Eta Greziak badio bere zor publiko asko bidegabeak direla?

  • Lehenbiziko aldiz historian Europar Batasunaren barruko  legebiltzar batek batzorde ofizial bat izendatu du herrialde horrek daukan zor publikoaren auditoria egiteko. Greziak sortu duen “Zorraren Egiari buruzko Batzordea” aurrekari berritzaile bilakatu daiteke baldin eta bestetan, agian Euskal Herrian, ereduari jarraitzen hasten bazaizkio.

Dani Blancok apirilaren 14an egindako argazkian, Eric Toussain (eskuinean) Euskal Herrira ongi etorria egin zion Mikel de la Fuenteren ondoan. Toussaint 1980ko hamarkadan hasi zen interesatzen zor publikoaren handitze bidegabean, orduan Europan bankuek bat-batean interes tasak igotzeak finantza publikoei eragindako kalteagatik. Geroztik nagusiki Hegoaldeko herrialdeen zorren inguruan aritu izan da. Orain Grezian gaiak hartu duen izaera ofizialak aukera berriak sortuko dituela uste du, neoliberalismoko urte luzeotan finantzetako aginte handiek etekinak pribatizatu eta zorrak gizartearen bizkar uzteko antolatu duten estrategiaren barrunbeak azaltzeko. Euskal Herrian ere interes handia piztu du auditoriaren gaiak: Nafarroako iruzurrak argitzeko, Abiadura Handiko Trenaren operazioaren barrunbeak ezagutzeko, Gipuzkoako errauskailuaren eskandalua haizatzeko...

EAE edo Nafarroaren zorrak auditatuko dituzten batzorderik ikusiko ote da Iruñea edo Gasteizko legebiltzarretan? Pentsa ezinezkoa zirudien, zor publikoen auditorien kontua orain artean neoliberalismoaren kontrako talde ezkertiarren aldarrikapena baizik ez zelarik, Europan bederen. Martxo hasieran, ordea, Greziak ipini du aurrekari berria: dagoenekoz Europar Batasuneko legebiltzar bateko batzorde berezi batek ikertzen ditu herrialdearen zor itzelak, erabakitzeko horietatik zenbat diren legezko bezain ordaindu beharrezkoak, eta zenbat bidegabeak.

Eric Toussaint ekonomialari eta lider altermundialista belgikarra pasatu da joan den astean Euskal Herritik, baina oraingoan ez da  etorri 2013an bezala  Hirugarren Munduko Zorraren Auditoriarako Komitearen (CADTM frantsesezko sigletan) lider moduan. Martxo hasieratik Toussaint da Greziako legebiltzarrak abian jarritako Zorraren Egiari buruzko Batzordearen lehendakaria. Gizarte mugimendu baten ordezkari izatetik legebiltzarreko batzorde baten buru izatera dagoen jauziak erakusten du gaiak eztabaida publikoan hartu duen garrantzia.

Zorraren auditoria egingo dute Greziako batzordean, azken urteotan pilatutako 300.000 milioi euroko maileguen erradiografia. Toussaintek garbi utzi du ez dagokiela gobernuari zorretatik zein ordaindu eta zein ez gomendatzea. Bestalde, ikerketatik kanpo utziko dituzte II. Mundu Gerran Alemaniako armadak Grezian egindako txikizioen kalte-ordainak eta naziek hartu arazitako maileguen kitatzea.

Zer aurkituko duten 300.000 milioi horien artean? Ekainean jakinen da. Baina martxoan bertan batzordeko kideek aurreratua zuten lehen azterketa batean identifikatu zituztela 53.000 milioi ez legezkotzat salatzeko modukoak.

Lau motatako mailegu eta zorrak nabarmendu nahi dituzte Greziako auditorian. Lehenik, zor bidegabe edo ilegitimoak, administrazioak herritar guztien interesaren kontra gutxiengo baten mesedez egindakoak. Bigarren, zor ez legezkoak, ilegalak, Greziako edo Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetako lege eta arauak urratuz egindakoak.

Hirugarren multzo bat osatzen dute zor gorrotagarriek, hau da, jendeen oinarrizko eskubideak (osasuna, hezkuntza, zahartzaro duina...) urratzearen gain hartutakoak. Eta laugarren multzoan, iraunkortasun edo jasangarritasun printzipioa urratzen dutenak; herritarren bizimodu duina mantenduz ordaindu ezinekoak direla jakinda ere onartu diren zorrak.

Hamar herrialdetako 30 kidek osatzen dute Greziako Zorraren Egiaren Batzordea, gaia ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko: ekonomia, nazioarteko legeria, giza eskubideak, eta abar. Gomendiorik idatzi ez baina argudioak eskainiko dizkiete Atenasko agintari berriei, nazioarteko hartzekodunei aurre egiten eta zorra berregituratzen –zati bat eteten– lagunduko dietenak.

Bankuak salbatzeko makina

Toussaintek badu dokumentu bat martxoan bertan ipinia CADTMren webgunean Greziako batzordearen lanak nondik joan daitezkeen aurreratzen duena: “Pistes pour l’audit de la dette de la Grèce”. Leitzekoa da.

2009an Greziak, dio Toussaintek, zor zuen bere Barne Produktu Gordinaren %119 eta Troikak eskua sartu duenetik –Troika da gaur zorraren %80ren hartzekoduna– igo dira %185eraino. Troikak zorpetzea handitzea eragin du, beraz, baina operazio horrek balio izan du Europako banku handiek, nagusiki frantziar eta alemaniarrek, Grezian zeuzkaten maileguak Troikaren bizkar pasatzeko zor bihurtuta. Bankuak libratu arrisku orotatik, instituzio publikoak lokaztuz.

Arte telebistak eskainitako dokumental batean Paulo Nogueira Batista, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) zuzendari exekutiboak aitortu zuen NDFko buru guztiek zekitela mailegu hura ematea zela ‘ez Grezia baina banku frantziar eta alemaniarrak salbatzea’”. (...) Horrela jarri da Troika Greziaren hartzekodun nagusi 2010eko amaieran, banku pribatu europarren lekuan”.

NDFk Grezian egin duen lana ere fiskalizatuko dute bide batez. Demostratuko omen dute erakundearen zazpi zuzendari exekutibo memorandum berriaren kontra zeudela, nabarmena zelako Grezia ez zela gai izango zor hura ordaintzeko. Ez hori bakarrik: “Garai hartako [George Papandreuren] gobernu greziarrak, NDFko [Dominique Strauss-Kahn] zuzendariarekin elkar hartuta, bere administrazioari eskatu zion estatistikak faltsutzea, NDFrekin birfinantziatzea lortzeko”.

Troikak ezarritako memorandumak greziarren ekonomian bezala eguneroko bizimoduan eragindako kalteak nabarmenak izan dira. Auditoriak orain erakutsi beharko du zorrak berregituratzearen truke Greziako estatuari ezarritako politikek eta klase guztietako murrizketek zenbateraino urratu dituzten bertako eta nazioarteko legedi eta arautegiek bermatutako eskubide pertsonalak eta kolektiboak.

Baina Troikak eskua sartu aurretik egindako zor handiak ere ikertuko dituzte. 1967tik 1974ra artean koronelen diktaduran lau halakotu zen zorpetze publikoa. Toussaintek nabarmendu du 2004ko Joko Olinpikoek utzitako zuloa ere. Aurretik iragarri bazuten 1.300 milioi euro kostako zirela, olinpiaden biharamunean agintariek aitortu zuten 14.200 milioi xahutu zituztela (hamar halako!), eta badira adituak zifra 20.000 milioitan jarri dutenak.

Ildo gehiago ere arakatuko ditu ikerketak, hala nola Thyssen konpainia alemanak saldutako urpeko ontzi matxuratuen eskandalu garestiarena, PASOKeko agintarien artean eskupekotan mila milioi euro laga zituen Siemens multinazional alemanarena, eta abar luzea.

Batzordeak lana amaitutakoan, Syrizako gobernuak eskuetan edukiko du argudio sail bat nazioarteko hartzekodunei, pribatuei bezala Troikari, 300.000 milioiko zor itzelaren zati bat kitatzea proposatzeko. Bitartean, Alemaniaren zor historikoa ikertu duen batzordeak ere zehaztua izango du berea.

Esan gabe doa Greziak egin beharreko hautua politikoa izango dela eta argudio horiek adina edo gehiago neurtu beharko dituela etxean bezala nazioartean dauzkan indarrak. Zorraren zati handi bat ordaintzeari uko egiteak ondorio handiak ekarriko baititu.

Baina bidean batzordeak lortua izango du Europan orain arte falta zen argazki bat: oligarkia neoliberalek herrialdetako diru publikoak nola zurrupatzen dituzten erakusten duen erradiografia.


ASTEKARIA
2015eko apirilaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude