2024-04-29 11:15
CAFeko enpresa batzordeak bi lanuzte egin ditu (10:00etatik 12:00etara eta beste bi arratsaldeko txandetan) amiantoa kentzeko Europako protokoloak berritzeko eskatzeko, egungo estandarrek ez baitute bermatzen amiantoa segurtasunez kentzea. Duela 23 urte debekatu zen amiantoa erabiltzea CAFen, baina orain arte 61 langile hil dira mineralarekin kontaktuan egoteagatik. Ez da iraganaren part, ordea. Izan ere, duela gutxi CAFeko instalazioetan dagoen amiantoa kentzeko plan bat jarri zen martxan, baina segurtasun neurri egokirik gabe, deitoratu dutenez. Hala, 2023ko abuztuan, Rera enpresa arduratu zen 8. pabilioiko amiantoa kentzeaz, Osalanen oniritziarekin. Hala ere, lanak egin ondoren, tailerrak zikinak zeudela egiaztatu zen. Prebentzioko ordezkariek berehalako arrisku egoera salatu zuten Osalanen eta Lan Ikuskaritzan; izan ere, gogorarazi dutenez, haien ardura da lan horien jarraipena egitea eta langileen osasuna bermatzea. Hala ere, enpresak ez zuen dirua galdu nahi, beraz, ez zuen ekoizpena gelditu lantokiak garbitzeko, langileen osasunaren kaltetan. Osalanek, bere aldetik, ez zuen urratsik egin. "Osalani eta Lan Ikuskaritzari laguntza eskatu genien, baina ez gintuzten babestu. Neurriak berandu hartu dira, eta ehunka langile arriskuan jarri dira amianto zuntzak xurgatzeagatik", deitoratu dute.

Protokoloak berritzeaz gain, 2001ean amiantoaren erabilera debekatu arte mineralarekin lan egin zuten CAFeko langileak aintzat hartzea eta esposiziopean egon daitezkeenen zerrenda ofizialean sartzea eskatu dute, jarraipen medikoa egiteko. Gauza bera amiantoa kentzeko lanetan aritu ziren langileekin.

Bestalde, eskatu dute, amiantoaren kasuan bezala, osasun baldintza txarretan lanean aritu direnei koefiziente murriztaileak onartzea. Era berean, Gobernuak amiantoak kutsatutako langileentzat sortutako konpentsazio funtsa eskatu dute.

"Ezinbestekoa da gaixoen eta haien senideen zaurgarritasun egoera onartzea eta erraztea", azpimarratu dute. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunaren biharamunean, gogorarazi dute azken 10 urteetan gutxienez 587 pertsona hil direla lan istripuetan. 2023an, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, 59 langile hil ziren lan istripuen ondorioz, eta aurten jada 21 dira istripuek eragindako heriotzak.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.