta espresuki abertzale independentistek, ez dute batere jaramonik Nafarroarekiko. Nafarroa asko aipatzen dute eta uste dute Nafarroa ezagutzen dutela, baina ez da horrela, Donostian bizi direnek Gasteiz ezagutzen ez duten bezala.

Gasteiztik La Hormiga Atómicara?

Langabezian gelditu nintzen sozialistek egin zuten murrizketaren ondorioz. Harremana nuen La Hormiga Atómica liburu-dendako jendearekin eta ondoren sartu nintzen gaur egun Katakrak den honen sortze prozesu luze eta konplikatuan. 

Nola sortu zen Katakrak orain dela bi urte?

Analisi bat egin zen, gerora bete egin dena. Proiektuak erakusten zuen Iruñean bazegoela nahikoa interes bereziki saiakera lantzen zuen liburu-denda zabaltzeko. Aldi berean, bazegoen beharra kultura kritikoa sustatzeko. 

Hori dena testuinguru berri batean gertatu zen: Iruñeko eta Nafarroako erakundeak oso krisi larrian zeuden, 2011n ETAren ziklo militarra bukatu zen eta pentsatzen genuen horrek aukera berriak ekarriko zituela, eta gainera, M15a gertatu zen. Oso aktiboki hartu nuen parte horretan Gasteizen eta gure kide askok Iruñean. Zentzu horretan, Katakraken dabilen jendeak aldaketa gauzatzeko bere ekarpena egin duela uste dut. Memoria demokratikoa asko landu da, ustelkeriaren inguruko eztabaida dezente egin da, giro bat sortu da, eta bestela elkartuko ez zen jende asko elkartu da. Honekin guztiarekin eta hainbat libururen argitalpenarekin (aspalditik bereziki Pamiela eta Txalapartak kaleratutako liburuak eta berriki El corralito foral, El banquete eta Joxerra Senarren CAN auziari buruzkoa) agintean zeudenen deslegitimizazioa eta ordezkaritzaren inguruko gogoeta sortzea lortu dugu. 

Eta zer uste duzu “nik politikaz paso” esaten duen jendeaz?

Logikoa da. Ulrike Meinhofek gogoeta interesgarria egiten du honen inguruan: azken hiru mendeetan langile jendea askotan traizionatu da. Mesfidantza berez babes modua da eta langile jendeari azken 80 amonetatik hona sartu zaio. Mesfidantza aldatzeko modu bakarra da gaitasuna duen jendeak erakustea gauzak beste modu batez egin daitezkeela. 

Baina dirudun askok ere gauza bera dio.

Batzuek interes eza sustatu nahi dute haien interesak defendatzeko. Uste dute interes eza sustatuz gauzak ez direla aldatuko.

Aldaketa izan da hemen, botoen alde txikiz. Historiak eman duen aukera?

Aukera dugu, baina ikusi behar da Nafarroako Gobernuan boterean daudenek ea aprobetxatzen duten eta kaleko jendeak ea behartzen dituen aldaketak egitera. Zuk orain bidegorri on bat egiten baduzu Iruñean edo hiru haurreskola zabaltzen badituzu, ez dago UPNkoen seme-alabarik ikusiko ez duenik. Hori da mundua aldatzea, eta ez orain jende askok pentsatzen duen bezala, Joseba Asironek memoriaren aldeko taldeek esaten dioten guztia betetzea. Bera Iruñeko alkatea da, iruindar guztiena, Uxue Barkos nafar guztion presidentea den bezala, eta jende askok ez du ulertu. 

Horrek ez du esan nahi berdin jarraitu behar dutenik, adibidez, UGT eta CCOOen 120 soldata doan ordaintzen. Mugimendu sozialen lana da arazoak antzematea eta proposatzea zer ez den egin behar. Kontua ez da norberak bere txiringitoa zaintzea eta kitto. Hori da UPN-PSNren krisi sakonaren arrazoietako bat. 

Honetaz gain, aldaketarako oso garrantzitsua izan da Nafarroak estatuarekiko duen izugarrizko desafekzioa. Oso harro esan behar da. Iruñeko Udalean PPk eta Ciudadanosek ez dute zinegotzirik. Parlamentuan 50 kidetatik soilik bi dira PPkoak. Eta ezin da esan PP eta UPN gauza bera denik, are gehiago Yolanda Barcinak PPra hurbildu nahi izan duenean, orduan hasi da bere krisi sakona. Nafarroako politikaren eta mugimendu sozialen ia berezko ezaugarria da negatibotasuna. Ez gaude Katalunia bezala egoera propositiboan, esanez zer garen, baizik eta zer ez garen edo zer ez dugun nahi ari gara beti esaten. Orain aukera dugu proiektu zehatz eta egituratua egiteko eta esateko zer nahi dugun Nafarroarako.

Orain arte ikusitakoa nola baloratzen duzu?

Oso eszeptiko hasi nintzen eta badakit gauza hauek ezin direla publikoki esan behar, baina hasieran Joseba Asiron ez zitzaidan hautagai egokia iruditzen, eta orain aldiz, uste dut, zalantzarik gabe, oso ongi betetzen ari dela bere rola. Segur aski mugimendu sozialetatik gatozenok gure antza duen jendea nahi dugu beti gu ordezkatzeko eta hori oso arazo larria da. Batzuk ari dira esaten eskuineko gobernua dela, baina inork ez dio egin kontraproposamenik bere zerga politikari, adibidez. Antzera beste gai askorekin. Hau ez da iraultza. Halakorik espero zutenak zergatik ez ziren aurkeztu hauteskundeetara iraultzaile bezala?

Zergatik da horren berezia Wagner?

Wagnerrekin harremanetan 14 urterekin hasi nintzen. Bukatzen ez den meategia da. XIX. mendeko munduaren eraldaketa, musika klasikoa, artea eta iraultza interesatzen bazaizkizu Wagner da zure gizona. Infinitua da. Gure mendebaldeko ikuspuntutik melodia ederrenetakoak idatzi dituen konpositorea. Ia gorra uzten zaituzten pasarteak ditu eta kasik entzuten ez direnak ere bai.

Talaios kooperatibako kideek bezala, uste dut langile jendeak goi mailako kulturaren luxua izateko eskubidea daukala, eta ezin duzula punk-rocka eta hip-hopa entzutera kondenatu. Musika klasikoa, adibidez, gure esku izan behar dugu interesgarria delako. Nobelez, janari goxoez eta artisau garagardoaz gozatu behar dugu. Ezin dugu gure burua basapizti bihurtzen utzi Coca-Cola eta garagardo industriala soilik edanez. 

Zergatik duzu poesia horren gustuko?  

Gaur egun poesia ez da popularra, XX. mendean oso poesia txarra idatzi eta argitaratu delako. Baina literaturaren historiari erreparatzen badiogu ikusiko dugu generorik unibertsalena dela, gizarte guztietan kantatu delako. Poesiak erakusten du nola ulertu duten mundua kulturek.

Hedoi Etxarte Moreno

1986, Iruñea

Biolinean lizentziaduna da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Itzulpengintza eta Interpretazioan EHUn. Musika klasikoan, Euskal Herriko Gazte Orkestrako partaide izan da, bestela, Fermin Muguruzarekin kolaboratu du, besteak beste. Bi poesia liburu kaleratu ditu: Suzko lilia (2008) eta Sinplistak (2012). 2009an Ihes ederra lehen euskal irudi-eleberria sortu zuen lehengusu Alain M. Urrutiarekin. Duela gutxi Wagner auziaz argitaratu du. 

Harreman sendoen beharrean

“Katakrakeko liburu saltzaile jubilatu nahi nuke. Behin-behinekotasuna bukatu behar dugu, gure garaiko erronka handienetakoa da, ez soilik prekarietatearen zentzuan, baizik eta tempoari dagokionez ere. Ezin gara ibili axaleko harreman laburrak egiten etengabe, horrek ez duelako ezer uzten. Ez du ezer ekoizten. Irakurle taldeetan ikasi dut. Aldez aurretik beste testu eta ideiak irakurri eta partekatu dituzulako, eraiki dezakezu zerbait berria”
 

Ez da teledemokrazia

“Nafarroan orain mugimendu sozialek daukagun arrisku handienetakoa akritikoki jarraitzea da, erakundeetan aldaketarik egon izan ez balitz bezala, dimisioak eskatzen, protestaka... Lana egin behar da. Pankarta oso ongi dago, baina gauzak aldatu nahi badituzu, hitz egin alda ditzakeenarekin eta proposa iezaiozu nola egin, inoiz baino belarri gehiago baitaude erakundeetan. Ez egon denbora guztian teledemokrazia balitz bezala Twitter eta Facebooken hau bai, hau ez” 

Off the record: Wagnerrek dioen bezala…

Elkarrizketa batzuk besteak baino trinkoagoak izaten dira. Bagenekien Hedoi goi mailako pentsamendu eta teoria politiko eta ekonomikoetan zer igerilari trebea, azkarra eta askotan kriptikoa den. Katakrakeko lankideek txantxetan esaten dioten bezala, hauek dira Hedoiren bi esaldi erabilienak: “Wagnerrek dioen bezala…” eta “Brechten liburu batean irakurri nuen bezala…”. Espero bezala, solasaldian hamaika pentsalariren erreferentziak egin ditu Hedoik, gai batetik bestera ziztuan jauzika. Elkarrizketa oso interesgarria, baina zaila izan dela daitort.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kultura  |  Aldaketa politikoa Nafarroan

Kultura kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-16 | Hiruka .eus
Begoņako gazteluaren pean dago emakumeen gotorlekua

Beste gauza batzuen artean etnografoa den Fredi Paiak martxan ipinitako ikerketaren bitartez, Sorginzulo koba aurkitu dute Algortako Begoñako gazteluaren pean; inguruko emakumeen topalekua ei zen. Urriaren 20an egingo dute horren berri emateko ekitaldia.


Spotify-rekin bukatu zen musika deskubritzeko gogoa (edo ia)

Egunotan artikulu asko publikatzen ari dira Spotify-k hamar urte bete dituela-eta, kontatzen zein izan diren hamarkada honetan aplikazioan gehien entzun diren kantak edo nola aldatu zuen konpainia suediarraren streaming plataformak musika entzuteko modua mundu mundialean. Eta egia da, inpaktua itzela izan da, kasik borratu egin du aurretik, une esperantzagarri batez, gertatzen hasi zena. Musikaren industria hankaz gora jartzear egon zen fenomenoa: jendeak diskoak digitalki konpartitzea.


2018-10-16 | Hik Hasi
Iratxe Retolaza
"Euskal kulturaren transmisioaren etena hain sakona izan da, hezkuntzan ere lan hori egingo duenak ez duela gaitasunik"

EHUren Udako Ikastaroen barruan, ‘Herri hezitzaileak eta kulturgintzaren transmisioa Euskal Herrian’ ikastaroa antolatu zuen Azpeitiko Udalak. Horren baitan, Iratxe Retolaza EHUko irakasleak kultur sorkuntzaren transmisioaz gogoeta egin zuen. Honen ustez, kultura hizkuntza normalizazioaren zerbitzura jarri da, hizkuntza jabekuntzarako tresna gisa ulertu da. Baina euskalduntzea erabatekoa izateko, ezinbestekoa deritzo kulturaren transmisioa bermatzeari, kulturak erreferentzia sareak... [+]


2018-10-16 | Bertsozale.eus
Ostatu Batuak eta Otsoaren 7 umeak nagusi ligaxkako lehen bi saioetan

Urriaren 12an eta 13an Gameren eta Altzumartan jokatu dira Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken lehen bi saioak.


2018-10-16 | Bertsozale.eus
Malen Amenabarrek irabazi du Santurtziko kanporaketa

Urriaren 14an jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan; finalaurrekoetarko txartela lortu du Amenabarrek.


2018-10-14 | Itxaro Borda
Hitzeman zorion baten melodia

Iluna. Euria jaits ahala kanpoan. Jendeak jauzika alde orotatik. Oihuka. Begiak tauladako mugimenduetan josiak. Gitarra zafraldi bikoitza eta hor hasten da Juan Carlos Perez kantan: hemen gaude ta poztutzen naiz... erretzen genuen orduan eta bata bestearen kontra tinkatuz, pizturiko briketak edo metxeroak altxatzen genituen, abesti baten magiaz zoriona hitzemana balitzaigun bezala!


Urratsez urrats egiten da bidea

Badago zientzia-fikziorik (Zi-Fi) euskaraz? Zi-fia idazten duen emakumerik? Zi-fi feministarik gure liburuen artean?

Duela bi asteburu Bilbon AnsibleFest izan zen: I. Zientzia-fikzio Feministari buruzko jardunaldiak. Lehen mahai-ingurua Arrate Hidalgok dinamizatu zuen: “Euskal emakume idazleak zi-fian: irakurketa berezia”. Mayi Pelotekin hasi ziren, Itxaro Bordaren zenbait narrazio aipatu zituen eta lerrootan iruzkinduko dugun Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua-rekin... [+]


Saio zaratatsuak

Killerkume taldearen azken diskoa ederra da. Ederki jasotzen du jendaurrean jotzen dutenean egiten duten soinu gordina, beren nortasuna. 2016an Winterswijken (Herbehereak) dagoen White Noise estudioan zuzenean eta bikain grabatuta dago, Marlon Wolterink teknikariaren ardurapean, eta Joxean Rivas Killerkume taldeko bateria eta perkusio jotzaileak masterizatuta.

Joxean Rivasekin batera Mikel Sowsyah (gitarra eta efektuak) aritzen da Killerkume taldean. Bi taldekide besterik ez dira, baina bien... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude