Ziabelarra, Galium aparine
Ziabelarra, Galium aparine

Baratzean pixka bat aritu den edonork ezagutuko du ziabelar latza, Galium aparine. Izenagatik ez du ezagutuko, agian, baina haren igurtzia eta baratzezainari non edo handik heltzeko grina ez zaio ezezaguna izango. Hostotxo estu luzeetan eta zurtointxo karratuan dituen kako tankerako ileekin aldamenean duen edonori heltzeko gai da. Horrela luzatu eta luzatzen da, beste landareen gainetik. Guk ere eskuarekin edo hankarekin ukituz gero heldu egiten duela dirudi, kakotu edo katigatu egiten da. Baratzezainaren maitea, amor de hortelano deitzen dute gazteleraz. Maite eta amodio batzuk bezala, zenbait laguni ziabelarraren ukituak dermatitisa eragiten die, ukitutako azalean negel desatseginak sortuz. 

Lore ttikietatik fruitu borobiltxoak ematen ditu. Horiek ere kakodunak dira, bere kontra igarotzen diren animalien larruetan itsasteko. Taktika hori medio, urrutira asko heda daiteke. 

Fruitu koxkor horiek kafearen (Coffea sp.) ordez erabili izan dira: txigortu, eho, egoskina egin eta kikarara. Urruti samarrekoak badira ere, ziabelarra eta kafea senideak dira. Sustraia, azukrearekin txigortuta, txikoria (Cichorium intybus) bailitzan hartzen da. Landarea bera ere jateko modukoa da: hostoa eta enborra gozo askoak dira, gordinik entsaladan eta egosia zopan. C bitamina asko du, eta XVIII. mendean jada ingelesek eskorbutoari aurre egiteko haren zukua hartzea aholkatzen zuten. 
Ziabelar latzaren lehengusina bat, ziabelar horia (Galium verum), esnea gatzatzeko erabili izan da. 

Gure baratzeetako beste landare “txar” bat da ziabelarra. Erabilera aurkitu iezaiozu eta lagunak izango zarete. Ugaria da isurialde atlantikoko baratzeetan. Buztin-lurrak gustuko ditu, hezezalea baita. Nitrogenoa ere gustuko duenez, simaur gaindosia izan ohi duten gure baratzeetan ur-aparretan bizi da. 

Lapa ere deitu izan zaio ziabelarrari, lapa-belarra (Arctium lappa) bezala bizar kakoekin animaliei lapatu egiten delako, agian? Lapatu... Kakotu, katigatu, alegia! Bizar horiek dira belkro ezagunaren ama.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-26 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude