Iraultza kreatiboa pantaila txikian

Bada telesailen artean aparteko talde txiki bat, “onak ala txarrak” diren eztabaidatzetik harago, telesailen historian eragin berezia izan duena. Arrastoa utzi eta estreinatu ziren mementotik klasiko bihurtu ziren. Modu batean, iraultza kreatibo bat eragin duten ekoizpenak direla esan daiteke.

1990: Twin Peaks estreinatu zen urtea. David Lynchen telesail honek trama konplexu eta ausartagoak sortzeko bidea erraztu eta ireki zien beste ekoizpenei. Laura Palmerren hilketa gutxienekoa zen, Objektu Hegalari Ezezagunak zeuden, genero indarkeria, bortxaketak, ustelkeria… Twin Peaksen ausardia horri asko zor dio adibidez, hiru urte geroago estreinatu zen X-files zoragarriak. Eta ez trama edo argumentuarengatik soilik: bisualki ere telesail iraultzailea izan zen. Eszena batzuk gogaikarri bihurtzeraino luzatzen ziren eta garai hartan, telesail batean ikusi ez ziren kontzeptu estetikoak loratu zituen.

Bederatzi urte geroago, 1999. urtean, The Soprano’s erraldoia aireratzen hasi ziren. David Chasek eta HBOk, telebista mespretxatzen zuen jendeari belarrondoko galanta eman zioten istorio honekin. Fikzio mota honekiko zeuden aurreiritzi negatibo guztiak hankaz gora jarri zituzten eta telesailak beste modu batean ikusten hasi ziren. Telebistan, gaur egun hain normalizatuak dauden antiheroiak jaio ziren. Ikuspuntu berri hau atal konkretu bati esker gertatu zela esan daiteke: bere alabari unibertsitate desberdinak erakusten ari den bitartean, Tonyk bere eskuez tipo bat ito zuenean. “Audientzia galduko dugu!” esan zioten Chase sortzaileari. Hilabete batzuk geroago gidoi onenaren Emmy saria irabazi eta, batez ere, arrasto ezabaezina uzteari esker eredu bilakatu da telesaila.

Hortik, 2002. urtera salto egin behar dugu, askok historiako telesail onentzat duten The Wire aipatzeko. Pertsonaia bereziz eraikitako mosaiko bat, erritmo motelean prestaturikoa baina berezko estilo zoragarriarekin. Ekoizpenak, mundu guztiari gustatzeko modukoak egin behar ez direla frogatu zuen David Simon gidoigileak, kultuzko telesailen etiketa sortuz.

Beste bi urteko lehortearen ostean, 2004an Lost iritsi zen. Gauza ugari aldatu zituen telesailen munduan, hauekiko kontzeptua eta, batez ere, kontsumitzeko modua. Gure lehen adikzioa izan zen eta masiboki Internet bidez kontsumitzen genuen lehen istorioa bihurtu zen. Asteroko irrika jasanezin hori asetzeko sortu ziren ehunka foro eta webgunetara jotzen genuen. Askorentzat TELESAILA bihurtu zen.

2008an, ezinbesteko beste ekoizpen erraldoi bat: Breaking bad. Azken urteetako pop kulturaren ikono bihurtu da maisulana. Pertsonaia ahaztezinez eraikitako istorio berdingabea. Azken hamarkadako gidoilariek motibazio eta jokabide ilunez eraikitako pertsonaiak sortzeko erakutsi diguten motibazioa kontuan izanik, Vince Gilliganek guztietan amoralena sortzearen meritua dauka. Walter White (Brian Cranston) pertsonaia sortu zuen, merezimendu osoz ikono kategoria irabazi duena.

2012: Game of thrones. Aurkezpen gehiegirik behar ez duen ekoizpena. Kasu honetan ikusle orokorrari zuzenduriko istorio bat kalitatezkoa izan daitekeela frogatu du. Guinness liburuan sartzea lortu du gainera, mundu osoan aldibereko igorpen gehien lortu dituen telesail dramatikoa bihurtu delako: 173 hiritan aldi berean.

Azken geltokia 2015. urtean egitea gustatuko litzaidake, baina posible al da? Ziurrenik bai, txartel hori Mr. Robot izeneko telesailak izan dezake. Gaurkotasun izugarria duten hainbat gairi heltzen dion gidoi ziztatzaile bati esker, thriller psikologiko bikain eta desberdina erakutsi digulako, baina baita telesail batean gutxitan ikusitako estetika eta hizkuntza zinematografikoa ere. Lehen denboraldiaren amaierak utzi digun zapore berritzaileak behintzat, talde esklusibo horren kide berria bihur daitekeela frogatu digu. Ikusiko dugu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude