Emakumeak borrokan
Laura Pego Otero

"Torturaren erabilera inpunitateari lotuta dago"

  • Laura Pego Otero (Pasaia, 1968) abokatua eta Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlaria da. Torturaren inguruko ikerketan ibilbide luzea du eta azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aginduz Tortura Ikerketa proiektua (1960-2013) aurrera eramateko eratu den lantaldeko partaide da. Horri buruz hitz egin digu.

Ander Leon
2015eko maiatzaren 03a

Torturaren inguruan egin duzun lehen lana ez da hau.

“Tortura euskal esparruan” izeneko tesina izan nuen lehen hurbilpena. Geroztik atxilotutakoen eskubideen inguruan lan egin dut, 2007an Arartekoak enkargatutako txostenean, eta berriki Eusko Jaurlaritzaren aginduz inkomunikazio egoeran izan diren atxiloketen inguruan. Aurreko bietan tortura zeharka jorratzen da, atxiloketaren balizko ondorio bezala. Oraingo ikerketa berriz zehatzagoa da, torturaz, bai atxiloketa guneetan baita espetxeetan ere.

Zergatik tortura?

Giza eskubideen defentsa betidanik interesatu zait. Torturak beste biolentzia batzuek ez duten osagarria du: mina edo sufrimendua funtzionario publikoak eragindakoa da, edota behinik behin, sistema publikoa ordezkatzen duen pertsona batek bultzatu edo baimendu du. Eskubide bermatzailea da eskubideak hausten dituena, babestu behar gaituena da delituaren egilea, eta horregatik da hain larria.

Tortura ukatzen dutenak badaude.

Torturaren biktimek ez dute kasu gehienetan onarpenik izan, ez sozialik ezta juridikorik ere. Salaketei kutsu politikoa eman izan zaie eta normalean ukatu egin dituzte. Prebentziorako neurriak aurkeztu dituztenak alarmistatzat hartu izan dira. Tortura salatu dutenei ukapen horri buruz galdetzen diegunean, ez diote garrantzi handiegirik ematen, “nik badakit zer egin didaten eta nire ingurukoek ere bai, horrekin nahikoa dut” esan ohi dute etsipenez. Batzuek torturarik ez dagoela ziurtatzen duten bitartean Giza Eskubideetarako Europako Tribunalak Espainiako Estatua behin eta berriro zigortzen du salaketak ez ikertzeagatik.

Zein da orain abian duzuen proiektuaren helburua?

Hainbat helburu ditugu: torturaren inpunitatea bermatzen dituzten elementuak identifikatzea, torturatuen errolda egitea, salaketa batzuen sinesgarritasuna baloratzea, kasu esanguratsu batzuk aztertzea –batez ere biktimen bizitzetan izandako eragina neurtzeko–…  Horrekin guztiarekin txosten orokorra idatziko dugu. Torturaren gaiari hurbilpen zientifikoa egin nahi diogu, eztabaida ideologikotik atera eta enpirismoan oinarritutako txostena idatzi. Hori bai, argi eta garbi daukaguna zera da: giza eskubideen urraketen aurrean ezin da neutrala izan.

Hiru mediku eta jurista bat zaudete. Zer lan egiten du zuotako bakoitzak?

Paco Etxebarria da proiektuaren zuzendaria eta Ikertzaile Nagusia, ibilbide luzea du egina halako kasuetan; Benito Morentin, berriz, salaketen sinesgarritasuna aztertzeko arduraduna da, Istanbulgo protokoloa jarraituz; eta Martin Beristainek kasu esanguratsuenak aztertzen ditu. Nire lana, salaketen inguruko dimentsio juridikoa baloratzea da, ustezko biktimekin harremanetan jartzea eta eragile sozialekin kontaktuak egitea.

Zeintzuk dira eragile horiek eta nolako harrera izan du zuen jardunak?

Torturaren gaia bereziki jorratu duten elkarteekin hasi ginen, TAT, Euskal Memoria, Amnesty International edo Salhaketa modukoak. Gizarteko beste hainbat sektore ordezkatzen dituzten eragileekin ere egon gara: SOS Arrazakeria, drogamenpekotasunaren ingurukoak, giza mailako elkarte kristauak, sindikatuak... Baita mundu judizialekoekin ere: abokatuak, epaileak edota fiskalak. Egitasmoa aurkeztu diegu eta beraien babesa erabatekoa izan da. Denek erakutsi dute ikerketan laguntzeko borondatea.

Gaia oso sentibera da, kritikarik jaso duzue?

Guri zuzenean ez zaigu inor kritikarekin etorri. Artikuluren batean bai irakurri dugu hainbat polizia-sindikaturen kezka, baina ez horrenbeste ikerketa beragatik baizik eta kondenarik gabeko salaketei ematen zaien tratamenduagatik. Hau da, beraien ustez salaketak ez dira kontutan hartu behar frogatzen ez badira.

Baina torturaren arazo handienetako bat hori da, frogatzea zaila dela.

Eusko Jaurlaritzaren 2013ko txosten baten arabera, salaketa publikoak edo judizialak kontutan harturik, 5.500 kasu inguru egon daitezke. Haietatik Espainiako tribunalek 20 bat zigor-epai baino ez dituzte eman. Tortura frogatzeko zailtasun handienak, hainbat nazioarteko erakunderen arabera, komisaldegietan eta espetxeetan egon daitezkeen inpunitate espazioak dira. Erakunde horiek diotenez ikerketak falta dira, eta indarrean dauden bermeak ez dira nahikoak. Opakotasun esparruak daude.

Inkomunikazioa da tortura ahalbidetzen duen arrazoi nagusia?

Esan dezakegu inkomunikazioaren baldintzek horrelako egoerak erraztu ditzaketela, baina ez soilik Lege Antiterrorista aplikatu den kasuetan. Tortura jasaten duten beste kolektiboak ere badaude: delinkuente sozialak, toxikomanoak, etorkinak… Babes sozialik gabeko pertsonak izan ohi dira, tortura salatu ere egiten ez dutenak. Guk kasu batzuk atzeman ditugu, baino gehienek ez dute horri buruz hitz egin nahi, tortura atxiloketaren atal bat bezala ikusten baitute.

Ez dute babes edo sinesgarritasun bera etorkin toxikomano batek edo Martxelo Otamendik, baina kasu guztien atzean modu bateko edo besteko inpunitatea dago. Hori izan daiteke torturaren gakoa, balizko torturatzaileak babesten dituena. Eta horri funtzionario batzuen korporatibismoa gehitu behar zaio.

Eman dezakezu adibideren bat?

Gogoratuko duzue 1995ean emakume brasildar bat bortxatu zutela Bilboko komisaldegi batean. Epaileak bortxaketa frogatutzat eman zuen baina ez zuen inor zigortu. Egun horretan lanean zeuden polizien artean isiltasunaren legea izan zen nagusi eta hori izan zen epaia: delitua bai, baina errudunik ez.

Eta egoera hori izanik, zer pauso emango duzue salatutakoa benetakoa den baloratzeko?

Nazioartean onartuta dagoen metodologia erabiliko dugu, Istanbulgo Protokoloa, hain zuzen ere. Sistema horrek hainbat pausu aurreikusten ditu eta bertan ezarritako egiaztatze frogak baliogarriak izango zaizkigu edozein salaketaren sinesgarritasuna baloratzeko.

Orain arteko emaitzei begiratuta zein da torturatuaren profila?

Gizonezkoa eta Polizia Nazionalak 80ko hamarkadan Gipuzkoan atxilotua. Horiek dira item bakoitzean gehien ematen diren erantzunak. Gehienak ere inkomunikazio egoeran egon dira eta beraien salaketek ez dute aurrera egin. Sexuaren arabera aldea nabarmena da: %85 gizonak dira eta %15 emakumeak. Atxiloketaren arduradunen artean kasuen %49 Poliziaren eskuetan egon da, Guardia Zibilak %41 eta Ertzaintzak %9. Hamarkadei begiratuta topea jotzen du 80koan eta hortik atzera jaisten joaten da.

Gerra zibileko desmasiak argitzeko, igarotako denbora oztopo handia da. Hemen ere hala gertatuko al da?

Diktadura garaian salatzea askoz zailagoa zen eta hainbeste urteren ondoren gaur egun arazo gehiago ditugu haiekin kontaktatzeko. Baina 60ko eta 70eko hamarkadetako jendea hurbiltzen ari zaigu, urteetan gordea izan dutena kontatzeko prest. Hala ere, ezin da ukatu denborak memoria ahultzen duela eta zailagoa dela dokumentazioa eskuratzea, batzuk adina dela eta oso gaixo edo hilda egon daitezkeela… Bai, kasu batzuetan igarotako denbora arazo handia izan daiteke.

Kasu bereziak egongo dira.

Torturaren gaia aipatuta, guztioi Joxe Arregiren izena datorkigu burura. Bere kasuaren espedientea aurkitu dugu Madrilgo fundazio batean artxibaturik. Kopia bat eskuratzear gaude eta laster ekingo diogu azterketari.

1960 eta 2013 urteen artean, ezker abertzaleko kideenak ez ezik, beste ideologiatako pertsonen testigantzak ere baditugu: sozialistak, komunistak, sindikalistak, EAJren ingurukoak... Beste kasu esanguratsu bat Enkarni Blancorena da. Atxilotua izan eta gero tortura bortitzak salatu zituen.  Auziak ez zuen aurrera egin eta Nazio Batuen Erakundera jo zuen. Urtetan borrokatu ondoren erakunde horretako Torturaren Aurkako Batzordeak Espainia kondenatu zuen, baina ez torturengatik, bere kasua ez ikertzeagatik baizik. NBEk ez zuen ulertzen horrelako salaketa larri baten aurrean Espainiako erakundeek inolako ikerketarik aurrera ez eraman izana.

Halako gai baten aurrean, egin al daiteke bereizketarik?

Izan ere, kasu arruntak ez dira apalagoak. Bada pertsona bat salatu duena errepide kontrolean geratu eta kotxeko pegatina antinuklearra janarazi ziotenean, ezin irentsi eta bertan fusilamendu simulakroa egin ziotela… Gertaera guztiak dira oso gogorrak, eta hor dago testigantzaren indarra. Horrelako pertsona bat urteak igarota kamera aurrean esertzen denean, atzean zerbait larria dagoela esan nahi du. Hori ez sinestea zaila egiten da.

3.587 tortura salaketa

Eusko Jaurlaritzak 2014ko martxoan eman zion agindua Kriminologia Institutuari Euskal Herrian azken mende erdian izandako torturak ikertzeko, Bake eta Bizikidetza Planaren barruan. Zenbaitetan, torturaren gaia jorratu duten erakundeen bidez heldu dira tortura jasan duten pertsona horiengana, beste batzuetan biktimak berak jarri dira harremanetan telefono edo e-posta bidez (943018381 / torturaproiektua.ivac-krei@ehu.es).

Lehenengo fasearen emaitza 2015eko otsailean jakinarazi du ikertaldeak: oraingoz 3.587 tortura salaketa erroldatu dituzte eta horietatik 2.820 aztertu. Orain horietako 200 bat kasu aukeratu eta torturen egiaztatze fasean ari dira. 2016ko irailerako ondorioen txostena entregatuko dute.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Tortura

Tortura kanaletik interesatuko zaizu...
2019-03-07 | ARGIA
Frankismoko lau biktimak kereila aurkeztu dute Jesus Mu˝ecas guardia zibilaren kontra

1976an Antiguako (Donostia) Guardia Zibilaren kuartelean sufritutako torturak salatu dituzte Arantxa Markaide, Aitor Aramaio eta Mikel eta Josu Arrizabalagak.


1.000 arrazoi

1.000 lagun aitortza eta erreparaziorik gabe. 1.000 aulki huts, nafar torturatu bakoitzeko bana, paratu ditu Nafarroako Torturatuen Sareak Iruñeko Gazteluko Plazan.Tortura ofizialki ikertu ez den azken legegintzaldia hau izan dadin. Pako Etxeberriaren lantaldeak irekitako bideari jarraipena eman nahi diote Nafarroan.


2019-02-24 | Koldo Izagirre
Astean asteko portada hautatua
1980ko abenduaren 21a

2019-02-13 | ARGIA
Mila aulki huts Nafarroan, tortura ikertu dadila eskatzeko

Torturaren Aurkako Egunean, Nafarroan azken hamarkadetan torturak izan duen eragina ikertu dadila eskatu die Nafarroako Torturatuen Sareak hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoei. Torturaren biktimak sinbolizatzen dituzten mila aulki huts jarri dituzte Iruñeko Gaztelu plazan.


Otsailak 13: torturaren aurkako eguna

Otsailaren 13an 38 urte betetzen dira Joxe Arregi Carabanchelgo kartzelan hil zenetik Espainiako Poliziak, atxiloketa epeak iraun zuen denboran zehar, egindako torturek eragindako zaurien ondorioz. Ordutik, data honek torturaren aurkako borrokan erreferentzialtasun nagusia izan du Euskal Herrian.


2019-02-06 | Hala Bedi
"Martin Villa epaitu!" kanpaina abian da
MULTIMEDIA - erreportajea

Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistaren inpunitatea salatzeko kanpaina abiatu dute. Frankismo garaian Barne ministro izandakoa epaitu dezatela eskatu dute Espainiako Estatuko 30 talde memorialistak, tartean Euskal Herrikoak. Gurean, kanpainari hasiera emateko bideo hau kaleratu dute.


Mikel Soto. Irakurle kabroi (ohi) bat
"Esango nuke baxu gaudela, zentzu guztietan"

Hamarkada pasaren ostean jarduna utziko zuela jakin, eta hauxe esan omen zion Boliviako editore kide Jose Antonio Quirogak Mikel Sotori: “Ufa, kaltea eginda dago jada. Ez dira existitzen jesuita ohiak, ez troskista ohiak, ez editore ohiak. Hemendik aurrera liburu-dendetara sartzen zarenean, liburu bat hartzen duzunean, beti egongo zara pentsatzen zer hobetu, zer egin…”. Eta arrazoia eman dio Sotok. Ofizio bat ikasi du Txalapartan eta, utzita ere, berarekin darama.


Sevillako Casas Viejas zentro sozialaren erresistentzian poliziak torturatu zituen ekintzaileei arrazoia eman die Estrasburgok

Casas Viejas izeneko gune autogestionatuaren desalojoa hasi zuen poliziak 2007ko azaroaren 29an, Sevillan (Andaluzia). Uste baino gehiago kostatu zitzaien: sei pertsona eraikinera kateatuta zeuden eta horietako bi lau metroko sakonera zuen tunel baten amaieran. 36 orduz eten zuten desalojoa, hirian protesta handiak eraginez. Azkenean, Poliziak lurpean zeuden bi kideak torturatu egin zituen aska zitezen. Hala salatu zuten berehala, Espainiako Estatuak salatu egin zituen, eta 12 urteren ostean,... [+]


2019-01-17 | Berria egunkaria
Frankismoaren sei biktimen tortura salaketak
MULTIMEDIA - erreportajea

1975ean eta 1976an Jesus Muñecas Aguilar kapitainak eta beste guardia zibil batzuek egindako torturen sei testigantza aurkeztu dituzte Tolosako epaitegian. Amparo Arangoa zenaren testigantza izan da horietako bat, bere nebak aurkeztu du. Elixabete Nosellas, Jokin Sarasola, Martín José Zabaleta, Juan Goñi eta José Begiristain ere han izan dira euren lekukotza aurkezten, Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren plataformak babestuta.


Frankismo garaian jasandako torturak salatuko dituzte sei lagunek

Frankismo garaian torturak jasan zituzten sei pertsonak salaketa jarriko dute asteazken honetan Tolosako epaitegian; 11:00etarako elkarretaratze deialdia egin dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude