Hiltzaile isilaren aurkako borroka Italian

  • Eternit lantegiaren arrastorik ez da geratzen, baina amiantoak astean hildako bat uzten du Piamonteko Casale Monferrato hirian. Bertako herritarrek gerra deklaratu diote mineral kantzerigenoari.

Eternit lantegiaren arrasto apur batzuk baino ez dira geratzen Casale Monferraton. Goian, herritarren borrokaren ikur bilakatu den Eternit: Giustizia leloa ageri da Italiako banderan.
Eternit lantegiaren arrasto apur batzuk baino ez dira geratzen Casale Monferraton. Goian, herritarren borrokaren ikur bilakatu den Eternit: Giustizia leloa ageri da Italiako banderan.Cosimo Caridi

Justizia. Hori da balkoi, erakusleiho eta horma gehienetan irakur daitekeen hitza. Casale Monferratok ez du bere historia ahaztu nahi, bada, herritar gehienek galdu dute senitartekoren bat mesotelioma minbiziak edo asbestosia birikietako gaixotasunak jota. Biak dira amiantoaren hautsa arnastearen ondorio. 

Eternit lantegiak modernitatea islatu zuen hamarkada luzez. Casaletar asko biziki poztu ziren Stephan Schmidheiny enpresari suitzarrak erabaki zuenean fibrozementuzko fabrika Piamonte eskualdearen bihotzean ezartzea. 2.000 lanpostu eta soldata duinak eskaini zizkien orduan. Baina iraultza ekonomiko horren B aldea hamarkada batzuk geroago ezagutu zuten. “1970era arte ez ginen hildakoak amiantoari lotzen hasi, baina minbizia kasuak epidemia bat bezala zabaldu ziren”, gogoratu du Condelo Pietano Eterniteko langile ohiak.

Pietanok hogei urtez lan egin zuen amianto edo asbestoarekin, hain zuzen, 1986an Schmidheinyk fabrika itxi eta asbestozko hondakin guztiak han utzi zituen arte. Pietano ez da inoiz gaixotu, baina emaztea galdu berri du mesoteliomaren erruz. Patuaren kapritxoak? Ez, estatistika hutsa. Amiantoaren ondorioz hildako Casaleko herritarren %80k ez zuen inoiz Eterniten lan egin. “Emazteak laneko uniforme zikinak garbitzen zizkidan, denak hauts zuriz inpregnaturikoak. Ez genekien hilkorra zenik”, esan du tristuraz. 

Asbestoak ez du bereizketarik egiten. “Ingurune-kutsadurak barruan hartu gaitu herritar guztiak”, uste du Bruno Pescek, Casaleko Amiantoaren Biktimen Senitartekoen Elkarteko bozeramaileak. Pescek biktima guztien fitxategiak kronologikoki gordeta ditu. Izan ere, 34.000 biztanleko udalerri honetan 2.000 herritar baino gehiago hil dira Eternitek botatako hauts zuriaren ondorioz. Familia bakoitzak bere istorioa dauka, baina batzuek larruz ordaindu dute Casalen bizi izana. Romana Blasottik 86 urte ditu eta senarra, ahizpa, alaba, lehengusina eta iloba joan zaizkio mesoteliomak jota. Orduz geroztik, amiantoaren kontrako borrokaren sinbolo bilakatu da Italian. “Justizia nahi dugu”, errepikatzen die behin eta berriz kazetariei.

David eta Goliat

Baina justizia da, hain zuen, amiantoaren biktimek lortu ez dutena. Hainbat urtetako borrokaren ondorioz, Casaleko herritarrek salaketa bat jarri zuten Schmidheiny Eterniteko jabearen aurka, eta ingurumen eta osasun hondamendia kontzienteki eragitea egotzi zioten. 2012an Turingo epaitegiak irmoki jokatu zuen eta 16 urteko kartzela zigorra ezarri zien Schmidheinyri eta Jean-Louis Marie Ghislain de Cartier de Marchienne bere bazkideari. Epai historikotzat jo zen orduan, izan ere, multinazional handi baten jabearen aurkako lehen ingurumen zigorra izan zen. Helegite epaitegiak ere epaia berretsi zuen eta beste bi urte ezarri zizkien biei. 

Baina Schmidheinyk Erromako kasazio-auzitegira jo zuen, Italiako sistema juridikoaren istantzia garrantzitsuenera, eta honek aurreko bi epaiak baliogabetu zituen. Auzitegiak ez zuen delituen egiazkotasuna zalantzan jarri, baina delitu horiek preskribituta zeudela iritzi zion. “Epailearen arabera, fabrika itxi zen unetik arazoa amaitu zen, baina hori zentzugabekeria hutsa da. Casaleko herritarrek hiltzen jarraitzen dute”, salatu du Pescek. Are gehiago, adituen ustez, mesoteliomaz hildako casaletarren kopurua ez da pikorik altuenera iritsi, gaixotasuna 40 urteren buruan agertzen delako. 

Aurrera begira

Nolanahi ere, Casaleko herritarrek ez dute amorerik eman eta prozesu berri bat hasi dute Schmidheinyren aurka. Oraingoan hilketa dolosoa edo borondatezkoa egotzi diote. “Mingarriena da enpresak bazekiela arnasten genuen hauts hori pozoi hutsa zela. Laborategiko arratoiak bagina bezala jokatu zuen”, azaldu du mesoteliomaz gaixorik dagoen Giovanni Kappa herritarrak.

Schmidheinyren kontrako borroka irabaztea zaila egingo zaie, ordea. Munduko enpresari aberatsenen artean aurkitzen den suitzarraren familiak mundu mailako amiantoaren negozioa kontrolatu zuen XX. mendean. Asbestoa herrialde aberatsenetan debekatu ondotik, hainbat erakunde filantropiko sortu ditu eta garapen jasangarriaren banderadun egin da. Herritarrek ondo gogoratzen dute enpresaren abokatuengandik jasotako presioak.“Lehenik errealitatea ukatu zuten; gero, lantegiko lan baldintzak hobetu zituztela eta langileak seguru zeudela esan ziguten; eta ondoren, langileen isiltasuna erosten saiatu ziren”, azaldu du Pescek. 

Casaleko herritarrek, berriz, mugimendu bateratu bat hezurmamitu dute. “Gure burugogorkeria ezaguna da Italia zabalean”, uste du Bruno Pescek. Iragana eta oraina aldatu ez, baina etorkizunari buelta ematea lortu dute biktimen senitartekoek. Bada, amiantoaren ikuspegitik Italiako udalerririk garbiena bilakatu da Casale Monferrato. Herritarren borrokaren ondorioz, Erromako gobernuak garbiketa prozesu bat egin du asbestozko arrasto guztiak hiritik kentzeko. 

“Batzuek diote Casaleri buruzko irudi txarra ematen ari garela, baina guk ez dugu tristura transmititu nahi, justiziaren beharra baizik”, azaldu du Assunta Prato izeneko irakasle erretiratuak. Pratok senarra galdu zuen duela hogei urte, eta badaki bere ilobak ere ez daudela mesotelioma pairatzeaz salbu. Hiru belaunaldi amiantoaren hatzaparretan. Hala ere, Casaleri baino munduari begiratzen dio Pratok: “Herrialde askotan legezkoa izaten jarraitzen du amiantoak. Une honetan milioika herritar daude hauts zuria arnasten”. 

2023 arte amiantoak hildakoen kopuruak gora egingo du EAEn

Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeak dokumentu garrantzitsu bat onartu du ekainean: amiantoaren kalteei aurre egiteko konpentsazio funtsa eskatzen duen ponentzia. Biktimei eman beharreko laguntzak aztertzeaz gain, datozen urteetan mesotelioma eta asbestosiagatik hilko diren pertsonen aurreikuspenak ere egiten dira bertan.

Espainiako Estatuan amiantoa 70eko eta 80ko hamarkadetan erabili zen gehien. Txostenak dioenez, Frantzian baino %30 gutxiago kontsumitu zen eta horren arabera kalkulatzen dira EAEko etorkizuneko minbizi kasuak: 2014-2018 artean 346 pleurako minbizi eta 233 mesotelioma egon litezke urteko; 2019-2023 artean, berriz, 517 eta 350 kasu hurrenez hurren. Hortik aurrera beherakada nabarmena aurreikusten du ponentziak.

Kopuru horiek askoz altuagoak izan litezke, dena den. Paco Pucche ingurumenean adituak algoritmo bat sortu du kalkulua egiteko. Bere esanetan, 2010eko hamarkadan Espainian 7.000 lagunetik gora hilko dira soilik mesoteliomaz –horri gehitu behar zaizkie asbestosiak eta pleurako minbiziak hildakoak–. Datu bat: EAEn amiantoak sortutako minbizi kasuen tasak estatukoarena hirukoizten du. Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak dio Euskal Herrian 25.000 langilek arnastu dutela iraganean amiantoa eta zenbait estimazioren arabera hirutik bat behar baino lehenago hilko dela.

Konpentsazio funtsa: etengabe auzibidera joan behar ez izatea helburu

Gaur egun dagoen arazo handiena da amiantoa arnastu eta 30 edo 40 urtera sortzen dela gaixotasuna, langilea jadanik jubilaturik dagoenean. Ondorioz, langile ohiek auzibidera jo behar izaten dute indemnizazioa lortzeko. Enpresa asko jada ez dira existitzen eta beste askok ez dute izena emana RERA fitxategian –amiantoa kentzen ari diren enpresen erregistroa–. Gainera, langileak izan ez arren ez dira gutxi amiantoarekin gaixotutako pertsonak: %11 senideak dira –horietako asko langileen arropak garbitzen zituzten emazteak– eta %18 ingurumeneko kutsadurak eragindakoak.

Legebiltzarreko batzordearen ustez arrazoi nahikoa badago konpentsazio funts bat sortzeko. Ponentzian, Europako beste herrialdeetan existitzen diren konpentsazio funtsak aztertu dituzte, horien artean “osoena” Frantziako Estatuko FIVA omen da. Langileak ez du frogatu behar enpresak ez zituela beharrezko segurtasun neurriak hartu amiantoarekin aritzeko. Horrez gain, lan esparrutik kanpoko kasuak estaltzen dituen funts bakarra da Frantziakoa. 

Txostenean agertzen denez, euskal erkidegoan Frantziako moduko sistema bat abian jartzeko urtero 32 milioi euro beharko lirateke, eta Osalanek hori ez du egingarri ikusten. Hala, Legebiltzarrak Espainiako Estatuari eskatu dio konpentsazio funtsa sortzea, bere ustez bera izan baitzen amiantoarekin lan egitea baimendu zuena. Gizarte Segurantzatik ez ezik, mutuen funtsen soberakinetatik ere elikatu dezake diru-poltsa. Asviamiek uste du euskal erakundeek gutxienez diru zati bat jarri beharko luketela, Legebiltzarraren proposamenak “garrantzia izan dezan”.

Bestalde, LABek eskatzen duen Amiantoaren Mapa egitea baztertu du Legebiltzarrak, ponentziaren helburua ez ei delako hori eta iritzi batzuen arabera “beharrezkoak ez diren arriskuak” sor daitezkeelako mapa osatzeko. Bestetik, Osakidetzari eragingo liokeen behaketa protokolo bat martxan jartzeko aukera ere aurreikusten du ponentziak, baita amiantoaren institutu nazional bat sortzea ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amiantoa
Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


"CAFeko zuzendaritzak produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik"

Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko... [+]


CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik

Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.


Zer da hauts zuri hori? Badator amiantoaren laugarren olatua…

Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]


Eguneraketa berriak daude