Orain da zure garaia

  • Musika elektronikoak ez du bide erraza izan Euskal Rock Erradikalaren agintepeko lurrotan. Paradoxikoki, Europako hainbat herrialdetan musika alternatibotzat jo izan dena berandu eta bide komertzialetatik iritsi da hona. Aurreiritziek indar asko dute oraindik. Azken urteetan ordea, Euskal Herriko gune alternatiboetan bere tokia egiten hasia dela dirudi.

Las Tea Party DJen saioa Donostiako Piraten La Flamenka gunean
Las Tea Party DJen saioa Donostiako Piraten La Flamenka gunean. Kosta baldin bazaio ere, musika elektronikoa ari da bidea egiten Euskal Herriko espazio alternatiboetan.Maköki

Kortatu, Hertzainak eta gisa bereko taldeek utzitako itzal luzeak punk rock kutsua eman dio urte luzez Euskal Herriko soinu bandari. Fenomeno horrek Euskal Rock Erradikalaren lurretan beste zenbait musika mota zokoratu eta baztertzea ere ekarri zuen ordea. Tartean, eta oso modu nabarmenean, musika elektronikoa. Horregatik, Europako hainbat herrialdetan izandako bilakaeraren oso bestelakoa izan du hemen: mantso eta gune alternatiboetatik urrun.

Fermin Etxegoien kazetariak gogoan du nola Joy Division eta New Order gisako post-punk taldeak hasi ziren soinu elektroniko edo sintetikoak erabiltzen, eta zirraragarri zitzaiola soinu hori; baita Alemanian sortutako beste joera elektroniko batzuk ere. Euskal Herriko musika “erresistentearekin” inongo loturarik izan ez zutela dio ordea; are, horteradatzat jotzen zirela saiakera horiek.  “Kortaturen zaleen %99k ez zekien New Order zer zen, eta ez zitzaien interesatzen. Horrek ez du  esan nahi New Order gustuko genuenok Kortatu apreziatzen ez genuenik”.

1990eko hamarkadan ordea, Valentziatik zetorren bakalaua iritsi zen Euskal Herriko lokal komertzialetara, baita ordura arte Euskal Rock Erradikala nagusi zen areto batzuetara ere. Etxegoienek dioenez, “punka entzuten zuen zenbaitek bat egin zuen musika horrekin, baina oro har gauez zebilen edonori gertatu zitzaion. Oso ludikoa eta erraza zen”.

Alderantzizko norabidean

Alemanian eta Ingalaterran, azken honetan bereziki, oso naturala izan zen punketik hasi eta musika elektronikorainoko trantsizioa. Punketik post-punka etorri zen, bertatik technoa eta pixkanaka musika elektronikoaren gainontzeko bariazioak. Bariazio horietako bat da bakalaua, Espainiako ekialdean sortu zena. Hala dio gazteak, musika eta gatazka aztertu dituen Ion Andoni Del Amok, Party & Borroka izeneko tesian. “Hemen, alderantzizko ordenean iritsi dira eraginak: lehenengo bakalaua, gero musika elektronikoa eta orain post-punk taldeak ari dira sortzen”.

Trantsizio natural horren faltak zaildu zuen punka eta musika elektronikoaren arteko harremana. “Hemen ia etsaituta zeuden bitartean, oso normala zen Londres edo Berlinen gune alternatibo berean egun batean technoa eta bestean punka entzutea”.

Bakalauak sortutako aurreiritziak

Bakalauaren iritsierarekin batera, gaur egun oraindik musika elektronikoari egozten zaizkion aurreiritzi andana sortu ziren, gaztetxe, txosnagune eta jaialdi alternatiboetan batez ere. Hiru azpimarratzen ditu ikerlari durangarrak. “Aurreiritzien artean jatorria zen nabarmena: espainoltzat jotzen zen. Baina drogekin eta klase pobreekin lotzen zen musika ere bazen”. Musika elektronikoari despolitizazioa ere aurpegiratzen zitzaion, festa borrokaren gainetik jartzea. Baina punk kontzertuetan ere festa eta neurrigabeko kontsumoa elementu garrantzitsuak zirela nabarmendu du Del Amok.

Posible da bakalaua gainontzeko musika elektronikoaren aurretik iristeak aurreiritziak indartu izana, Del Amoren ustez. “Hala ere, house, techno edo antzekoek ere ez zuten harrera onik izan espazio alternatiboetan”.

Hau ez da gure estiloa

Diskoteka komertzialen babesean kanpotik etorritako musika elektronikoak nolabaiteko ibilbidea egin bazuen ere, ekoizpena oso urria izan da Euskal Herrian. Trabak traba, 1990eko hamarkadan nabarmentzea lortu zuen Hemendik At! taldea izan zen aitzindaria. Eurodance izendatutakoaren bidetik, “euskal bakalau erradikala” egiten ahalegindu ziren, bertako punk-rockaren jarrera eta aldarrikapen bertsuak mantenduz. Ordurako bakalaua gainbeheran zela-eta, oso fenomeno isolatua izan zela dio Etxegoienek, baina denborak ematen duen distantziatik, meritua aitortzen dio taldeari: “Garai hartan oso balorazio krudela egingo genuen ziur asko, baina orain sinpatia handiz ikusten ditut saiakera horiek”.

Zenbait sektoreren gutxiespena jasan zutela kontatu du Ion Andoni Del Amok ere: “Hau ez da gure estiloa” eta gisako oihuak entzuten omen ziren maiz txosnagune edo jaialdi alternatiboetan Hemendik At! jartzen zutenean. “Orain da zure garaia” kantatzen zuen orduan Hemendik-At!-ek, baina geroago heldu da euren lanaren onarpena. “Ia hogei urteren ostean, gazteek ezagutu eta dantzatu egiten dituzte haien kantak, lehen baztertu egiten ziren toki beretan”.

Ari da zerbait aldatzen

Del Amok bere tesian bildutako datuen arabera, azken bost urteotan aldatzen ari da joera. Zenbait gaztetxe eta aretotan, lehen ez zuen presentzia hasi da izaten musika elektronikoa. Adibideak ez dira falta. 2013an, esaterako, Bergarako gaztetxean egin zuten Kogollos Party Krew DJ kolektiboak antolatutako Bergarako Elektronika Topaketa.

Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aldiz, lau urtean 30 bider antolatu dute Gau Elektronikoa esaten diotena. Euskal Herria Zuzenean jaialdian DJek tokia dute 2010etik gutxienez, eta musika elektronikoak bere lekua dauka Ernai eta Aitzina gazte erakundeek antolatutako azken topaketetan ere. Paraleloki, El Txef-a, Patrol Destroyers eta Las Tea Party-en gisako proposamenek ere nolabaiteko sona lortu dute.

Las Tea Party DJak nonahi

Musika elektronikoa gune alternatiboan pixkanaka bidea egiten ari bada, aurrez aipatutako Las Tea Party DJ-en esker da, neurri handi batean. Lorea Argarate eta Eva Gutierrez bizkaitarrek osatutako bikotea makina bat jai herrikoi eta festetatik igaro da jada. “Leku askotan gure saioa izan da formatu hau programatzen zuten lehen aldia, eta askotan, beldurrez eta zer gertatuko zen ez zekitela hurbildu dira antolatzaileak guregana. Guk lasaitasun handiz erantzun izan diegu ongi joango zela, jendearen erantzuna ere kontuan hartzen dugula”. Horrela izan da: arrakasta handiz, orotariko plaza eta aretoak jarri dituzte dantzan.

Diotenez, musika elektronikoa “arrotza” izan da askorentzat Euskal Herrian, baina pixkanaka aurreiritziak alde batera geratzen ari direla nabari dute. Hemendik At!-en gisako proposamenekin alderatuz gero, eurek pintxatzen dituzten kantak ez daude aldarrikapen hitzez josita. Horrek ez du esan nahi irizpide ideologikorik ez darabiltenik: letra matxistak dituen elektrolatinoa, esaterako, baztertu egiten dute. “Guk, Moombah doinuak jartzen ditugu, eta sortzen ere bagabiltza. Antzeko erritmoak ditu baina ez daude komentario matxistez beteta”.

Biziraupenak behartuta?

Behinola Euskal Rock Erradikalaren erreinu izandako gune alternatiboak bestelako musika mota batzuei ateak ireki dizkiete azken urteotan. Baina zein da hori ahalbidetu duen testuingurua? Aldaketa politikoak bere eragina baduela dio Del Amok. “Orain eginkizun nagusia ez da erresistentzia eta borroka, jendea erakarri eta hegemonia lortzea baizik”. Horrek prozesua erraztu duela uste du, ez ordea motibo nagusia denik. Bere arabera, biziraun beharrari esker gauzatu da aldaketa. “Bilbon adibidez erabaki kontzientea izan zen musika komertziala txosnaguneetan sartzea, jende gehiago erakartzeko neurri gisa”.

Eta Bizkaiko hiriburuan hasitako joera Euskal Herri osora zabaldu dela dio Del Amok, eta astiroago, baina gauza bera gertatu dela musika elektronikoarekin ere. Zentzu horretan, deigarri egiten zaio errazago txertatu dela reggaetoia bezalako musika komertziala, musika elektronika baino. “Oro har txosnagune eta gaztetxeak nahiko kontserbadoreak izan dira esperimentazio kulturalari dagokionez. Zirkuito alternatiboetan 20-25 urtez musika bera entzun da, eta hortik kanpo geratu den guztiak oso sarrera zaila izan du”.


ASTEKARIA
2015eko ekainaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude