Azpi-harmonia

Mihilua (Foeniculum vulgare).
Mihilua (Foeniculum vulgare).
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Trinitate eguna da gaur. Eguzkia Aries konstelazioaren parean sartu zenean udaberriari ekin genion; udaberrian sartuta, lehen ilargi betea izan zuen astea igaro genuen –batzuek aste santua deitzen dioten hori–, eta igande horretako ospakizunak ere bete genituen. Bai, aberri eguna, bai; ilargiak esaten digu noiz den aberri eguna, udaberriko lehen ilargi betea duen asteko igandea. Igande horretatik abiatu eta zazpi eguneko zazpi aste igaro behar ditu katolikoak maiatzeko pazkora iristeko; batzuetan maiatzean eta beste batzuetan ekainean izaten den mendekostera. Erlijioak ere ilargiaren musikan dantzatzen baitu... Pasa zen zazpigarren igande hori, eta gaur da trinitate eguna, zortzigarren igandea. 

Egun handia da zenbait tokitan, Mendaron, adibidez. Bertan trinitate eliza dute, zaharra oso, eta garai batean bezala ikaragarrizko ospea du. Berak bezala bertako ospakizunek: herri kirol, erromeria... Urrutitik etortzen da jendea. Badaezpada denboraz abiatuko ziren etxetik, elizara sartu aurretik zeregin asko izango dute eta. Elizbideetan barrena, abarkak lokaztuta iritsiko dira, eta ezin, bada, mezetara kuxidade horretan sartu. Patrikan edo fardelean ekarritako apreta txukunak jantzi, eta meza aurretik, gorputza eta gogoa berotzeko pare bat anis hartu.

Elizan ere zorua lurra bera izan, ordea. Atetik aldarerainoko karrajua kenduta, jendeak zutik edo belauniko behar duen tokia, lur gorria. Horri erantsi ordubete edo gehiago bidean gora eta behera ibilita etorri denaren izerdi usaina. Eta anisaren lurrunetan... Ospakizunari harmonia pixka batekin ekiteko, lurra den zoruan mihilua zabaltzen da, erruz. Azpiak egiten dizkiote jende aziendari. Mihiluak usain handia du, eta udaberriaren goreneko sasoi honetan puri-purian da. Jendea sartu ahala, zanpatu eta hedatzen den usaina ederra da. Gustatu egin behar! Gonbitalarria pizten dionik ere bada tartean...

Azpi-harmonia sortzen duen mihilua, Foeniculum vulgare, eta goi-harmonia dakarren anisa egiteko gaia den Pimpinella anisum, anis-belarra, famili berekoak dira, Apiaceaetarrak. 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.