Hirigintza planak eta euskara

Hizkuntza eragina neurtzeko tresna biribiltzen

  • Tolosaldeko Lurraldearen Zatiko Planean Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako (ELE) tresna sortu berria aplikatu zuten 2014ko maiatzean. Planak 4.100 etxebizitza egitea aurreikusten du. Eskualdeko biztanleen %71 euskalduna da eta emaitzek diote hirigintza planak eragin moderatua izango lukeela eskualdeko egoera soziolinguistikoan. ELE Ondarroan eta Orion ere probatzen ari dira.

     

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2015eko ekainaren 21a
Argazkian, Urbil merkataritza gunea Usurbilgo lurretan eraikia. Egin aurretik Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna  aplikatu izan balitzaio zein ondorio aterako ote ziren? Nolako neurri zuzentzaileak hartu beharko ziren Usurbil moduko herri euskaldunean
Argazkian, Urbil merkataritza gunea Usurbilgo lurretan eraikia. Egin aurretik Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna aplikatu izan balitzaio zein ondorio aterako ote ziren? Nolako neurri zuzentzaileak hartu beharko ziren Usurbil moduko herri euskaldunean ahalik eta gutxien eragiteko? Eta gertuago dagoen Lasarte-Orian ebaluazio bera egin izan balitz? Dani Blanco

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEMAk sortutakoa da ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako tresna. Udalerri euskaldunetan euskara sustatzeko eta zaintzeko konpromisoaren ondorioetako bat da. Alegia, politika publikoetan, ezertan hasi aurretik, ingurumen inpaktua neurtzen den moduan, tresna horrek hirigintza plan batek edo beste edozein esku-hartzek eremu jakin batean hizkuntzan eragin dezakeena aurreikusteko aukera emango luke.

Nola erabili da tresna?

ELE Tolosaldean (Gipuzkoa) estreinatu dute, hirigintza planean. Ziurrenik hemendik aurrera egin nahi dituzten tresna ereduen artean osatuena izango da, hirigintza planak konplexuak baitira. Pauso dezente ditu, eta ondoren, ideia orokor bat egiteko adina azalpen baino ez dugu emango. Hasteko 33 galdera egiten ditu, bizi kalitateaz, ekonomiaz, azpiegiturez, komunitatearen gizarte eta kultura bizitzaz, eta biztanleriaren ezaugarriez. Hona galderen hiru bat adibide: Proiektuak eragingo al du gatazkarik edo zatiketarik euskaldunen komunitatean? Sortuko dituen lanpostuak bertako biztanleek beteko dituzte? Proiektuak izango al du eraginik bertako jendearen bizi-mailan? Galderaren erantzuna baiezkoa bada, hau da, nolabaiteko eragina aurreikusten bada, eragin hori nolakoa den jakiteko hamaika atributuri erantzun behar zaie: eragin mota, eragina, intentsitatea, hedadura, unea, iraunkortasuna, itzulgarritasuna, berreskuragarritasuna, sinergia, metaketa, aldizkakotasuna. Formula bat aplikatuz eragin linguistikoaren indizea kalkulatzen da. Bost zifrek osatzen dute indizea, bizi kalitateak, komunitatearen gizarte eta kultura bizitzak, biztanleriaren ezaugarriek, ekonomiak eta azpiegiturek zifra bana ematen dute. Eraginaren garrantziaren eskalaren arabera, Tolosaldeko aplikazioan ez zen alderdi kritiko edo larririk identifikatu. Aipatu berri ditugun bost alderdietatik lehenengo hirurek eman dute indizerik altuena, eta eragin moderatuaren barruan leudeke.

Udalerrien hauskortasun indizea

Eragin linguistikoaren indizea soilik aterata ez ziren konforme geratu, eta beste hiru indize landu zituzten, hizkuntzari estuago lotuak. Hauskortasun indizea da lehenengoa. Horren helburua udalerriak inpaktu linguistikoaren aurrean bere izaera soziolinguistikoa galtzeko duen arrisku maila neurtzea da. Zer hartzen du kontuan indizeak? Udalerriko biztanle kopurua, euskaldun portzentajea, etxean euskaraz egiten duten pertsonen portzentajea, euskara lehen hizkuntza duten pertsonen portzentajea, UEMAko udalerriak eta EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) daukatenak. Indizearen arabera, udalerririk hauskorrenak euskaldunenak dira, eta gehienetan biztanle gutxien dutenak.

Lurralde Zatiko Planaren eragin indizea

Indize honen helburua LZPren barruko ekintzek hizkuntzarengan izango duten eragina neurtzea da. Herriz herri egin zuten ebaluaketa. Ondoren, hauskortasun eta LZP indizeak gurutzatu zituzten. Izan ere, gerta daiteke herri batek hauskortasun indize altua izatea, baina era berean Lurralde Zatiko Planak herri horri gutxi eragitea. Ondoko hiru ondorioetara iritsi ziren. Bat, hauskortasun handia dutenen artean LZPren eragin ertaina jasaten duten udalerriak hauek dira: Hernialde, Aduna, Albiztur, Elduain, Alkiza, Altzo, Amezketa, Berrobi eta Bidegoian. Bi, LZPren eragin handia dutenen artean hauskortasun ertaina duten herriak: Zizurkil, Ibarra eta Anoeta. Hiru, hauskortasun txikiagoa izan arren, duten biztanle kopuruagatik kontuan hartzekoa da LZPk Villabonan eta Tolosan izan dezakeen eragina.

Euskararen ezagutzaren proiekzioaren indizea

Planak agindutako 4.100 etxe egingo direla kalkulatu zuten, jakinda esandako kopuru osoa betetzea ez dela ohikoa. Etxebizitza bakoitzeko hiru kide kontatu zituzten. Ondoren, etxebizitza horietara joango ziren biztanleak nongoak izango ziren kalkulatu zuten (Tolosaldekoak, Gipuzkoako beste tokietakoak, EAEko beste lekuetakoak, Nafarroakoak, Espainia eta atzerrikoak). Azken pausoa haien euskara ezagutza kalkulatzea izan zen. Proiekzio ariketaren arabera, ondoko udalerriek galduko lukete euskara ezagutza portzentaje altuena: Zizurkil (%10,4), Anoeta (%9,3), Amezketa (%8,9), Orexa (%7,6), Ibarra (%7,4), Ikaztegieta (%7,3), Gaztelu (%7,3), Baliarrain (%7,1).

Lurraldearen Zatiko Plana osotasunean ezarriko balitz, Tolosaldean batez beste euskararen ezagutza %6,7 jaitsiko litzatekeela aurreikusi dute, beti ere inolako neurri zuzentzailerik hartuko ez balitz. ELE tresnaren bi azken pausoak horiexek dira, batetik, planak egoera soziolinguistikoan eragina izango badu neurri zuzentzaileak proposatzea, eta bestetik, neurririk aplikatzen ez bada nolabaiteko zigorrak ezartzea.

Tresnaren bertsio errazagoak

ELEren lehen eredua hirigintza planetarako dago bereziki pentsatua, baina bestelako politika publikoak ebaluatzeko tresna sinpleagoa behar zelakoan, edozein zerbitzuburuk betetzeko moduko tresna sortu dute. Esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak, legegintzaldi bukaeran, zahar egoitzak kudeatzeko Kabia erakundeari ELEren bertsio errazagoa aplikatzeko asmoa zuela adierazi zuen. Kultur egitasmoetarako, lantegi bat eraikitzeko, merkataritza gunea egiteko eta beste hainbat jardueratarako tresna egokiagoa litzateke azken eredu hori.
    UEMAk ELE erabiltzeko formazio ikastaroak eskainiko dizkie erakundeko udalerriei, tresna horren aplikazioan aitzindariak izatea dagokiola iritzita. Gaur egun, Orioko, Ondarroako eta Baztango udalak dira ELE abian dutenak.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hizkuntza politika  |  Hirigintza

Hizkuntza politika kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude