"Denek batera jokatzea askoz aberasgarriagoa da, zabalagoa da esperientzia"

  • Festen aitzakian, kirol txapelketa herrikoiak ugaritu egiten dira uda partean. Neska-mutilentzako txapelketa irekiak dira maiz, baina oraindik ere gizonezkoak dira parte hartzen duten gehiengo handia. Alba Sistiagak eta Garazi Lizarragak palan jokatzen dute urtean zehar, ia astero, eta Irungo Mosku auzoko pala txapelketan hartzen dute parte, uztaila-abuztuan. Iaz neska bakarrak izan ziren. Aurten, izena eman duten 48 lagunetatik, 5 dira emakumeak.

Txapelketa barruan, mailaren arabera bi kategoria egitea ideia ona iruditu zitzaion Garazi Lizarragari (argazkian, ezkerrekoa), “baina gero konturatu nintzen hori ghettoak sortzea dela eta txapelketa herrikoiak mistoa eta irekia izan behar duela, denak de
Txapelketa barruan, mailaren arabera bi kategoria egitea ideia ona iruditu zitzaion Garazi Lizarragari (argazkian, ezkerrekoa), “baina gero konturatu nintzen hori ghettoak sortzea dela eta txapelketa herrikoiak mistoa eta irekia izan behar duela, denak denekin aritzeko, guk ere nahi dugulako bikote onen aurka jokatu”.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Mutil eta neskentzako txapelketetan, batik bat mutilek ematen dute izena.

Garazi Lizarraga: Bai, eta horrek berak izena emateko gogoa kendu dezake, nolabait. Gurpil zoroa da: zerrenda ikusten duzu eta denak mutilak dira, badirudi mutilen txapelketa dela, ez mistoa.

Alba Sistiaga: Eta neska bazara iruditzen zaizu ez zaudela maila berean, ez duzula maila emango, lotsagarri gera zaitezkeela...

G. L.: Ez gaude kirol mistoetara ohituta. Adin batetik aurrera mutilak mutilekin eta neskak neskekin banantzen gaituzte, eta hortik aurrera ez duzu aukerarik kirol mistoan jokatzeko, ez bada horrelako txapelketa herrikoietan, baina nola aurretik ez duzun landu mutilekin batera jolastea, kirol mistorako aukera agertzen denean ez duzu pauso hori ematen. Mutilak eta neskak ohituta egongo bagina elkarrekin jokatzera, beste modu batean hartuko genituzke horrelako txapelketak. Alegia, lanketa aurretik eman behar dela: txapelketa hauetan neskek normaltasunez eman dezaten izena, kirol mistoa haurtzaroan jorratzen hasi eta adinean aurrera egin ahala lantzen jarraitu beharko litzateke.

A. S.: Bai, gaitasun fisikoak muga direlako batzuetan, baina kirol modalitatearen arabera, ez beti. Pala txapelketan adibidez guk baino indar handiagoa dute mutilek, baina hainbatetan indarra baino garrantzitsuagoak dira teknika, trebezia, tantoa ikusteko modua…

Kirol mistoak zein ekarpen egin dezake?

A. S.: Esaterako, seguru nesken taldeek eta mutilenek ezberdin entrenatzen dutela, bada mistoetan bietatik jaso dezakezu, eta hori positiboa da. Kolektibo mugatu batekin bakarrik jokatu beharrean (kasu honetan, bakarrik mutilekin, edo bakarrik neskekin), denekin batera jokatzen badut, askoz aberasgarriagoa izango da, eta askoz gehiago ikasiko dut denengandik, zabalagoa izango da esperientzia.

G. L.: Bizitzan bezalaxe. Gure arteko harremanari egiten dio ekarpena.

Txapelketara neska gehiago animatuko lirateke, mutilentzako eta neskentzako kategoria bananduak egingo balira?

G. L.: Nik hasieran pentsatu nuen bi maila egitea egokia izan zitekeela, oso onak direnak eta ez hain onak direnak bereizteko eta bakoitza bere mailan aritzeko, eta saihesteko, nahiz eta ez den joera orokorra, bikote bat iristea eta zu “zanpatzea”, tantoak egiteko eta jokatzeko ere apenas aukerarik utzi gabe. Baina gero konturatu nintzen hori ghettoak sortzea dela eta txapelketa herrikoiak mistoa eta irekia izan behar duela, denak denekin aritzeko, guk ere nahi dugulako bikote onen aurka jokatu. Baina jokatu egin nahi dugu, eta horretarako, bikote on horiek maila jaitsi behar dute edo frontoian dena ez eman.

A. S.: Izan ere, jai batzuetako txapelketa herrikoia da, ez txapelketa profesionala, eta jende batek ez du oso garbi hori.

Gizonen kontua da oraindik lehiakortasuna?

A. S.: Tira, gu ere oso lehiakorrak gara, jakin arren maila berean ez gaudela.

Zein helburu jartzen diozue zuen buruari?

G. L.: Gure erronka da 10 tanto egitera iristea.

Lehiakortasuna ulertzeko modu ezberdinak daude?

G. L.: Uste dut baietz, gu lehiakorrak garen arren beste batzuek ezberdin bizi dutelako, hain lehiakor, hain muturreko, non ez dizuten tanto bat egiten ere uzten, matxakatzea lehenesten dute, jokatzearen aurretik. Eta guk ulertzen dugu lehiakortasunaren gainetik beste balore batzuk daudela; bi bikoteek jokatu ahal izatea eta beste bikoteak ere ongi pasatzea hobesten dugu. Muturreko lehia joera orokorra da: gaztetxeak antolatzen duen futbol txapelketan ere hartzen dugu parte, neska bakarrak gu biok gara, eta mutil askok hil ala bizikoa bailitzan jokatzen dute, izugarrizko astinduak ematen dizkiote baloiari. Telebistaren bidez kirol profesionalaren eredua jasotzen dugu eta eragin handia duela esango nuke, lehiakortasuna handia da edozein herriko txapelketa amateurretan.

A. S.: Gu azkenean jokatzera gatoz, txapelketan ez dugu izena eman gero pilota ez ukitzeko… Dena den, Moskuko pala txapelketaren kasuan, izaera herrikoia mantentzen du eta edonork eman dezake izena. Zergatik ez du jende berriak izena ematen? Hori da aztertu beharko litzatekeena.

Noren esku dago txapelketaren izaera herrikoia mantentzea?

G. L.: Parte hartzen dutenen eta parte hartuko duen jende berriaren esku. Kontziente izan behar dugu jai herrikoi batzuen barruko txapelketa dela, eta jai horien filosofia eta izaera bera mantendu nahi eta behar duela txapelketak berak ere. Eta batzuek profesionalak bailiran jokatzen badute, ba ez dute beste profil bateko jende berria apuntatzera animatzen…
A. S.: Baina gure esku dago horri buelta ematea. Guk izena eman dugun bezala, neska gehiagok izena ematen badute, edo beste profil bateko jendeak, izaera hori emango diogu txapelketari ere.

Bide horretan, aurtengo edizioan oharra gehitu dute txapelketako antolatzaileek. Hala dio oharrak: “Gogoratu txapelketa herrikoia dela, helburu bakarra denen artean ongi pasatzea eta elkar ezagutzea dela. Jokalari guztiek errespetuz jolastu beharko dute beste bikoteen kontra, ez da txapelketa lehiakorra (horrek ez du esan nahi partidu polit eta gogorrak ezin direnik jokatu, noski)”.

A. S.: Inportantea da hori azpimarratzea, izena ematen dutenek jakin dezaten zertan hartzen duten parte. Hala ere, txapelketaren zereginetik harago doan gaia da: heziketa eta aurreko lana da gakoa, kirolean bestelako baloreen kontzientzia gureganatzeko.

Txapelketa berreskuratu zenetik, hirugarren edizioa da aurtengoa. Lehenengoan hiru neskek hartu zenuten parte, iaz zuek baino ez. Nolako esperientzia izan duzue orain arte?

A. S.: Oso ondo pasatzen dugu. Lehiatzera ateratzen gara, gure buruarekin haserretzen gara... Kar, kar, kar. Gustura aritzen gara. Ez gaituzte ezberdin tratatzen emakume izateagatik. Batzuek maila jaisten dute guk maila apalagoa dugulako, baina ez emakumeak garelako.
G. L.: Eta beste batzuk sekulako indarrez aritzen dira eta indar horri ezin diogunez erantzun, kito. Zenbat eta tanteo hobea egin, hobeto datorkielako txapelketarako. Gu ez gaituzte inoiz zeron utzi, baina beste bikoteren bat bai. Hori herrikoia da?
A. S.: Bai, denetarik dago.

Zer egingo zenukete neska gehiago animatzeko?

A. S: Hasteko, neska askoz gutxiago dabiltza frontoietan. Heziketa ezberdina jaso dugu eta mutilak gehiago bideratu dira kirolera, neskak ez. Gure auzoko jaietan adibidez, neskak batez ere azoka antolatzen gaude, edo haur-jolasak gidatzen.
G. L.: Agian, ikastaroren bat antolatu beharko genuke urtean zehar neskak frontoira animatzeko, ez juxtu txapelketara animatzeko. Hasieratik landu beharko litzateke, sakoneko arazora jo: zergatik ez dugu inoiz neskarik ikusten palara jokatzen frontoi publikoetan, 61.000 biztanleko herri batean? Oso eremu maskulinoa da frontoia, oraindik ere. Neskak, txikitatik, frontoian mutilak ikusten ditu beti eta neskak beste eremu batzuetan, eta ez du planteatu ere egiten frontoira joatea, terreno arrotza du, ez du bere leku sentitzen, txikitatik joera jakin batzuk elikatzen goazelako. Horri eman behar zaio buelta.
A. S.: Telebistan pilotan emakume pilotari gehiago ikusteak lagunduko luke, adibidez, emakumeak frontoian ikusarazteko eta herritarrak animatzeko.
G. L.: Beste modu bat izan daiteke antolatzaile lanetan gu hastea, bi neska, eta nahiz eta egungo antolatzaileak gure sentsibilitate berdina duen eta hori bultzatzen duen, kanpokoentzat eragina izan dezake jasoko duten irudia gu izateak.
A. S.: Hori ez dut hain argi... Norberaren esku dago pausoa ematea eta niretzat adibidez ez da muga pertsona oso lehiakorrek ere parte hartzea. Ulertzen dut hainbatek beldur horiek izatea, baina beldur guztiak gainetik kentzera animatuko nituzke.

Sistiaga eta Lizarraga lehiakorrak dira, baina horren gainetik bi bikoteek jokatu ahal izatea eta beste bikoteak ere ongi pasatzea hobesten dute. Beldurrak uxatu eta txapelketan izena ematera animatu dituzte neskak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
Gorputz hotsak
“Kirol minoritarioetan babesgabetasun ekonomiko handia dago”

Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]


Bertan behera utzi dute Donostiako surf txapelketa bat, israeldarren parte hartzea dela eta

Hamabost urte inguruko lau surflari israeldarren parte hartzea zela eta, hainbat eragilek protesta egin eta Groseko Surf Indarrak elkarteak lehiaketan ez parte hartzea erabaki du. Waxdayz jaialdiaren antolatzaileek ere surflari israeldarrak kaleratzea eskatu die WSL World Surf... [+]


2025-06-02 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioa Nazioen Ligan: gertaera “historikoa”, zazpi herrialdeetako pilotariak bildu zain

Abian da zesta-puntako Nazioen Liga. Ekainaren 6ra bitartean, hainbat selekzio arituko da lehian Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, euskal selekzioa tartean. “Historikoa” da hori, txapelketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, euskal selekzioak aurrenekoz... [+]


2025-05-21 | Onintza Enbeita
Arlette Apraiz. Militante feminista
“Beste Gernika bat da hau, herriak hasieratik sinistu zion sexu abusuen biktimari”

2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.


2025-05-20 | Jon Torner Zabala
Futbola akuilu, sekula baino hegazkin pribatu gehiago Bilboko zeruan

Kirol ekitaldi handi xamarrak egiten diren bakoitzean, agintariek hauspotzen duten "inpaktu ekonomikoaz" edo "hiria mapan kokatzeaz" harago, ohikoa da ostatuen garestitze basatiaz, garraio publikoan daukaten eraginaz edota segurtasun kontuez hitz egitea. Ohikoa... [+]


2025-05-16 | Gedar
60.000 euroko isuna Indar Gorriri, sionismoaren aurkako mezu batengatik

"Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu" idatzi zuen sarean, palestinarrak erailtzeko deia egin baitzuen Granadako jokalariak. "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" ezarrita, isun erraldoia jarri diote Indar Gorriko kide bati.


2025-05-14 | Estitxu Eizagirre
“Galdu eta irabazi” Iñaki Artolaren bertso jarriak, Altunarekin ARGIAn izandako solasalditik etorriak

Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]


Gorputz hotsak
“Ikasi behar dugu ez dela normala izugarrizko mina izatea hilekoarengatik”

Sare sozialetako argitalpen baten bidez, otsailaren 23an, Ane Santesteban txirrindulariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) endometriosia daukala iragarri zuen. Diagnostikoak lagundu egin dio ulertzen zergatik batzuetan gaizki sentitzen den bizikletan: “Kisteak aldaka okertzea... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Aisialdia, kirola eta kultura, mugikorrik gabeko arnasgune Urretxun

Herriko kirolgune, liburutegi, gazteleku, kulturgune, eskola inguru eta abarrek bereizgarria gehitu dute sarreran, jendeari eskatuz mugikorra bazter utz dezala. “Kalitatezko aisialdiaz gozatzea da helburua, arreta horretara jarrita, mugikorrak ekarri ohi duen distrakzioa... [+]


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Gipuzkoako klub batean jokatzeko ez da derrigorrezkoa izango eskola kirolean parte hartzea

EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]


Eguneraketa berriak daude