Kolpe bat mahai gainean arnasa berritzeko

  • Euskalgintzaren muinean zerbait mugitzen ari da. Euskaltzale asko kezkatuta dago. Ziklikoa da. Euskal Herrian aro politiko berria zabaldu den honetan euskararen borroka bazterrean geratzen ari al da? Nola lortu euskalgintza impasse egoera honetatik atera eta euskararen normalizaziora bidean salto handi bat ematea?

Ikaragarrizko abiadan doa mundua eta gakoak aldatu egin dira. Diskurtso eta jokamolde zaharrak aldatzeko ordua iritsi dela dirudi. Pauso kualitatiboak emateko baldintzak badaudela sinesten dute askok. Ezagutza zabaltzen jarraitzearekin batera, erabileran jarri behar dira indarrak. Horretarako diskurtso erakargarri bat eta borondate politikoa behar dira. Borondatea jendartearen esparru guztietan.

Egoeraren diagnostiko laburra egiteaz gain, aurrera begira jarri gara Larrun honetan. Euskalgintzan erreferente diren hainbat pertsonarekin mintzatu gara, hala nola, Koldo Izagirrerekin, Lorea Agirrerekin, Kike Amonarrizekin eta Miren Amurizarekin. Honekin batera hainbat euskaltzalek batean eta bestean argitaratu dituzten ideiak biltzen saiatu gara, irakurlea aldez aurretik abisatuz, jende interesgarri askoren gogoetak kanpoan geratu direla.

Orokorrean, ideia argia da: kolektiboki ahaldundu eta aurrera pauso bat emateko garaia da.

*****

"Mesedez, kendu Artzeren oharra, ez du ezertarako balio eta mezua aldatu behar da: 'Hizkuntza bat galtzen da ez dakitenek ikasten ez dutenean'. Urepelen izan den kataluniar bat. Milesker anitz". Egurrezko paretan txintxetekin jarri dute paper puska batean norbaitek eskuz idatzitako oharra. Gaizka Aranguren nafarrak sareratu du argazkia Korrika Euskahalduntzearen aldarria Euskal Herrian barrena zabaltzen ari den bitartean.

Handik egun gutxira, Bilbon milaka lagunen aurrean, eskuz esku ibili den mezu sekretua irakurriko du Jakineko zuzendari Lorea Agirrek. Manifestu sakon eta zorrotza eskaini dio euskalgintzari. Honela hasten da:

Auzia ez da izan ala ez izan
Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori.
Kontua ekitea da.
Egitea.
Egiten duguna gara.
Izatea egitea da.

“Oso kontziente nintzen mezu garrantzitsua izango zela kanala inportantea zelako, eta manifestu bat idatzi nahi nuen, ekarpen bat egin nahi nuen”. Jakineko bulegoan hartu gaitu Agirrek. Bere hitzetan, azken 20 urteotan gai hauekin atzera eta aurrera dabil euskalgintza. “Oinarriak banituen: arazo politikoa da, elkarbizitza arazoa, justizia soziala eskatzen dugu. Ez dira gauza berriak. 1967an Joxe Azurmendik idatzi zuen nahiz eta egun berriz ateratzen ari diren”.

'Euskahaldun' lelopean milaka euskaltzale kalera atera ditu Urepelen hasi eta Bilbon amaitu den Korrikak. AEK
Lurrikaratxoa euskalgintzan?

“Inertzia zaharrak astintzeko unea da”. Kike Amonarriz soziolinguista eta telebistako aurkezleak argi du: Euskalgintzaren eskemak 1970eko eta 80ko hamarkadetan oinarrituta daude, egoera erabat aldatu den arren. “Aurrera jauzi bat egiteko unea da”.

“Birsortzeko garaiak dira –dio Idurre Eskisabel unibertsitateko irakasleak apirilaren 2an Berrian idatzitako zutabean–, ken diezaiogun euskarari esentziaren lasta, eta uler dezagun euskarak ematen digula txiki, bestelako eta askotarikoaren ikuspegia, geure bagara ez ezik mundua dibertsoago, justuago eta demokratikoago egiteko begirada ere”.

“Inflexio puntu batean gaudela uste dut”. Miren Amuriza bertsolariak pentsatzen du agortuta dagoela urte luzez erabili den diskurtsoa: “Jada ez du balio gure altxorra munduko hizkuntzarik zaharrena dela esateak eta are gutxiago euskaldunak beti biktima edo superbibiente moduan aurkezteak”.

Iruñeko Euskalerria irratiko kazetari Juan Kruz Lakastak Berrian (hizkuntza) politika zaharra gibelean uzteko unea dela adieraziz zutabea idatzi du. “[Podemos alderdiak] ezker espainiarraren indarguneak eta ahulguneak aztertu ditu, eta diagnosi horretan oinarriturik ahalmen hegemonikoko subjektu eta diskurtso politiko berriak eraiki ditu, tresna eta diskurtso zaharren alderdi ahulak, zamatzaileak kimatuz, eta erakargarriak zein berriak hauspotuz. Ariketa inteligentea da. Ene uste makalean euskalgintzak halako ariketa baten premia dauka”.

Gorka Bereziartua ARGIAko kazetariak gai berari heldu dio Demokrazia linguistikoa eztulka 2014 urtekariko artikulu nagusian. “Ez aurrera eta ez atzera zegoen sistema-eragilea reseteatzea aukera ona izan daiteke indar-korrelazioak aldatzeko eta diskurtso nagusitik kanpo zeuden gaiek bestelako protagonismoa hartzeko. Momentua probesten jakin behar. Eta momentua orain da. Gaur bihar baino hobe. Atzo gaur baino hobe. Euskaraz bizi nahi dugunok ari ote gara aukera baliatzen? Ezetz esango nuke. Eta hori ere ez dugu berri-berria”.

“Aldaketa batzuk ematen ari dira, eta ikusten da krisi puntu batean badagoela”, Lorea Agirreren aburuz sentsazio hori oso ongi etor dakioke argumentu berrien bila euskararen normalizazioan lan egiten duen mugimenduari. “Zergatik jarraituko dugu euskaldun izaten? Bukatu dira erantzun eta teoria handiak. Egin, egin, egin, hanka sartu, egin, egin, hanka sartu, egin, egin eta zentzua eman; hori da bidea”.

Irlandako eredura edo hizkuntza normalizaziora

Kike Amonarrizen ustez, etapa bat amaitu eta beste berri baten hasieran gaude. “Prozesu historikoak dira hauek, eta amaitu zaigu euskara batuaren sorrerarekin, euskararen instituzionalizazioarekin eta onarpen sozialarekin hasi zen aroa”.

50 urtetik gorako belaunaldiak ondorengoen sorrera edo garapena ikusi du: euskara batua, ikastolen mugimendua, D ereduaren hedapena hezkuntza sarean, EiTB, euskararen instituzionalizazioa, euskara zerbitzuak, euskararen aldeko mugimendua, EHE, euskara elkarteak, helduen alfabetatzea...

Miren Amuriza kontziente da bere belaunaldiak asko jaso duela. “Frankismotik aurrera eraiki, eraiki eta eraiki aritu ziren urte luzez eta bazirudien eraiki beharreko dena eraikita zegoela. Orain gure belaunaldikoon lana desberdina da: alde batetik eraikinak berriztu behar ditugu; dekorazioa aldatu, ate eta leiho gehiago jarri eta agian hormaren bat bota ere bai… deseraiki”. Bere iritziz espazio berriak sortzen ere jarraitu beharra dago. “Guk jaso dugu, asko, baina uste dut eman desberdin egin behar dugula”.

Manex Agirre euskara teknikari eta bertsolariak Arabako euskalgintzari buruzko artikulua idatzi du Jakin aldizkariaren urtarrila-otsaileko 205 zenbakian. Bere hitzetan, Araban transmisio bide berriak ireki dira belaunaldi berriarekin. Hezkuntza euskalduna jaso dutenei heldu zaie guraso izateko sasoia, eta horrek, familia bidez euskara transmititzeko aukerak sortzen ditu, orain hamar urte ez bezala.

Amonarrizek nabarmentzen du egun 30 urteren bueltan dabilen jendea “beste klabe batean” dagoela. Aurretik egindako lorpenekin jaio da, beraz, aurrera pauso kualitatiboren bat eman ezean, atzera egiteko arriskua ikusten du, “ez soilik erabileran, baita jarrera eta motibazioan ere”. soziolinguista honen ustez, hurrengo belaunaldian, hurrengo bi hamarkadetan, “jokatzen dugu Irlandarako bidea ala Europako hizkuntza normalizatuen bidea hartzen dugun”.

Hizkuntzen arteko botere harremanak

“Euskalduna matxinatzen bada, bere hizkuntzak nozituko du. Hizkuntza arazoek arazo sozialen alderdi linguistikoa osatzen dute”, adierazi zuen Izagirrek Autopsiarako Frogak-en. “Bai monarkian, bai errepublikan, bai diktaduran, bai postfrankismo luze honetan horrela izan da. Autonomia politikoan dauzkagun lurraldeek ez dute subiranotasunik, eta ondorioz euskara hizkuntza toleratua da. Euskarak bizi duen gatazka, beste gatazka baten itzulpena da, nolabait esan: Madrilek epaitzen du, Madrilek arautzen du, Madrilek… hots, gaztelaniak euskararen mugimendu guztiak zelatatzen ditu. Subordinazio linguistikoa subordinazio politikoaren isla da”.

Hizkuntza bakoitzak bere boterea du. Hizkuntza bakoitzak bere kapital linguistiko eta kulturala du. Hizkuntza bakoitza hegemonian ala azpian dagoen ikusten da. “Argi esan behar da, borrokan daude”, dio Lorea Agirrek hizkuntz ekologiaren teoriari erreferentzia eginez.

“Hizkuntza bakoitzak kapital politiko eta ekonomikoa du, hizkuntza bakoitzak boterea du gizartean zu leku batean ala bestean kokatzeko. Itzulpenak itzulpen, Europako Legebiltzarrean agerian geratu da ingelesa ama hizkuntza dutenak botere posizio batetik mintzatzen direla hizkuntza hau ikasi behar izan dutenekiko. Hori boterea da”.

Hizkuntza minorizatuaren aldeko politika guztiak, hizkuntza hori hegemonian jartzea, arnasguneak sortzea edo murgiltze ereduak garatzea kasu, hizkuntza handia eremu batzuetatik ateratzea, minorizatuarentzat oso ona dela frogatuta dago Agirrek dioenez. “Badakigu hizkuntza guztientzat ona dela, eta handiarentzat ez dela inongo kaltea. Ez dio ezer suposatzen. Txikia laguntzea denentzat ona da”.

Lorea Agirreren ustez euskarari buruz hitz egitean ez da ahaztu behar injustizia sozial bati buruz ari garela. Horregatik ezin da eskatu tratu bera hizkuntza guztientzat.  

Dokumentatuta geratu denez, azken mendeetan euskararen aurkako hizkuntza politikak aplikatu dituzte
Espainiako eta Frantziako gobernuek, frankismoan euskara erabat debekatzera iritsiz. Argazkian liburu erreketa 1936an. (Arg: Euskal Memoria)
Jarrera aldaketaren beharra

Erronka nagusia jendeak euskaraz egitea da Miren Amurizaren ustez. “Aspaldion asko entzuten da eta bat nator adibidez ahalduntzearen ideiarekin; biktimismoa albo batera utzi eta indartu egin behar dugu, baikorrak izan”.

Euskal hiztuna, hiztun den heinean, minorizatua da, pertsona eta kolektibo gisa. Agirrek ere feminismoarekin lotzen du planteamentua: “Guri zor zaigu justizia soziala, berdintasunerako politika batzuk, baina zor zaigu horrek askotan ez du ezer esan nahi. Zer egin behar dugu hori lortzeko? Feminismoak erakutsi digu: emakumeei zor zaizkie mila gauza, baina ez zaizkie emango ez badute plaza publikoan jarrera bat hartzen, berdin ekologismoarekin, berdin etorkinekin, berdin langileen baldintzekin. Justizia soziala nola borrokatuko dugu? Gu minoritario izan arren, bilakatuko gara hegemoniko, edo zentral, edo debatean garrantzitsu, edo baldintzagarri?”.

“Jarrera aldaketa behar dugu”. Amonarrizek ere hala uste du. “Euskarak zentralago izan behar du, inplikazio handiagoa behar dugu. Salto horrekin lortu behar diogu hurrengo belaunaldiari hizkuntza eskubideak bermatuta izango dituela, hizkuntzaren erreprodukzio soziala bermatuko dela, erabilera areagotuko dela nahiz eta jakin euskara Euskal Herriko hizkuntza erabiliena izateko hamarkada asko geratzen zaizkigula”.

Amonarrizek defendatzen du oso nabarmen ikusarazi behar dela Euskal Herrian euskara hizkuntza erabilia eta bizitzeko derrigorrezko hizkuntza dela. Bai, derrigorrezkoa. “Euskararen biziraupenetik normalizaziora salto egitea bada helburua, hor arrisku batzuk hartu behar ditugu eta derrigortasuna behar da. Hizkuntz eskubideak bermatzea, erabilera bermatzea, euskara derrigorrezko bilakatzea esparru nagusietan. Batez ere administrazioan eta botereguneetan”.

Inposizioaren diskurtsoa txikitu

Ageri zaio Koldo Izagirreri gaiarekin kezkatuta dagoela. 2010ean argitaratu zuen Susa argitaletxearekin “Autopsiarako Frogak, artseniko aztarnak gure hizkuntzan” liburua, Espainiatik eta Frantziatik euskara desagertarazten saiatu direla agerian utziz, eta salatuz gaur egun ere hizkuntza normalizazioren bidean emaniko edozein pauso oztopatzen dutela sektore politiko batzuek.

“Metaketa handi bat neukan, tumore bat: euskara inposatu egiten zela; medikuntza on bat izatea zela helburua, ez medikuntza euskaldun bat; ingelesa haurtzarotik hasi behar dela ikasten; fisika eta matematika alorrak indartu behar zirela eskolan; euskarak erakarri egin behar duela… eta horren aurrean, euskaldunon ezintasuna, erantzun ahalmen eskasa, sakabanatua eta, oro har, epela, negartia ez esatearren. Halako batean aski diat esan nuen, irainak eta bazterketak agerian uzteko saio batean abiatu nintzen. Horrela sortu zen liburu hori”.

Egoera nola ikusten duen galdetuta, hemen erantzuna: “Inposaketak dauzkagu, dogmak zabaltzen dituzten teoriagile eta politikari multzo batek bideratuta. Inposaketa ideologikoak aurrena: gure hizkuntza hartaz interesik ez dutenena ere badela esan zuen Blanca Urgellek bere estatus politikoak ematen zion kadiratik. Laster esango didate nire euskara ez dela euskaraz hitz egin dutenen historiaren ekoizpena”.

Lorea Agirre haserretu egiten da “euskara” eta “inposatu” hitzak esaldi berean entzutean. “Absurdoa da, baina horra eraman gaituzte, parekatzera euskara eta inposizioa”. “Ezin dira euskararen hautua eta askatasun indibidualak parez pare jarri, hori erdal munduak egiten digun tranpa da, gure erantzunak ezetz izan behar du; diskurtso hori txikitu egin behar da”.

“Esan behar da: Ez, euskara, eskubide indibidualak eta inposizioa ez daude plano berean, ez dira ezkontzen inondik ere. Eta plano berean jarri nahi badituzu, alderantziz litzateke kontua: hizkuntza hegemoniko bakarra den gaztelania edo frantsesa eta gure eskubideak, eskubide linguistikoak, eskubide sozialak; hizkuntza handiak dira inposatzen direnak hemen, nik bi hizkuntzak dakizkit, zurean hitz egin dezaket, zuk nirean?”.

“Diskurtso hori desmuntatu egin behar da”. Amonarrizen aburuz, ez da Euskal Herrian bakarrik erabiltzen argumentazio hori; Galesen, Katalunian eta bertako hizkuntzen normalizazioan lanean ari diren taldeei berehala aurpegiratzen diete inposizioarena. “Erdaldunei begira, euskara inposatu egiten dela dioen diskurtsoa argitu egin behar da eta aurre egin behar zaio”.

Hizkuntzaren normalizazio prozesuak aurrera egingo badu, atxikimendu soziala eta derrigortasuna konbinatu behar ditu euskarak Amonarrizen ustez. Erritmoak kontutan hartuta, Gipuzkoa, Lapurdi ala Araban planteamenduak ezberdinak dira. Hor logika politiko sozialak sartzen dira, baina “eremua edozein dela ere aurrerapausoak eman behar dira”.

“Ezin dugu orain 30 urteko eskemarekin jarraitu, aintzat hartu gabe irakaskuntzatik ateratzen den belaunaldiaren gehiengoa euskalduna eta ongi prestatua dela, hainbat eremutan euskararen ezagupena unibertsalizatua dagoela. Beraz, haur eta gazteei zuzendutako eskaintzak euskaraz bakarrik egon daitezke hor. Lan munduan berdin. Bestela, zertarako ari gara prestatzen belaunaldi oso bat euskaraz? Klabe hauetan sartzen da derrigortasunaren kontzeptua eta horrek ez du zerikusirik inposaketarekin. Aracil soziolinguistak esaten duen bezala: Renfeko bidai txartelak ez dira inposatzen, eskura ematen dira”.

Amonarrizen ustez euskara proiektu ilusionagarri eta kohesionatzaile bihurtzea da gakoa. “Hori agerikoa da euskara egoera zailenetan dagoen eremu geografiko eta sozialetan. Baina hori aktibatu egin behar da, eta horrek zerikusia du erabiltzen diren diskurtsoekin. Hor falta zaigu eta inertziak astindu behar dira”.

Elebitasunaren tranpa

Koldo Izagirre zorrotz mintzo da elebitasun ereduaz. “Elebitasunaren aldarriak euskara debekatuak zeuzkan esparruetan sartzea zeukan helburu, eskolan batez ere. Baina elebitasun horren aplikazioak gaztelania inposatu du euskarak eduki zitzakeen alor apurretan ere: ezer ez da demokratikoa euskara hutsean egiten bada, gaztelaniaren eskutik bizi behar du”.

“De fakto, euskaraz produzitzen den masa handi bat, gaztelaniaren itzulpena da. Inoiz ez da gaztelaniara itzultzen erakundeetan sortutako ezer. Euskararen egoera, maila politikoan, estatutuaren porrota da”, dio idazle pasaitarrak.

Kike Amonarrizek elebitasunaren eztabaida gainditu beharra ikusten du. “Maila instituzionalean, ezin dugu elebitasun simetrikoan sinistu. Hemen euskarak normalizazioa lortuko badu, euskarak behar ditu arnasguneak. Oso garrantzitsua da kontzeptu hau. Edozein hizkuntzak biziraungo badu, behar ditu hizkuntza horretan bakarrik garatuko diren funtzio konkretuak, eta gero eta gehiago izan behar dute. Adibidez, euskarak izan behar du erabilera hizkuntza nagusia UEMAk geografikoki ordezkatzen duen eremuan, erabilera ofizial ia bakarreko eremua. Euskarak behar ditu bereak eta bereak bakarrik dituen espazio komunikatiboak, euskaraz bakarrik egingo diren jarduerak udalerriz udalerri. Euskarak behar du hizkuntza bakar edo nagusi izan haur eta gazteentzako eskaintza kulturalean eta aisialdikoan, eta euskarak behar du nagusitasuna barne funtzionamenduan zenbait lan eremutan. Horrek bihurtzen du derrigorrezko. Horrek bihurtzen du funtzional. Eta horrela bihurtzen da erakargarri”.

Zein dira euskalgintzaren erronkak?

Miren Amurizaren ustez erronka nagusia jendeak euskaraz egitea da zalantzarik gabe. Kontua da euskara formaltasunarekin –eta aldi berean formaltasuna zuzentasunarekin– lotzen dela eta horren arrazoi nagusietakoa eskola dela uste duela. “Eskoletan urteak egin ditugu aditz taulak ikasten, berridazketak egiten eta euskarazko idazlanak borobil gorriz beteta jasotzen. Nire ustez euskara, beste edozein hizkuntza bezala, komunikazioarekin lotu beharko genuke orokorrean: erregistro formal zein informalekin, zientziarekin zein umorearekin…”.

Kike Amonarrizek dio euskararen inguruko diskurtso sozialetan egokitzapena behar dela. Euskara nola zabaldu, batetik, euskararen alde omen diren sektoreetara, baina praktikan euskaraz egiten ez dutenak. Eta horrez gain, aldeko jarrera ez dutenen hurrengo belaunaldia nola euskaldundu landu behar da.

Egun euskalgintza nola ikusten duen galdetuta, “arautua eta instituzionalizatua: domestikatua”, dio Koldo Izagirrek.

Lorea Agirrek Marcela Lagarde feministaren ideia bat dakar hizkuntzara: “Hizkuntzaren gutxiengotasun maila negoziatzen ari gara, noraino behera geratuko garen”. Bere ustez arazoa bisibilizatzeko batzuetan problematizatu egin behar da. “'Hemen arazo bat dago, euskal hiztunok ezin dugu arnasik hartu', esan behar dugu batzuetan”.

“Irribarre egin dugu askotan, eta egingo dugu, baina batzuetan mahai gainean kolpea eman behar da. Justizia sozialaz ari gara, iparra normalizazioa da”.

Kohesio falta ikusten du Miren Amurizak euskalgintzan: “Sektore zabal batean ikusten da badagoela aldaketarako nahia; mezu berriak, jarrera desberdinak, elkarlanerako gogoa… Baina askotan euskalgintzari oso ikuspegi mugatutik begiratzen diogu. Oso ondo dago AEK, herrietako euskara elkarteak, Ikastolak, Berria, Argia... adibidez, haize berrien bila aritzea. Baina non egiten dute bat horien bideek ETB edo Euskaltzaindiarenekin esaterako? Diskurtso berri bat behar dugu eta aldi bateko noraeza positiboa izan daiteke, mugitzen ari garen seinale. Kohesio falta, ordea, arazo larria da”.

Diskurtso berria

Leporaino bete da Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko gela euskaltzaletasuna eta feminismoari buruzko mahai-ingurua entzuteko. Samara Veltek gidatuta, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel eta Onintza Iruretaren gogoetak izango dira ordu eta erdiz. Interesa pizten du bi borroka hauen uztarketak.

“Feminismoak justizia oinarri hartuta eraiki du diskurtsoa, euskaltzaletasunak oraindik ez”, “euskalgintzak nekearen zama eta pentsamendua berritzeko beharra du”, “euskararen gaia politizatu egin behar dugu, politikeriatik atera eta eskubideen alorrera ekarri”, “euskaraz egiten dizut nire taldean nahi zaitudalako; ez nire taldetik kanpo nahi zaitudalako”, “saiatu erakusten hizkuntzaren garrantzia, eskubide kontua dela, euskaldunak deseroso bizi duela”, “zuk zure pribilegioetatik zapalkuntza eragiten didazu”...

Jendeak adi jarraitzen du gaia. Zapalkuntza anitzei buruz aritu dira. Gerora, “Eta eman eskua ahizpa ditugun beste ahalduntze bideei / Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen” mezua milaka pertsonaren eskuetatik pasaraziko du Agirrek Korrikan.

Jakineko bere bulegora etorrita, Agirrek euskara mundu hobe bat lortzeko borrokarekin lotzen du, eta ikastolak jartzen ditu horren adibide. “Ikastolak frankismoan sortu zituzten, bai, baina pedagogiarik aurreratuenarekin. Horregatik izan zuten arrakasta. Nora bidali nahi dituzu haurrak, eskola frankista batera ala euskaraz den eskola ireki batera? Frankismoaren eskolen kopia balira, ziurrenik bukatuta zeuden. Kontzeptu hori esparru guztietara eraman behar dugu. Plus hori eskaini behar dugu beti euskaraz, proiektu ilusionagarria behar dugu”.

Araban, adibidez, aldarrikapen sozial kutsua du euskararen aldeko borrokak. “Gasteiz itogarri batean, boterearen aurka azaltzeko modu bat gehiago zen euskara erabiltzea. Ez hainbeste identitatearen ikuspegitik, edo abertzaletasun ortodoxotik”. Manex Agirrek jaso du Jakinen, “beste eremu batzuetan gutxiegi landu den ezaugarri horrek gurean bere ibilbidea izan du, gizartean eragin masiboa izan ez badu ere. Hala Bedi irratia bera, Gasteizko gaztetxea edo kontraboterean aritu diren bestelako mugimenduak dira horren lekuko”.

Ipar Euskal Herrian, Euskal Herria Zuzenean festibaleko kideei ere, adibide bat jartzearren, espiritu bera atzematen zaie. Euskara auzolanarekin, kultur aniztasunarekin, diskriminazioen aurkako borrokarekin, ingurumenaren defentsarekin, kontsumo etikoarekin eta aisiarekin lotzen dute, besteak beste.

“Euskara da gure territorio libre bakarra”, zioen Joseba Sarrionandiak. Meatzaldetik, Trapagarandik, Kimetz Arana gazteak euskara “kultura global uniformizatzailearen aurrean alternatiba ikaragarri” gisa ulertzen du. “Euskara hizkuntza baino gehiago kultura baten ezaugarri nagusia da, bere mundu ikusmolde, literatura, umore, kantu eta kontuekin”.

ARGIAko “Meatzaldetik Mundua” blogean idatzi du Korrikaren aitzakian. Bere iritziz, “gaurko gizarte komertzialak sortzen duen identitate krisian, munduari irekita gure ikuspegi propioa garatu, nor garen jakin eta gu geu sentitzea ahalbidetu diezaguke euskarak”. Kolektibotasuna eta identitatea, hauek izan daitezke euskararen ezaugarri indartsuenak etorkizunari begira Aranaren ustez.

“Euskalduna zira? Galde egiten duelarik auto-stopean hartu zaituenak, ez du erran nahi Bidarten bizi zirenez, ez eta ere zure amamak Urzurigaray izena ote zuen, net futitzen da hortaz. Erran nahi du sinpleki: nola mintzo gira, euskaraz ala frantsesez? Beste definizioak bai direla etnizistak”. Antton Lukuk Euskal kultura? liburuan galdetzen du ea munduan ba ote den populurik auto-definizio hain irekia duenik. “Euskara ikasten duzu, ziup, automatikoki euskaldun zira, ongi etorri klubera eta puntu”.

Jarrera ekologistarekin ere lotu daiteke euskararen borroka. Abiadura Handiko Trena, lurralde antolaketa eta euskara izeneko lanean, Luis Manjónek euskalgintza eta ekologismoa uztartu ditu. Bere iritzian, “oso harreman estua dago euskarararen biziraupen eta inguru naturalaren artean”. Bertan jasotzen duenez, “euskarak giro bat behar du, inguru bat, garapen eredu bat hain zuzen ere inguru naturalari arnasa emango diona bizirik irauteko”.

Ipar Euskal Herriko erreferente kulturala den EHZ festibalean euskara filosofia eta praktika aurrerakoiekin lotzen dute naturaltasun osoz. (Arg: EHZ)
Euskaldun izatea euskara erabiltzea da

“Euskara erabiltzen duenarena da”, zioen Korrikako lekukoan idatzitako Bagara nor mezuak. Horrekin zer esan nahi zuen galdetuta, ondorengoa dio Agirrek:

“Batetik, hizkuntza jakitea ez da nahikoa eta erabilerak markatuko du etorkizuna, beraz, euskaldun izatea erabiltzea da. Bestetik euskaldunberri terminoa kendu behar dugu behingoz, euskaldun direlako, euskaldun zahar analfabetoz josita gaudelako, ustez euskaraz oso ongi hitz egiten dutenak, baina gerora ez dutenak erabiltzen. Hirugarrena, erabilerak salbatuko du, eta hizkuntza bizi den heinean hiztunak eman behar dio bizitza. Txileko “La tierra es de quien la trabaja” esaldiari erreferentzia egiten dio, Victor Jarari”.

Azken hamarkadetako esperientziak agerian utzi du hezkuntza euskaldunak oinarria ematen badu ere, ez duela erabilera ziurtatzen. Nola sustatu erabilera?

“Sei urtetik hamasei urtera egunero-egunero entzuten genuen euskaraz egin behar genuela eta aditzak ezelako akatsik barik jokatu behar zirela”, gogoratzen du Miren Amurizak. “Askok eskola sasoian bertan utzi zioten euskaraz egiteari; aginduari kontra egitearren, gogaikarria egiten zitzaielako… Gerora hautu kontzientea egiteko adinean, gehienek korronteari jarraitzen diote eta korronteak erdarazko musika entzuten du, erdaraz kantatzen ditu golak, erdaraz poteatzen du, erdaraz ikusten pelikula eta telesailak… Nire gelakideen artean, ama hizkuntza gaztelera zuten denek ikasi zuten euskaraz. Egun, 25etik zenbat izango gara euskaraz bizi garenak? Bost bat...”

Eskoletan euskara irakasteko modua erabat aldatu behar dela defendatzen du Amurizak; ikuspegi gramatikaletik ikuspegi komunikatibora pasatu behar dela. Haurrak euskaraz edozein erregistro eta testu generotan aritzen trebatu behar direla eta idatzizkoari adina garrantzi edo gehiago eman behar zaiola ahozkoari. “Lehendabizi konturatu behar dira euskara beste edozein hizkuntza bezain erabilgarria dela eta etortzekotan, ondoren etorriko da kontzientziazioa; baina ez euskaraz egiten ez badute altxor bat galduko dutela esanez, baizik eta euskaraz eginda zenbat irabaziko duten sentiarazita. Beti positiboan”.

Koldo Izagirreren iritziz, sedukzioak kontzientzia behar du aurretik. “Hizkuntza guztiek daukate sedukzio indarra: japonierak idazkera eder hori dauka, euskarak bere sonoritatea dauka, eta aditz sistema zehatz hori, batere irregulartasunik gabea, ikasteko erraza, ahoskera gardena eta samurra dauka… Baina balio horietara hurbiltzeko kontzientzia bat behar du erdaldunak aurrena”. Sedukzioa, hizkuntzetan behintzat, apurka gertatzen delako, barneaz jabetzen hasten denean. Izagirreren ustez, hizkuntzek ezin dute inor seduzitu ikasten hasitakoan besterik. “Horrez gain, bada beste sedukzio bat, kultura batek sortzen duena. “Euskarak ezin du gaztelaniaren edo frantsesaren balioa izan burtsa linguistikoan, "kapital" pobrea da.  Eta hortxe dago arazoa, beldurra ematen digula esateak diferentea izateko balio duela euskarak, euskarak herritasuna ematen duela. Lehen euskaldunak izateko ikasten genuen euskara, gaur euskara jakiteko ikasten dugu”.

Kimetz Arana bide beretik doa: “Trapagarani dagokionez gero eta euskaldun gehiago gara herrian. Elkar saretu beharko dugu hizkuntzari erabilgarritasuna emateko eta espazioak irabazteko. Horrela euskara gehiago erabiltzen dugun neurrian, gure euskal identitate propioa sortuko dugu, Meatzaldekoa, jatorri anitzekoa, nahasketarena, meatzariena, langileena eta kalekoa eta gure jarduna herrian txertaturik naturalduko da”.

Bere hitzetan Trapagarango belaunaldi berriei dagokie euskarari heltzea, gogoetatzea, behar berriei erantzutea, elkartu eta aurrera egitea. Aurrekoek egindakoari esker dira beraiek euskaldun eta posible da orain Trapagaranen euskaraz bizitzea. “Ez gaitzan kultura globalak bere barnean ito, ez dadin gaurko uholdea biharko itsasoko tanta bihurtu, ez dadin Korrika bi urteroko folklore izan”.

Euskara hautu politikoa da

“Inpresioa dut koadriletan, bikoteetan, erakundeetan, lantokietan, asko hitz egiten dela euskarari buruz maila orokorrean, eta ez dela hainbeste pertsonen arteko harreman hizkuntzei buruz”. Kike Amonarrizen ustez, esplizitatu egin behar da gaia. Bere ustez, hizkuntza ohitura batetik besterako saltoa hasieran zaila izan arren, kudea daiteke eta euskararentzat harremanak irabazi, baina horretarako gaiaz hitz egin behar da.

“Egoera okerrera doa, geroz eta zailagoa egiten zait elkarrizketetan jendea euskarara ekartzea”. “Taldeko eta koadrilako hizkuntza gisa euskara ezartzea oso zaila da”. “Hizkuntza zuzena, hizkuntza bizia falta zaigu, hikan adibidez, etena egon da”, “Seguru egon behar dugu, batzuetan euskaraz hitz egitean freskotasun hori falta badugu ere, hitz eginez hartuko dugula”.

Aurreko gogoeta horiek eta askoz gehiago atera dituzte Elorrioko gazte talde batek eginiko bideoan. Herrian gazteen %94,3k daki euskaraz, baina %28,3k mintzatzen du, eta gainera, behera doa kopurua. Gaiaz hizketan jarri dute gazte mordoa hiru galdera eginez: Zer da zuretzat euskara? Gazteon arteko erabilera zelan ikusten duzu? Zelako egoera izango du etorkizunean euskarak Elorrion? Bideoaren harira behintzat gaiaz gogoeta egingo zuen hainbatek.

Miren Amurizak ez ditu alderdiak, erakundeak, elkarteak eskema horretan ikusten. “Kontraesana dirudien arren, nire ustez euskarari zentraltasuna emateko bideetako bat transbertsalki arlo guztietan indartzea da, feminismoarekin egiten ari diren lez: kulturgintzan, hezkuntzan, hedabideetan, herri mugimenduan, elkarteetan eta plano politikoan ere bai jakina. Esparru guztiak konprometitzea behar dugu eta sormena, batez ere sormen handia...”.

Euskara hautua da Lorea Agirrerentzat. “Ez da hegemonia, ez da normala, gogoeta eskatzen dizu, orain zer hautatuko dut... horrek suposatzen du inguruan euskaraz ari den oxigeno hori ez badaukazu, etengabe hautu kontzienteak egiten ari behar duzula”.

Horregatik, bere ustez hizkuntza politika eraginkorrak behar dira, oxigeno hori sortzeko, etengabe hautu bat ez izateko eta arnasguneak sortzeko. “Agian hizkuntza politikak izan beharko dute orokorrak, baina aldi berean, oso zehatzak, oso tokikoak, oso adinka diseinatuak...”.

Hizkuntza politika hauek gizartearen inplikazioarekin diseinatuak behar dutela defendatzen du: erakundeak, elkarteak, lan munduko eragileak, udaletxeak, hiztunak... “Gaur egun gauzak horrela egin behar dira: politika hauek parte hartzaileak izan behar dute, horrek esan nahi du baliabide material eta ekonomikoak erabakia hartuko dutenen esku jarri behar direla; jada ez dugu inor engainatuko hau edo bestea egin behar duzu esanez, erabaki dezagun hemen zer egin”.

Bere ustez, erabilera sustatzeko baldintza soziolinguistikoak aldatu behar dira eta kontzientzia landu behar da. “Gure kasuan, jakinarazi behar diogu pertsona bakoitzari egiten dugun ekintza bakoitza ekintza politikoa dela, horrek eragina duela. ‘Berdin dizula? Ba berdin dizu, baina badakizu’”.

Amonarrizen hitzetan, hizkuntzak nolabait sailkatu behar balira, munduan hamabost bat erraldoi daude, gero estatu hizkuntzak, gero katalana kasu isolatu gisa, eta gero hizkuntza gutxituak eta estatu hizkuntza izan gabe hiztun kopuru nabarmen bat dutenak. “Horien buruan gu gaude eta guri begira daude okzitanoak, bretoiak, amazighak, kurduak, Hego Amerikako hizkuntza komunitate indigena nagusiak...”. Hori berresten du Garabidek egindako Beltzean mintzo dokumental hunkigarriak. Bertan, mugimendu euskaltzalea sekula topo egin gabeko senide gisa aurkezten dute Hego Amerikako hizkuntza gutxiagotuetako kideek, eta euskararen normalizazio prozesua eredu gisa hartzen dute.

Amonarrizen aburuz, mugimendu euskaltzaleak aurrera pausoak ematen baditu erreferente izaten jarraituko du, motibazio iturri, indar iturri munduko beste hizkuntza komunitate guztientzako. Eta euskarak porrot egiten badu, ez luke berak bakarrik egingo. “Erantzukizun historikoa daukagu alde horretatik. Justizian oinarritutako normalizazio prozesua aurrera eramatea. Munduari egin diezaiokegun ekarpenik handienetakoa hori da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude