ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 18a
Gure Genealogia Feministak liburua

Feminismoaz irakurtzen, euskalgintzako betaurrekoak jantzita

  • Gure genealogia feministak liburu mardula irakurri berri dut. Baina ezin liburua irakurri jantzita daramatzadan euskalgintzako betaurrekoak erantzi gabe, ezin irakurri behin eta berriro feminismoaren eta euskalgintzaren artean loturak (eta desloturak) egin gabe, ezin irakurri behin baino gehiagotan inbidia latza sentitu gabe.

Txerra Rodriguez
2015eko irailaren 06a
Txerra Rodriguezen iritziz, talde feministek transgresioa, freskotasuna eta txinparta ekarri dituzte plazara. Euskalgintzan ez du horrelakorik ikusten. Argazkian, abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa Iruñean, 2014ko apirilean.
Txerra Rodriguezen iritziz, talde feministek transgresioa, freskotasuna eta txinparta ekarri dituzte plazara. Euskalgintzan ez du horrelakorik ikusten. Argazkian, abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa Iruñean, 2014ko apirilean.

Miren Arangurenek, Edurne Epeldek eta Iratxe Retolazak ondu dute liburua. Euskal feminismoaren barrunbeetan, zoko-mokoetan, eztabaidetan eta jardunbideetan kukutxo bat egiteko bidea errazten du. Eta beste mugimendu batzuekin estekatzeak egiteko.     

Gurean talde feministetan hasitako asko amorruak eraginda hurreratu ziren haietara, egunero nozitzen zuten zapalketari nolabaiteko erantzuna emateko asmoz. Behin hasita, ordea, militantziarekin bat formatuz joan ziren gazte horiek: diskurtsoak landu, antzeko bizipenak dituztenekin konpartitu, teoria eta praktika berriak ikasi… Esate baterako, Bilboko Santutxu auzoko Iduna elkarteko kide batek honakoa esaten du liburuan: “Auzoan lan egiteko grina piztu zitzaidan, nik beti argi izan dut feminista nintzela. Inguruan nituen jarrera matxistak, txikitatik diskriminazioa pairatu dut, hau barruan eraman izan dut. Garai hartan, hala ere, ez genuen gaiaren inguruko teorizaziorik, baizik eta amorrua genuen, zerbait egin nahi genuen”.     

Euskalgintzan, ordea, nago barne dinamikari ez zaiola behar besteko garrantzia eman. Gurean aktibismo asko egon da (dago!), baina hausnarketa, diskurtsoa, barne bisio, sentimendu partekatze, bizipen partekatze txikiegia akaso. Zerk bultzatu gintuen euskalgintzan aritzera? Norekin konpartitu ditugu sentimen edo bizipen horiek? Zer sentitzen dugu egunerokoan euskaldun arituz? Zer sentitzea gurako genuke?     

Ni ez naiz ibili emakume elkarte/taldeetan. Euskara elkarteetan, ordea, bai. Eta horrelakoetan ez dut nik antzeman euskaldun gisa ditugun arazoei buruz berba egiteko paradarik, ez dut antzeman gure arazoei kasu egiten zaienik, ez dut antzeman gure egoera digeritu eta aldatzeko barne gogoetarik. Modu sistematikoan eta antolatuan, behinik behin.     

Egia esateko, amorruaren eraginez sortutako neska gazteen talde horietako askok bizitza laburra izan du. Baina liburuan batek baino gehiagok aitortzen du talde horiek sekulako marka utzi dietela eta euren etorkizuneko bilakaeran ezinbestekoak izan direla. Feminismoaren “eskola” izan direla, alegia. “Eskola” horiek ere beharrezkoak direlakoan nago, ikasi, asmatu eta erratzeko aukera emango diguten eskolak.     

Talde eta elkarte feminista askok azken urteotan, batez ere, transgresioa, freskotasuna, txinparta… ekarri dituzte plazara. Gurean, ordea, ez ditut horrelakoak ikusi (han eta hemen bai, baina oro har ari naiz). Zergatik gaude hain apalankatuta? Administrazioarekiko larregiko dependentzia akaso? Erakundetze eta profesionalizazio maila altuegia akaso? Koldo Izagirrek salatzen zuen funtzionarizazioa ote?     

Baina natorren adibideetara. Liburuan emakume abertzaleen topaketetan izandako eztabaida eta gogoetak batzen dira. Horrez gain, topaketen alde ludikoagoari ere egiten diote leku: talde sentimenduari, kohesioari, igurtziari eta abarri. Euskaltzaleon topaketak, ordea, eta salbuespenak salbuespen, gatz bakoak dira, eta liburuan esaten dena gurean imajinatzea nahiko zaila egiten zait gaur-gaurkoz.     

Euskalgintzak urteetan plantoa eta ekintza zuzena erabili izan ditu: ikastolen sorrera, gau eskolen sorrera, unibertsitateetan egindako plantoak, ezabaketa egunak eta abar. Hala ere, azken urteotan gutxi erabili izan dira horrelakoak. Feministak, aldiz, gero eta sarriago ari dira horrelakoak erabiltzen euren aldarrikapenetan. Euskaltzaleok zailtasunak ditugu guk nahi ditugun mezuak helarazteko eta ekintza zuzenak bide ona izan daitezke mezu horiek zabaltzeko. Ez ala?     

Euskal feminismoaren historiari, azken urteotan behinik behin, aniztasuna eta dinamikotasuna dario: elkarte asko eta lan ildo asko ireki dituzte azken urteotan. Eta horrek berriro ere euskalgintzara narama artez: horrenbeste urteren ondoren, inori ez zaio bururatu, esate baterako, etorkin euskaldunen elkarterik sortzea? Edo euskara nagusitan ikasi dutenen elkartea? Edo euskara teknikarien elkargo profesionalik? Edo euskara hutsez biziko direnen laguntza antolatuko duen elkarterik? Edo... Ba, antza ez.     Beste kontu bat ere ekarri nahiko nuke lerrootara: feminismoak emakumez osatutako erakundeetan garatu du bere jarduna. Baina ez du inondik ere ahaztu jendartearen “beste” erdia. Eta hasieratik eta nahiko sistematikoki saiatu da haienganako diskurtsoak sortzen eta elikatzen. Gurean, ostera, ez dut ikusi nik erdaldunenganako diskurtsorik azken urteotan (“zoaz euskaltegira” bezalako errieta-aginduak kenduta). Eta euskaldunok elikatzen ez baditugu, nork elikatu behar ditu gure aldeko diskurtsoarekin?     

Inbidia latza pasatu dut liburua irakurtzen. Nahiko nituzke guretzat feminismoak azken urteotan duen bizitasuna, konplexutasuna eta intuizioa. Nahiko nituzke bai. Asko dugu ikasteko, asko dugu ikusteko, asko egiteko, asko deseraikitzeko eta asko desikasteko. Eta, ahal den neurrian, elkarrekin. 

Kanal hauetan artxibatua: Euskalgintza  |  Euskalgintza

Euskalgintza kanaletik interesatuko zaizu...
Mundua Txillardegiren begien bitartez

Ostegun honetan aurkeztuko dute Jose Luis Alvarez Txillardegi-k prentsan argitaratutako kronikak biltzen dituen liburua. Donostiako idazle eta pentsalaria hil zenetik hamar urte bete dira aurten eta efemeridearekin bat eginez, haren ibilbidea hobeto ezagutzeko bidea izango da... [+]


2021-12-17 | ARGIA
Korrika: 22 edizioetako kanten bilduma

40 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Euskarazko eredua orokortzea adostu dute EAEko hezkuntza eragile nagusiek

Eusko Legebiltzarrak 2021eko urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hurrengo hamarkadetako hezkuntza-sistemaren oinarriak ezartzeko prozedura hastea. Ondorioz, legebiltzarrak Hezkuntza Batzordearen esparruan... [+]


2021-12-15 | Leire Artola Arin
Nafarroako euskararen lege berri bat egiteko Batuz Aldatu dinamika aurkeztu du Kontseiluak

Azpimarratu dute “berdintasuna oinarri” izan behar duela legeak, eta adostasun soziala lantzeko konpromisoa hartu dute.


2021-12-10 | Axier Lopez
Allande Sokarros kazetari eta militante euskaltzalea hil da

Allande Sokarros kazetari, itzultzaile eta militante zuberotarra zendu da 64 urterekin. Kazetaritzan urte luzez aritu da, ARGIAn eta beste hainbat hedabidetan.


Irakurrienak
ASTEKARIA
2015eko irailaren 06a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude