"Bilbon karrera amaitzen duten artistei errebeldia falta zaie kalean kantatzeko"

  • Ekuatore Ginean jaio eta duela 45 urte etorri zen gurera Pascual, Bilboko Zazpi Kaleetan aurkituko duzun crooner-ik bertokoena. “Agur potxolooo” ozen batekin agurtu ohi ditu lagunak eta turistak. Armstrong edo Nino Bravo bezala, Lertxundi eta Laboa kantatzen ditu ahots urratu baxuarekin. Gabonetan Baltasar eta inauterietan Zarambolas izana da, bilbotar petoentzat erreserbaturiko ohorea.

“Albert Hammond, Caruso, Sabina… Horiek guztiak kale abeslariak izan dira. Frantzian eta AEBetan kaleko artisten sindikatuak daude”.
“Albert Hammond, Caruso, Sabina… Horiek guztiak kale abeslariak izan dira. Frantzian eta AEBetan kaleko artisten sindikatuak daude”.

Non duzu sorlekua?

Ekuatore Ginean, Ekuku ibaiaren bokale ondoan, Batatik kilometro gutxira. Gauerdian jaio nintzen, eta itsasoa oso zakar zegoen, amak kontatu zidanez. “Haur hau musikaria izango da” esan zuten emakume zaharrek... Eta horixe, bizitza osoa musikaren inguruan eman dut. Aste batzuk geroago Malabora eraman ninduten, aitak bertan egiten baitzuen lan, administrazioarentzat.

Zu zer etniatakoa zara orduan?

Kombe naiz, baina jaio nintzen gunean gehiengoa fang da. Ndowe hizkuntza da gurea eta Bartzelonan dudan anaia txikiarekin mintzo naizelarik gure hizkuntzan egiten dut. Baditut osaba eta izekoak, eta horiekin ere gure hizkuntzan mintzatzen naiz. Kombera eta katalana egiten dute haiek. Nire seme-alabek, aldiz, ez dute inoiz egin, hitz solteak baino ez, hemen hiztun bakarra izan naizelako, baina familiarekin mintza daitezen nahi nuke. 

Koloniaren garaian etorri zinen estreinakoz...

Bai, 1965ean etorri nintzen lehenengoz, ikasle batzuk metropolia ezagutzera ekarri gintuzten, nota onak ateratzeagatik. Gero berriz 70ean bueltatu eta hemen geratu nintzen, 20 urterekin. Bilboko kontserbatorioan sartu nintzen ikasle, bertan ziren Torre Lledó eta Mari Cruz Soriano... Madrilera joan nintzen gero, goi kontserbatoriora, baina ez nuen hango giroa maite. OLBEren abesbatzan egon nintzen, baina aspertzen nintzelako utzi nuen eta bizitzeko beste musika bat egin behar nuela pentsatu nuen.

Orduan oso beltz gutxi Bilbon, Jonestarrak zeuden...

Horiek izan ziren lehenengoak [Miguel Jones, Ekuatore Ginean jaiotako futbolaria], Benjamin ere bazen ginearra, Gobernu Zibilean zegoen estranjerian lanean, Ndongo ere, ogasunean lan egiten zuena, anaia zenaren lagunak ziren denak. Bera, Gabino, izan zen lehena Bilbon Gabonetan errege magoen postari lana egiten El Corte Inglés zabaldu zenean. Gero nik erreleboa hartu nion, egun 40 edo 45 urte dituzten gehienak altzoan izan ditut haurrak zirela.

Lanean hasi zinen orduan?

San Inazioko portura joaten nintzen goizetan, barkuak deskargatzera. Bertan, Gineatik zetozen platanoak ikusten nituen… Baina patroiak beti: “Moreno, al carbón” esan eta ikatz zakuak deskargatzera bidaltzen ninduen, beltza nintzelako. Iraganeko oroitzapen asko dauzkat, baina egungoa bizitzea nahiago dut. Denetarik egin dut, baina ez naiz inoiz kexatu. 

Kale abeslaria bihurtu zinen gero.

34 urte daramatzat kalean abesten. Gitarra batekin hasi nintzen, geroago kasete batekin eta egun daramadan guztia digitala da. Ingelesez hasi nintzen, euskaraz ondoren… 

Ez omen da estimatua hemen kale abeslaria.

Ez, ezagutzen nauten batzuk, kalean ikusten nautenean, lotsatu eta espaloiz aldatzen dira... Ni konturatzen naiz, baina seme-alabei beti esaten diet jendea ez epaitzeko. Albert Hammond, Caruso, Sabina… Horiek guztiak kale abeslariak izan dira. Gainera, Frantzian eta AEBetan kaleko artisten sindikatuak daude, baina Bilbon, karrera amaitzen duten artistak non daude? Zergatik ez dira kalean aritzen? Errebeldia artistikoa falta zaie kalean jartzeko.

Arrazakeria sumatu duzu inoiz?

Bai, baina burua hotz mantendu behar da, entzun, egoera aztertu, zu baino gehiago dela uste duen pertsona bat izaten da… Saiatzen naiz bizipen horiek seme-alabei ez transmititzen. Begira, gu Espainiaren probintzia bat ginen, baina noiz entzun duzu zerbait positiboa Ekuatore Gineako futbolari, ingeniari, mediku bati buruz? Ezer ez! Izan baziren, baina… Niri neuri, maiz paperak eskatzen ibili zaizkit, inoiz arazo gogorrak izan ditut burokraziarekin.

Egun Williams dago Athleticen, garai batean Jones ez bezala.

Jonesek Indautxun jokatu zuen baina Athleticek ez zuen fitxatu, bizkaitarra ez zelako. Atlético de Madriden eta selekzioan ere jokatu zuen. Hona bi aste zituela ekarri zuten, baina orduan baziren beste politika batzuk Athleticen. Gaur ez zen hori gertatuko. Lagun batzuek esaten zidaten “Williamsek jokatzen duenean karnetak apurtuko ditugu” eta orain, pozik, “nola jokatzen duen Williamsek!” diote. Nik ez dut animatzen Williams beltza delako, tabu bat hautsi delako baizik.

San Mamesen izan zinen Gure Esku Dago ekimenean.

Bai, gero batzuk tonto jarri zitzaizkidan, hor parte hartu nuelako. Nik esan nien: “Hara, Iribar nire anaia nagusiaren lagun handia izan da eta, gainera, niretzat harro egoteko motiboa da horra deitu izana”. Behinola, etorkin aitzindarioi sari batzuk eman zizkiguten Euskaldunan eta baten bat haserretu zen argazki berean PPko batzuk ageri zirelako. Nik denetariko jendea ezagutzen dut, eta lehenengo lagun euskaldunetarikoa Jon Idigoras izan nuen. Urtero, errege magoen postari lanean ibiltzen nintzela, bera beti hurbildu eta agurtzen ninduen. 

Aita atxilo

“Aita askotan atxilotu zuten, independentziaren aldeko lanean zebilelako. Etxera etorri, aita eraman eta dena hankaz gora uzten zuten. Berak asko sufritu zuen, eta behin entzun nion: ‘herri baten independentzia bertakoek lortu behar dute’. Ginean ziren espainiar guztiak independentziaren aurkakoak ziren.”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude