Berrindustrializazio saiakera Bergaran

  • Candy-Hoover etxetresna enpresa enblematikoak Bergarako lantegia itxi behar zuela iragarri zuenetik, langile eta erakundeek sekulako ahalegina egiten dihardute jarduera industriala mantendu eta beharrari eusteko.

Hilabeteotan langileak etengabe aritu dira mobilizazioak egiten eta lortu dute Bergarako herritarren eta nahiz erakundeen konplizitate eta inplikazioa. Gipuzkoako Aldundiaren parte-hartzea erabakigarria izan da negoziazioetan.Argazki Press/Aritz Loiola

Italiako Fumagalli familiaren Candy enpresak 2014ko urriaren 30ean Bergarako lantegia itxi eta 150 langile kaleratuko zituela iragarri zuen, PPren lan erreformak ahalbidetzen dituen baldintza merkeak baliatuz. Bost hilabete, hamaika mobilizazio eta makina bat gestioren ondoren, Candyko beharginek aurre-erretiro eta indemnizazio baldintza duinak lortu ez ezik, itxaropena dute lanpostuei eutsiko dietela, Luxenburgoko Optimize SA konpainiak lantegian eskuter elektrikoak egiteko aukera zabalik baitago lerro hauek idazteko unean.

Egoera horretara iristeko, enpresaren, langileen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean sinatutako akordioa giltzarri izan da. Baina urrats funtsezkoena ez da idatzizkoa izan, jarrera kontua baizik: giro gatazkatsu batetik elkarren arteko konfiantza izatera igaro dira alde batekoak zein bestekoak.

Kateak enpresaren atarian

2014ko urriaren 30 hartan, langileen ordezkariak Bergarako plantaren atarira irten ziren enpresako zuzendaritzarekin bildu ostean: “Denok kalera goaz!” jakinarazi zuten. Langileei, egun askotan barruan pilatutako amorrua irauli zitzaien bat-batean, eta kateaz itxi zuten atea. Ertzainek eman behar izan zieten paso harrapatuta geratutako enpresaren ordezkari eta abokatu italiarrei, “gezurtiak!” oihupean.

Duela hamar urte Candyn 450 pertsona inguru aritzen ziren lanean. Kopuru hori jaitsiz joan zen apurka, batez ere azken urteetan, eta enplegu erregulazio espedienteak eguneroko ogi bihurtu ziren. Enpresak itxiera iragartzeko komunikatuan “galera estrukturalak” aipatu zituen eta “lanpostuak amortizatu” beharra. Begi-bistakoa estaltzeko hiztegia zen hura: Txinan diru gehiago irabazi behar duela-eta denak kalera.

Hilabeteotan langileak etengabe aritu dira mobilizazioak egiten eta lortu dute Bergarako herritar nahiz erakundeen konplizitate eta inplikazioa. Aldundiaren parte-hartzea erabakigarria izan da negoziazioetan. Agurne Barruso Diputatu Nagusiaren kabinete buruak azaldu digu nola heldu zioten erronkari: “Jakin genuenean erabaki irmoa zela eta Bergarako plantaren itxiera atzeraezina zela, harremanetan jarri ginen langileekin eta enpresarekin. Esku hutsik baina. Langileek eskatu ziguten bideragarritasuna aztertzeko; horrela hasi ginen biltzen berrindustrializazio prozesuetan esperientzia duen jendearekin eta aukera hori mahai gainean jarri genuen”.  

Abenduaren 30ean ordu txikietan sinatu zuten lehen akordio bat langileek eta enpresak. Hala, 63 aurre-erretiratuentzako diru kopuru osagarria eta kalte-ordain duina lortu zuten, eta inportanteena, gainerakoentzat lantegian beste jarduera industrial bat abiatu ahal izateko konpromisoa.

Europan funtzionatu izan duen berrindustrializazio prozesua

Konpromiso hori bi hilabete geroago ofizial bihurtu zuten Aldundiak, Candy-Hooverrek eta enpresa batzordeko sindikatu guztiek (ESK, ELA, LAB, CCOO eta UGT) sinatutako dokumentuan. Horren arabera, enpresak alokairuan emango luke lantegia, beste jarduera industrial bat aurrera ateratzeko, eta baita erraztasun gehiago ere. Langileek, berriz, jasotako indemnizazioa balizko negozio-ildo berri horretan inbertitzeko erabiliko lukete; kasu horretan Candyk indemnizazio handiagoa emango lieke.

Halako berrindustrializazio prozesuak Europan ohikoak direla dio Aldundiak, inbertitzaile berriei instalazioak eta diru poltsa bat baldintza onetan uzten zaizkie: “Ikusi ditugu horrelako prozesuak Frantzian eta Italian –dio Barrusok–, herrialde horietako deslokalizatzearen inguruko legediak ere sustatzen du hori; halako erabakiak ezin dira hartu saiakera bat egin barik”. Zentzu horretan, “babak hor dituzten” langileen jarrera txalogarria iruditzen zaio kabinete buruari: “Enpleguaren aldeko apustua egin zuten eta eutsi egin diote mahai gainean jarritako aukerari”.

Asmo-akordioaren puntu inportanteenetako bat bi aldeen arteko oreka da. Candyk jarduera berriari betoa jartzeko eskubidea dauka, zuzenean edo zeharka bere negozio-ildoarekin lehian balego. Langileek ere proiektu berriari uko egiteko aukera dute, lan baldintzekin ados ez baleudeke.

Aldundiak beregain hartu zuen inbertitzaile berri bat aurkitu eta bideragarritasun plana egiteko ardura. Berrikitan aurkeztu die proposamena langileei: Bergarako lantegian motor elektrikodun eskuterrak egitea. Luxenburgoko Optimize SA enpresaren Scoot’el proiektuak aurreikusten du 800 eta 1.000 watt-eko indarra duen eskuter modelo berri bat egitea, 50 zentilitroko potentziakoa eta 95 kilometroko autonomia duena.

Denbora tarte laburra daukate orain erabaki bat hartzeko. Aldundiak epe ertainean eta luzeagoan izango lukeen bideragarritasun ekonomikoa aztertzen dihardu uneotan, “ez baitugu jolastu nahi hamarna familiaren etorkizunarekin”. Langileen artean ere zuhurtzia da nagusi.

Asmatu edo ez, prozesu honek guztiak agerian utzi du lan erreformak enpresei aldebakartasunaren alfonbra gorria jarri arren, desindustrializazioari aurre egiteko formulak badaudela administrazioaren borondatea eta langileen ausardiarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude