Burbuila husten hasita dago

  • Haustura hidraulikoa edo frackinga erabiliz gas ez konbentzionala ustiatzeko egitasmoek erantzun sozial bizia piztu dute Euskal Herrian, eta bereziki Araban. Horren froga, uztailaren 13tik 19ra Subillan (Gasteiz) egingo den Frackanpada. Hainbeste zeresan eragin duen teknikak ingurumenari egindako kalteez jardungo dira, zalantzarik gabe, Subillako topaketan. Non eta, ustez behintzat, Euskal Herriko lehen putzu biak zulatzekoak ziren lekuan. Haatik, akuiferoak kutsatzeko arriskua, lurrikarak eragitekoa, gehigarri kimiko kantzerigenoen mehatxua, lurraldearen okupazio neurrigabea... ez dira izango hizpide bakarrak. Ezinbestean, energiaz ere berba egin behar da frackingaz ari garenean. Larrun honen azken orrialdeetan elkarrizketatu dugun Antonio Turielen esanetan, haustura hidraulikoaren bidez ustiatzen diren baliabideen errendimendu energetikoa edota ekonomikoa aztertzean, sinestezina dirudi “frackingaren alde egiten ari den kanpainak”. Gero eta sinestezinago, gaineratu beharko. Frackinga burbuila besterik ez dela lehendik ere salatua zuten askok. Azken hilabeteetan agerian geratzen ari da arrazoi zutela batetik, eta burbuila husten hasita dagoela bestetik.


2015eko ekainaren 28an
Tim Evanson - CC BY SA

“Uste dut frackingak AEBetako ekonomia irauli duela. Hazkunde ikusgarria ahalbidetu du, energia merkatu du, lehiakor izateko aukera eman die...”. Miguel Arias Cañete Europar Batzordeko Energia eta Klima komisarioak El País egunkariari esandako hitz horiek ez dira, ez, bat-bateko burutazio baten ondoriozkoak. Berak baino lehenago beste askok errepikatuko mantra errepikatu besterik ez zuen egin espainiar ministro ohiak. Kontrakoa dioen datu oldeak ez ditu, nonbait, mantra horren sustatzaileak kikildu. Arias Cañetek martxoan egin zituen adierazpenok. Ordurako, ezagun zen fracking bidezko ustiapenak dituzten hainbat konpainiak milaka langile kaleratu dituztela 2014an eta aurten bertan, edo zuzenean porrot egin dutela. Datu eanguratsua: AEBetan lanean ari diren makina zulagailu kopurua (hidrokarburo ez konbentzionalen ustiapen-eremuetan baina baita konbentzionaletan ere) gainbehera geldiezinean dago. Joan den apirilean, aurreko urrian baino %53 gutxiago ziren.      

Fracking bidez ekoiztea bitarteko konbentzionalak erabiltzea baino garestiagoa da. Horregatik, 2014an abiatutako petrolioaren prezioa amiltzeak (50 dolarreraino jaitsi zen upelaren salneurria; orain 65 inguruan dago) kalte handia egin zion sektoreari. Analista askok esan dute frackingarekiko grina prezioak berriz igotzearekin batera itzuliko dela “bere onera”.      

Arazoa konplexuagoa da, haatik: upela 100 dolarrean zegoenean ere arazoak zituzten enpresa askok. “Mainstream-aren barruan ere gero eta ahots gehiago ari dira lau haizetara oihukatzen  frackingarekin aurrera jarraitzea absurdua dela”, dio Antonio Turielek. 

Ezin zitekeen besterik espero hain emankortasun eskasa duen baliabide batez. Fracking-gas putzu baten emaria putzu konbentzional batena baino 200 aldiz txikiagoa da  Eta gainera, oso arin jaisten da: gas ez konbentzionaleko putzu arrunt batek lehen urtean ematen du bere bizitza osoan emango duen gas guztiaren %80. Hortik aurrera datorren beherakada orekatu eta ekoizpen zifrei eutsi ahal izateko, putzu gehiago zulatzen dira. Inbertsioa handitzen da, baina produkzioa ez. Gurpilak ezin zuen betiko iraun, noski.     

Erraz igartzen da frackingaren burbuilaren leherketak ez duela ustekabean harrapatu aipatutako seinaleak aintzat hartu duen inor. Izan ere, seinaleak baino gehiago izan dira: frackingaren  abenturan sartutako konpainiek milaka milioi dolarreko defizitak pilatu dituzte 2010etik. “Gas erreserbak handitzeari eman zioten lehentasuna (eta beraz, burtsan zuten kapitalizazioa hobetzeari), ustiapenaren errentagarritasunari baino”, irakur dezakegu The Oil Crash blogean. “Alkandorak ere galdu ditugu”, kexatu zen Rex Tillerson Exxon Mobileko aholkulari nagusia, eta ez bart gauean, 2012an baizik.   

Baliabide guztiak ez dira erreserba

Lur azpian zenbat gas dagoen ez da hain garrantzitsua. Hura zer erritmotan atera daitekeen, horixe da gakoa. Bestela esanda, erreserbak eta baliabideak ez dira gauza bera, sarritan nahasi arren. Baliabidea dagoen guztia da; erreserba, berriz, ustiatu daitekeena, eta hori faktore ekonomikoen menpe dago. “Funtsean, Energi Itzulera Tasa (EIT) on bat izatearen menpe”, azaltzen du Antonio Turielek. EIT zer den ulertzea, erraza izateaz gain, funtsezkoa da konturatzeko zergatik hidrokarburo ez konbentzionalen bidea hain laburra izango den, ahots asko, zenbait ordezkari publiko barne, oraindik haren defentsan tematu arren.      

Baliabide guztiak erreserba ez direla oso modu argian esplikatzen du Turielen esaldi honek: “Demagun 100 milioi euro dauzkadala bankuan, baina hilero 100 euro ateratzeko aukera besterik ez dudala”. Hauxe gehitu genezake: gutxi ateratzeko baimena izateaz gain, hil bakoitzean aurrekoan baino apur bat gutxiago atera dezakegu. Gero eta gutxiagorekin bizitzen konformatzen ikasi beharko dugu, eta frackingak ez du errealitate hori aldatuko.     

Ondoren datozen orrialdeetan azaltzen dira teknika horren aldeko apustua, energiaren ikuspuntutik behintzat, oinarri gabeko apustua izatearen gakoak. Kasu askotan, azken hilabeteotako porrot ekonomikoaren datu zehatzak ezagutu baino lehenago idatzitako testuetan oinarrituta daude, eta horregatik zenbait pasartek anakronismo kutsua izan dezakete. Orain zalantzarik gabe baieztatzen ari denaren aurreikuspen egokia dira, nolanahi.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude