Eztabaida honek ez dauka filtrorik

  • Iluntze eder xamarra topatzen dugun aldiro mugikorra atera, argazkia egin, eta hainbat moldaketarekin txukundu ondoren azken emaitza Instagram eta antzeko sare sozialetan argitaratzen dugunak gero eta gehiago gara. Argazkiari “atsegin dut” andana baino gehiago eskatzen dioten sei profesionali halako plataformen bertute eta ajeen inguruan galdegin diegu.

Mugikorra beti soinean dugunok telefonoa ez ezik, kamera, argazkiak fintzeko tresna eta irudiak mundura zabaltzeko erakusleihoa ere gurekin daramatzagu. Smartphone-ak eta sare sozialak. Ez dira kontu berriak dagoeneko. Astindu ederra eman diote edonolako edukiak sortu eta zabaltzeko moduari, eta argazkigintza ere ez da gailuon eraginetik libre geratu. Filtroak eta argazkiak txukuntzeko moduak eskaintzen dituzten Instagram gisako plataformek ia edonoren eskura jarri dute argazki itxuraz eder xamarrak egin eta lau haizetara zabaltzeko aukera.

Hainbat argazkilari profesionalek haien lanak ikusarazteko halako tresnak erabiltzen dituzten arren, ohikoagoa da erabiltzaile arrunten argazki errepikakorrekin topatzea: gosariak, liburuak, itsasertzak, ilunabarrak… Nola epaitzen ote dute horren erraza eta azalekoa dirudien beste argazkigintza hori, diafragma eta esposizioarekin jolastuz, argazki bakoitzarekin zerbait kontatu edo sentiarazteko ahalegina egiten duten argazkilariek?

Gaindositik argazkilaritzaren debaluaziora?

Bada dioenik horrenbeste jende argazkiak egiten eta zabaltzen hasteak lanbidea bera debaluatu duela. Uste horretakoa da 375Photo kolektiboko kide den Amaia Lekunberri. “Smartphonen zabalkundearen aurretik argazkilariaren lanak bazuen halako meritu bat, eta lanbidea gehixeago errespetatzeaz gain, honen fruitua ere gehiago baloratzen zen. Egun, denok argazkilariak izan gaitezkeelako sentipen horrek lanbidea bera eta honen fruitua zerbait arrunta eta baldarra bilakatu du”. Bat dator Irantzu Pastor argazkilari lesakarra ere. “Egia da argazkilari izatea bat-batean modako zerbait bihurtu dela. Kezkatzen nau, ez delako argazkilaritza kontziente bat, eta jende askok ez dakielako argazkilaritza ez dela kamara bat izan eta klik egitea bakarrik”.

Kameradun mugikorren zabalkundeak argazkilaritzan baino, oro har gizartean eragin duela dio Galder Izagirre argazkilari irundarrak: “Orain exibizionista eta voyeurrak bilakatu gara denak”. Bostok Photo agentzia kooperatibako Gari Garaialde fotokazetariak ere ez deritzo edonork argazkiak atera eta zabaltzeko aukera izateak argazkilaritza debaluatu duenik, ondo egindakoak ondo eta gaizki egindakoak gaizki egoten jarraitzen baitu. “Nik uste edonor dela argazkilari izateko gai, idazle, mediku, pilotu eta baita lehendakari ere. Beste kontu bat da ea gero lortuko duen izan nahi duen hori izatea, eta batez ere, ondo egitea”. Ekoizpen masibo horrekin lotzen duen arazoa argazki gaindosia da. Instagramek, esaterako, 300 miloi erabiltzaile baino gehiago ditu egun.

“Atsegin dut”-aren bila

Batik bat kontzertuetako argazkilari gisa aritzen den Saioa Cabañasen iritziz, “Atsegin dut” botoiaren bueltan sortzen den jolasa da edonor argazkilari izan daitekeela pentsatzera eraman dezakeena. “Oso erraza da botoiari ematea, baina zaila da jakiten atzean dagoen motiboa laguntasun hutsa edo bestelako interesen bat ez ote den”. Dioenez, argazkiak norberaren harreman-saretik kanpoko jendeari ere iritsi eta gustatzen bazaizkio, beste kontu bat da; orduan bai izan daiteke onak diren seinale.

Besteen onarpena lortzea da Instagram darabilten gehienen helburua Amaia Lekunberriren ustez, eta hori nekagarria egiten zaio. “Erabiltzaileen artean argazkilari onak badauden arren, gehienen funts nagusia haien bizitzak magnifikatu eta egoa elikatzea da”.

Uste berekoa da Irantzu Pastor ere: “Instagram nartzisismo eta egoismoarentzat sehaska bikaina da”. Oro har, sare sozialei eta argazkilaritzari eragiten dien fenomenoa dela dio. “Gero eta jende gehiagok errealitatean ez duen bizimodua irudikatzeko erabiltzen ditu sare sozialak. Horretarako bizi da, argazkia egin eta jendeari hau edo hori dela erakusteko. Horrek ez du zerikusirik argazkigintzarekin”.

Filtroek ez dute talentua ordezkatzen

Zeresana ematen duen beste kontu bat mugikorreko aplikazioen bidez argazkiak moldatu eta txukuntzeko erraztasuna da. Filtro edo iragazkiak dira modurik errazena: argazkiari aurretik zehaztutako kontrastea, saturazioa eta bestelako ezaugarri jakin batzuk emateko erabiltzen dira. Irantzu Pastor eszeptikoa da halako baliabideekiko. “Filtroek ez dute argazki hutsala istorioz betetzen, gehienez ere kolore bitxia ematen diote. Mimoz egindako proiektuek eta argazkiek berezko indarra dute eta hori ezin daiteke filtroekin sortu”.

Saioa Cabañasek ordea, filtro aproposa aukeratzeak bere balioa duela aitortzen du, Instagram eta halakoetan ere saturazio, kontraste eta abarrak mimoz zaindu daitezkeela argazkiei norberaren ukitu pertsonala emateko. “Photoshopen gisako programetan ere horrelako aukerak badaude. Zein desberdintasun dago bataren eta bestearen artean?”

Argazki hori nirea da

Eta egile eskubideak zer? Sare sozialetan argazkiak zabaltzeak argazkilari profesional askori eragiten die alde horretatik. Ohikoa da hedabide, elkarte eta enparauek argazkilarien lanak baimenik gabe eta egiletza aitortzea “ahaztuta”  argitaratzea. Joseba Barrenetxeari ere gertatu izan zaio halakorik. “Azalpenak eskatzean jaso ditudan erantzunak kafkiarrak izan dira. Nonbait batzuk uste dute sarean dauden argazkiak libre direla edonork eta edonola erabiltzeko”. Bere lanak Creative Commons lizentziapean zabaltzen dituen arren, kezkatzen duen afera da. “Gure lanarekiko errespetu falta jasangaitza da. Argazkilariok ere langileak gara”.

Plataformak ere argazkilariek bertan zabaltzen dituzten edukiak nahieran erabil ditzakete, Gari Garaialdek ohartarazten duenez. “Baldintzak onartzen ditugunean, irudien erabilera eskubide guztiak modu ez esklusiboan ematen dizkiegu”. Badaude, hala ere, horri iskin egiteko har daitezkeen neurriak, hala nola, tamaina txikiko argazkiak jartzea edo blogean txertatzea, sare sozialetan esteka bakarrik zabalduz.

Argazkilari profesionalek ere smartphonea dute

Kalitate eta tamaina handiagoko tresnekin ohitutako argazkilariek ere soinean eramaten dituzte, ia denok bezala, argazki kameradun telefono mugikorrak; eta batzuek, baita lanerako erabili ere. Galder Izagirrek berak telefonoarekin egindako erreportaje sorta argitaratua du. “Azken finean, teknikoki kalitate hobea du nire mugikorrak nire lehen argazki kamera digitalak baino”. Fotokazetaritzarako ere tresna aparta dela dio, zenbat une erabakigarriren irudiak smartphonen zabalkundeari esker lortu ahal izan direlako.

Barrenetxearen ustez, argazkigintzarekiko interesa pizten ere lagun dezake denok kamera bat eskura izateak. “Argazkigintzan garrantzitsuena ez da tramankulua, begirada baizik eta horregatik, edozein gailu izan daiteke baliagarri”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-01-28
Isabel Azkarateren lana, Tabakle
Kliska bakarreko argazkilaria

Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude