Altxatu, borrokatu, kantatu eta dantzatu, geldirik ez egon. “Dantzatu eta mugitu! Ezarri zutik eta mugitu! Zpeiz Mukaki taldeko musikariak izanki, elkarren arteko elkarrizketa eta proiektu berrien sortzeko gogoaren fruitua da Xutik”, taldekideen hitzetan.
Jaia eta aldarria uztartzen dituzte, irribarrez eta alaitasunez. Kantu alaiak eta dantzagarriak jotzen dituzte, rock, punk, cumbia, reggae, funk, disko, tziganoa eta beste hainbat musika estilo erabiliz, eta hitzetan zuzen eta gordin mintzo dira. “Gure musikak eta hitzak gaur egungo pasibotasunaren inarrosteko sortzen ditugu”. Besteak beste, Negu Gorriak, Fermin Muguruza, Obrint Pas, Esne Beltza, Joxe Ripiau, Mano Negra, Mad Caddies, Piperrak, Kortatu eta Guk taldeak atsegin dituzte.
Hameka Begirada beren hirugarren diskoko kantuetan begirada, sentimendu eta kolore ugari antzematen dira, “belarrietatik begietara, zerutik lurrera”. Lurra gaitzat hartuta, hainbat istorio kontatzen dituzte, eta txorien, arrantzaleen, laborarien, etorkinen edota kanpora lan egitera joan behar izan duten euskaldunen lekukotasunak entzun daitezke, besteak beste.
Hainbat euskal poeta, idazle, bertsolari, marrazkilari, zinemagile eta musikari ezagunen laguntzarekin kaleratu dute diskoa, taldekideek nabarmendu dutenez. Grabazio estudioan doinu sendoa gauzatu dute eta ekoizpen lan ona egin dute. Kantuetan indar handia erakusten dute, jendaurreko emanaldietan bezala.
Peitz (ahotsa), Balatx (gitarra), Amaiur (baxua), Ortzi (bateria), Mizel (eskusoinua eta tronpeta) eta Patxi (gaita eta saxoa) taldekideak Lapurdikoak eta Nafarroa Beherekoak dira. Xutik taldea 2008an sortu zuten. Aurretik, Zpeiz Mukaki elektrotxaranga eta dantza taldeko kideak izan ziren. Urteotan, Hameka begirada lana ez ezik, Mukaki Zpirit (Baga-Biga, 2011) eta Bultzaden balada (Zpeiz Mukaki Produkzioak, 2013) disko luzeak kaleratu dituzte, eta 2013ko Herri Urrats jaiaren abestia sortu zuten.
Taldeak urteotan, kantu ugari grabatu ditu, hamaika jendaurreko emanaldi egin, eta sasoiko jarraitzen du, alaitasunez, gazteei pasibotasunaren aurkako mezuak helarazten, elkarrekin kantatu eta dantza egin dezaten, zutik, makurtu gabe.